Alvaro Arrizabalaga. Arkeologoa: Arkeologia arloko arautegia gehiegikeriaz josita dago

2012-05-04

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Herri honetako zientzia arloan ia dena egiteke zegoen garai hartako UPV-EHUn ikasitakoa da Alvaro Arrizabalaga ikerlari gaztea. Arrizabalaga Prehistoriako diziplinan bereizi da, eta sektore espezializatuetan merezitako esperientzia sakona izanik, gaur egungo euskal arkeologo onenetarikoa dela esan daiteke.

Eskarmentu handiko ikerlea zara, nahiz eta gaztea zaitugun. Zerk eraman zintuen arkeologia mundura?

Zaletasuna izan zen, zalantzarik gabe. Ongi gogoratzen dut arkeologian estreinatu nintzen eguna: 1980ko urtarrilaren 6a izan zen, Oñatiko Felix eta Luxio Ugarte anaiekin, besteak beste. Beraiekin Alabita eta Degurixako leize batzuetara igo ginen Oñatitik landa-irteera batean. Lehendik ere gustatzen zitzaidan mundu hori baina hura izan zen lehen ateraldia. Irakurtzen hasi nintzen gaiari buruz eta aurreneko sentsazio haiek hazten joan ziren nigan. Oñatiko Espeleologia Taldeko kidea nintzen eta horren bitartez lehen indusketara heldu nintzen hamasei urterekin eta ordudanik nago engantxatuta lan-esparru honetara. Oso lan adiktiboa da eta esan behar da kontuz aritu behar dela, behin dastatuz gero askotan ezin baita utzi.

Adikzio horrek poztasunak ere emango ditu, ezta?

Hala da, nahi duzun tokira iristea lortzen bada. Afizioari ogibide bezala eustea erdiesten baduzu, orduan bai merezi dutela esfortzu guztiek. Egun lehia handia da eta ez dago denentzako aukera. Museo, unibertsitate eta arkeologian inberti lezaketen erakundeetan lan egiteko eskaintzak oso murritzak dira eta ni zorte handikoa izan naiz. Nire ametsetako bat lortu dut arkeologiako profesionala bainaiz, non eta gainera unibertsitatean. Hamabost urte nituenean ez nuen pentsatzen, nagoen tokira helduko nintzenik.

Ametsa lortu duzu, EHUn ari zara lanean, eta, gutxi bailitzan, euskaraz irakasten dituzun gaiak...

Esan beharko nuke Gasteizera ikasle gisa heldu nintzenetik ez naizela bizitzera Oñatira itzuli. Hamazortzi urterekin etorri nintzen historia ikastera, izan ere arkeologiatik aurrera egiteko derrigorrez genuen historia karrera gainditzea. Garai hartan, ikasgai guztiak bat ezik gazteleraz eman behar genituen, hau da, elebitasunaren errealitatea finkatzeke zegoen. Euskaraz bakarrik jarrai zitekeen gaia Euskal Herriko Historia zen. Fakultateko Euskara Batzordean aritu nintzen ikasle moduan horretan, laguntzen.

Hori oso kontuan edukitzekoa da, zaila baita eguneko ikasleei duela hogeita bost urte inguruko giro hura behar bezala transmititzea, adieraztea. Oraindik ere, hizkuntzaren aldeko protestak eta aldarrikapenak plazaratzen dituzte etengabe, eta arrazoia eman behar zaie... baina adierazi behar da ere ordudanik jauzi kualitatibo handia eman dela. Eta irakasle moduan dihardugunok beste hezkuntza-sistema desberdinetik gatozela, hain zuzen ere euskararen presentzia ozta-ozta ezagutua zuena.

Euskaraz ematen dituzue gaiak eta ikas-geletan euskal giroa nagusi dela dirudi. Baina zer gertatzen da behin landa-ikerketak egitera ateratzen direnean?

Gure belaunaldirako oso zaila da hori. Gu alfabetatuak izan gara, baina funtsezko hondarrik gabeak gara. Hau da, ez daukagu euskara geure buruen berezkotzat. Baina ikasleak aurreratuagoak datoz, euskara berezko hizkuntza dute eta lan praktikoa samurrago buru dezakete gure hizkuntzan. Baina talde-lanetan orokortasunean euskara maila bertsuan erabiltzea oso gatza da. Harreman-taula horretan konplikatua da talde iraunkor batek euskaraz lan osoa gauzatzea. Bakoitzak bere aldetik idatzi behar duenean, ordea, gero eta aberatsagoak dira txostenak euskarari dagokionez.

