José Guimón Ugartechea. Psikiatrian doktorea: Julián de Ajuriaguerra giza sufrimendu psikikoa ulertzen eta arintzen jardun zuen intelektuala izan zen

2011-06-03

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

1911ko urtarrilean jaio zen Julián de Ajuriaguerra, Bilboko Heros kalean. Juan de Ajuriaguerra politikari nazionalistaren anaia gazteena zen, eta Paris eta Geneva artean bizi izan zen, non une historiko hartan (1940tik 1960ra) psikiatria-zientzia modernoaren oinarriak eraiki zituzten. Ildo horretan bere ekarpena oso esanguratsua izan zen. Ajuriaguerra doktorea oroitu eta omentze aldera, eta bere ekarpenari merezi duen balioa emateko, Eusko Ikaskuntzak jardunaldi bereziak antolatu ditu ekainaren 10ean eta 11n Bilbon eta Baionan, hurrenez hurren: Julián de Ajuriaguerrari omenaldia. 1911-2011. Bere jaiotzaren mendeurrena. Bere pentsamenduaren gaurkotasuna: gaixoa bere osotasunean. José Guimón Ugartechea doktoreak, EHUko Psikiatriako katedradunak, Julián de Ajuriaguerra: un psiquiatra integral (Julián de Ajuriaguerra: psikiatra integrala) ponentzia eskainiko du jardunaldiotan.

Nor izan zen Julián de Ajuriaguerra?

Hitz gutxitan esateko, XX. mendeko bigarren zatiko psikiatrarik osoena eta garrantzitsuena izan zela uste dut.

Halere, bere herritarren artean ez da oso ezaguna...

Beno, medikuen eta psikiatren artean bai, ezaguna da. Bilbon bada haren izena duen osasun mentaleko zentroa, eta Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkarteak Ajuriaguerra saria ematen du. Dena den, psikiatra bat ez da izaten pertsonaia ezaguna, artista bat edo politikari bat izan daitekeen moduan, eta horregatik baliteke herritarren artean nahikoa ezaguna ez izatea. Baina profesionalen artean maitatua eta oso errespetatua da, egingo zaion omenaldiak adierazten duenez.

Julián de Ajuriaguerra XX. mendeko bigarren zatiko psikiatrarik osoena eta garrantzitsuena izan zela uste dut

Haurtzaroa eta gaztaroa Bilbon eman zituen, kultura modernizatzen hasi zeneko urteetan. Giro horrek eragina izan al zuen bere geroko ibilbidean?

Zalantzarik gabe. Bilbo gorabidean zen, bere buruaz harro, kultur aldetik bizi-bizi. Baikortasun-garaia zen, distiratsua, aurrerapenean sinesten zen. Sasoi hartan, ahal zuten familia guztiek Europako ikastetxeetara bidaltzen zituzten seme-alabak, prestakuntza hobe zezaten. Horrela egin zuten Ajuriaguerratarrek ere, nahiz eta baliabide gutxiko familia izan. Julián Parisera joan zen ikastera 1926. urtean, eta anaia Alemaniara bidali zuten Ingeniaritza ikastera.

Parisen ikasi zuen, eta aldi berean Sante Anne ospitale psikiatrikoan hasi zen lanean, baina era mugatuan...

Izan ere, atzerritarra zenez ez zioten praktikatzen uzten. Parisen gabezia askorekin biziraun zuen, oso bizimodu apala izan zuen. Mediku zela zaintzak egiten zituen Sante Annen, lana oso erakargarria ez zenez atzerritarrei ere uzten baitzieten. Gainera, oposaketak prestatzen ari ziren medikuei klase partikularrak ematen zizkien, etxez etxe injekzioak jartzen zituen eta bestelako lan txikiak egiten zituen.

Garai horretan mugimendu surrealistako artistekin harremanak izan zituen Ajuriaguerrak.

Bai, oso gizon aurrerakoia zen, irakurle porrokatua, geldiezina, jakin-min handikoa, ideia bikainak zituen intelektuala... Beraz, ez da harritzekoa Pariseko kultur bizitzaren inguruko interesa izatea, garai hartan sormen kontuak bor-bor baitzebiltzan. Ez zuen horretarako denbora gehiegi, ez eta dibertitzeko ere, asko ikasteaz gain aldi berean lan egin behar baitzuen biziraun ahal izateko. Halere, Paris zaharreko giroan mugimendu surrealista ezagutzeko aukera izan zuen. Ingurune politiko iraultzaileekin ere izan zituen harremanak; aipatutako kultur mugimenduan zebiltzan frantziar komunistengandik oso hurbil zegoen, eta politikari aurrerakoi askoren kide eta lagun izan zen.

