Jakiunderen web orrian irakurri dudan Isaac Asimoven esaera batekin hasi behar dut: “Ongi jantzitako buru prestatuari soilik egiten dio mesede zorteak”. Zorteko pertsona zaitugu, ezta?
Zorteko pertsona banaiz, baina Asimoven esaera baino Louis Pasteurren beste bat gustatzen zait gehiago. Honek zioen, nork lanean diharduenean bakarrik agertzen zaiola inspirazioaren musa. Eta gehiago naiz ni lanean diharduten horietako bat. Daukadan lanbide eta bizimoduarengatik naiz ni zortekoa, baina buru jantzien inguruan nahiago dut Pasteurren baieztapena. Lanik gabe, aurrera egiteko aukerarik ez dago.
Kimikaria naiz, zientifikoa, eta nire betebeharrik hurbilena lana da, etengabea. Lan sakona, zikina kasu batzuetan eta baita etsigarria ere, askotan. Denboraren %5ean bakarrik ager daiteke inspirazioa, gainontzekoa bestelakoa da.
Esan al liteke, beraz, Jakiundeko inspirazioak lanean harrapatu zintuela?
Bai... halaxe da. Deia izan nuen, Eusko Ikaskuntzaren orduko lehendakaria zen Xabier Retegik deitu ninduen, jakitun nahi nuen izan galdetuz. Kimika Fakultatean harrapatu ninduen beharrean, noski. Zalantza handirik gabe esan nion baietz. Erantzun azkar horrekin lotuta zegoen nire historia txiki bat: nire moduko bergarar bati Jakiunde lotzen zitzaion, Euskal Herriaren zientzia historian Bergara kimika aurkikuntza erraldoi batekin lotzen zen moduan. Wolframioaz hitz egiten ari naiz, jakina. Bitxia da 1764an Baskongadako gizon emakume haiei esker, Bergarako laborategi kimikoa osatzea, eta Elhuyar anaiek wolframioa hantxe bertan isolatzea.
Ni Bergarakoa eta kimikoa nintzen arren, ez nintzen Elhuyarren lorpenaz eta beraiek nirekin eduki zezaketen loturaz jabe. Frankfurteko Unibertsitatean antolatutako kongresu batean argitu zidan zientifiko batek, nire hitzaldia ematean berak niri buruz egindako aurkezpenean. Hark esan zuen bergararra nintzela eta ez zela leku txarra kimikari bat jaiotzeko. Orduantxe konturatu nintzen zerbait baneramala barruan, kimikaren bideetatik barrena egitera gonbidatzen ninduena. Berrehun eta berrogeita hamar urte geroago, Bergarara jotzen du Jakiundek eta Baskongadakoek Bergarako Erret-Mintegia diseinatzeko erabili zuten Olaso dorrean bertan ezarri dugu gure egoitza
Asimoven esaera Pasteurrenarengatik ordezkatu duzun arren, ezin uka Euskal Herriko bururik prestuen eta jantzien lehendakaria zarela. Zer sentitzen da?
Errespontsabilitate handi bat, lehenik. Ardura handiko kargua da. Eta bigarren sentsazioa aurrenekotik ondorioztatzen da: kargu horrek eskaintzen dituen aukerak, posibilitateak. Berehala nozitzen da talde garrantzitsu batean zaudela, goi mailako gizon emakumeen artean. Berrogeita hamasei kide gara, bakoitza bere balizko eskaintza aberatsarekin, asmoz eta jakitez.
Zergatik erabiltzen duzu Asmoz eta Jakitez esaera?
Alde batetik oso goiburu polita delako eta bestalde Eusko Ikaskuntzarena dugulako. Gu Eusko Ikaskuntzatik sortu ginen, Euskal Herri osorako gurearen moduko elkarte bat sortzeko premia ikusi zuelako. Beraz, asmoz eta jakitez ihardun behar izate hori gure izpirituarekin bat dator. Jakintzaren gainean oinarritu behar da gure lana, Baskongadako ilustratu haiek egin zuten bezalaxe. Herriaren usadio onak sustatzea eta lantzea eta txarrak uxatzea zen haien jomuga. Hura guztia hiru probintzien arteko lana bultzatuz lortu nahi zuten. Eusko Ikaskuntzaren asmoak ongi laburbiltzen ditu bere lema horretan, eta gainera Abbadieren “zazpiak bat” osotasunera zuzenduta.