Esan al daiteke Jose Migel Barandiaran izan zela lehen eta geroaren mugarria euskal historiaurrean?

Hirurogeita hamar urtez landa-lanak burutu zituen arkeologoak —Barandiaranek— markatu behar zituen aurrekoa eta ondorengoa. Berak prestatu zituen geroko talde buruak, eta landa-ikerketak utzi zituenean ere oinordekotza ongi kudeatuta laga zuen.

Horren haritik gure historiaurreko ikerketa lanak sendo joan dira hazten eta ontzen Barandiaranez geroztik...

On Jose Migelek 1970 inguruan amaitu zituen indusketa lanak, kronologikoki lurralde desberdinetan data desberdinak eman badaitezke ere. Gure ikerketen historian gizartearen beraren bilakaerarekin bat datozela gogoratu behar da: Franco 1975ean hil zen, handik gutxira Gernikako Estatutua izan genuen eta Eusko Jaurlaritza sortu zen. Hainbat esparrutako kudeaketaren gaitasuna eskuratu genuen, eskuduntzak gureak izatera pasatu ziren eta marko administratibo diferente batean esnatu ginen. Eta gure espezialitatean ere, arkeologia Madrilek eramatetik Euskadira transferitzera igaro zen. Aurreneko urte haietan oso abiadura handian hazi ziren arkeologiako lanak eta garai emaritsua gertatu zen.

“Ongi gogoratzen dut arkeologian estreinatu nintzen eguna: 1980ko urtarrilaren 6a izan zen, Oñatiko Felix eta Luxio Ugarte anaiekin, besteak beste.”

Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Aipatua geratu da Barandiaran. Alvaro Arrizabalaga gure arkeologoen hirugarren belaunaldikotzat har al genezake?

Egun, zientzia orokorretan eta, noski, arkeologia alorrean ikerle bakunak desagertzeko daude kondenatuta. Esan daiteke okertzeko beldurrik gabe, bakarrik segitu nahi duenak ez duela arrakastarik izango. Gure espezialitatean ere talde sinergiak sorrarazteko gaitasun duena da arrakastatsua. Landa-lanei ekiteko taldea zein ikerketa lanetarakoa ere zeharo beharrezkoak dira gaur. Adibide gisa esango dizut, duela hamar urte inguruko nire argitalpen gehienetan sinatzaile bakarra nintzela. Iaz, berriz, ez nuen behin ere bakarrik azaldu. Lan guztiak beste norbaitekin batera sinatzen ditut. Eta sarritan ni ez nauzu lanaren protagonista. Belaunaldiei buruzko kontzeptua ongi zegoen XIX. mendeko zientzian eta XXekoaren zati batean. Gaur hori ezina da.

Gehiegitan, arkeologia esparruan iruzur hitza datorkigu gogora. Iruzurra, kontra-iruzurra,... hau nahasmena!

Merkatua denean, iruzurra edozein esparrutan eman daiteke, samur asko. Horra hor, adibide argia, artea. Europako herrien nortasunak zenbait mitotan sostengatzen dira eta horrek iruzurrerako lasterketa irekitzen du. Herrien sorrerako mitoa oinarrizkoa da. Ohitu izan gara neurri batean, nor beraren erroetan zenbat eta zaharragoa, sustraituago egonez gero ez dakit zer nolako merituak ditugula pentsatzera. Testuinguru horretan ulertu behar da iruzurra.

Horretan kokatu behar al dugu, guri egozten zaigun tubalismoa?

Tubalismoa eta askotan adanismoa ere bai. Batzuetan ematen du hementxe asmatu dela dena. Inon baino antzinatasun handiagoa dugulakoan bizi dira batzuk: Amerika ere euskaldunok populatu genuen! Eta batzuetan argudio zientifikoak erabiltzen dira. Egia da, hizkuntzaren kasuan besteak baino zaharragoak izatea. Euskararen apartekotasun linguistikoa aipatzen denean zuzen ari da, egun Europan mintzatzen den hizkuntza bakarra baita historiaurreko garaietatik datorrena. Egia da ere hemen baditugula oso elementu bereziak. Baina horrek ez gaitu eraman behar, giro sasi-zientifiko zabal batetik datorren guztia sinestera.

