Josune Zabala. Mintzolako zuzendaria: Betidanik, euskal gizartea beste hizkuntzekin hartu-emanetan egon da

2010-02-26

SALABERRIA, Urkiri

Egun eguzkitsua esnatu zaigu, haize freskoa aurpegian, San Blas eguna dugu. Blas Deunari gure eztarriak babestea eskatuko diogu. Villabonan gara, Subijana Etxearen bidean, begirada lurrera eta lorategitxo batean belarra mugitzen hasia dela konturatzen gara. Agian, lurpean ereindako haziak... esnatzen ari dira.Euskal Herria hitzezko Herria dela argi da, euskarak euskaldun egiten baikaitu. Agian horregatik genuen Mintzola hain beharrezkoa... Ola berezi honen burua emakume gazte, argia, lasaia eta indarrez beterikoa dugu: Josune Zabala eta berarekin elkar-hizketa berba, hitz egitera, solastatzera, mintzatzera etorri gara.

Has gaitezen, ondo iruditzen bazaizu, galdera xinple batekin... Zer da Euskal Mundua?

Hori zehaztea oso labaina da. Begiratzen duzun ikuspuntuaren arabera oso desberdina izan daiteke. Hau da, hizkuntzari begiratzen bazaio, edo lurraldeari begiratzen bazaio, edo helburuei begiratzen bazaie...

Eta zure ustez, zertan oinarritzen da, zein da sustrairik sendoena Euskal Herria definitzeko?

(Berehala eta zalantzarik gabe erantzunez) Hizkuntza. Niretzat, Euskal Mundua lantzeko, komunikatzeko, bideratzeko, garatzeko eta Euskal Munduarekin zerikusirik zuzena daukana Euskara da.

Hizkuntza partikularra delako, guk bakarrik hitz egiten dugulako?

Ez, mundua eraikitzeko, mundua gure ikusteko modua eta gauzak egiteko erak hizkuntza honen bitartez egiten direlako. Jakin badakigu, hizkuntzak eragiten digula pentsamenduan, beraz irudikatu genezake euskarak eragin dezakeela gure muduarekiko, kulturarekiko ikusmoldeak eta gauzak egiteko moduan ere.

Baina hori uler daiteke elebakarrak izango bagina, baina euskaldunok, gaur egungo gizarte globalizatuan...

Bai, gutxienez elebidunak gara, guztiok... eta ez bakarrik gaur egun. Betidanik, euskal gizartea beste hizkuntzekin hartu-emanetan egon da. Bai erromatarrekin, arabiarrekin, Iparraldetik etorritako giza-taldeekin... Askotan entzuten da faltsua den mitoa: Gaur egungo kontua da frantsesa eta gaztelerarekin dugun nahasketa hori. Euskaldunok beti izan gara, hemen, bakarrik eta ez da beste hizkuntzarik sartu gure eremuan. Ba, landua, ikertua eta baieztatua dago euskaldunok beti egon garela beste hizkuntzekin hartu-emanetan. Horregatik, euskaldunontzat eleaniztasuna ez da XXI. mendeko kontu bat.

Hizkuntza esanda, kultura ere bai aipatu daiteke?

Noski, beste hizkuntza, kultura eta gizarteekin izan gara hartu-emanetan eta horiekin moldatuz. Elkarbizitza horretan gure hizkuntza eta kultura moldatu eta eraldatu ditugu, egokitu gara geurea bizirik mantenduz. Noski besteek eragiten dutela, baina guk ere besteengan eragin izan dugu. Horregatik, elebakartasunaren kontzeptua ez litzateke egokia euskal munduan. Beste kontua da norberak daukan hartu-emana hizkuntzarekiko, etxeko hizkuntza, ikasketa, gogoa...

Esan dugu zer den euskal mundua, ausartuko zinake Euskal Kulturaren definizio bat ematen? Euskaldunontzat esklusiboki dugu euskal kultura? Zergatik da hain zaila kanpotik etortzen direnentzat euskal kulturan murgiltzea?

Nire ustez, esan duzun azken hori aurreiritzi bat da.

Orduan, zergatik kostatzen da hainbeste euskara ikastea?

Euskara ikastea ez da kostatzen. Nahi bada, ikasten da. Eta euskara ikastea beste hizkuntza ikastea baino zailagoa dela esatea beste aurreiritzi bat da. Hizkuntzaren ikaskuntzaren gainean baditugu hainbat aurreiritzi eta horixe da horietako bat: ez dago hizkuntzarik ikasteko zailagoa denik... bakoitzak ditu bere ezaugarriak. Erabiliz, edozein hizkuntza ikasterik dago. Agian, ikasteko edo ez ikasteko gakoa motibazioan datza eta horrekin batera, hizkuntza hori testuinguru ezberdinetan ikasi nahiz erabiltzeko ingurunea izatean.

