Jon Mirena Landa. Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen aldeko Zuzendaritzako arduraduna: Giza Eskubideenganako minberatasuna igotzen ari den arren urraketa asko daude oraindik gure herrian

2008-04-18

GÓMEZ DE LA PEÑA, Iker

Astronomiako eta Astrofisikako katedradun Jon Markaide Jakiundeko kide da. Bide batez esan dezagun Jakiunde 2007ko urrian sortu zela, Eusko Ikaskuntzaren Zientzia, Arte eta Letren Akademia gisa. Lanbideagatik eta Astronomiako katedraduna nahiz Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Erret Akademiako kide numerarioa den aldetik, Jon Markaidek konpromisoak ditu ugari, eta ezin da etorri Euskadira nahi beste alditan. Dena dela, Jakiunderekin hartu duen konpormisoari esker, maizago izango dugu gure artean hemendik aurrera

Nolakoak izan ziren zure lan-arloko ibilbidearen hastapenak?

Ni Elgetan jaio nintzen, amaren baserrian, baina Arrasaten hazi nintzen, aitaren herrian. Oinarrizko Batxilergoa hasi nuen, eta atera egin ninduten eskola profesionalean sartzeko, baina, irakasleen nahigabea handia zenez eta asko protestatu zutenez, handik atera eta Goi-batxilergora itzuli nintzen. Hala ere, ikasketak amaitutakoan, eskola profesionalera joan nintzen. Han ohartu nintzen hura ez zetorrela bat nik gauzez nuen ikuspegiarekin, eta utzi egin nuen. Horrenbestez, une hartan nuenarekin Zaragozara joan nintzen, 25.000 pezetarekin, eta bederatzi hileko ikastaro bat lautan egin nuen; bizimodua atera nuen. Ni nire lanaz edo jendearen eskuzabaltasunaz bizi izan naiz beti. Diru-laguntza asko eman dizkidate, pertsona eskuzabalekin egin dut topo, eta gauzak ondo egiten lagundu didate, hori guztia modu altruistan, nik nire ikasleekin egun egiten dudan modu berean. Guk gutxitan uzten diogu buru argi bati alde egiten. Nire kasuan, are arrazoi gehiagorekin, eman zidatena itzultzen besterik ez bainaiz ari.

Zaragozan egin zenituen ikasketak. Nolakoa izan da zure ibilbidea ordutik?

Hiru urtez ikasi nuen Zaragozan. Laugarren ikasturtea Madrilen egin nuen, eta beste laugarren ikasturte bat Edinburgon, Stevenson fundazioaren diru-laguntza batekin. Han bederatzi hilez egon ondoren, Zaragozara itzuli nintzen ikasketak bukatzera. Gero, Edinburgora itzultzeko eskaintza egin zidaten, doktoregoa egiteko. Egia esan, joateko zorian izan nintzen, baina gurasoengatik gelditzea erabaki nuen, iheslari aitortu behar baininduten, soldaduska egiteko adinean nengoen eta. Noski, Francoren denboran iheslari aitortzea oso konplexua zen. Beraz, Zaragozan aireko soldaduska egitea erabaki nuen, eta aldi berean, eskolak eman nituen unibertsitatean. Une hartan ohartu nintzen hura ez zela nire tokia eta Massachussets Institute of Technology (MIT) institutuko bidea bilatu nuen. MITen doktoregoa egin ondoren, batetik, NASAtik etorri zitzaizkidan, aholka nintzala eskatuz, eta, bestetik, Max-Planck-Institut für Radioastronomie –Radioastronomiako Bon-eko Intitutua (Alemania)– institutukoekin hitz egin nuen. Azkenean, hara joan eta bi urtez gelditu nintzen. Gero, hiru eskaintza izan nituen. Bata IRAM Pico Veleta behatokiko zuzendari izateko eskaintza zen, baina ni gazteegia nintzen lan horretarako. Bigarrena ikasle izandako lekura irakasle moduan itzultzea zen, baina hiru urte pasa ziren soilik ikasketak bukatu nituenetik, eta ez joatea erabaki nuen, beldurra bainuen agian AEBetan arrakasta izan eta Europara itzuliko ez nintzelako. Azkenik, hirugarren aukera hautatu nuen eta industriako lanpostu finko bat hartu nuen teleskopioak diseinatzeko, Siemens (Munich) enpresan. Hara joan bezain laster, Ikerketa Zientifikoetako Goi Kontseiluko (CSIC) plaza bat eskaini zidaten Espainian. Aldi hartan, soldataren erdia galtzea onartu eta itzuli egin nintzen. Granadara joan nintzen, leku lasaia zelako; eskiatzea gustuko nuen, itsasoa oso urrun ez egotea behar nuen eta ia denetik zuen hiriak. Azkenean, Granadan nengoenean, Astronomiako Espainiako lehen katedraren lehiaketa irten zen, zehazki, Valentzian. Orain, eszedentzian nago Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko ikerketa-irakasle moduan, eta Valentziako Unibertsitatean katedradun-jardunean ari naiz. Baina han egotearen arrazoia halabeharra da, halabeharra eta bidean topatu ditudan pertsonak. Ni halabeharrez naiz astronomo, literalki halabeharrez. Badira astronomo jaio diren astronomoak. Baina ni ez. Behiei edo landareei begiratzen nien interes berberaz egiten nien nik so izarrei. Nik fisika nuen gustuko. Baina, zergatik naiz astronomo? MITera joan nintzelako doktoregoa egitera, eta egun batean Irwin Shapiro aurkeztu zidaten halabeharrez eta harekin gelditu nintzen.