Adanismo hori hobeto saihestu al daiteke unibertsitatetik?

Ismo gehienak hobeto kontrola daitezke unibertsitatetik. Edo hobeto esanda, ezagutzatik. Zientziaren bitartez txosten eta espedienteak txukundu eta garbitu egiten dira. Eta bide zientifikoetatik frogatu behar da zer den erabilgarria eta zer ez.

Baina egia al da arkeologo izateko unibertsitatetik aritu behar dela?

Mugarri batzuk baldin badira arkeologoen artean, ez dut uste horietako bat ere denik unibertsitateko irakasle izan beharra. Azken bi hamarkadetan bizi izan dugun abentura desarrollista itzelean bi elkarte desberdin berezitu dira: ikerketako arkeologo edo akademikoak —hots, arkeologia programatua egiten dutenak— eta bestaldean daude arkeologo, dei ditzagun, administratiboak, komertzialak, hau da premiazko indusketak egiten dituztenak.

“Zaindu beharko genuke, nolabait esatearren, arkeologiaren zuhaitza. Zuhaitza hazita dago eta adar asko ditu. Baina gauden egoera honetan zuhaitzak sufritu egingo du eta zaindu beharko genuke adarrik lehor ez dakigun.”

Argazkia: Alvaro Arrizabalaga.

Euskal arkeologiarekin segituz, zer deskubritu dugu?

Jose Migel Barandiaranen garaitik deskubrimendu ugari egin dira. Ikerketa talde asko eta asko sortu dira unibertsitate, museo, arkeologia elkarteetan eta baita administrazioetan ere. Horren ondorioz esan daiteke normaltasun osoz, azken bi hamarkadetan XX. mende osokoa bezain lan joria burutu dela.

Eta bide horretatik joanda, zer deskubritu beharko genuke?

Bide hori alperrik ez galtzeko, zaindu beharko genuke, nolabait esatearren, arkeologiaren zuhaitza. Zuhaitza hazita dago eta adar asko ditu. Baina gauden egoera honetan zuhaitzak sufritu egingo du eta zaindu beharko genuke adarrik lehor ez dakigun. Baina, tamalez, hainbat ikerlarik beren bidea beste nonbait aurkitu beharko dutelakoan nago.

Teorian, daukagun mapa nahiko ongi ezagutzen dugula esango nuke. Kronologia desberdinak finkatuta ditugu; badakigu jakin nola banatzen diren historiaurreko kultura desberdinak, bai bilakaera ekonomikoari dagokionez zein harreman sozialei begira ere. Hori mugatuta daukagu, zorionez. Badira hutsune batzuk bete beharko genituzkeenak. Hutsune horiek sortu dira, hain zuzen ere, lurraldeetako administrazio desberdinek bakoitza bere aldetik euren lehentasunak markatu dituztelako. Horrela, desoreka batzuk agertu dira arkeologia arloan eta denborarekin oreka irabazten joan beharko genukeela pentsatzen dut.

Zuhaitz hori, moztu, iñaustu... egin behar dela diozu, baina lehen zenioen bezala oso garai txarrak dira arkeologiarako.

Gizarte osorako dira garai txarrak. Nik daukadan sentsazioa gazi-gozoa da. Erortzen ari den euri zaparradarekin eutsi behar zaio, ahal den moduan, egindakoari. Kontziente izan behar dugu, ordea, ezin garela sartu baliabide gehiago eskatuko lituzketen lantegietan. Oparotasuneko urteetako modeloak ez du balio izango hurrengoetan. Baina aldi berean sentitzen dut gure gizarteak jakin badakiela, ondare kulturarako oro har eta arkeologiaren babeserako modu garrantzitsu batean, ez direla gauzak behar bezala egin, eta exigitu egingo duela adimena eta ditugun bitartekoak ahalik eta hoberen erabiltzea.

Horri helduta, euskal administrazioek zerbait gehiago egin beharko luketelakoan gaude asko; krisiak adimena zorroztea eskatzen du, eta hasteko lan koordinatua eskatu beharko litzaieke, ordena jartzeko eta lehen aipatzen zenuen oreka eskuratzeko...