Eusko Ikaskuntzaren baitatik sortu zen, bai, Jakiunde 2007an. Beste esaera bat gogoratzen dut sortze-ekitaldian Xabier Retegi Eusko Ikaskuntzaren orduko lehendakariari entzunda: “Criado te he, e con buen amo te he puesto. Válete por ti” Ongi baliatzen ari denik ezin uka...
Ongi baliatzen ari da, bai. Eusko Ikaskuntzarekin harreman estuak ditugu baina hala izan behar zuelako Jakiundek berezko ibilbidea dauka. Gure elkarteak sorturiko ideiak kontuan edukitzekoak dira, eta edukiz bete egin behar ditugu, gorpuztuz. Gizartearen aurrera azaldu behar dugu, gure ahalmen osoarekin. Ulertu behar da ere gurea Akademia bat dela eta bere adin eskala oso laburra dela. Akademien lorpenak mendetan neurtzen dira, normalean. Guk bost urte ditugu. Eta tarte horretan, besteok zer egiten duten begira egon gara. Akademia antolatzea oso konplikatua da, delikatua. Eratze prozesua amaitutzat eman dugu eta orain egitura egonkor eta lana ahalbidera dezakeena jasotzen ari gara. Orain artekoa, ia-ia bere osotasunean barrura begirako lana izan bada, aurrerantzean kanpora begira aritu beharko dugu.
Euskal Herriko erakundeen artean gure lekua aurkitzea da erronketariko bat, elkar lana sustatzeko, lehia ekidinez eta bat eginez, gure herri honek nahi eta behar duen saretze prozesu aberatsean. Orain arte ere burutu ditugu halako lanak, baina gazteei zuzenduta. Egun Jakiunde ezagunagoa da Institutuetako azken ikasturteko ikasleentzat eta Euskal Herriko zazpi Unibertsitateetako lehen eta bigarren mailakoen artean, erakundeen artean edota gizarte zibilean baino. Bi programa burutu ditugu azken hilabeteotan: Jakin Mina eta Topaketak. Gazteen artean jakituriaren grina sustatzea izan da lehen helburua eta bigarrena Akademia urruti dagoen zerbait ez dela erakustea. Erakundeekiko harremanak modu formalean finkatzea dagokigu orain. Hasiak gara, baina etengabeko ahalegina jarri behar dugu martxan,
Nola berezituko zenituzke ama Eusko Ikaskuntzaren eta alaba/seme Jakiunderen helburuak?
Graduazioaren maila da inportanteena, helburuen bereizketa baino. Eusko Ikaskuntzak hala nahita eta Jakiundek berak ere berretsi zuelako, goi mailako aholkularitza erakunde bat da Jakiunde. Eta Eusko Ikaskuntzak gizarte osora zabaltzeko proiekzioa dauka, gehien bat. Bi graduazio horiek ongi mailakatuta daudela uste dut. Lehendakari biok gure bilerak izaten ditugu erakundeen arteko lankidetza sustatzeko. Gure planteamenduetan ez zaigu lehiaren ideia sartzen, alderantziz baizik, erakunde biak aurrera modu positiboan nola joan gaitezkeen da aztertzen duguna.
Berrogeita hamasei jakitunek osatzen duzue egun Jakiunde. Zer Akademia mota daukazue gogoan, kideen kopuruari eta espezialitateen sailkapenari buruz?
Kideen espezialitateei dagokienez, gure ideia oso garbia da: akademia multidiziplinarra nahi dugu, sailkatze gutxien eduki dezakeena, bere osotasunean kudeatzea baita xedea. Diziplina artekotasuna balore bat da eta hori nahi dugu baliatu. Artekotasun hori erdiestea izan da orain arteko gure lanik funtsezkoenetakoa. Beraz, Jakiunde ez da akademia klasiko horietakoa. Gu talde bakarra gara, diziplina ugarirekin. Eta gure Akademia nahi dugu herriarentzat eta ez, inolaz ere, akademikoentzat. Kontzeptu garrantzitsu bat helarazten ari gara orain: ez gara, lehen-lehenik, akademikoak, baizik eta gure profesioak markatzen diguna da nortasun agiria. Kimikoa naiz akademikoa baino lehenago. Eta akademikoa nauzue kimikoa naizelako. Garena garela ulertzea oso inportantea da Jakiunderekin jarraitzeko. Eta nortasun agiri diferente horien arteko akademia gorpuztea dagokigu. Horixe da gure balorea. ñabardurak, zientzian bezala, askoz aberatsagoak izaten dira alboko diziplina zientifikoetatik nor berarengandik baino.