Zein motibazioz ari gara?

Hainbat motako motibazioak badira: instrumentala, izanarazlea… Izanarazleak ziur asko lagunduko du hiztuna hizkuntza horretan gehiago sakontzera, baina… Inguruneak ere eragiten du.

Zure ustez, zergatik dago gaur egun hainbeste sustapen erakundeen aldetik, hizkuntza politikak, euskaltegiak, ikastolak… gero eta gutxiago entzuten dugu euskara kale eta plazetan?

Agian euskararekiko jarrerak eta jokabideak aldatu egin direlako. Ezagutza maila handitzen ari da, baina erabilera ez da neurri berean handitzen. Hori da guri, Mintzolan, arduratzen gaituen gai nagusienetako bat. Hainbat erantzun posible aztertzen ari gara: hizkuntzarekiko jarrera eta jokabideak ez daude bakarrik lotuta hizkuntzarekin; gure errealitate soziopolitikoarekin, kulturarekin... izan daiteke arrazoi bat horrek modu positibo edo negatiboan eragiteko. Bestalde, hizkuntza ikasteko moduak ere eragiten du: ikuspegi estruktural batetik ikasiz gero, gramatikaren arabera soil-soilik ikasiz gero, hura erabiltzea zaila suertatzen da, azken batean, ez delako erabiltzen ikasten; ondorioz, komunikatzeko gaitasun urria izatea dakar horrek. Eta beste arrazoi bat da hizkuntzaren testuinguru askotariko guztien artean formala bakarrik landu izana: testuinguru formalari lotutako diskurtsoak eraikitzen soilik ikasten badugu, nola komunikatu guretzat horren gertuko eta oinarrizko diren testuinguru informaletan?

Estruktural esaten duzunean, esan nahi duzu abestiak zioena, ezta? Nor-nori-nork... baldintza eta subjuntibo joe...!

(Barrez) Hain zuzen. Aditzak eta hiztegiak ikastea ez da hizkuntza bat ikastea. Hizkuntza komunikatzeko tresna bat da. Eta hizkuntza komunikatzeko ikasten bada, horretarako erabiliko da. Hizkuntza bat irakasten bada azterketak gainditzeko... ba, hutsuneak betetzeko, esaldiak berridazteko, aditzen zerrendak jakiteko...

Zergatik euskaldunok “zigortuak” gaude eta eskatzen zaigu azterketa estruktural baten bitartez gure hizkuntzaren ezagutza “agertzea” eta beste hizkuntza ko-ofizialei ez zaie inongo proba eskatzen?

Nik ez dut hori zigortzat hartzen. Azterketa horiek ziurtagiriak ateratzeko bideak dira, edozein ikasketa egin ondoren ateratzen diren bezalaxe, besterik gabe. Beste kontu bat da azterketa horiek egokiak ote diren gogoetatzea. Aintzat hartzen badugu hizkuntza komunikazio tresna dela, ziurrenez, azterketetako jarduerek huraxe balioztatzeko bidea eman beharko lukete. Gaur egun, oraindik, oso urrun gaude bide horretatik. Badugu erronka handi bat esparru honetan. Euskaraz idatziz zein ahoz zuzen eta egoki komunikatzeko gai garela ziurtatzeko frogak eraikitzen.

Hel diezaiogun hizkuntzaren gaiari berriz... Tresna bat dela esaten duzu, zertarako?

Hizkuntzaren bidez azalpenak ematen ditugu, argumentatu egiten dugu, ipuinak kontatzen ditugu, elkarrizketa aurrera eramaten dugu, gure sentimenduak adierazten ditugu, hori eta gehiago egiten dugu hizkuntzaren bitartez. Hizkuntza sozialki komunikazio ekintza den neurrian, jakina, eta gogoan hartuz komunikazio ekintzan partaide guztiok elkar eragiten dugula.

Nondik sortzen da hizkuntza? Bihotzetik edo garunetik?

Hizkuntza soziala da.

Ederki, bide erdian. Galdetzen nizun behin irakurri nuelako euskaldunok garela bihotz sugar eta burua tinko.