Aztarnategiak eta arkeologia, oro har, zatitxo bat dira kultura ondarean. Lurraldeari itsatsita, hori bai. Eta desarrollismoaren ondorioak pairatu ditu, batez ere hainbat azpiegituraren eraikitzearekin. Noski, gure administrazioek ahalmena daukate datorkigun egoera txarrari aurre egiteko. Aitortu behar dut, dena den, kritikoa naizela orain arte ikusitakoarekin eta eszeptiko samarra naukazu krisiak euskal administrazioak adimena zorroztera eta bide alternatiboak bilatzera eramango dituenaz.

“Eszeptiko samarra naukazu krisiak euskal administrazioak adimena zorroztera eta bide alternatiboak bilatzera eramango dituenaz.”

Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe.

Ez al da euskal administrazioetan norma-zurrunkeria igartzen?

Ongi ezagutzen dut arkeologiari dagokion esparrua eta egia da arautegia gehiegikeriaz josita dagoela. Hainbat eta hainbat arazo saihestu ahal izango lirateke, baldin eta area desberdinetan esku hartzen dugun pertsonoi kontsulta egingo balitzaigu.

Alde horretatik zergatik ez da heldu egoera hobera, gaindituz —adibidez— zuk zuzentzen duzun Leze Txikiko aztarnategiaren txikizioa?

Azalpen tekniko administratiboak luze joko luke. Eusko Jaurlaritzaren 1991ko Euskal Kulturaren Legearekin hasi beharko genuke eta babes ereduei buruz zioena gogoratu: babes kalifikatua eta inbentariatua ziren kontuan edukitzekoak. Handik sei bat urtera atera zen hirugarren eredu bat, garrantzi gutxiko aztarnategietan aplikatzeko. Norbaiti otu zitzaion askoz garrantzitsuagoa zela hastea babes txikiagoa behar zutenekin. Zer dela-eta? Nik suposatzen dut tramite administratibo xeheagoa eta errazagoa eskatzen zutelako. Ondasun inbentariatuak atzerago geratu ziren eta hirugarren txandarako utzi zituzten benetako inportantzia zutenak, Leze Txiki eta beste asko. Egoera horretan geunden 1997an, eta hamabost urteren ondoren oraindik ez zaie ordua iritsi horien gisako aztarnategi garrantzitsuei. Nik ezin dut halako kontraesanik ulertu. Baina erabaki politikoak irizpide tekniko okerrekin hartzen direnean kontraesanak sortzen dira.

Jarrai dezagun administrazioarekin. Pentsa dezagun unetxo batez zu zeu zaitugula Euskal Herriko agintaririk gorenena arkeologian. Zer nolako erabakiak hartuko zenituzke?

Hemen gure artean adanismo administratiboa ere badela uste dut. Badirudi administratzaileek pentsatzen dutela guztiz originalak izan behar dutela, beste toki askotan asmatuta dagoena asmatzeko. Europan badira modeloak ongi funtzionatzen dutenak, eta euskal arkitektura politiko konplikatua kontuan izanda ere horietakoren bat ederto aplika litekeena. Alemania eta Frantziako modeloak oso interesgarriak dira. Azken horretan, esaterako,nahiz eta arkeologia ia bere osotasunean pribatua izan, oso ondo kudeatzen da. Hanka akademikoa eta komertziala edo administratiboa egoki koordinatuta daude, eta biak uztartzeko badira erakunde publiko bereziak.

Guk izan ditugun arazoetako bat, oso gogorra, eta askotan isilpean gorde nahi izan dena: hogei urtez, Ondare arkeologiko publikoa, baliabide (enpresak) eta irizpide pribatuekin kudeatu dela. Batzuetan sumatu dugu hobe genuela ezer ez aurkitzea, obra bat ez gelditzearren. Hilabeteko soldata erakunde publiko batek bermatuta daukagunok agian askeagoak gara txostena idazteko orduan. Aldiz, batzuetan Arkeologiako komertzialaren langileek menpekotasun handiago -handiegia, ene ustez- izan dute kontratatzen zituen eraikuntza enpresarekiko. Eta euskal administrazioek ez dute beti behar bezala kudeatu arlo hori.

Izango da, ezta? aipatutako europar modelo horietako azpi-modelorik gure aztarnategien kasuetara egokituz, amets egiten duzun arkeologia aurrerakoiari onura lekarkeena?