Jesús Mari Ugalde Kimika Fisikoko katedraduna da. Valladolideko Unibertsitatean lizentziatu zen 1981ean eta Kimikan Doktorea da unibertsitate berean.
Jakitunen kopuru edo Jakiunde tamainari dagokionez, gaurko estatutuen arabera laurogei kide eduki ditzake, gehienez jota. Horietatik zazpi plaza Euskal Herriko Unibertsitateetako errektoreentzat dira. Beraz, hirurogeita hamahiru jakitunek osa dezakete Jakiunde. Orain berrogeita sei gara, zazpi errektoreak barne. Ikus daitekeen moduan, oraindik bada tartea. Jakin badakigu, badirela espezialitate batzuk gure erakundean behar bezala ordezkatuta ez daudenak. Alde horretatik, mundu akademikotik kanpoko errealitatea hobeto islatu nahi genuke.
Samurra al da, horrenbeste goi jakitunen artean pertsonalismo eta egokeriak gainditzea eta bakoitzaren gainetik erakundearen izena jartzea?
Orain arte oso erreza izan da. Edozein erakundetan inportanteena pertsona da. Eta ziurta dezaket, Jakiunden —nahiz eta goi mailako jakitunek osatua dagoen— kideok lehenago baloratzen dugula pertsona, dagokion maila akademikoak adieraz dezakeena baino. Eta horren ondorioz taldearen garrantziaz jabetzen da jakituna, pertsonalismoa alboratuz. Diziplina diferenteetako pertsonen arteko loturak harritu egiten nau Jakiunden. Jarrera positiboa da konstantea pertsona-talde honen kasuan, taldearekiko komunioa, hain zuzen, bakoitzaren nikeriaren gainetik.
Norberaren zientzia mailak baino gizakiari pertsona bezala duen mailak ematen dio perspektiba-ahalmena gizartea aztertzeko (“Quod natura non dat, Salmantica non praestat”) Suposatzen dut Jakiunden ere ikuspegi desberdinak —ez dut esaten kontrajarriak— egongo direla euskal gizartearen premiei dagokienez, ezta?
Noski. Jakiunde akademia anitza da, alderdi guztietatik. Komentatu dut diziplinen artekotasuna. Baina suposa daitekeen bezala, jakitun bakoitzak bere ideiak ditu Euskal Herriko premiei dagokienez. Beharbada, premiak zeintzuk diren sailkatzeko orduan nahiko adostasuna lor genezake. Zerrenda bateratu samarra atera liteke. Baina zerrenda horretako gaien hurrenkera egiteko diferentziak eman litezke. Orain arte, diferentziak hitzen bitartez gainditu ditugu, gure hausnarketa foroan. Eta foro horretan hartu ditugun erabakiak aho batez izan dira. Jakitunek, nioen lehen, oso jarrera positiboa azaldu dute taldearekiko, eta nahiz eta premien hierarkia ez izan ehuneko ehunean nork berak pentsatzen duena, taldearen deliberamenduari eman zaio lehentasuna. Disonantzia handirik gabe joan da orain arteko prozesua. Eta kohesiorako funtsezkoa da pertsona maila. Zer esanik ez, maila hori sakonago lantzen da alboan pertsonalitate desberdinak izanez gero, eta Jakiunde horretarako aproposa da.
Kontzeptuan bederen adostasuna ematen bada Jakiunde barruan, eta akordio amankomunetara iristen bazarete, ez al litzateke euskal gizarteari begira elkartasun horren oinarriak erakusteko ordua izango?
