José Ramón Anda. Eskultorea: Unamunok Espainiaz esan zuen bezala, Nafarroak min ematen dit

2006-11-03

LARREA, Koldo

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ebanista-familia batean sortu zen, eta horrek aztarna sakona utzi du Nafarroako eskultore beterano ezagunaren lanetan. Jose Ramonek bihotzez maite ditu bere kultura eta lana, eta hainbeste irrikatutako etorkizun baketsuarekin egiten du amets.

Brontzea, aluminioa, hormigoia, burdina eta harria erabiltzen dituzu, besteak beste, baina batez ere zura. Zergatik? Aitaren eraginez?

Beti-beti ere ez, nahiz eta, alde batera, bai. Zura erabiltzen dut gehien. Huraxe izan dut eskuragarrien. Teknika eta gorabehera guztiak ezagutu ditut. Errazagoa izan zait, inguruan neukan azpiegitura guztiagatik. Baina zura lantzea askoz korapilatsuagoa da beste gai batzuekin aritzea baino, askoz buruhauste gehiago ematen baitu. Zura gai bizia da, maila bateraino bakarrik egonkorra. Zurarekin, ongi doituta dagoena denboran poderioz ez da hala egoten, zehartu egiten da, okertu… harriarekin edo metalarekin ez bezala. Zurak lanak ematen ditu batzuetan.

Zer esaten dizu zurak?

Norgehiagoka bezala aritzen naiz harekin, aipatu dizkizudan arazoengatik. Badakit zer eskuratu nahi dudan hartatik. Erabat-erabat ere ez dut garaitzen, baina mendean edukitzen saiatzen naiz.

Zeuk moldatzen duzu zura, ala zurak ezartzen dizu bidea?

Hein batean bakarrik ezartzen dit bidea. Zur mota bakoitzak muga fisiko batzuk ditu, eta daukazun ideiara egokitzen dituzu. Zur mota jakin bat bilatzen duzu. Beste batzuetan, zur motak berak sortzen dizu ideia. Zuhaitz barne-hutsekin gertatzen zait hori batik bat. Haiek sortzen didate ideia, eta haietan esku hartzen hasten naiz.

Jose Ramon Anda eta zura. Maitasunezko eta gorrotozko harremana?

Apur bat bai. Batzuetan esaten dut ez dudala ezer gehiago egin behar zurarekin. Baina egiten jarraitzen dut. Haritzarekin, esate baterako, etsitzeko zorian nago. Buruhauste asko ematen du; beste edozerk baino gehiago. Pertsona batzuekin gertatzen zaigunaren antzekoa da. Jakin arazoak izango ditudala, eta halere lanari ekiten diot. Berriz ere, norgehiagoka hori azaltzen da, eta ez dut garaile izatea bilatzen. Hori ez zait gertatzen beste gai batzuekin.

Forma kurbatuekiko duzun zaletasuna ez al da altzari-eskultura kontzeptuaren oso desberdina?

Baliteke, bai, nik nahiago izatea forma horiek, nahiz eta horiek ere problematikoagoak izan. Esperimentazio-ildoak dira. Altzarietan ere agertzen da ikuspegi hori, eta gehienetan kurba hor izaten da.

Artisautzat jo al zaituzte eskultore baino lehenago?

Bai, eta oso asmo gaiztoz, gainera; harrokeriaz eta mesprezuz. Oso garai nahasian bizi gara. Óscar Tusquets-ek esan zuen, liburu batean, guztia alderagarri dela. Artearen historia aztertzen baduzu, beste garai batzuetako obrak alderatu eta iritsitako fintasuna ikusten baduzu, ni baldar bat naiz. Baina orain kontzeptuaren ideia darabilte batzuek hitzetik hortzera. Eta batzuek horixe deitzen didate, bai, artisaua, mesprezuz. Beste doinu batean esango balidate, agian uler nezake. Jende horien iritziz, ni zaharkituta nago nonbait. Baina, beste alde batetik, berriz, lasaitu egiten nau, eta gaur egun, egia esan, bost axola zait.

