Arduraz kontsumitzen al dugu Euskal Herrian? Zeintzuk dira gure akatsik ohikoenak?
Euskal Herrian kontsumitzeko orduan dauzkagun ohituren inguruan berriki egin den azterlan batek aditzera ematen duenez, euskal kontsumitzaile gehienek zentzu handiz jokatzen dute erosketak egitean; alegia, kontuan hartzen dute noiz iraungitzen diren produktuak, zein berme eta etiketa dauzkaten, eta irakurri egiten dituzte jarraibideak. Gainera, prezioak begiratzeari utzi gabe, lehentasuna kalitateari ematen diote. Ondo pentsatzen dute zer erosi, eta zehazki zer nahi duten jakinda joaten dira erosketak egitera. Eskaintza eta merkealdiak aprobetxatzen dituzte, aukeran nahiago dute eskudirutan ordaindu, eta fideltasun handia azaltzen dite beren ohiko dendei. Ondorioz, esan genezake euskaldunek arduraz kontsumitzen dutela.
Akats edo gabeziarik handiena aipatzekotan, esango nuke jakin badakigun arren kontsumitzaile garen aldetik eskubide eta betebehar batzuk ditugula, ia ez ditugula behin ere exijitzen.
Jarduera ekonomikoaren zein sektoretan du zuen ustez erabiltzaile edo kontsumitzaileak babesik gutxien?
Kezkarik gehien sortzen digun alderdietako bat gehiegizko zorpetzearena da. Gehien-gehienetan, etxebizitzaren erosketarekin egoten da lotuta. Interes tipoak gora egiten ari diren garaian, kontu handiz jokatu behar da zorretan sartu baino lehen. Gogoan hartu behar da etxebizitza bat erostea pertsona edo familia batek inoiz egingo duen erosketarik garrantzitsuena dela, eta, askotan, 10-25 urte bitarteko hipotekak ekartzen dituela. Erosketa hori, gainera, beharrak bultzatuta egiten da, eta, beraz, hiritar guztiei eragiten die.
Kontsumitzaileak, askotan, eraikitzailea edo higiezinen agentzia besterik ez du erabiltzen informazio iturri gisa; ez ditu ezagutzen amortizazioa, interesak, gabeziekin igaro beharreko urteak eta erosketarekin zuzen-zuzenean lotuta dauden beste alderdi garrantzitsu batzuk. Hori dela-eta, ondorio larririk ez sortzeko, eta konpromisoak zehazki zeintzuk diren jakiteko, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzak beste informazio iturri batzuetara jotzea gomendatzen du: kontsumitzaileen elkarteetara, organismo ofizialetara, on-line ikastaroetara, Jabetza Erregistrora, eta abar.
Sendiak gero eta gehiago ari dira zorpetzen. Noiztik aurrera suposatzen da zorpetze hori gehiegizkoa dela? Nola hartu aurrea egoera horri?
Pertsona bat zorpetu egin dela esaten da ezinezkoa bihurtzen zaionean bere zorrei aldian behin edo modu jarraitu batean aurre egiteko, dela diru-sarrerak txikitu zaizkiolako, dela gastuak ugaritu zaizkiolako. Zorrak diru-sarreren %20a baino handiagoak izanez gero, pixkanaka zorpetzen joateko arriskua dago. Horregatik, epe luzeko zorretan sartuz gero, une honetako egoeraz gain, zorrak iraungo duen epealdian zehar egoera ekonomikoa nolakoa izango den aztertu beharko dugu.
Gehiegizko zorpetzeari aurre egiteko, hainbat neurri lagungarri ditugu:
1. Ezustekoei aurre egiteko, eta behar-beharrezko ez ditugun ondasun zein zerbitzuak ordaindu ahal izateko, aurrezteko ohitura hartu.
2. Maileguak behar-beharrezko kasuetan baino ez eskatu. Ez hartu beti zorretan egoteko ohitura.
3. Ez kontsumitu itsu-itsuan, ez eta bulkadek eraginda. Aztertu ondo dauzkagun behar eta betebeharrak, eta ikasi beharrezkoa dena eta ez dena bereizten. Ahalik eta gehien murriztu beharrezko ez diren gastuak.
4. Hartu kontzienteki eta arduraz kontsumitzeko ohiturak, egin hilabeteroko gastuen aurrekontu bat, eta antolatu gastuak zein aurrezkiak.