Hainbat modu daude horretarako. Aipatutako premia horien zerrendan badugu gailentzen dena, zientzia eta jakituriarekiko grina gazteengan piztea eta areagotzea, alegia. Beste bat dator gero, Euskal Herriko erakunde desberdinen artean premia hori txertatzea. DBHko Institutuetan nahi genuke lan hori egin, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Kultura Zientifikoko Katedra ere daukagu lagunkide erronka honetan.
Bestalde, kongresuak eratu nahi ditugu. Gure pentsakerak kontrastatzeko sistemarik onena, kanpotik etor daitezkeen pertsonei aditzea da. Aurreneko kongresua egin dugu, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan. Halaber, hainbat ekimen ditugu lotuta jada Donostiako Musika Hamabostaldiarekin. Eta gure txostenak ere prestatzen ditugu, Adierazpenak deitzen ditugunak —statement horietakoak— orain arte adostu ditugun lerro nagusien inguruan.
Aurreko nire galdera, dena den, ez zihoan bide horretatik. Esan nahi nuen, goi mailako pertsonalitateen artean gai izan bazarete hitzen bitartez adostasunera heltzeko, gaitasun hori aplikatu beharko zenioketela euskal gizartearen baitan eman behar den elkartasunerako prozesuari...
Nik uste dut Jakiunde gizartearen isla zehatzagoa dela konfrontazio politikoarena baino. Azken hau askoz bortitzagoa dugu gizartean normalean ematen dena baino. Prozesua ez da gaurtik biharko gauzatuko, ohitura eta azturak asko aldatu beharko baitira. Epe laburrean ez da lortzen hori. Baina alde horretatik abantaila badaukagu Jakiunden: denbora. Goian komentatu dudan bezala, akademien lorpenak ez dira urte bakanez neurtzen. Bat bateko erantzunak ere ez dira onak izan ohi, eta horrek behartzen gaitu soseguz eta zuhurtasunez jokatzera.
Jesús Mari Ugalde Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Irakaslea da 1994tik hasi eta gaur egunera arte.
Euskal Herriaren erronken gaineko hausnarketa eragitea du helburuetariko bat Jakiundek. Nondik dabilkio une hauetan premia hori? Hitzetik hortzera erabiltzen dugu “baloreen krisia”, baina hain iluna al da egoera?
Iluna bada jende askorentzat. Lanik gabe geratzea, etxetik kaleratuta izatea... horrek egundo ilundu du panorama. Irenstea bat ere goxoa ez den plater bat da hori guztia. Zer gertatzen ari zaigun ulertzea konplexua da, aktore asko baitabiltza jokoan eta horrek konplexutasuna eransten dio arazoari, nahiz eta erroak eta eragina ulertzea, bakan-bakana hartuta, errazagoa gerta daitekeen. Interakzioa da ulertzea zailtzen duena. Gizarteko alderdi asko elkar ekintzan egoteak irtenbidea zaildu egiten du, denak jarri behar baitira ados eta bakoitzak jaitsi egin behar duelako bere iragarpenen zakua, orain arteko asko eta asko errealak ez zirenak. Horretan ere gabiltza Jakiunden, eta gure hausnarketak paisaia honetan etika non geratu den aztertzera garamatza. Gauza batzuk egin daitezke, posibleak direlako, baina egin behar al dira? Nik egin dezakedan hori egingo al dut? Horri erantzun behar diogu etikatik. Etika norbanakoarena den aldetik, baina baita gizarteko partaideak garenetik ere. Aztertu eta uztartu behar dira ikuspegi horiek eta ondorioz Adierazpen garbi bat aldarrikatzea litzateke hurrengo urratsa. Etika galdu egiten bazaigu etorkizuna zailagoa bilakatzen da. Eta bestalde etika gaizki, tokiz kanpo, erabiliz gero arazoak sor daitezke. Etika izango da irtenbidearen zati bat, oraingo disfuntzionamendua berbideratzeko.
Baina etika aldagarria da, ezta?
Jakina. Horregatik oso garrantzitsua da etikaren funtsezko elementuei buruzko egokitzapenaz hausnarketa burutzea. Eta Jakiunde ari da horretan. Batzuek diote balore unibertsalak eta eratorri finkoak dituztenak badirela, agian erlijioarekin zerikusirik dutenak. Badira beste etika-ikuspegi batzuk ere, ez hain hertsiak, eta etikaren malgutasuna eskatzen dute. Horien arteko adostasunera ere ailegatu behar da, baina lehenik jabetu egin behar da arazoaz eta segituan, asmoz eta jakitez, eztabaidari ekin.