Bai; frantziar kasuan, adibidez, erakunde bat sortu zuten, INRAP izenekoa, arkeologia komertziala batu eta arautzen duen erakunde publikoa, hain zuzen. Enpresa desberdinek euren interbentzioetarako kontratatu behar dituzten arkeologia-taldeen lana kontrolatu egiten du erakunde horrek, eta horrela sistema publikoak gutxienezko irizpide batzuk bermatzen ditu.. Eta sistema horrek ez du adierazten, inondik ere, Frantzian arkeologia funtzionarizatuta dagoenik.

“Gizarteak jakin behar du zer egin den bere diruarekin eta administrazioari dagokio hori exigitzea. Informazio historiko eta arkeologikoa eskaini behar zaio gizarteari. Eta hori ez bada egiten, arkeologiaren zirkulua itxi gabe geratzen da eta inbertsioa alperrekoa bihurtzen da.”

Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe.

Esku artean duzuen lege-proiektu berrian aurrerapausoak eman al dira edo, aitzitik, hutsuneek presente segitzen dute?

Txiripaz iritsi zaigu testua. Eta tamalez, esan behar dut hutsune eta desorekak bizi-bizirik daudela lege-asmoan. Are gehiago, orain arteko akatsak sakondu egiten dira. Kezkagarria da, bai.

Gauden egoera latzean, arkeologian burutzen ari zareten lan horiek zerk justifikatuko lituzke, minimoki?

Indusketa alperreko lana bihur ez dadin, inbertsioa gizartearentzako itzultze batekin amaitu behar da: egindakoa ezagutarazi egin behar da. Eta hori monografia edo memoria batekin lortzen da. Lengoaia akademikoarekin eta baita kale-mailako hizkeran ere bai. Gizarteak jakin behar du zer egin den bere diruarekin eta administrazioari dagokio hori exigitzea. Informazio historiko eta arkeologikoa eskaini behar zaio gizarteari. Eta hori ez bada egiten, arkeologiaren zirkulua itxi gabe geratzen da eta inbertsioa alperrekoa bihurtzen da. Hala bada, hobe da ez indusketa lanik burutzea eta gutxienez, etorkizuneko belaunaldietarako geldituko da aztarnategia. Alvaro Arrizabalaga Valbuena (Oñati, 1965) Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide da duela ia hogeita hamar urte, ordu hartan bat egin baitzuen Gipuzkoan orduan indarrean ziren indusketa arkeologikoekin. Geografia eta Historiako lizentziatua (1988), Ondare Arkeologiko, Historiko eta Artistikoko Masterduna (1992) eta Historiako Doktore Euskal Herriko Unibertsitatean (1995). Urte horretatik, historiaurre-klaseak ematen ditu zentro horretan. Bere ikergai nagusiek Kantauriaren lehen populatzeari (Behe eta Erdi Paleolitoa) eta gure espeziea protagonista izandako ondorengo Goi Paleolitikorako trantsizioari erreparatzen diote. Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Asturiasko askotariko aztarnategien indusketak zuzendu ditu nola banaka hala besteekin batera, aipatzekoak direla Labeko Koba, Lezetxiki edo Irikaitz. Ponentziak eta komunikazioak aurkeztu ditu estatuko zein nazioarteko hainbat mahai-ingurutan eta eskarmentu luzea du halaber bere ikerlanen emaitzak argitaratzen.Iturria: Aranzadi Zientzia Elkartea
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Itziar Aguirre. Sukaldaria: Kozinatzen dudanean kulturak, ezagutzak, bizipenak, sentsazioak fusionatzen ditut

 

Irakurri

Gernikazarra Historia Taldea. : Gernikarrok umetatik jaso dugu ahozko transmisio bitartez bonbardaketa zer izan zen

 

Irakurri

Francisco María Escudero. Francisco Escuderoren semea: Escuderok musika katarsi pertsonal eta kultural modu bat bezala erabiltzen zuen

 

Irakurri

Carmelo Ortiz de Elgea. Margolaria: 60. hamarkadako gure arte mugimendu hark ez zuen Europan parekorik izan

 

Irakurri

Mónica Míguez. medicusmundi gipuzkoa erakundeko komunikazio arduraduna: Eskubide bat unibertsala izatea lortzen baduzu, ezin izango dizute ez zuri ez beste inori kendu

 

Irakurri