Noiz sortzen da Ortzibia?
Ortzibia 2007an jaiotzen da, urte hasieran, urtarrilean.
Zein da horrelako sozietate bat sortzearen helburu nagusia?
Berez, Ortzibiak helburu bakarra duela esan daiteke. Sortu zenean, Euskal Autonomi Erkidegoko beste aireportuek promoziorako sozietateak bazituzten eta Donostiako aireportuak ere bere sozietate propioa behar zuela pentsatzen zen. Helburu horretatik beste batzuk ere badatoz.
Zeintzuk dira horiek?
Alde batetik, aireportuaren baliabideak hobetzea eta bestetik, dituenak ahalik eta gehien sustatzea. Azken finean, daukagun aireportua mantendu eta dauzkagun baliabideak ez galdu.
Azken denboraldian asko eta asko entzuten ari da Donostiako aireportuaren pistaren luzapenaren inguruan. Duela aste batzuk Aenak (Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea) egindako proposamenaren arabera, pista 150 metro luzatuko litzateke itsasaldera eta beste 150 metro Mendelu (Hondarribia) aldera. Ze eskumen ditu Ortzibiak gai honetan?
Hasieratik argi utzi behar da Ortzibiak ez duela inolako eskumenik pistaren luzapenaren erabakiaren inguruan. Erabaki hori ez dago Ortzibiaren esku, baizik eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren esku, berak baititu eskumen guztiak.
Eta zein litzateke, beraz, Ortzibiaren papera?
Ortzibiaren papera Madrilekin hitz egitea da guzti hori bideratzeko. Hau da, inplikatuta dauden Udaletxeen bitarteko izatea modu batean. Kasu honetan Hondarribiko eta Iruneko Udalak dira inplikatuta daudenak.
Arantza, zeintzuk dira orduan zuen egin beharrak, Ortzibiaren egin beharrak?
Begira. Alde batetik Udalen interesak defendatu eta bestetik, aireportuaren onurak bilatu. Aireportuaren aldeko posturak azaldu, azken finean.
Eta zentzu honetan, zeintzuk dira Ortzibiak aurrera eramaten dituen ekintzak?
Beste gauzen artean, gaur egun aireportuan zein motatako zerbitzuak ematen diren aztertu, eta horiek nola aldatu daitezkeen begiratu. Nola hobetu daitezkeen ikusi, zein enpresarekin egin daitekeen hori... Azken finean Donostiako aireportua hobetzea, ez bakarrik kanpoko pista, baizik eta kotxeentzako aparkalekua, barneko bulegoak, terminala... zerrenda guzti hori prestatu behar da.
Momentu honetan zenbat airelinea operatzen dute Donostiako aireportutik?
Gutxi arte bi izan dira, baina momentu honetan bakarra. Hala era badago azpiegitura honetatik lanean hasteko interesa azaldu duten konpainiarik.
Eta zenbat helmugatara iritsi al da?
Momentu honetan Madrilera eta Bartzelonara.
Bukatzeko, ezinbesteko galdera bat egin behar dizugu. Zein modutan eragiten ari dio krisiak Gipuzkoako aireportuari?
Noski, Donostiako aireportuak ere krisia nabaritu duela! Bai aireportuak berak eta baita bertan lanean ari ziren airelineak. Hegaldi kopurua jaitsi egin da. Aurretik aipatu dizudan moduan momentu honetan konpainia bakarra gelditu da operatzen hemendik.
Ze hegaldi mota dira gehien murriztu direnak, aisialdikoak edo lanerako hegaldiak?
Krisia aisian nabaritu da gehien, ez horrenbeste lanerako bidaietan. Hala ere, enpresetan ere krisia nabari den heinean, hegazkinez egiten diren bidaiak ere murrizten doaz, beste garraio mota bat erabiliz. Arantza Tapia Otaegi Arantza Tapia gipuzkoarra Ingeniari industriala ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. Gaur egun Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua da Gipuzkoan. Eusko jaurlaritzako Garraio eta Herri Laneko Sailburuordea izan da ere. Aurretik izandako beste kargu batzuk: Eusko Trenbideak-Ferrocarriles Vascos, S.A. (Eusko Tren) elkarte publikoko Lehendakariordea, eta Euskal Trenbide Sarea (ETS) elkarte publikoko aholkularia, biak Euskok Jaurlaritzako Garraio eta Herri-Lan Sailaren barne daude. Metro Bilbaoko aholkularia, Bilboko Portuko Agintaritzaren Aholkularia eta Pasaiako Portuko Agintaritzaren Aholkularia izan da.