Iñigo Arregi. Eskultorea: Sortu gabe ez dut bizitza ulertzen, ez harremanak, ez ezer

2011-02-18

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Iñigo Arregi Arrasaten jaiotako eskultorea da. Urte mordoxka daramazki arte lanetan eta bere obrari zintzotasun osoz segitu dio hastapenetatik. Oraingo elkarrizketa honetan, hitzak ez ezik obra ere hurbildu nahi izan diogu irakurleari. Eta elkarrizketa berezi samarra burutu dugu Iñigorekin, bakarrizketa bihurtu baita. Bera da protagonista bakarra, alperreko hitzik gabe. Eta hor daude irudiak. Iñigo Arregi: gogoa, bihotza, eskuak; horrela titula liteke bideoa. Iñigok garbi dauka zer nahi duen, eta zergatik, eta bere eskuek hori guztia azaltzen digute.

Zein da obra baten abiapuntua?

Gertakari edo esperientzia pertsonal batek, adibidez, eragina du zugan, eta hori nolabait adierazteko beharra sentitzen duzu. Artistaren arimak berezko duen zerbait da hori. Esaten ari naizenez, gertakariren batek zugan eragina izan badu sortzeko beharra izaten duzu, gertatu zaizunari forma eman nahi diozu edo erakutsi, gero komentatzeko, kritikatzeko edo moduren batean adierazteko. Beste batzuetan, berriz, barruko indarrak bultzatzen zaitu sortzera; sumendi-modukoa duzu barruan eta zerbait sortu beharra sentitzen duzu. Orduan estudiora etorri eta bazterrak nahasten hasten zara, eta bat-batean, nahi gabe edo ia-ia txiripaz, ideia sortzen da. Enkarguzko lana ere beste motibazio mota bat izan liteke; norbaitek une jakin batean zerbaiti buruzko obra egitea proposatzen dizu, eta gaiak motibatzen bazaitu, interesgarria baderitzozu, ba hortik bestelako obra mota bat sor liteke.

Nolakoa da zure obra?

Arina dela esango nuke, lehen begiratuan burdin sendo eta indartsua irudi litekeen arren. Hurbiltzean konturatzen zara barne-arkitektura dela obrari balioa eta kontzeptua eransten diona, hau da, eskultura osoaren oinarri den konposizioa.

Nola hasi zinen artearen munduan?

Oso gazte nintzela hasi nintzen, 12 edo 13 urterekin. Arantzazuko apaizgaitegian nintzen Oteizaren eskulturak jarri zituztenean. Une hartan, ikuspuntu artistikotik, adimenez birjina nintzen eta asko harritu ninduen eskulturak Arantzazura iritsi aurreko lehen bihurgunean egotea. Horrela, hura zer zen jakin nahi izan nuen, proiektuaren berri jaso. Gero, prozesu osoa jarraitu nuen, Jorge Oteiza bera ezagutu nuen eta hunkitu egin ninduen. Une horretan jakin nuen artista izan nahi nuela. Barruraino iritsi zitzaidan hura guztia.

Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal Azkarraga.

Ordutik aurrera marrazten hasi nintzen, apaizgaitegian lehiaketa irabazi nuen Oteizaren eskultura batzuk imitatuz, hain zuzen,... argi dago horrenbeste hunkitu ninduenez imitatzen saiatzen nintzela. Lau urte eman nituen apaizgaitegian, eta handik irtetean erabat konbentzituta nengoen artista izan nahi nuela. Batez ere Gipuzkoa mailan zegoen arte-mugimenduarekin harremanetan sartu nintzen, eta baita Bizkaiko artistekin ere. Gaztetxo nintzela, 17 edo 18 urterekin, hasi nintzen nire lana erakusten, eta ordutik ia urtero egin ditut erakusketak. Artean horrenbeste murgildu nintzenez, ordutik gauzarik garrantzitsuena da niretzat.

Argazkia: www.iarregi.com

Bilakaerarik izan al du zure lanak?

Nire obrak bilakaera izan du, eta esanguratsua gainera. Urte askotako ibilbidea egin dudanez, agian bilakaera txikia izan dela irudi liteke. Nire lehen lanak Jorge Oteizaren lanen imitazioa edo haiekiko hurbilketa izan ziren. Hasieran eskultura egiten nuen, baina gerora pinturara egin nuen jauzi. Egia esan, estrategia-kontua izan zen, eskultura egiteko azpiegitura nahiko berezia behar baizen, tailerra edo antzeko zerbait... eta nik ezin nuen. Pintura, aldiz, lantzeko erosoagoa zen, etxean margotu nezakeelako. Dena den, 17-18 urterekin nire estudioa izan nuen, margotzen hasi nintzen eta pinturak harrapatu ninduen. Baina beti, urte guztiotan, margoak lotura izan du eskulturarekin. Ildo horretan, nire lanaren bilakaera ikusi duen jende askok esan didanez, hasieratik antzematen zen nire pintura oso eskultorikoa zela. Orduan, eskultura alboratu gabe, margotzen segitzen nuen eta eskultura-lanak ez nituen erakusten. Eskultura gutxiago lantzen banuen ere, subkontzientean hori zen nahiago nuena.

