Araceli de la Horra. Krea Expresión Contemporánea zentruko zuzendaria: Sormenean erreferente izatea bilatzen dugu

2007-03-02

BREA, Unai

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Blai-blai eginda, baina grabagailua lehor —horixe baita garrantzitsuena— Araba Kulturaleko atera heldu gara. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Vital Kutxako Gizarte Ekintzak eratutako partzuergoa da Araba Kulturala. Era berean, Krea egungo sormen- eta kultura-zentroaren behin-behineko egoitza da, bere web orrian irakurri daitezkeenez. Bertan, Araceli de la Horra zuzendariak abegitsu hartu gaitu. Aurrean, gutxi gorabehera ordubeteko berriketaldia dugu eta, bitarte horretan, gure anfitrioia Krea Expresión Contemporánearen sorreraz eta helburuez mintzatuko zaigu. Zentroak ekarpen berria egin nahi du kultura garaikidearen esparruan, Gasteizen, Araban eta orokorrean.

Krea jaio berriko zuzendaria zaren aldetik, azalduko zeniguke labur-labur nola sortu zen zentroa?

Krea duela gutxi aurkeztu da, baina sortzeko lanak aspalditxotik datoz. Vital Kutxako 2004tik 2008ra bitarteko Gizarte Ekintzaren plan estrategikoaren emaitza da. Egindako azterketaren ondorioz, lurraldeko kultura garaikidearen eta gazteriaren alorretan esku hartze handiagoa eskatzen zela ikusi zuten. Hortaz, bi alor horietan presentzia eta eragin nabariagoa ezinbestekoa zela erabaki zuten. Esan daiteke Gizarte Ekintzaren esku hartzea gaztetu edo eguneratzea zela helburua.

Eta aukeratutako eredua Krea izan da...

Hasieran, beste finantza-erakunde batzuek lurraldean egiten dutena aztertu zuten eta, proiektu guztien artean, Caja Madrideko Gizarte Ekintzaren menpeko La Casa Encendida izenekoa iruditu zitzaien erakargarriena. Hala, Caja Madridekin harremanetan jarri ziren eta Caja Madridek harremanetan jarri zituzten La Casa Encendidaren lehenengo proiektua landu zuen enpresarekin, La Fábrica izenekoarekin. Beraz, Vital Kutxak La Fábrica kontratatu zuen, Gasteizera begira analisia egin zezan: Proiektu gazte, garaikide eta artearen diziplina guztiekin zerikusia izango zuenaren zirriborroa. Aldi berean, tokiko arkitektoz osatutako talde batekin ere jarri ziren harremanetan. Betoñon jarduteko akordioa sinatuta zegoen Udalarekin. Beraz, inguru horretako eraikina erosi zuten, moja karmeldarren antzinako komentua, hain justu. Hiri inguruko eremua da, 16.000 metro koadrokoa. Bi eraikin dira: bata, mojen antzinako hilerria da. Barruan ikaragarri klaustro ederra dauka eta Antso Jakintsua Fundazioa (Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak eratutako beste erakunde bat) hartuko du; bestea antzinako komentua bera da. Roberto Ercilla eta Miguel Ángel Campo arkitektoek egindako proiektuak antzinako komentuaren itxurari eutsi dio, baina XXI. mendera egokituta. Kristalezko beso handi bat dauka, eta kristalezko egitura horrek hogei metro baino gehiagoko altuera hartu eta gero, behera egin eta zentroa besarkatu egiten du.

Itzuli gaitezen La Fábricak Gasteizerako egindako proiektura. Zein dira horren ildo nagusiak?

Hasiera-hasieratik oso eredu dinamikoa planteatu zuten, jarduera eta hedapen handikoa. Egia esan, Gasteizko eta Arabako kultura-jarduerak goi mailakoak dira hedapenaren ikuspegitik. Beraz, egin beharrekoa sormena laguntzeko lana zen. Sormenaren ildotik aurrera egin beharrean, hasierako aurrerapenak proposatzen zuen bezala, bira eman eta arte-diziplina guztietako sortze-prozesuarentzako laguntza jarri genuen Kreako lanaren ardatz edo muin nagusi. Horrela, bete gabe zegoen eta existitzen ez zen edo puntualki eta etenka soilik existitzen zen espazioa sortu genuen. Izan ere, batzuetan laguntzak agertzen dira, bestetan baliabideak agertzen dira, beka-deialdi bat dago... baina ingurune hurbilean, eta batez ere Vital Kutxako Gizarte Ekintzaren eragin-esparruan, Araban, ez dago baliabideak eta azpiegiturak eskaintzen dituen gunerik, elkargune gisa funtzionatzen duen espaziorik, artista eta sortzaileentzako egoitzak eskaintzen dituen erakunderik... Hau da, sortze-prozesuaren fase horretan argi eta garbi kokatzen da proiektua, hortxe jardun nahi dugu.