Abstrakzioaren eta figurazioaren artean ibiltzen zara. Nondik datorkizu aldatzeko gaitasun hori?

Nik prestakuntza klasiko samarra dut, San Fernando eskolan jasoa. Hortik abiaturik, abstrakziorantz joan nintzen, muinera, sintesira heldu nahian. Halere, berriro ere figurazioari heltzeko amorratzen nago aspalditik. Baina ideiak arinago doaz aurrera, eta ezin naiz iritsi horretara. Iritsiko ahal naiz egunen batean.

Max Bill artista suitzarraren eta haren geometriaren eragina benetakoa izan al da?

Beste garai batzuetan, Errenazimentuan edo Barrokoan esaterako, hori naturaltasunez onartzen zen. Garai horietan, teknika eta gaiak ez ziren bata bestetik oso desberdinak. Orain, badirudi guztiak oso originalak garela. Ni, ni, ni da nagusi. Eskizofrenia moduko bat da, eromenezko kiribila. Baina beti izan dira garaikideren edo haien aurrekoen eraginak. Max Bill oso interesgarria iruditzen zait, eta eragin dit, ezbairik gabe. Baina baita euskal eskulturak eta hemengo artista ugarik ere. Madrilen ikasten ari nintzenean, arte forma horren eklosio bat izan zen. Finean, kidetasun kontu bat da. Bill oso garai interesgarri batekoa da, Bauhaus eskolaren garaikoa.

Eta zer esaten dizu Jorge Oteiza izenak?

Funtsezko pertsonaia da. Madrilen ezagutu nuen. Eta zorionez, harreman bikaina izan dut berarekin. Beti motibatu nau, beti eragin dit. Hain gizon harrigarria zen! Nire obran, badaiteke haren eragina hain nabaria ez izatea, baina bada eragin hori.

Hogeita hamar urtetik gora eskultore gisa. Sari ugari. Zure obrak aitorpena irabazi du. Kezkatzen al zaitu ospeak?

Ezta batere. Gazteagotan, aukera gehiago agertzen zaizu aurrean, baina bizitzan maila honetara helduta… Egiten ari zaren horretan zaude buru-belarri sartuta, eta beti mugaturik ikusten duzu zeure burua, muga-mugan. Horregatik, ospeak ez dit loa kentzen. Gainera, eskultura ez zaio ia inori interesatzen. “Lau erori” bakarrik interesatzen zaigu.

1989an, auto batek jo eta elbarri utzi zituen luzaroan (ia bost urte eta lau ebakuntza). Istripu haren ondoren, gehiago estimatzen al duzu bizitza? Aldatu al zaizu hartaz zenuen iritzia?

Bai. Ohartzen zara aldi baterako bakarrik gaudela hemen. Istripuaren ondoren, lau urte eman nituen gaizki, ebakuntzak jasaten… Baina, hala eta guztiz ere, ez zitzaidan joan burutik eskultura: zirriborro txikiak egiten jarraitu nuen. Lantegiak martxan iraun zuen, bi adiskide ari baitziren bertan. Neuk ere jarraitu nuen. Ikusten duzu erarik tontoenean joan zaitezkeela beste mundura. Urtarrilaren 25ean, anaia bat hil zitzaidan bat-batean, bihotzekoak jota. Zartako ikaragarria. Irailean, berriz, ama hil zait. Oteizaren adinekoa zen. Gertatuko dela jakinagatik, gogorra izaten da. Hutsunea nabaritzen duzu barruan, galera. Horrek erakusten dizu ez dela izan behar hain setatia.

Harrezkero, iraganera ala etorkizunera begiratzen duzu?

Ez dakit istripuagatik edo betetako urteengatik ote den, baina orain atzera begiratzen dut gehiago. Jadanik ibilaldi luzea egin izanak behartzen zaitu horretara. Telefono dei batek, aspaldiko adiskideekin topo egiteak bizi izandako garai hartara bihurtzen zaitu.

Zer garrantzi dute zure bizitzan, zure obran, “euskara” eta “euskal pilota” hitzek?

Oso handia. Jokatu dut pilotan, pilotazale amorratua naiz. Kirolik gogokoena dut, alde handiz. Nola probatua dudan, gehiago estimatzen dut egiten den guztia. Beste kirol batzuei, aldiz, hotzago begiratzen diet, beharbada probatu ez ditudalako. Erromara pilota bat eraman nuen, eta edozein hormatan hasten nintzen jokatzen. Hiru obra egin ditut pilotaren omenez. Euskarari dagokionez, berriz, ia-ia galdutzat ematen dut borroka. Ahal dudan guztia ikasi dut, baina ez naiz gehiago egiteko gauza. Motz gelditzen naiz dudan mailarekin. Aritzen naiz euskaraz, baina zerbait konplexuagoa adierazi nahi dudanean, gazteleraz hasi behar izaten dut.

Madrilen eta Italian ikasi ondoren, zer zentzu ikusten diezu nazionalismoei?

Gaur egun, oso gaitzetsia eta deabrutua dago kontzeptu hori. Primeran etorri zaie batzuei hemen barbaro batzuk tiroka aritzea, nazionalismoaren aurka kristorenak esateko. Baina ni nazionalista naiz, eta beldurrik gabe diot gainera. Ohartzen naiz askok euskal nazionalismoa kritikatzen dutela, baina kontuz! Ez diezaietela ukitu Espainia! Badirudi hura munduaren hasieratik izan dela. Euskal nazionalismoa zalantzan jartzen da beti; espainiar nazionalismoa, ez. Baina nazionalista jakin batzuk egon arren ere banaiz nazionalista. Jakina, nik tratu gutxi horiekin.

Eta Nafarroari?

Nafarroa banatuta bezala ikusten dut nik herritzat daukadan errealitate batetik. Gure lurraldea noraezean dabil apur bat, jarrera atzerakoi eta erreakzionarioekin. Unamunok Espainiaz esan zuen bezala, neuk ere diot Nafarroak min ematen didala. Eta bi muturrek ematen didate min: nabarrismoak eta abertzaletasun itsuak.

Beste inon jaio bazina, eskultore izango al zinen?

Ezin dizut ziur esan. Baina nago, tokiak baino gehiago, aitaren lantegiak eta hark egiten zituen altzariek eragin zidatela. Handik aurrera, zizelkatzen hasteko premia nabaritu nuen.

Lanean daukazun patxadagatik, kontrako aldera zoazela iruditzen al zaizu denak bizkor eta presaka dabiltzan mende honetan?

Bai horixe. Gaztetan presa gehiago izaten da, iristeko, izateko. Baina orain gehiago kostatzen zait gauzak egitea: pentsatu egin behar da, asmatu… eta horrek zer ikusi gutxi du oraingo garaiarekin. Orain, ziztu bizian produzitzen da edozein tresna, gero eta arinago. Nik nahi dudana egiten dut, eta horrek bere erritmoa dauka, eta urteak joan daitezke.

Hurrengo proiektua?

Datorren urtean, erakusketa bat egin behar dut Hospitalet herrian, toki zoragarri batean, antzinako ehun fabrika batean. Tecla Sala du izena. Katalanak gu baino askoz aurrerago dabiltza horretan. Hobeto zaintzen dute beren historia, beren ondarea. Antzinako lantegi hori kultur zentro handi bihurtu dute, modu sinplean baino primeran. Bestetik, aurretiazko azterketa fasea bukatu ondoren, oraintxe hasi naiz Lurdes Iriondo euskal abeslariaren eskultura bat egiten. Lurdes iaz hil zen.

