Mikel Etxebarria: "Hizkuntza gutxituak zein erregionalak babestu behar dira Europako ondare direlako"

2004-02-20

EZKERRA, Estibalitz

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 243 > Elkarrizketa -->

2004/02/20-27 Mikel Etxebarria

Euskararen ordezkaria EBLUL-en "Hizkuntza gutxituak zein erregionalak babestu behar dira Europako ondare direlako" Estibalitz Ezkerra

Traducción al español Paper metez beterik dago bere bulegoko mahaia. Txostenak, agiriak... Musika aparailutik ateratzen diren doinu klasikoek Mikel Etxebarriaren egunerokotasunak berez ez duen lasaitasuna gaineratu nahi diote giroari. Batzuetan, musikak lortu egiten du bere helburua, baina telefonoaren hotsak berehala ezabatzen du haren efektua. Kaos horren erdian, tartetxo bat hartu du elkarrizketarako. Europako gainerako hizkuntzekin alderatuta, zer moduzkoa da euskararen egoera? Alderaketak egitea ez da batere erraza. Gutxi Erabilitako Hizkuntzen Europako Batzordeak (EBLUL) Europako Batasuneko 15 herrialdetan lan egiten du, eta, jakina, lurralde bakoitzean dauden hizkuntzen errealitatea ez da bera. Dena den, hizkuntzei buruz ari garenean, Europako Bulegoan bi multzo bereizten ditugu. Batetik, hizkuntza gutxitu moduan ulertzen ditugunak daude, hala nola euskara, katalanera, etab. Tokian tokiko hizkuntzak dira, eta handik desagertzekotan beren presentzia erabat ezabatuko litzateke. Bestetik, hizkuntza erregionalak daude, hau da, gutxiengo bati loturikoak. Italian, adibidez, grekeraz mintzo den gutxiengo bat dago. Kasu horretan, Italiatik grekera desagertuko balitz, hizkuntza bera ez litzateke galduko. Horrelako egoerak ohikoak dira muga inguruetan batik bat. Bada gutxiengo errusiar bat Finlandian, gutxiengo alemaniarra Norvegian, etab. Bestalde, herrialdearen beraren errealitate politikoa kontuan hartu beharra dago. Espainiar estatua Europako gainerako herrialdeekin konparatuta hizkuntzekiko zabaltasun handiagoa erakutsi duen lurraldeetako bat da. Hain zuzen, Estatu espainolean, gazteleraz aparte, badira beste hizkuntza ofizial batzuk: katalanera, galiziera eta euskara. Frantzian, esate baterako, hori ez da onartzen. Frantziako Konstituzioak argi uzten du Frantziako Errepublikako hizkuntza bakarra frantsesa dela. Espainiar estatuak hizkuntza gutxitu eta erregionalei buruzko Europako txostena izenpetu zuen bitartean, Frantziako gobernuak atzera bota zuen euren Konstituzioaren kontra zihoalako. Grezian bertan ez dute onartzen grekeraz aparte beste hizkuntzarik dagoenik. Eta beste hizkuntza bat erabiltzekotan, estatuaren kontra egotea edo analfabeto izatea suposatzen du. Hain zuzen, EBLUL-eko Greziako ordezkaria gartzelan egon da sei hilabetez beste hizkuntza batzuk daudela (haien artean mazedoniarra) esateagatik. Beraz, ezin daitezke parekatu hizkuntza gutxituak eta erregionalak. Jakina, eta horrek ez du esan nahi hemengoa ona denik guretzat. Kontuan eduki behar dugu euskara desagertzekotan behin betiko galduko litzatekeela, eta, beraz, euskarak Europarako eta mundu osorako suposatzen duen balio kulturala desagertuko litzateke. Italiatik grekera desagertzen bada, Italiako kultur aniztasunaren ikurretako bat galduko da, baina hizkuntza bera ez da Europatik ezabatzen. Euskal Herrian bertan, euskararen egoera aldatu egiten da herrialde batetik bestera. Hemen hiru errealitate dauzkagu: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea. EBLUL Europar Batasunari loturik dagoenez estatuka lan egiten du, ez hizkuntzaka. Horren arabera, Espainiako estatuko komitean kataluniarrak, galiziarrak eta euskaldunak elkarrekin ari gara. Iparraldekoak, berriz, Frantziako komitean daude. Dudarik gabe, egoerarik gordinena Iparraldekoa da. Han euskarak ez du inolako ofizialtasunik. EAE-n, aldiz, egoera nahiko ona da. Justizia eta osasun mailan badira beharrizan batzuk, baina orokorrean hizkuntzaren biziraupenerako ezinbestekoak diren tresnak baditugu, hau da, hezkuntza sistema eta