Iragan azaroaren 30ean aurkeztu zineten, “Sortu Krea - Crea Krea” eslogana zenutela...

Guk egoera aztertu, sortzaile-talde batzuekin hitz egin eta hiriko kultura-eragileekin egon ginen eta haien eskaerak, proposamenak eta iritziak entzun genituen. Hortik abiatuta, proiektu bat sortu eta haren lerro estrategikoak eta oinarriak finkatu genituen. Baina orain, proiektua eraikitzeko eta xehetasun guztiekin garatzeko, parte hartzera gonbidatzen dugu. Aurkezpenaren egunean kutxa batzuk banatu genituen —oraindik banatzen ari gatzaizkie eragile batzuei—, txapak, lapitzak eta, esanguratsuena, bi libreta zeuzkatenak. Batak Krearen jarduera-lerroak jasotzen ditu, eta besteak hauxe esaten du: “orain, zeure txanda”; horren helburua, libreta horretan proposamenak, iradokizunak, jarduera-eskaerak eta abar egin eta guri itzultzea da...., eta horrela elkarrizketa bat sortzea. Izan ere, oso lotuta egon nahi dugu Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sormenaren errealitatearekin, eta gerora, lurraldeko edo nazioarteko beste esparru batzuetara ere heldu nahi dugu. Gure lehenengo errealitatea Araba dela onarturik, badakigu kultura ez dela eremu itxia, aitzitik, beste esparru geografiko batzuetarako ere irekita egon behar dugu.

Gaztetasuna azpimarratzen duzue...

Bai, proiektuak gaztetzat du bere burua. Sormen garaikidearen alorrean gazteen sektoreak lehentasuna du, baina ez adinak baldintzatutako gazteak soilik; kontzeptu bat da, ikuspegi bat. Guk zera esaten dugu: “XXI. mendean gaude eta XXI. mendeko sormena bultzatu nahi dugu, mundu guztiari irekita”. Hori da gaztetasunari buruz dugun kontzeptua, ez da adinari lotutako kontzeptu murriztaile bat. Sormenaren muin horretatik abiatuta, bigarren uztaia eratuko dugu, prestakuntzaren ikuspegitik. Alde horretatik, hemen garatzen ari diren proiektuek sortutako premiekin lotura zuzena duten jarduerak eskainiko ditugu, edo baita publiko berriak erakartzen dituzten jarduerak ere, amateur inguruak edo kultura zaleak sorrarazten dituzten jarduerak, hau da, zirkuitu profesionaletan sartu gabe, jardun, ezagutu eta guregana hurbildu nahi duen jendea erakartzeko.

Eta bi uztai horiek, fisikoki, antzinako komentuan egongo dira, ezta?

Bai. Guk, lehenik eta behin, proiektua aurkeztu genien erakundeei eta hiriko kultura-eragileei, azaroaren 30ean. Ondoren, abenduaren 5etik urtarrilaren 5era bitartean bisita gidatuak antolatu genituen komentura, haren historia eta Krea proiektua izango zena azaltzeko. Hasieran, bisitak abenduaren 22an bukatzea geneukan aurreikusita, baina epea luzatu behar izan genuen, hain eskari handia zegoela ikusita. Azkenean, 7.000 bat lagun igaro ziren handik. Guretzat oso gogobetegarria izan da, benetan.

Betoñoko Zentroa abian jartzen denean, zer edukiko du zehazki?

Klausurako mojak zeuden lekuan, hau da, geletan, artisten egoitzak egongo dira. Esan liteke, nolabait, sormena sustatzeko itxialdi pertsonala, partikularra dela. Eta tailerrak, entsegu-aretoak, musika-aretoak, grabaketa-estudioak, irratia, teknologia berrien aretoak... komentuan egongo dira, egoitzari lotuta. Azkenik, kristalezko besoan kultura-aisiarako gunea sortuko dugu, eta bertan auditorio txiki bat egongo da, edukierari dagokionez -200 bat eserleku- eta 600 metro koadroko erakusgela eta gune ireki bat, jendeak elkar aurkitu, musika entzun, irakurri eta barruko jarduerei buruzko erakusketa txikiak ikusteko. Eta gero kafetegia eta jatetxea egongo dira, hau da, zentroarekin topo egiteko espazio nagusiak. Hala, Kreara hurbiltzen direnak espazio horietatik igaroko dira, ondo pasatzera joango dira, hitz egitera, bertan egotera. Gero, arian-arian zentroko dinamika sortzaileetan sartzen joatea espero dugu. Aisialdirako espazioa hainbat jarduerarentzat zabalik egongo da, familientzat, publiko gaztearentzat... hitz gutxitan, sektore guztientzat, eta ez sormenaren edo prestakuntzaren alorretan dihardutenentzat soilik. Pertsonek kultura-ekitaldietan parte hartzea nahi dugu.