Hortaz, irakaskuntzan diharduzu orain, ikerketan baino gehiago.

Bueno, irakasle bat ezin da ona izan ikertzaile ez bada. Alderdiak eta mailaketak dira. Denbora osoa ikertzen eman dezakezu, gutxi edo ezer irakatsi gabe. Denbora osoa irakasten eman dezakezu, eta ezer ez ikertu. Azken hori oso txarra da, eta denbora guztia irakasten ematea, ezer ikertu gabe, onartezina da. Hori unibertsitatean ezin da gertatu. Orain, katedradun naizen aldetik, eskolak emateko betebeharra daukat, baina nire jarduera, batez ere, ikertzea da.

Zure ustez, ikerketa behar beste balioesten da?

Espainian asko hitz egiten da hezkuntza- eta ikerketa-arloak hobetzeari buruz, eta politikoek hitzetik hortzera aipatzen dute harrotasunez, baina agerikoa da ezer gutxi axola zaiela. Espainian, irakasleetatik hasi eta katedradunera, soldatak geldi edo beherantz doazela ikustea besterik ez dago. Hori ez da logikoa. Herrialde batean gauzak ongi egiten dituztenei ez bazaie ondo ordaintzen...

Ba al dago kultura zientifikorik?

Ez nahikoa. Agian kultura-urritasuna da dagoena, zientifikoa alde batera utzita. Aldi konplexua da, izan ere, eskolatik etorri behar den kultura zientifikorik ez baduzu, nola eskuratuko duzu? Internet zoko guztietan sartzen da, baina ez du ezer irakasten. Tresna berberak onak eta txarrak dira. Herrialde batean ikertzaile onak izateko, eskola onak behar dira, nire ustetan, publikoak.

Zein da gehien motibatu zaituen ikerlana?

Nire bizitzan zehar, oso gauza ezberdinak ikertu izan ditu, baina beti eutsi diet ikerketa-lerro batzuei. Horietako bat doitasuneko astrometria diferentziala da. Tesian ekin nion gaiari; hasieran, gauza oso errazekin hasi nintzen, eta oso gauza zailak egiten amaitu dugu. Eta ondoren irten zen zerbait: supernobak. Ia hamar urte daramat lanean bi lerro horietan, lanik argitaratu gabe. Niri garrantzitsua iruditzen zait lana kontsumoagatik soilik ez egitea; gaur balio du eta bihar zakarretara. Zientzia-mota hori ez zait interesatzen. Interesatzen zaidana uzten dudan hori, lan horietako bakoitza klasikoa izatea da. Lan horretan ahalegin handia egiten dut. Ni egiten ari naizena inor ez da ari munduan egiten.

Nola ikusten da Euskal Herria kanpotik?

Arazo politikoei dagokienez –eta ez dut horiei buruzko iritzirik emango–, nire ideien arabera ikusten dut, mutiko nintzenetik dudan ezagutzaren ikuspegitik. Egungo egoeraren errua, nire ustez, nahiko banaturik dago. Denborarekin argitu egingo dira, baina gai horretan nik ez dut inoiz esku hartu nahi izan. Lagun batzuek esan ohi didate Euskadik maila oso altua duela, arazo horiek izan arren, eta galdetzen didate Euskadiko jendeak zer egingo lukeen, arazo horiek gabe. Askoz ere gehiago egingo genuke. Euskadiri buruz jendeak dituen ideiak oso positiboak dira.

2007ko abenduan egin zen lehen bilera ofizialean parte hartzeko etorri zinen Donostiara, Jakiundeko kide moduan. Zer ekarpen egin diezaioke astronomo batek Akademiari?