Hori iritzi bat da, besterik gabe. Euskaldun mota asko gara zorionez: etxean euskara jaso dugunok, etxetik kanpo ikasi dutenak, nekazaritza edo arrantza ingurukoak, hiritarrak, bizkaitarrak, arabarrak, gipuzkoarrak, iparraldekoak, nafarrak... Nahiz eta hizkuntzan bat egin, iragan eta jatorri desberdina dugu guztiok. Nik ezingo nuke definitu zer den “euskaltasun” hori.

Aipatu dugu hizkuntza dela Euskal Munduaren ezaugarririk sendoena, orduan, zerbait izendatzen badugu euskeraz, euskalduna bihurtzen dugu?

Euskalduntze prozesu hori norberak eraikitzen du. Ez dago formula matematikorik gizakien euskaltasuna neurtzeko. Esan duzunaren harira, adibidez, Iparraldera joanda Euskal Kultura deitzen zaio egiten dituzten jaialdiei, pilota, dantza, kantak... ez dute lotura zuzena hizkuntzarekin. Hegoaldean ere gertatzen da hori, jakina. Horregatik hasieran esan duguna, jartzen duzun ikuspuntuak emango dizu definizio bat edo bestea. Kultura ezingo nuke modu zehatzean definitu. Ni gutxienez ez naiz ausartzen definizio bat ematera.

Eta “limite borroso” batzuen artean...

(Barrez) Euskaraz eta euskarararen mundutik abiatzen den jarduera kulturala.

Mintzolan garela, gogoan dut behin nire aitonari entzun niola beste gizon bati esaten... “palabra de vasco”. Halako hitz mota ekoizten da Mintzolan?

Hori ez da ekoizterik, batzuk barneratua daukagu, baina beste batzuen baitan galtzen ari da. Gure kulturan esaera zaharra badugu: gizon ona da, hitza ematen duena (eta emakumea ere esan beharko genuke, ezta?). Euskaldunentzat “hitzekoa” izatea balore inportantea izan da, eta da, horixe transmititu zaigu zainetatik, belaunaldiz belaunaldiz.

Bularretik mintzora:

Amaren hizkuntzari ematen zaio garrantzia. Komunikatzeko beharra dugu, behar dugu adierazi sentitzen duguna, behar dugu adierazi bizitzen duguna, laguntza behar dugunean adierazteko moduak behar ditugu, laguntza eman ahal izateko... eta gizakiok, hori dena betetzeko tresna handi bat daukagu: hizkuntza.

Errotaren harria:

Bilketa lana funtsezkoa da hura antolatu eta gero transmisioa egin ahal izateko. Hori bai, liburu batean jasotakoa ez bada erabiltzen antzua izango da aurretikako lana. Hautsak jandako liburua egingo genuke. Adibidez, Azkue, Mitxelena, Barandiaran... Axularren testuak irekitzen ditugunean berpizten ditugu gure hizkuntza, jakintzak... eta aberasten gara horrekin ere. Izan ere, errota bat mugitzen ez bada, harri multzo bat besterik ez dugu izango, ez du alerik xehatuko.

Mintzolan garela aipatu dugu... baina zer da Mintzola? Nola sortu da hitzen “ola” hau?

Oinarri-oinarrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bertsozaleen Elkarteak bultzaturiko egitasmoa izan da. Bertsozaleen Elkarteak egoitza beharra zuen aspalditxotik, eta Foru Aldundiak proposamena egin zion bertsolaritzaz haragoko egitasmoa gauzatu zezan ahozkotasuna bere zabalean hartuko zukeena. Bide horretan Joxerra Gartziak heldu zion erronkari, eginkizun hura bete zuen, Mintzolak izan beharko zukeenaren oinarriak jarri zituen. Horrelaxe sortu zen Mintzola. Hau da, euskararen ahozkoaren lantegia.

Zertarako balio digu ahozkoaren lantegi batek?

Iragana aztertzeko eta gaur egun ditugun beharrei eta etorkizunean izan daitezkeen beharrei erantzuna eman ahal izateko. Nahi dugu jakin nola komunikatzen den bertsolaria, nola komunikatzen den antzerkigilea, kontukontalaria, kantaria, gure adinduak, horiek ikertu, horiek aztertu, horiek landu... esperimentatzeko eta formazioa emateko hezkuntzan, komunikabideetan, egunerokoan eta egungo gure gizarte postmodernoan sortzen diren testuinguru berrietan.

Zeri diozu gizarte postmodernoa?