5. Mailegu bat eskatu baino lehen, ondo aztertu zorraren zama eramateko gaitasuna.
6. Kontuan izan zorretan bizitzeak eta ondasun zein zerbitzuak erosteak ez duela bizitzaren kalitatea hobetzen; aitzitik, estresa eta urduritasuna sortzen ditu, eta poz txikia ematen.
7. Gertutik kontrolatu gastuak, kontuetako saldoa eta ordaintzeko epeak.
Behar bezala informatuta al gaude kontsumitzaile eta erabiltzaileak?
Hasieran aipatu dizudan kontsumitzeko ohituren inguruko azterlanaren arabera, kontsumitzaileen babesari lotutako alderdi eta eragileei dagokienez oso informazio gutxi dagoela ikusi ahal izango dugu, eta, halaber, baita babes horren eraginkortasunari dagokionez ere. Egoera horren aurrean, gure eskubideak babesteko erreferente eraginkor baten irudia indartzeko beharra daukagu, indarrean dagoen legeriaren berri eman dezan, legea eskuetan hartuta babesa eman, eta dendetan bezeroei eskaintzen zaien arretaren kalitatea kontrolatu eta jarraipena egin. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak lehentasun osoa eman dio lurralde historiko guztietan "Kontsumo Eskola" programa abian jartzeari, kontsumitzaileen autobabes eta defentsa maila bultzatzeko.
Kontsumo Zuzendaritzan arlo honi buruzko prestakuntza eskaintzen duzue. Zein ekimen jarri dituzue abian?
Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzaren aburuz, funtsezkoa ez ezik premiazkoa da biztanleria informatu eta prestatzea. Hori horrela, amaitzear dugun legegintzaldi honetan areagotu egin ditugu xede horrekin dauzkagun ildoak, hiritarrei kontsumoaren arloan autobabes maila handiagoa eskaintzeko eta jarrera kritikoagoa sustatzeko.
Zentzu horretan, azken lau urteotan hainbat sentsibilizazio kanpaina prestatu ditugu (kontsumo arbitrajea, elikagaiak etiketatzea, brontzeztatze artifiziala, behiaren haragia, etab.); liburuxka eta eskuliburuak argitaratu ditugu, besteak beste etxebizitzaren erosketarekin, bankuen zerbitzuarekin eta kontsumitzaileek Europan dauzkaten eskubideekin lotuta dauden alderdiei buruz; 2003. urteaz geroztik "Kontsumo Busa" dabil martxan, gizartea kontsumoaren aurrean prestatzera eta informatzera zuzendua dagoen zentro ibiltaria alegia; lehengo astean Euskadiko hirugarren "Kontsumo Eskola" zabaldu genuen Donostian, zeina aurrerapauso nabarmena baiten prestakuntzaren arloan; tailer ibiltariak antolatu ditugu, kontsumoaren asteak, etab.
Beraz, Eusko Jaurlaritzak lan handia egin du kontsumoaren alderdi garrantzitsu honen inguruan, informazioan eta prestakuntzan alegia. Izan ere, ikusi ahal izan dugun bezala, oraindik asko dago egiteke kontsumitzaileek kontsumo arduradunaren kultura barnera dezaten.
2003. urteko irailean, Kontsumorako Gaien Salmentako Bermeei buruzko Legea sartu zen indarrean. Zein ekarpen egin zituen lege berri honek?
Lege honek kontsumitzaileei gutxieneko babesa bermatzera zuzendutako neurriak ezartzen ditu, eta, horretarako, adostasun printzipioari jarraitzen dio. Hau da, kontsumorako gai bat erosten dugunean (etxetresna elektriko bat, automobil bat...), jasotzeko unean formalizatzen dugun salerosketa kontratuan zehaztutakoaren arabera jaso behar dugula.
Ez baldin bagaude horrekin ados, bi hilabeteko epea izango dugu akatsaren berri dugunetik (esaterako, erosi dugun aparatua ez dabilenean ondo), saltzailearen aurrean erreklamazioa aurkezteko.
Gabonak, jostailuak, haurrak eta kontsumoa... Nola uztartu? Arreta berezia merezi al dute?