Astronomo on batek ekarpen handia egin ahal dio Akademiari. Nik ez dakit, ordea, ni astronomo on hori ote naizen. Baina, une hauetan, munduko leku guztietan eta unibertsitate orotan, dagozkion arreta eta garrantzia ditu astronomiak. Izan ere, astronomia ezagutzaren ikuspuntutik hartuz gero, diziplina horrek poesiak, pinturak edo ekoizpenik ez dakarten beste jarduera batzuek besteko interesa sortzen dio jendeari. Horrez gainera, astronomia teknologia-sortzaile handia da eta teknologiaren alorrean bide berriak zabaltzen ditu, zenbait kasutan. Hortaz, fisiko batek bezala, astronomo batek ere dakiena eman behar du. Eta astronomoaren diziplina, une honetan, gizartean interes gehien sortzen dutenen artean dago, zorionez. Hori dela eta, ezin naiz niregana datorren jende guztiarekin egon eta ezin dut eskatzen dizkidaten hitzaldi guztiak eman. Interesa izugarria da.

Eta pertsona moduan, zer ekarpen egin dezakezu? Pertsona moduan, Akademia honetan bereziki, naizen honen onena eman nahi dut. Lehenik eta behin, etorkizunean nolabait gauzak definituko dituen Akademia delako, baina, bereziki, ni euskalduna naizelako. Ni euskalduna naiz, eta hori gehigarri berezia da niretzat. Alemaniako akademia balitz, leialtasunez eta gogoz egin nuke lan, baina Euskadiko akademia batek arima handiagoa du niretzat. Donostiara etortzea bezalakoa da. Gutxitan etortzen naiz, baina etortzen naizenean, hunkitu egiten naiz. Kanpoan bizitzeak beste ikuspegi bat ematen dizu, nongoa zaren eta nolakoa den leku hori beste modu baten ikusten duzu. Eta ikuspegi hori ezin dute barruan daudenek jaso. Kanpoan egonda, hemengo gauza polit batzuk galtzen ditut, baina, bestalde, barrutik ikusten ez diren gauzak ikusten ditut. Ilusio handiz nago Jakiunden, nire ustez, pentsamendu-foroa delako eta gauzak libreki adieraz daitezkeelako, inolako baldintzarik gabe. Jon Marcaide Osoro (Elgeta, 1950) Jon Marcaide Osoro Elgetan jaio zen 1950ean. Zaragozako Unibertsitatean, Madrilgo Konplutentsean eta Edinburgon egin zituen lizentziatu-ikasketak, eta 1975ean Zaragozako Unibertsitatean lizentziatu zen. 1982an, doktore-maila (Ph.D.) eskuratu zuen Massachussets Institute of Technology (MIT) institutuan, Irwin I. Shapiro irakasleak zuzendutako doktorego-tesi batekin. Doktorego osteko ikertzailea izan zen Max-Planck-Institut für Radioastronomie institutuan (1982-1985), bai eta plantillako ikertzaile ere Siemens AG enpresan, Munich-en (1985-1986). Horrez gainera, CSICeko ikertzaile zientifiko moduan jardun zuen Astrofisikako Andaluziako Institutuan (1986-1991). 1991tik Astronomiako eta Astrofisikako katedraduna da Valentziako Unibertsitatean. Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Erret Akademiako kide numerario aukeratu zuten 2003ko otsailean. 2004an, Ikerketako Euskadi Saria eman zioten, eta 2007tik Eusko Ikaskuntzaren Zientzia, Arte eta Letren Akademia den Jakiundeko kide da.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Javier Elzo. Soziologoa: Gazteek aintzat hartzen dituzte leialtasuna, engainurik eza, gizarte harreman garbiak,... ez diezazula inork ezer eman zure izenagatik bakarrik

 

Irakurri

Jokin Bildarratz. Tolosako alkate eta Eudel-eko presidentea: XXI. mendea partaidetzaren eta lan amankomunaren mendea da, udalen mendea, horiek baitira irekien eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak

 

Irakurri

Begoña Amunarriz. Parlamentari ohia: Emakumearen egoeran urrats oso positiboak eman dira, baina arlo batzuetan berdintasun faltsuan bizi gara

 

Irakurri

Juan Ignacio Lasagabaster. Santa María Katedrala Fundazioaren gerentea: Katedrala kultur-gune bezala erabiltzen hasteko garaia da

 

Irakurri

Jone Miren Hernández eta Teresa del Valle. Ikertzaileak: Andresare proposamena eta erantzuna da, jarraitasun-bokazioa duen proiektu berritzailea

 

Irakurri