Garai hartan Psikiatria eraldatzen saiatzen ari ziren. Sante Annen psikiatrek bilera handiak egiten zituzten, eta intelektualek eta artistek ere hartzen zuten parte. Horietan buru-gaixoak askatzea proposatzen zen, ideia aurrerakoiekin bat. Aurrerago, Alemaniako ejertzitoa Parisen sartu zenean, 1940ko ekainean, artista batzuk gaixo-itxurak egin zituzten ospitalean sartu eta naziengandik ihes egiteko. Bertan horietako askoren lagun egin zen.

Julián Ajuriaguerra oso gizon aurrerakoia zen, irakurle porrokatua, geldiezina, jakin-min handikoa, ideia bikainak zituen intelektuala

Henri Michaux poeta belgikarrari lagundu omen zion esperientzia poetikoen bila meskalina hartu zuenean (‘Misérable miracle’ liburuan jaso zuen Michauxek esperientziaren berri).

Bai, horrela da. Michauxek bestelako kontzientzia-egoera erdietsi nahi zuen meskalinaren bidez (haluzinogenoa da, LSDaren antzera). Michauxek bilerak antolatu zituen beste artista batzuekin eta gaiaren inguruko kezka zuten pertsonekin, baina lehen saiakeretan mediku baten babesa izan nahi zuen. Ajuriaguerra, hainbat artisten laguna zenez, bileretan izan zen, meskalina hartu zutenek esaten zutena aztertzen eta jasotzen. Urte batzuk beranduago, Genevan zela, artikulu luzea idatzi zuen esperientzia psikomimetiko haiei buruz, eta psikiatriaren ikuspuntutik begiratuta oso ondo azaldu zituen. Hortik aurrera Henri Michaux adiskide izan zuen.

Haur-psikiatriaren alorrera ekarpen handiak egin zituen Ajuriaguerrak.

Argitu beharra dago berez ez zegoela Haur-psikiatriarik 1940-1950 urteetan. Bazeuden atzerapena zuten umeentzako tokiak, baina oraindik ez zegoen diziplina espezifikorik.

Ajuriaguerrak Henri Wallon neurologo handiarekin egin zuen lan, eta bien artean idatzi zuten haurren muskulu-tonuari buruzko liburua, haur jaioberrietatik hasi eta sei urte bitartekoak ere kontuan hartuz. Gerora, haur abandonatuak hartzen zituzten egoitzetara (“crèches”) joaten hasi zen, aholkulari espezialista modura. Bertan, psikologo-taldearekin batera, haur horiek behatu eta sindrome batzuk antzeman zituen.

Azterketa horiek izan ziren, garai berean batez ere Ingalaterran egin ziren beste batzuekin batera, gerora Haur-psikiatria izango zenaren oinarria. Beraz, Ajuriaguerra Haur-psikiatriaren sortzaileetako bat izan zela esan liteke.

Amaren eta seme-alaben arteko harremanari egozten zion, hein handi batean, pertsonaren eraikuntza emozionala. Ildo horretan, lanean jardun zuen azken urteetan besarkadaren, laztanaren, samurtasunaren, edoskitze-jarreraren edota azalaren bidezko lehenengo harreman-loturaren inguruko gaiak ikertu zituen.

Ikerketa-ildo hori Parisen hasi zuen haurrekin harremanetan izan zenean, eta 1959an Genevara joan zenean alde batera utzi zuen, bertan Psikiatriako katedradun-lanetan eta Bel-Airreko psikiatriako unibertsitate-klinikako zuzendaritzan aritu baitzen. Hamabost bat urte eman zituen Genevan, Psikiatria administratibo asko egiten eta bestelako alorretan lanean, hala nola, laguntza psikiatrikoan edota Psikiatria geriatrikoan. Azken alor horretan ere aitzindari izan zen.

Aldi horretan, lehen aipatu dudan Pariseko psikologo-taldeak “crèche” haietako haurren inguruko ikerlanarekin jarraitu zuen, zuk esan dituzun gai horiei buruzko filmaketak egiten. 1975ean, erretiroa hartu ostean, Frantziako erakunde akademiko gorena den Collège de Franceko irakasle izendatu zuten Ajuriaguerra. Orduan, aipatutako taldearen zuzendaritza berreskuratu eta bost urteko ikastaroa egin zuen haurraren eta amaren arteko lehen harremanen inguruko ikerketetatik abiatuta. Bitxia badirudi ere, berak zioen “bizitzako lehen urtetik aurrera dena Geriatria da”. Horrekin esan nahi zuen adin horretatik aurrera dena aurrez finkatuta zegoela, jarraipen hutsa zela.

Julián Ajuriaguerra. Argazkia hartua Bel-Air eritetxean Genevan 1960n.