Gabonetan, ohi baino askoz gehiago kontsumitzen dugu. Ezohiko gastu ugari egiten ditugu. Eta, hain zuzen ere horregatik, zentzuz eta arduraz jokatu behar dugu. Alegia, festa horiek ospatzeko, jakin behar dugu zer erosten dugun eta nola: begiratu produktuen etiketak, iraungipen data, kalitatea, kalitate-prezio harremana... Jostailuen kasuan, kontuan izan behar dugu adin bakoitzerako jostailu bat dagoela, eta badirela sexistak ez diren eta indarkeria aldarrikatzen ez duten jostailuak. Gure denbora hartu beharko genuke jostailuak aukeratzeko orduan, hauek ere haurrak hezteko balio dute-eta.
Oso garrantzitsua da erositako produktuen ziurtagiri eta bermeak jasotzea, eta, jakina, gure ahalmenez gaindi ez xahutzea.
Zein ezaugarri eta, bereziki, zein berme eduki beharko lituzke merkataritza elektronikoak?
Merkataritza elektronikoa, produktu edo zerbitzuak Internet bidez erostean datza. Honek bere abantaila eta arriskuak ditu: errazagoa bihurtzen da erosketak etxetik bertatik egitea, handik atera beharrik izan gabe, eta ordutegia zein kokapen geografikoa edozein direla, baina ez du aukerarik ematen erosten dugun produktua aztertzeko, edota entregatzeko epea benetan beteko dutela ziurtatzeko. Arazoak sortzen dituzte, halaber, emandako datuak eta bankuari buruzko informazioa legez kanpo erabiltzeak.
Horregatik, erosketak Internet bidez egitean, kontuan izan behar dugu beharrezkoa dela eskaintzan kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dauzkagun interesak babesteko hainbat datu azaltzea: hornitzailearen nortasuna, produktuaren ezaugarriak, prezioa, garraioaren gastua, ordaintzeko modua, nola egingo den entrega eta eskaintza noiz arte egongo den indarrean. Era berean, erosketa arautuko duten baldintza orokorrak aztertu beharko ditugu, eskaera orria ondo irakurri, eta, erreklamazioak egiteko beharra sortuz gero, erosketako agiri guztiak gorde.
Nolakoak dira kontsumitzeko joera berriak?
Kontsumitzeko joerak aldatzen ari dira, erosketak egiteko aukera berriak sortzen ari direlako. Ikusten ari garenaren arabera, jendea orain ohitura berriak hartzen ari da, aisialdia eta kontsumoa lotzen hasi delako. Merezi du horren inguruan hausnarketa bat egitea. Horregatik, iraunkortasunari lotuta dagoen sail bat daukaten tailer informatzaileentzat, Kontsumo Zuzendaritzak kontsumo iraunkorrari buruz, bidezko merkataritzari buruz eta abar informatzen eta prestatzen du jendea.
Gainera, nahiz eta Euskal Herrian oraingoz ez dugun erosketak Internet bidez egiteko zaletasun handirik, itxura guztien arabera gero eta jarraitzaile gehiago izango ditu produktu edo artikulu bat modu honetan erosteko ohiturak. Adituek diotenez, mende honetako iraultza salmenta birtualaren sistema berria dugu: webcamer delakoa. Horrela, kontsumitzaileek saltzaile birtualen begien bitartez ikus ditzakete saltoki handiak, eta beren erosketa interaktiboki egin. Ordenagailuko pantailaren bitartez ere sar daiteke denda birtualean, 30.000 produktu inguru dituena, eta erosteko eskaera egin, ordaindu eta etxera noiz iritsiko itxaron.
Edonola ere, erosketak egiteko modu berri hauek ez dituzte orain artekoak baztertuko. Kontsumitzaileek beti kontuan izan behar dute erosketak edozein modutan egiten dituztela ere hortxe izango dituztela beren eskubide eta betebeharrak. Errealitate birtualaren munduan ere bai. Marieli Díaz de Mendibil Gómez de Segura Marieli Díaz de Mendibil Gómez de Segura. Vitoria/Gasteizen duela 46 urte jaioa. Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Lanean diplomatua. Animatzaile sozio-kultural gisa aritu da lanean, eta Gizarte Lana egin du gazteekin, emakumeekin eta baztertuekin lotuta. Politikari dagokionez, Arabako Batzar Nagusietako prokuradorea izan da, eta Vitoria/Gasteizko Udaleko zinegotzia. 2003ko irailaren 12an izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendari.