Antxon Aguirre Sorondo. Etnologoa, historialaria eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Lehen artisautza erabilgarria egiten zen, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da

2006-05-12

SILLERO ALFARO, Maider

GARMENDIA IARTZA, Koro

Euskonews aldizkariaren ale honetan, 100. fitxara iritsi da Artisautzari eskainitako atala. Antxon Aguirre Sorondo aritzen zaigu artisauen lana ezagutzera ematen; horregatik, nor bera baino egokiagorik artisautzari eta Euskonews-en egiten duen lanari buruz hitz egiteko? Antxon Aguirre Sorondo etnologo eta historialaria da, eta Eusko Ikaskuntzako Antropologia Saileko kidea.

Zer iruditzen artisautza zer den azalduz hasiko bagina? Izan ere, zeri buruz mintzo gara artisautzaz aritzean?

Artisautza, artisauaren eskuetatik ateratzen den produktua da, eta artisaua, arte edo lanbide mekaniko bat lantzen duen pertsona da, edo, bestela esanda, bere eskuen bidez seriatuak ez diren produktuak egiten dituena. Dena den, niri gehiago interesatzen zait gizakia, egiten dituen produktuak baino. Eta interes hori fitxetan argi islatzea itxaro dut. Horregatik, gizakiaz eta bere familiaz hitz egiten dugu, zer egiten duen eta nola, zein ibilbide izan duen... Funtsean, bere munduaz.

Berdinak al dira artisau guztiak?

Artisauak hiru taldetan sailka daitezke. Lehenik “benetako artisauak” genituzke, hau da, autonomo gisa alta emanda daudenak eta produktu jakin bat egiteaz bizi direnak. Beste talde batean, lanorduetatik kanpo artisautzako produktuak egiten dituztenak leudeke. Artisautza azoketara joaten dira, eta irabazi ekonomiko gehigarri bat lortzen dute. Orokorrean, ez dira artisautzan diru gehiago irabazteagatik aritzen, baizik eta gozatu egiten dutelako. Eta, azkenik, hirugarren adineko artisauak ditugu, erretiroa hartu ondoren artisautzara itzultzen direnak. Irabazten dute apurra ez dute Ogasunean deklaratzen, eta horrek urduritasun puntu bat sortzen die batzuetan.

Zenbateko garrantzia du artisautzak gaur egun?

Artisautzak daukan garrantzia ulertzeko, hiru parametro aztertu beharko genituzke nire ustez: pertsonala, ekonomikoa eta kulturala. Artisaua, hasteko, lan zehatz bat egiten duen pertsona da, artisau produktuak egiten dituena. Konnotazio batzuk ditu, bizimodu bat. Produktu ororen atzean gizaki bat dago, gizon edo emakume bat, bizitzeko bere beharrak dituena.

Beste alde batetik, faktore ekonomikoa dago. Horretarako, artisaua zein baldintzetan ari den ikusi behar da: autonomoa ote den, gizarte segurantzarik ba ote duen, enpresa batean ari denak dituen abantaila eta bizimodu berbera izateko adina irabazten ote duen, oporrik izaten ote duen...

Eta, azkenik, faktore kulturala daukagu. Artisauak aurreko bi faktoreei baino garrantzi gutxiago ematen dio alderdi honi. Eta gizartea ere, tamalez, ez da konturatzen artisau baten eskuetatik ateratzen den produktua kulturala denik. Besterik gabe, gauza polita bezala ikusten du, baina ez dio elementu kulturalaren balio erantsirik ematen. Gizarteak ez ditu produktuok horrela baloratzen, eta politikariek ere ez behar bezainbeste. Bestela, artisaua babestuagoa legoke.

Faktore hauek kontuan izanez gero, artisau produktuak erostearen alde egingo dugu, eta gehiago gozatuko dugu erositakoarekin, dagokion moduan baloratzen jakingo dugulako.

Zein paper betetzen du emakumeak artisautzaren munduan?

Gaur egun, ia gehiago dira emakumezko artisauak, gizonezkoak baino. Izugarria da emakumeak artisautzaren munduan egin duen sarrera, baita hasiera batean gizonezkoei mugatuta zeudela ziruditen arloetan ere. Gainera, emakumeek sortzen dituzten produktuak ezberdinak izaten dira. Beste sentiberatasun bat daukate.

Gora ala behera egiten ari da artisautza?

Oso zaila da galdera horri erantzutea. Gizartearen gaiarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: zaharrek esaten dute orain lehen baino lizunkeria gehiago dagoela, ez dagoela moralik, gazteria inoiz baino okerrago dabilela... Atzo bertan, iruzkin hori bera egiten zuen XVII. mendeko egile ingeles baten testua irakurri nuen. Baina hemendik 200 urtera ere gauza berberak entzungo dira. Beno, ba artisautzarekin beste hainbeste gertatzen da. Gaur egungo egoera inoiz baino okerragoa dela diote artisauek, baina hori matizatu egin behar da. Artisauek inoiz ez dituzte orain bezainbeste laguntza ofizial jaso -hala ere, nire ustez ez dira nahikoak-; inoiz ez dira horrenbeste artisautza azoka antolatu, eta inoiz ez da hainbeste artisau egon. Gaur egun, produktu, teknika eta behar berriak dauzkagu. Dena den, artisauak inoiz ez du bere bizimodua hobetzeko hainbesteko grinarik sentitu -ulertzekoa eta bidezkoa erabat-, eta, horregatik, lehen baino askoz ere errendimendu handiagoa eskatzen zaio.

Zein aldaketa eman dira artisautzan? Zein ezberdintasun dago lehenagoko eta oraingo artisautzaren artean?

Artisautza tradizionala azkar batean hiltzen ari da. Dagoeneko ez da ganaduarentzat larruzko uztarririk egiten, ia ez direlako erabiltzen; abarkak ere ez dira egunero erabiltzen... Garai batean oso maiz erabiltzen ziren tresnak zaharkituta gelditzen ari dira. Eta beste artisautza mota bat ari da sortzen, pitxiena adibidez -lepokoak dira gehien saltzen direnak-, koadernaketak... Asko aldatu dira gauzak. Orokorrean esanda, lehen artisautza erabilgarria egiten zen, egunero erabiltzeko tresnak egiten ziren, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da, gorputza edo etxea apaintzeko produktuak egiten direlako batik bat.

Eta zer gertatu da elikaduraren artisautzarekin? Oso modan dago gaur egun...

Sektore hori erabilgarria izan da, erabilgarria izaten jarraitzen du, eta in crescendo doa gainera. Gaztak, pantxinetak, txakolinak, sagardoak eta abarrek ez dute inoiz hainbesteko garrantzirik izan. Segur aski, gutxien aldatu den sektorea dugu hori.

Nahikoa laguntza jasotzen al dute artisauek erakundeen aldetik?

Gaur egun jasotzen duten laguntza handiagoa da lehen jasotzen dutena baino, zalantzarik gabe, baina nire ustez ez da nahikoa. Beste herrialdeetan, Gobernuak lagundutako artisautza dendak egoten dira hiri handi guztietan, herriko artisautza bultzatzeko. Hemen, zoritxarrez, ez daukagu horrelakorik; ezta hiriburuetan ere ez dago Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako artisautza dendarik, gure artisauen produktuak erakusgai jarri eta saltzeko. Ahalegin batzuk egin dira, baina partikularren aldetik batez ere.

Beste alde batetik, erakunde publiko guztiak behartuta daude -Dekretu Legez, esango nuke nik- beren konpromisoetan artisautzako produktuak erabiltzera. Enpresa ofizial zein pribatu guztiek horrela egingo balute, bultzada eder bat emango litzaioke artisautzari, eta harro egon ahal izango lukete horrela jokatuko lukeenek, kultur maila ona eta bere herriarekiko maitasuna agertuko lituzkeelako.

Zein ezberdintasun dago artisauaren eta artistaren artean?

Zaila da hori. Eztabaida asko sortzen dira gai horren inguruan. Nik esan ohi dut artista gauza dekoratiboak egiten dituena dela, eta artisaua gauza erabilgarriak egiten dituena, baina oso modu orokorrean esanda. Dena den, Euskonews-erako fitxak prestatzeko elkarrizketak egitean, bi gauza gertatu zaizkit. Benetako artistak ezagutu ditut, artista deitzerik nahi ez dutenak, artisau gisa definitzen dutelako beren burua. Eta ezagutu dut Euskonews-en agertu nahi izan ez duen artisaurik ere, bere burua artistatzat jotzen duelako. Dena den, benetako artelanak egiten dituzten artisau asko daude.

Artisautza belaunaldi batetik bestera igarotzen den lanbide bat denaren irudia daukagu, baina hala gertatzen al da?

Nik ezetz esango nuke. Gure belaunaldira arte, agian bai, baina gaur egun zaila da oso artisau baten seme edo alabak aitaren bizimodua hartu nahi izatea. Gainera, artisaua bera izaten da bere seme-alabak beste bide batetik eramaten saiatzen dena, bere ustez hobea dena. Bestelakoa izaten da langile batzuekin enpresa txiki bat sortzen duen artisauaren kasua. Hauek enpresari artisau bihurtzen dira.

Ikusten al da sortzen duen produktuari esker bizi den artisau gazterik?

Egiten dutenarekin erabat gogotsu agertzen diren artisauak bai, ikusten dira. Ez dira asko, baina indarra daukate, fedea, eta ideiak oso garbi. Ikusi egin behar erritmo hori jasateko gauza izango diren, eta beren eskuek lanean jarraitu ahal izango duten. Euskonews-en aurkeztu genuen artisauetako bati lan bat eskaini zioten, eta artisautza utzi eta atezain lanetan hasi zen. Errespetu osoa merezi duen ogibide bat da, beste edozein bezalakoa, baina artisau horrek baliabide ekonomikorik izan balu, erantzun ekonomiko handiagoa jaso izan balu, segur aski ez zuen artisautza utziko.

Alderik izaten al da leku bateko eta besteko artisauen artean?

Ez daude produktu berberak egiten dituzten bi artisau. Batek Gipuzkoan eta beste batek Bizkaian egiten dituen abarkak ezberdinak izango dira. Eta ezberdinak izango dira Gipuzkoako bi artisauk egindako abarkak ere. Are gehiago: artisau batek berak egindako bi abarka ere ezberdinak izango dira. Hori da, hain zuzen ere, artisau produktuen ezaugarria. Gainera, materia aldatu egiten da leku batetik bestera, eta, beraz, emaitza ere ezberdina izaten da. Hemen egindako zintzarri bat ez da Grezian edo Indian egindako beste baten berdina izango, nahiz eta biak izan zintzarri. Gaztak ere sekula ez dira elkarren berdinak izaten, faktore askok eragiten dutelako.

Zer hartu duzu kontuan Euskonews-erako fitxa hauek egiteko orduan?

Artisautzaren mundua ia mugagabea da. Kontzeptualki, artisaua bere eskuen bidez seriatua ez den elementu bat egiten duena da. Horregatik, nik hiru elementu izan ditut kontuan:

Batetik, emakumeen artisautza sustatzen saiatu naiz. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Bestetik, artisautza tradizionalera ez mugatzen saiatu naiz, artisauak lehenagokoak ez ezik (uztarriak, kaikuak eta abar egiten dituztenak), gaur egungoak ere badirelako (bitxiak, tailu modernoak eta abar egiten dituztenak). Dena den, gehienbat tradizionaletara jotzen saiatzen naiz, gero eta gutxiago gelditzen direlako. Kaikuak, pilotak gordetzeko saskiak, koilarak eta abar egiten dituztenak desagertzen ari dira. Gure artean izan ditugun ehun artisauetako batzuk hil egin dira, eta beste batzuek utzi egin dute lanbidea. Bukatzeko, esan beharra daukat hemengo artisau gisa hartu ditudanak lana hemen egiten dutenak direla, nahiz eta hemen jaioak ez izan. Zentzu honetan, bada gaztelaniaz esaera bat: “la vaca no es de donde nace, sino de donde pace”.

Ezagutu dituzun ehun artisauen artean, zein da deigarrien iruditu zaizun produktu edo lanbidea?

Batzuek beren harrera goxoagatik hunkitu naute, beren adeitasunagatik, edo beste faktore batzuengatik, baina perfumista -fitxa honetan bertan agertzen dena- izan da, beharbada, arreta gehien deitu didana. Agian, perfumista gutxi daudelako. Beste batzuetan, lanaren berezitasunak deitu dit arreta; esaterako, egurrezko itsasontziak egiten jarraitzen duen ontziola baten kasuak. Baina, egia esateko, denek piztu dute nire jakin-mina, argitaratu ditugun ehunek. Denekin gozatu dut, eta, hobeto edo okerrago, baina sentipen hori irakurleari helarazten saiatu naiz.

Azalduko al zeniguke zein metodo erabiltzen duzun artisauen fitxak osatzeko?

Hasteko, artisautza azoketara joaten naiz, artisauek fisikoki ezagut nazaten, eta gure ideia zein den azaltzen diet: funtsean, artisautza bultzatzea. Gero, telefonoz hitz egin, eta elkarrekin gelditzeko eguna eta ordua finkatzen ditugu. Lanean aritzen diren tailerretara joaten naiz, eta elkarrizketa egiten diet. Grabagailua eta argazki kamera eramaten ditut nirekin. Fitxa prestatu, eta artisauei pasatzen diet, nik idatzitako testuan ezer aldatu, kendu edo gehitzeko aukera izan dezaten.

Elkarrizketa hauetan, beste gertakizun bitxi bat ere izan nuen, artisau batek galdetu baitzidan: “baina, hau guztia interesatzen al zaio inori?”. Beste batek, berriz, zera esan zidan, inoiz inork ez zizkiola horrelako galderak egin.

Artisauren batek esan al dizu inoiz Euskonews-en agertu izanaren ondorioz bisitari gehiago jaso dituela? Bai, bai, esan izan didate. Euskonews oso lan ona egiten ari da nire ustez. Alde batetik, artisauak bultzatzen dituelako. Ez gehiago saltzeko, baizik eta beren garrantzi eta balioa azpimarratzeko. Produktu bakoitzaren atzean artisau bat dago, pertsona bat, eta gure interesatu egiten zaigu. Beste alde batetik, datu bilketa garrantzitsua egiten ari gara, dagoeneko mordo polit bat osatu baitugu.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Sonia Samaniego. Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrolerako zuzendaria: Euskal Autonomia Erkidegoan ahalegin serio eta irmoa egiten ari gara gure egoera inguruan dauzkagun herrialdeenarekin parekatzeko

 

Irakurri

Joan Martinez Alier. Ekologismoan eta ekonomian aditua: Jende askok egiten du protesta ondasun naturalen alde, ez ekologista petoak direlako, ondasunok bizirauteko behar dituztelako baizik. Hori da pobreen ekologismoa

 

Irakurri

Valeriano Bozal Fernández. Filosofian lizentziaduna, Estetikan doktorea eta Arte Garaikidearen Historian katedraduna Madrilgo Complutense Unibertsitatean: Indarkeria estetizatzen ari zaigu

 

Irakurri

Salvador Marzana, Eduardo Aparicio eta Ramón Agesta. 75 urte II Errepublika aldarrikatu zenetik: II Errepublika, zuzenean

 

Irakurri

Marina Bidasoro Arocena. Egailaneko Zuzendari Kudeatzailea: Azken urteotan ez da asko aldatu lanbideen izena, baina gaur egungo profesionalek zerikusi gutxi daukate duela 20 urtekoekin

 

Irakurri