Eraikinaren inaugurazioa 2008aren bukaeran izango da, ezta?

2008aren bukaeran edo 2009aren hasieran. Hori da gure asmoa, baina eraikinaren egoeraren menpe dago.

Orduan, zein da orain Krearen egoitza, baldin badu?

Egunez eguneko harremanetarako bulegoa hau da (Araba Kulturala). Gero, 2007an eta 2008an zehar aurrera eramango ditugun jardueretan lan egiteko espazio fisikoak Vital Kutxako Gizarte Ekintzaren aretoak ditugu. Zinemastea Euskal Zinemaren Astearen 23. ekitaldia izan da hor, otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean. Aurten NEFFekin (Europar Zinema Berriaren Astea) elkarlanean antolatu dugu ekimen hori. Eta, eguberrirako, gure lehenengo deialdiak irtengo dira.

Beketarako?

Hasieran, dirulaguntzak edo bekak izango lirateke, sektore amateurrentzat. Eta gero, sektore profesionalari laguntzeko estrategia bat etorriko da. Bi gauzak. Era berean, bestelako jarduerak ere bultzatuko ditugu, hala nola gazteentzako gaueko aisialdirako Gauekoak programan parte hartzea. Eskolako komiki- eta poesia-lehiaketak ere aurrera eramango ditugu. Orain arte ekimen hori Gizarte Ekintzaren esku egon bada ere, guk bultzatu nahi dugu. Eta, udazkenaren bukaeran, arte eszenikoekin eta teknologia berriekin lotutako lehenengo prestakuntza-proposamenak egingo ditugu, baita sormenari lotutakoak ere, halako eskariak detektatu eta erantzuna eman nahi baitiegu.

Lanik ez duzue faltako, beraz...

Bi urte “birtual” hauek kultura-proiektua eraikitzeko aukera emango digute, aipatutako elkarrizketa horren bidez. Proposamenak luzatuko ditugu, sektoreekin hitz egin ostean. Aldi berean, harreman zuzena izango dugu erakundeekin eta sektorean esku hartzen duten kultura-eragileekin, sormenaren erreferentea izan nahian, baina betiere osagarritasunaren ikuspegitik, hau da, denok espazio berean esku hartuta sortu litezkeen distortsioak saihestuta. Argi uzten ari gara erreferente izan nahi dugula, eta hori da gure helburua, baina osagarriak izanda, hau da, beste kultura-eragileek betetzen duten guneetan ez dugu esku hartu nahi.

Beharbada goizegi da hau galdetzeko, baina, zer erantzun izan duzue? Adibidez, artistentzako egoitzen eskaintzarentzako erantzunik izan da?

Eskaria egon badago, baina zerbait itxaroteko esan diegu.

Beraz, jendea eskatzen hasi da dagoeneko?

Bai, gure web orriaren bidez (www.kreared.com) egunero erantzuten ditugu galderak. Web orria abian jartzea leiho bat irekitzea bezala izan da: etengabe ari dira gauzak sartzen, gauzak iradokitzen dizkiguten pertsonak, beren proiektuak aurkezteko lekuaren bila ari diren arte eszenikoetako konpainiak edo taldeak, edo beren lanetarako espazioak, tailerrak edo egoitzak erreserbatu nahi dituzten artistak edo artista-taldeak... Pixka bat itxaroteko esaten diegu, izan ere, lehen esan dudan bezala, oraingo lana Kreak izango dituen egitura organikoa eta lantaldea sendotzea da. Bestalde, arkitekto-taldearen lanaren jarraipen zuzena ere egin behar dugu, eraikina barruan izango dituen edukietarako egokia izan dadin. Badira gauza batzuk, itxura batean garrantzi gutxikoak, baina benetako garrantzia dutenak, hala nola publikoaren nondik norakoa, espazioak jardueretarako egokiak izatea, argiak, altuerak... Hori dena egin beharreko lana da. Baina, egiten dugun bitartean, ingurunean presentzia ere izan nahi dugu. Ez genuen esan nahi: “Geure burua aurkezten ari gara, baina 2009ra arte ez gaituzue ikusiko”. Ez. Geure burua aurkezten ari gara eta, proiektu bat barrutik eraikitzen ari den bitartean kanpora begira ere presentzia bat izateak dakartzan zailtasunak ezagututa, horixe egin nahi dugu, plazaratu dugun eslogana, “Sortu Krea” errealitatea izan dadin.