Gogoan dut 1985. urtean Arrasateko Harresi aretoan erakutsi nituela eskulturak lehenengoz era publikoan eta agerikoan. Egurrean egindako totemak ziren, eta lotura handia dute orain egiten dudan lanarekin, izan ere, ahokatutako piezak ziren eta egun eskulturan erabiltzen dudan oinarri arkitektonikoa zuten, polikromatuta bazeuden ere. Gaur egun lantzen dudan eskultura mota bera zen, baina margotuta. Beraz, margoa eskulturaren osagaia zen, eta hori nolabaiteko kontraesana ere bazen, eskulturak bere izaera sakrifikatzen baitzuen pinturarekiko bizikidetzaren alde. Horrela, bilakaera medio, une batean eskulturaren pintura alde batera utzi nuen eta gaur egun eskultura “garbia” egiten dut, hau da, pinturak ez du tokirik lan horretan. Baina horren guztiaren ondorioz, batzuetan eskulturak egiterako orduan margotu egin behar direla erabakitzen dut, baina kolore bakar batez, ez koadroetan bezala.

“Ezinbestean ahokatzeko era eraikitzailetik abiatu behar dut, lotura hori izan arren. Hortik aurrera sortzen da obra. Hau da, nik horregatik ikusten dut nire burua letra-tipo horren menpe, eta gero diskurtsoa era batekoa edo bestekoa izango da, baina alfabeto hori izan behar dut, eskultura beraren egitura-forma dena”

Sortzeko orduan zeri ematen diozu garrantzia?

Ezin dut gauza zehatz bat aipatu. Batzuetan, ideiak edo kontzeptuak indar handia du eta obraren osotasuna hartzen du ia-ia. Beste batzuetan, garrantzia duena da obra zuretzat berezia den lekuan kokatu dutela, edo denbora asko eman duzula hura lantzen, edo zerbait inportantea adierazten duela... eta hori obra ikusteko beste modu bat da. Baina beharbada, niretzat garrantzitsuena da obra batean neure burua modu esanguratsuan sartzea. Zaila egiten zait kontzeptu hori azaltzea..., obra hori egitera bultzatu nauen motibazioa oso barrukoa dela, besterik gabe.

Argazkia: Josemari Velez de Mendizabal Azkarraga.

“Nire diskurtsoa ez da hermetikoa, ez dut elkarrizketa zehatzik egiten zehatza den zerbaiten inguruan. Oso irekia da, batzuetan ihes ere egiten dit... poesia bezala da, nolabait. Batzuetan hitz batek mila esanahi izan ditzake... Nik helburu batekin egiten dut, baina gero nire testuingurutik ihes egiten du eta interpretazioa librea da”

Material guztiekin modu berean egiten al duzu lan?

Ez, inolaz ere. Material bakoitzak bete ahotsa du eta gauza bat adierazten du. Ez da gauza bera material bigunekin ala gogorrekin lan egitea, edota aire librean iraunkorrak diren materialak erabiltzea, burdina edo altzairua kasu, ala polimero jakin batzuekin lan egitea; edo egurra lantzea ala material ahulagoak erabiltzea, hala nola, kartoia, papera, etab. Material bakoitzak bere hizkuntza du, eta bere tokia, eta sarritan obra bat mamitzerako orduan oso kontuan hartzen da erabiliko den materiala.

Argazkia: www.iarregi.com

“Materialak? Berdin da burdina, brontzea, plastikoa edo egurra izatea... askotan materialak hitz egiten baitu, baina beste batzuetan erabiliko den materiala erabakitzea aukeraketa estrategikoa izaten da”

Zer lortu nahi duzu artearen bidez?

Printzipioz ez dut ezer lortu nahi, ez dut ezertara iristeko helbururik edo nahirik. Oso gauza subjektiboa da; nik artea arnasa hartzeko erabiltzen dut, berezkoa dudan zerbait da. Nik sortu gabe ez dut bizitza ulertzen, ez harremanak, ez ezer. Gero, arteak eramaten gaitu erakusketetan eta antzekoetan sartzera, baina niretzat hori guztia osagarria da. Urte askoan erakusketak noizbehinka egin ditut, baina inoiz ez diot utzi etengabe sortzeari. Iñigo Arregi (Arrasate) Bilboko Krisis Factory-an ikus daiteke Iñigo Arregiren aurtengo lehen erakusketa. Martxoaren 12a arte 12 obra ikusgai egongo dira; bai tamaina handiko obra eskultorikoak, bai aurrez bakarrik ikus daitezkeen erliebezko beste obra batzuk ere. Iñigo Arregiren obra eskultura, pintura eta obra grafikoaz osatzen da. 1973. urtetik 40 erakusketa baino gehiagotan hartu du parte indibidualki zein kolektiboki. Azken urteetan hainbat eskultura ipini ditu ateri zabalean eta beste hainbat erakusketan egonda (Madril, Bartzelona, Donostia, Iruña, Gasteiz), baita Nazioarteko azoketan (Estampa, artMadrid, Art Innsbruck). www.iarregi.com Artaretoa
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Iñigo García Odiaga. Arkitektoa: Iruditzen zait arkitektura artetzat definitzea arriskutsua dela

 

Irakurri

Karmele Artetxe Sanchez. Historialaria: Nahiko fenomeno normala da unibertsitatean egotea eta lukuru asmorik gabeko erakundeetan parte-hartzea

 

Irakurri

Andres Illana. Arabako Ekologistak Martxan taldeko bozeramailea: Gasteizko hazkunde urbanistikoa neurriz gainekoa da

 

Irakurri

Oskar Tejedor. Gidoilaria eta errealizadorea: Zaintzaileak dira historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu direnak

 

Irakurri

Emilio Lopez Adan. Idazlea: Askatasuna sortzeko, beti errefusatuko ditut militarismoa, diktadura eta terrorismoa

 

Irakurri