Aizu... eta zer diozue Jakiunden, krisi ekonomikoaren aitzakian, gobernuen erabakiz erakunde publikoetan zientzia ikerkuntzarako jasaten ari diren murrizketen aurrean?
Jakiundetik, noski, ez dugu ongi ikusten joera hori. Jateko besterik ez bada, lehenik jan egin behar da. Hori egia da. Baina ez gaude egoera horretan, eta ongizatearen oinarrizko lehiakortasunari eusteko, alderdi politiko guztietatik hitzetik hortzera erabili izan den hezkuntza, ikerketa eta garapenaren formula ustez ezinbestekoa, bat batean deuseztatu egiten zaigu... eta hitzak haizeak eraman ditu.
Murrizketa horiek eta batez ere jarrerak mespretxuaren hurrena adierazten dute, zeren kontra eta oraintsu arte modu politikoz eutsi izan dioten ideiaren kontra, hots, jarrera horrek hezkuntza, ikerkuntza eta garapenak zer nolako garrantzia duten oso barneratua ez edukitzea garbi uzten baitu. Gizarte oso baten kohesioa eta aurrerapenari trufa egitea da. Erabakiak hartu behar dituztenengan ez dago batere garbi non datzan garapenaren giltza.
Bestalde azpimarratu behar dut, zientzia ikerkuntzarako murrizketak oso bortitzak izan direla. Zientzia aplikatuetan eta letretan ere, noski, batez ere arte plastikoetan. Eta Jakiunde osatzen duten hiru ardatz horiek murrizketen eraginpean daude. Guri ez zaigu iruditzen bidea hori denik, nahiz eta Euskadiko kasuari begira murrizketak hain bortitzak izan ez diren. Hemengo egoera txarra den arren, ez dauka zerikusirik inguruan daukagunarekin. Uste dut hemengo erabaki asko gogoz kontrakoak izan direla, gure inguruko hainbat eta hainbat ez bezala. Gure artean azken urteotan bilakatu den bat-etortzearekin —horra hor, supralegealdietako politika zientifikoak— sustatu ahal izan da ibilbide emaritsua, ez bakarrik unerako baizik etorkizunerako ere. Jakiundek baditu ideia batzuk alde horretatik, baliabide murritzago horiek hobeto erabiltzeko, hain zuzen. Horretaz arituko da laster plazaratuko dugun Adierazpena.Jesús María Ugalde (Bergara, 1957) Kimika Fisikoko katedraduna da. Valladolideko Unibertsitatean lizentziatu zen 1981ean eta Kimikan Doktorea da unibertsitate berean. Doktorego osteko ikasketak burutu zituen 1986an eta 1989an Kanadako Dalhousie University unibertsitatean eta 1984an Tennessee-ko Oak Ridge National Laboratory delakoan.Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Irakaslea da 1994tik hasi eta gaur egunera arte. Irakasle bisitaria izan da bai Ithaca-ko (New York) Cornell University unibertsitatean (1992), bai Namur-eko (Belgika) Notre-Dame de la Paix unibertsitatean (1991).Bere ibilbidean zehar 200dik gora argitalpen zientifiko eta zientzia zabalkundeko 20 saiakera plazaratu ditu. Doktoregoko 9 ikasleren lanak gainbegiratu ditu, eta horietatik 6 Europako doktoregoak dira. 9 Nazioarteko Biltzar Zientifiko antolatu ditu. Jakiunde akademiako kide gisa, Akademiaren lehendabiziko nazioarteko sinposioa antolatu zuen 2008ko abuztuan honako izenburu honekin: “The role of scientific adademies in modern socienties”. 2003ko Euskadi Ikerketa Saria irabazi zuen. Horrez gain, beste golardo hauek ere jaso ditu: X. M. Munibe Ikerketa Saria (1997), National Sciences and Engineering Research Council of Canada delakoaren Zientzia Trukaketako Nazioarteko Saria eta 1989ko Killam Post Doctoral Fellow Award saria, Halifax-en (Kanada). 1985ean, Doktoregoko Aparteko Saria ere eskuratu zuen.