Azken ametsa? Talde ametsa, behintzat, guztiok irrikatzen dugun bake hori da lehena eta garrantzitsuena. Pentsa dezala bakoitzak nahi duena askatasun osoz. Izan dezatela guztiek gauzak adierazteko bidea. Banako mailan, berriz, eskulturarekiko interesarekin jarraitzea, zizelkatzen aritu ahal izatea, atsegin dudana eta sutsu maite dudana egitea. Ametsa baita hori ere. José Ramón Anda (Bakaiku, 1949) José Ramon Anda 1949an jaio zen, Nafarroako Bakaiku herrian. Esan daiteke familiaren zurgintza tailerrean hazi zela. Aita ebanista handia eta lehen mailako tailugilea zen. Giro horretan ikasi zuen José Ramonek zizelkatzeko kontzeptua. 1970 eta 1974 artean, Madrilen bizi izan zen. San Fernando Eskola ospetsuan ikasi zuen, garrantzia handia izan baitzuen horrek berarengan eta beraren prestakuntzan. Han hasi zen, oso goiz, bere lehen sormen-lantxoak egiten, bai abstrakzioaren arloan, bai figurazioarenean. 1974an, Erromako Beka ematen zioten, eta Erromako Espainiar Akademian aritu zen. Horrek lotura estua sortu zion Italiarekiko. Han ezagutu zituen, lehen aldiz, arte erromatarra eta zenbait maisu handi: Donatello, Michelangelo eta Bernini. Laster, iragan mendeko hirurogeita hamargarren hamarkada erditik aurrera eta laurogeigarren hamarkada ia osoan, Jose Ramonen eskulturak ospe handia bereganatu zuen, bereziki Euskal Herrian. Haren obrak katalogo ugaritan argitaratu ziren, eta 1983an, Donostiako Eskultura Bienaleko lehen saria eta Gure Artea Sarietako eskultura alorreko lehen saria irabazi zituen.Urte horretan berean, Jakako Bigarren Eskultura Bienaleko lehen saria eman zioten, eta zenbait erakusketa egin zituen, bakarka nahiz taldean, Bartzelonan. Halere, 1989ko urtarrilaren 20an, auto batek harrapatu zuen tailerretik etxera (ozta-ozta 300 metroko bidea) zihoanean. Jose Ramon erakusketa bat ari zen prestatzen orduan, Bilboko Arte Ederren Museorako, eta, jakina, ez zen egin azkenean. Istripuak ia ezertarako ez zela utzi zuen, baina, eginahalak eginda, aurrera atera zen, eta bere lan maitean jarraitu zuen: eskulturan. Egun, hogeita hamar urte baino gehiagoko maisu-lana du metaturik arte horretan. Nafar artistaren eskultura publiko entzutetsuenetako batzuk: - Juan Antxietari Omenaldia (1979-1986). Iruñeko Hiru-Bide parkean dago. Apur bat itzulitako 2 metroko kubo batetik egina. Lasturreko kare-harrizkoa da pieza. - Argi izpia eta oreka (1979-2003). Nafarroako Unibertsitateko kanpusean dago. 1,10 m-ko granito beltzezko kubo batetik egina, 1,80 m-ko beso bat du. - Haizean (1978-2002). Burdinazko eta aluminiozkoa da. Tolosan dago. - Zeharki. Hormigoiz egindako eskultura. Donostiako Ondarreta ibiltokian dago.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Pío Caro Baroja. Idazle eta dokumentalista: Nire osaba, Pío Baroja, gizon adeitsua, langilea eta egiazalea zen guztiz. Ez zuen legarrik ahoan, eta sirenen kantu eztiek ere ez zuten limurtu

 

Irakurri

Mónica Moso. Ezagutzaren Klusterraren Zuzendaria: Euskadik ez du energia baliabiderik, ez du multinazional handirik, eta atzerritik etorritako inbertsioa mugatua da. Geure pertsonen asmamena eta ezagutza ditugu bakarrik, funtsean

 

Irakurri

Imanol Olaizola Etxeberria. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehenengo lehendakaria: Egiaz, zerk du balio handiagoa, dirua aurrezteak ala herritar guztiei zerbitzu kultural garrantzitsua eskaintzeak?

 

Irakurri

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Heziketako Sailburuordea: Guk daukagun eredua industriala da, eta ikasleek eta familiek jakin behar dute lanpostuak non dauden

 

Irakurri

Jose Maria Muñoa. Lehendakariaren Ordezkaria Kanpo-Harremenetarako eta Euskadiren Ordezkaria PLEn: Europa, gaurko egunean, ezin da izan herrialde, kultura, proiektu... desberdinek osatutako patchwork bat, denak elkarren ondoan baina elkar ulertu gabe

 

Irakurri