komunikabideak. Nafarroako egoera kezkagarriagoa da. Euskararen legearen arabera, hiru eremu daude: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. Lehenengoan eskubide batzuk daude, eremu mistoan hizkuntzaren presentzia nahiko borondatezkoa da, eta ez euskaldunean legearen zein administrazioaren ikuspuntutik euskara ia ez da existitzen. Hain zuzen, Nafarroan gertatzen ari denak alarma gorria piztuarazi dizue. EBLUL gobernuz kanpoko erakunde bat da, beraz, hizkuntzek politikarekin zerikusia izan arren ez gara politikan sartzen. Memento honetan, ez dugu zalantzan ipintzen euskararen legea Nafarroan. Hori erabaki politiko bat izan zen, eta bere garaian gehiengoaren botoarekin atera zen aurrera. Kezkatzen gaituena (eta Europan horren berri eman dugu) zera da: duela bi urte arte, Nafarroan euskarak legearen aldetik nolabaiteko babesa zeukan, eta legean bertan zein administrazioan presentzia zeukan, baina 2000. urtetik hona administrazioa bera ari da presentzia hori murrizten. Esate baterako, lehen onartu egiten zuten Iruñeko kaleen izenak euskaraz eta gaztelaniaz jartzea, baina orain gaztelaniaz bakarrik agertzen dira. Atzerapausuak ematen ari dira. Europan osoan ez duzu halako beste kasurik aurkituko. Zertan ez datoz bat Nafarroako hizkuntza politika eta Europakoa? Hizkuntza politikaren ibilbidea eskailera batekin pareka daiteke. Eskailera batean gorantz egiten duzu. Noizean behin atseden har dezakezu, une batzuetan ez da aurrerapausorik egongo, beste batzuetan urratsa handiagoa ala txikiagoa izango da, baina sekula ez duzu atzera egiten. Europan, hizkuntza politikari dagokionez, apurka-apurka aurrerantz joan dira. Azken hogei urteotan txosten batzuk egin dituzte, hizkuntza aniztasuna ontzat jo dute, eta pixkanaka hizkuntza gutxituen aldeko babes legeak sortzen ari dira. Batzuetan prozesuak arinago doaz, bestetan motelago, baina sekula ez atzerantz. Eta Nafarroan kontrakoa gertatzen ari da, baina ez presio sozialaren eraginez. Jendea ez zen kexatzen bide seinaletan Iruñea eta Pamplona agertzen zelako. Horrek ez du inolako arazorik sortu. Erabakiak nahita hartu dira, eta hori da gehien kezkatzen gaituena. Europan bertan guztiz ulergaitza zaie, Europako hizkuntza politikaren kontra doalako. Europan onarturik dagoenaren arabera, hizkuntza politikak ahal den neurrian eta gizartearen eskakizunen arabera hizkuntza gutxituen alde egin behar du. Hizkuntza gutxituen aldeko babes neurrien artean, diskriminazio positiboa aurreikusita dago, baina gobernu guztiek ez dute ontzat jotzen. Azken urteetan, hizkuntza politikak egiterakoan, diskriminazio positiboa oinarrizko printzipio moduan onartu da. Horrek ez du esan nahi hizkuntza gutxituen alde egiten diren ekintzak hizkuntza hori ez dakienaren aurkakoak direnik. Zeren horrela planteatuko bagenu, hizkuntza gutxituak egoera berean jarraituko luke betiko. Baina Nafarroan guztiz kontrakoa planteatzen ari dira. Hango agintari batzuei kosta egiten zaie onartzea euskara Nafarroako ondare kulturala dela, denena, euskaraz dakienarena zein ez dakienarena. Eta administrazioari dagokio kultur ondare hori zaintzea. Horren alde egiteak ez du esan nahi besteen kontra ari direnik. Inori ez zaio bururatzen gizarte eta ongizate ekintzetan egiten diren diskriminazio positiboak sektore batzuen kontrakoak direnik. Ezindu fisiko zein psikikoei pisua edukitzeko laguntasuna emango zaiela planteatzen denean, inork ez du esaten ezinduak ez direnentzat neurri kaltegarria denik. Hizkuntzarekin beste horrenbeste. Bestalde, Nafarroan planteatzen dutenaren arabera euskarak Europako gainerako hizkuntzen balio berbera du, beraz, eremu euskaldunean zein ez euskaldunean lanpostu bat lortzeko berdin du euskara zein ingelesa jakitea. Zentzu horretan, jendeak ingelesaren eta euskararen artean aukeratu behar du, eta guretzat irizpide hori onartezina da. Euskara ezin da ez ingelesarekin ez frantsesarekin parekatu. Euskara Nafarroako