Zertan datza eta zein balio du “Ajuriaguerra erlaxazioa” esaten dioten erlaxatzeko metodoak?

Ajuriaguerrak muskuluen erlaxazioan oinarritutako tratamendu psikoterapikoa landu zuen, Parisen hedapen handia izan zuena eta gero Genevan hedatu zena; gaur egun ez da horrenbeste erabiltzen. García Badaraccorekin batera gai horri buruzko lana argitaratu zuen, eta bertan zioenez, arazo psikologiko batek gorputzean eragina duenean pazientearekiko harremanetan oztopoa sortzen da, eta hori ulertu beharra dago. Gaixoak gorputzari buruz “hitz egiteko” modua dela deritzo. Egileen arabera, muskulu-tonuaren ikasketa Errealitatearen ikasketaren barruan sartzen da.

Ia bizitza osoa bere jaioterritik kanpo igaro bazuen ere, “benetan euskaldun” sentitzen zela zioen Ajuriaguerrak. Berarekin harremanetan izan zinen Genevan, eta gerora, Osakidetzako psikiatria-zerbitzuen egituraketan lagundu zenion.

Horrela da, bai. Eusko Kontseilu Nagusia eratu zenean asistentzia psikiatrikoa eraldatzeko lehen plana lantzeko eskatu ziguten, eta gero lehenengo Eusko Jaurlaritzak berretsi egin zuen eskari hori. Zerbitzuak zuzentzen urte askotako eskarmentua zuenez, Ajuriaguerrari eskatu genion plana gainbegira zezan. Duela urtebete eguneratu zuten arte izan da indarrean plan hori Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hein batean, euskal ereduaren arabera egin zen Espainiako erreforma psikiatrikoa ere.

Julián Ajuriaguerra bere lagun André-Thomásekin.

Haur-psikiatria, Psikiatria geriatrikoa, Psikoterapia... Ikertzaile, hezitzaile, kudeatzaile... Hori guztiagatik diozu zure ponentzian “psikiatra integrala” izan zela?

Bai, jarduera horien sorreran eta garapenean hartu zuen parte, eta gainera, guztietan nabarmendu zen. Gaur egun ezinezkoa litzateke, gure espezialitateak duen zabaltasuna kontuan hartuta.

-Genevako Katedrako hasiera-ikasgaian Ajuriaguerrak adierazi zuen: “Gure lan-eremua zabala da, eta gure zeregina bikoitza: azaldu eta ulertzea, ahaztu gabe gizakiaren ahulezia ikertzea gure mediku-ikasgaia izan dela, eta horrenbestez, ahulezia hori gugan antzematea gure giza deskubrimendua izango da egunero”. Hortaz, Psikiatrian jardun zuen humanista izan al zen Ajuriaguerra?

Kultura zabaleko intelektuala izan zen, eta Psikiatrian aritu zen giza sufrimendu psikikoa hobeto ulertzeko eta leuntzen saiatzeko. José Guimón Ugartechea (Bilbo, 1943) Psikiatriako katedraduna da EHUn. Ajuriaguerraren ikasle izan zen, eta haren ondoan egin zuen lan hainbat etapatan. 1993 eta 2003 artean Psikiatria katedradun izan zen Genevako Medikuntzako fakultate berean, eta Ajuriaguerrak bezala, Suitzako kantoi horretako psikiatria-zerbitzuak zuzendu zituen. Era berean, haren bizitzari eta lanari buruzko idazlanak argitaratu ditu, medikuntzarekin eta humanismoarekin lotutako bestelako gaiei buruzkoez gain. Hainbat sari eman dizkiote, horien artean “Allende-Alonso” 1971n. “Osabide” buru-gaixoa osatzeko elkarteko lehendakaria da, Bizkaian alkoholismoa aztertzeko elkarteko zuzendaritzako idazkaria, eta medikuntzatik kanpo, Bilboko Ateneoko batzarkidea, besteak beste.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Sabin Salaberri. Musikaria: Jesus Guridi oso sentiberatasun bereziko gizona zen

 

Irakurri

Mikel Fernández Krutzaga. Ekoizlea eta soinu-ingeniaria: Musikaren egoera eutsiezina da gaur egun

 

Irakurri

Iñigo Bolinaga. Historialaria: Espainiako erregeek kontzientzia-arazoak izan zituzten Nafarroako erresumaren jabetza zela eta

 

Irakurri

Alex Fernández Muerza. Kazetaria: Kontsumitzaileok merkatu-joerak alda ditzakegu erosterako orduan hartzen ditugun erabakien bidez

 

Irakurri

Jose Antonio Arana Martija. Musikologoa: Azkue bibliotekan 500 liburutik 90.000tara igaro da nire lan urteetan

 

Irakurri