Beno, soziologoen sailkapena aintzat hartuz hiru gizarte mota ezberdintzen dira diakronian: Tradizionala, modernoa eta postmodernoa. Tradizionalaren ezaugarririk funtsezkoena iraunkortasuna da, transmisioa familiaren testuinguruan gauzatzen da, iraganari begira ari da... Gizarte modernoak etorkizunari begiratzen dio, iraganarekin apurtu nahi du eraldaketa eta berrikuntzaren esperantzan, gizarte berri baten eraikuntzak motibaturik mugitzen da. Gizarte modernoaren porrotaren ondoren dator postmodernoa, ezegonkortasunaren, orainaldiaren, nortasun askotarikoen... gizartea. Mintzolan hiru denboren zubia eraiki nahiko genuke.

Zergatik Villabona?

Konstelazio baten ondorioz? (Irrifarrez). Villabonako Udalarena da Subijana Etxea eta proiektu baten bila zebilen garai hartan, hain zuzen, Bertsozale Elkarteak Aldundiari egoitza eskatu eta egitasmo zabal bat bultzatzeko ideiak jaiotzen ari ziren garaian... hirukote emankorra sortu zen.

Bertsolariak, Aldundia, Udala... baina beste patrono batzuk ikusten dira sarreran...?

Mintzolaren betebehar nagusia ikerketa eta formazioa da, horregatik, Unibertsitateak barnean egotea funtsezkoa generitzon. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatea Mintzola Fundazioko kide da, eta horrek asko lagunduko digu etorkizuneko egitasmoetan. Bestalde, Gipuzkoako Kutxa ere patronatu kide dugu maiatzaz geroztik.

Badakigu Mintzola urtebete egin berria dela... ausartuko al zinateke balantze txiki bat egiten?

Mintzolan nagoenetik (bederatzi hilabete), konturatu naiz gizartearen eskakizuna eta ahoz egoki komunikatzeko beharra handia dela, nik uste nuena baino askoz handiagoa. Edozein proposamen eginez gero oso jarrera baikorra jasotzen dugu... material berriak ikastetxeetan erabiltzeko, formazioa, komunikabideekin loturak, ahozko ondarea sustatzeko ideiak, ikerketa egitasmoak... hainbat eskakizun ditugu esku artean. Sorkuntzari begira, genero berriak... errota zaharra berriz jarriko dugu martxan. Pertsonala...

Zer egiten du zu bezalako neska batek sagar izeneko herri batean...

Egia esanda, ni Donostian jaio eta hazi nintzen, baina aita errezildarra dut eta txikitatik izan dut herriarekin lotura. Orain dozena erdi urte erabaki nuen han bizitzea, aitaren jaiotetxean.

Orduan Aitaren Etxea defendatuko duzu?

(Irifarrez) Ba han zegoen etxea hutsik, eta non bizi han baino hobe? Arnas hartu nuen eta harantz joan nintzen.

Baina Errezilera joan baino lehen, haurtzaroa, nola eman zenuen?

Donostiako Alde Zaharrean lehenik, eta gero, nire harreman eta bizi eremua zabalduz joan da. (Orixe ikastolan, Barandiaran lizeoan, Euskal Filologia ikasketak...).

Beti Euskal giroan murgilduta?

Bai, gehientsuena bai. Euskararen munduan sentitzen naiz goxoen, erosoen. Josune Zabala (Donostia, 1978) Josune Zabala Alberdi Donostian jaio zen, 1978an. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta eginak ditu doktore ikasketak eta Hizkuntzak Kudeatzeko Unibertsitate Aditu Tituluaren graduondoko ikasketak. Irakaskuntzan eta itzulpengintzan egin du lan, batik bat. Ahozkotasunari dagokionez, hainbat ikerketa eta formazio gauzatu du Mondragon Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun Errezilen bizi da eta Villabonan dagoen Mintzola Fundazioaren zuzendaria da.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Aingeru Epaltza Ruiz de Alda. Idazlea: Idazleak bertzeen istorioen banpiroak gara

 

Irakurri

Carmen Gómez. Sancho el Sabio fundazioaren zuzendaria: Iragana maisu bikaina da etorkizuna ulertzeko

 

Irakurri

Joxe Mari Auzmendi. HIK HASIko koordinatzailea: Ordezkari politikoak, hezkuntzako profesionalak eta komunikabideak bilduko lituzkeen batzorde bat sortzea da gure ametsa

 

Irakurri

Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria: Matematika batez ere lengoaia da, Zientzien lengoaia

 

Irakurri

Marian Martínez de Pancorbo. UPV-EHUko DNA Bankuaren zuzendaria: Ziur aski, hemendik denbora batera, denok izango dugu gure genomaren fitxa

 

Irakurri