hizkuntza da, eta ingelesa ez. Ondo dago jakitea, baina ez da berezkoa, ez da Nafarroako kulturaren parte. Bestetik, Europan hemendik aurrera europarrek hiru hizkuntza jakin behar dituztela planteatzen hasi dira: ama hizkuntza, bizi diren estatuko hizkuntza eta nazioarteko hizkuntza bat. Ama hizkuntza eta estatuko hizkuntza berbera direnean, hirugarren hizkuntza alboko herrien hizkuntza izatea erabaki dute. Ez dira bi hizkuntzekin konformatu. Zergatik? Europarren %10 hizkuntza gutxitu batean bizi delako. Horrek badu bere garrantzia. Zeintzuk lirateke hizkuntza baten geroa ziurtatzeko ezinbesteko baldintzak? Hizkuntza baten geroa elementu askoren menpe dago, baina hiru baldintza bete behar dira ezinbestean: gutxieneko hiztun kopuru bat izatea, komunikabideak hizkuntza horretan aukerak edukitzea, eta hezkuntza sistema hizkuntza horretan garatzea. Hizkuntza batek hiztun gutxi baditu, eta hezkuntza sistema eraginkorrik zein komunikabiderik ez badauka, gero bako hizkuntza da. Hiru ardatz horiek kontua harturik, zer proposatzen du EBLUL-ek? EBLUL-en proposamenak tokiaren araberakoak izaten dira. Hurrengo bilera Alemanian daukagu, eta nahiko eztabaida sakona egongo da. Izan ere, bost herrialde sartu behar dira Europako Batasunean, haien artean Estonia, Letonia eta Lituania. Letonian % 80ak errusieraz hitz egiten du, ez dakite beren ama hizkuntza. Independentzia lortu ostean, nazionalitatea eskuratzeko letoniera jakitea nahitaezkoa zela erabaki zuten. Enpresa publikoek informazio guztia letonieraz bidaltzen dute, eta jendeak ez du ulertu ere egiten. Kanpotik ikusita gogorra eman dezake, baina gure planteamendua da errusierak bere eskubideak babestu behar dituela.Hizkuntza gutxituak zein erregionalak babestu behar dira Europako ondare direlako. Eta Euskal Herriari begira? Gure kasuan, argi daukagu Iparraldean nolabaiteko ofizialtasuna lortzea ezinbestekoa dela hiztun kopuru garrantzitsu bat dagoelako. Hau da, irakaskuntzan, administrazioan zein komunikabideetan euskararen presentzia bermatu behar da. Euskal Departamentu bat egon behar duen ala ez? Hori ez da gure zeregina. Ez gara kontu juridikoetan sartzen. Nafarroari begira, nahitaez, emandako atzerapausuak gelditu behar dira. Ez dugu esaten une honetan ofizialtasunak herrialde osoan derrigorrezkoa izan behar duenik, baina behintzat ez daitezela atzeraka joan, gizarteak euskararekiko jarrera irekia baitauka, eta jarrera hori sustatu eta garatzeko bidea eman behar zaio. Inoiz ez zait ahaztuko Mitxelenak behin hitzaldi batean esandakoa: arazo baten aurrean badira kontrako jarrerak, aldekoak... eta neutroak direnak ezin dira onartu. Etxean gaixo bat duzunean, hura sendatzen ahalegin zaitezke, pozoia eman ahal diozu ala hari begira egon zaitezke. Jarrera neutroa gaixoari begira egotea da, baina modu horretan ez da berez sendatuko. Jarrera neutroa kontrakoa bezain kaltegarria da, biek heriotzara baitaramate gaixoa. Ildo horretan, Nafarroan gertatzen ari denarekiko jarrera baikorra agertu nahi dugu. Bost gomendio eman dizkiogu hango gobernuari: lehenengoa (Nafarroari bezala Euskal Herri osoari aplikatu ahal zaiona), euskararen erabilera politikoarekin amaitzea. Euskara ez da iritzi politiko baten ondare, herritar guztien ondare baizik, eta politikatik kanpo egon behar du. Bigarrena, beharrezkoa da Nafarroako administrazioa bere osotasunean kontuan hartuko duen erakunde bat sortzea hizkuntza politika bat garatzeko. Hau da, hizkuntza politika ez da hezkuntza zein kultura sailetara mugatu behar. Hortxe daude ospitaleak, garraio publikoa… Hirugarrena, euskarak diskriminazio positiboko neurriak behar dituela onartu behar du. Horrek ez du esan nahi bestearentzat negatiboak direnik. Laugarrena, euskararen alde ari diren talde zein elkarteen eta Nafarroako administrazioaren arteko hartu-emanak normalizatzea. Azkenik, eremu ez euskaldunetan ere euskarazko irakaskuntza ahalbidetzea. Nahi duenak aukera izan dezala