Nolanahi ere, harritu egin zaituzte erantzunak? Eta, erantzuna Arabatik etorri da, nolabait esateko? Ez, erantzuna web orriaren bidez etorri da, mundu zabaletik. Egia esanda, ni ez nau harritu gure proposamenak izan duen harrerak, bai kultura-eragileen artean eta sormenaren munduan. Izan ere, eskari bat zegoen hor, premia bat, hori agerikoa zen. Gehien harritu nauena Arabako gizartearen erantzuna izan da. Esan dudan bezala, Krea Betoñon egongo da eta, gaur egun, inguru hori kanpoaldean dago, industria-gunea izateari utzi eta berriz ere egoitza-gunea izateko prozesuan dago. Eta aztertu dugun kontuetako bat, hain zuzen, distantzia psikologikoak -ez baitago distantzia fisikorik- nola eragingo zigun izan da. Gasteizko planoa begiratzen baduzu, ikusiko duzu distantzia ez dela apartekoa, baina bada distantzia psikologiko bat, leku horretara joateko batere gogorik ez baituzu, dena fabrikaz, lantegiz, kez beteta... Horregatik, zera galdetzen genuen: nola erantzungo diote honaino etortzeko egiten diegun gonbidapenari? Eta erantzuna ikaragarria izan da. Autobus bat jarri genuen, baina etorri diren 7.200 lagunen % 20k edo % 30ek soilik erabiliko zuten. Gehienak oinez etorri dira. Hortaz, gure ustez arazo bat izan zitekeena, azkenean ez da halakorik izan. Eskaintza erakargarria egiten duzunean, jendea azaldu egiten da, eta abendua zen! Ni neu harritu egin nau. Araceli de la Horra Gutiérrez (Gueñes, 1962)

-Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean. -Kultura Kudeaketako Masterra egina du (Musika, Antzerkia eta Dantza) Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. -Euskal Herriko Kultura Teknikarien Elkarteko (Loiola, 1991) eta Arte Eszenikoen Kultura Kudeatzaileen Elkarteko sortzaile eta kidea da (Madril, 1994). -Lanbide-karrera Administrazio Publikoaren eskutik egin du eta, zehazki, Gasteizko Udalaren eskutik. Oso puntako proiektuetan lan egin du, hala nola Gizarte Etxeen Sarean (1986-1990), Principal Antzokian (1991-1996) edo Gasteizko Ikus-Entzunezkoen jaialdian (1994tik 1994ra bitarteko ekitaldietan). -Kultura Jardueren Zerbitzuko Burua izan zen 1991tik 1994ra. Erakunde horretatik hainbat programa bultzatu zituen tokiko eta herrialdeko beste erakunde publiko batzuekin elkarlanean. -Montehermoso Kultura Zentroko zuzendaria izan zen 1997tik 2006ra. -Araba Kulturaleko programazio-zuzendari izendatu zuten 2005eko martxoan eta, kargu horrekin batera, Krea Expresión Contemporaneako zuzendaria da, iragan azaroaren 1az geroztik.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Roberto Marro. Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio Zuzendaria: Ez da egia pertsona emigratzaileek, emigratzaileak izate hutsagatik, etxebizitzak, alokairuak eta abar eskura dituztenik, bertakoen kalterako

 

Irakurri

Javier Zuriarrain. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Diputatua: Gipuzkoako orografia oso konplexua da; autopista kilometro bat egiteko 20 milioi euro behar ditugu

 

Irakurri

Marian Saiz. Apert Sindromea Elkarte Nazionaleko bazkide sortzaileetakoa eta idazkari nagusia: Hasi dira aintzat hartzen egiten ari garen lana, baina ez da behar beste diru erabiltzen genetika eta gaixotasun arraroak ikertzeko

 

Irakurri

Ana Urkiza. Idazlea: Idazleak elkarrizketatzera joan naiz eta pertsonekin egin dut topo. Ikusi dut bizitza eta ibilbide aberatsak eduki dituztela eta, gainera, nor diren eta zer lortu duten argi eta garbi daukatela

 

Irakurri

Paco Etxeberria Gabilondo. Auzitegi-antropologoa, Gipuzkoako Giza Eskubideak saria jaso berria: Zirrara handiena tratu txarrek eragiten didate, beste izaki bizidun bati nahita min eragite horrek

 

Irakurri