euskaraz ikasteko. Gure ustez, horiek lirateke Nafarroan hartu beharreko neurriak. Badakigu oso orokorrak direla, eta batzuentzat bigunak izango dira ez dutelako ikastola alegalentzat irteera zehatza planteatzen. Baina gure ustez Nafarroako gizarte osoak onar ditzakeen neurriak dira. Batera joateko aukera ematen dute. Gobernuz Kanpoko Erakunde izanik, batzuetan EBLUL-i zaila egingo zaio gobernuek bere proposamenak aintzat hartzea. EBLUL ez da inoiz gobernuen kontra aritu, ezta arituko ere. Aitzitik, gobernuekin hizkuntza gutxituen alde lan egingo du beti. Gure lana aholkuak ematera mugatzen da, ez daukagu beste indarrik. Bi funtzio betetzen ditugu: alde batetik, hizkuntza gutxituen arteko hartu-emana indartzen ahalegintzen gara, informazioa zein esperientziak trukatu, bisitak egin. Bestetik, Europan hizkuntzen inguruan garatzen ari diren programak jarraitzen ditugu, eta haiei buruz dugun iritzia ematen dugu. Azken batean, Europako Kontseiluan aholkulari funtzioa betetzen dugu. Egiteko dagoen Europako Konstituzioan gure iritzia ematen ahalegintzen ari gara, hizkuntzagatik jendea diskriminatzea onartezina dela jaso dezaten. Badakigu ezin garela gobernuengana joan eta neurriak inposatu. Geure ustez zer ez dagoen ondo esango diegu, eta nondik joan behar diren. Europako GKE garrantzitsuena izateaz gain, politikatik independente izate horrek onarpen zabala eman digu. Gure iritzia iritzi profesionala da. UNESCOk landuriko txostenen arabera, geroz eta hizkuntza gutxitu gehiago daude desagertzeko zorian. Ezintasun handia eman behar du haiek salbatu nahi baina beren patua ezin aldatzea. Noski baietz, eta ezintasun handia ematen du batzarretan egotea eta jakitea zurekin lanean dauden hizkuntza batzuek oso gero eskasa dutela. Hil ala biziko borroka horretan, batzuk hil egingo dira. Hori horrela da, tamalez. Lehen esan bezala, hiztun gutxiko hizkuntzek, hezkuntza sistema zein komunikabide bakoak, gaur egun irtenbiderik ez dute. Beste kontu bat da hizkuntza nazional batzuk beren handitasunean txiki izatea. Adibidez, fineserarekin nora zoaz? Hizkuntza nazionala da, baina Europa iparraldeko herrialdeetan jende gehienak ingelesez egiten du. Badakite beren hizkuntza Europan ama hizkuntza besterik ez dela. Itxaropentsu euskararen etorkizunari begira? Bai. Kezkaz jarraitzen ditut Iparraldeko zein Nafarroako kasuak, baina itxaropentsu nago euskararen geroa neurri handi batean euskaldunen esku dagoelako. Badauzkagu gutxieneko tresna batzuk euskarak aurrera egin dezan. Ez da gertatzen beste hizkuntza gutxitu batzuekin bezala, tresnarik ere ez dutela. Telebista bat sortzeko aukerarik izan ez bagenu, edo hezkuntza sistema euskaraz eskaintzeko modurik izan ez bagenu borondate handia beharko litzateke hizkuntza aurrera ateratzeko. Baina baditugu, beraz, euskararen geroaren erantzukizunik handiena gure esku dago. Hizkuntza ez bada aurrera ateratzen, ez da izango ez digutelako utzi. Gertatzekotan, geure betebeharra ondo bete ez dugulako izango da. Mikel Etxebarria Etxeita

Zornotza, 1959.

Historian lizentziatua. Aurten Bai Fundazioko Patronatuko kidea eta European Bureau for Lesser Used Languages-eko (EBLUL) Espainiar Estatuko komitean euskararen ordezkaria. 1992 eta 1995. urte bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea izan zen. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ekintzako zerbitzuburua da.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Eva Forest: "Gizarte demokratiko eta aurreratuen gaitz nagusiak pasibotasuna eta erreakzionatzeko ezgaitasuna dira"

 

Irakurri

Juanito Oiarzabal: "Oso neurekoia naiz zortzimilakoak igotzeko orduan"

 

Irakurri

Martín Arregi San Miguel: "Euskal Herriko herri batzuek jada ez daukate hazteko lurrik ere"

 

Irakurri

Alfonso Gorroñogoitia: "Gure kooperatibak baserri gizartearen ondorioa dira"

 

Irakurri

Amaia Basterretxea: "Gure bizimodua nolakoa izan den azaltzea da gure egitekoa"

 

Irakurri