Mirentxu Oyarzabal Irigoyen. Pediatra eta endokrinologoa: Inoiz ez nituzke zientzia eta ideologia politikoa nahastuko, baina zenbaitetan batak bestea osatzen du

2013-05-08

SILLERO ALFARO, Maider

SILLERO ALFARO, Maider

Inork ez luke esango Mirentxuk erretiroa hartu berria duenik. Gaztelu Enparantzako Cafe Iruña mitikoan topatzen dugu tableta eskuan duela, egun hauetan Iruñean burutuko den Endokrinologia Pediatriakoaren 35. Kongresuaren antolakuntzaren azken prestaketak egiten, bera baita presidentea. Emakume grinatsua da, hala aitortzen du berak, eta berezko grina nabari zaio hainbat gaiez hitz egiten duenean, besteak beste, medikuntza eta ibilbide profesionalean zehar tratatu dituen umeak, Baztan bailara, sinesmen politikoak edota bere talde kuttuna, Erreala.

Bizitza osoa pediatriari eskainia eta gainera postu garrantzitsuetan

Egia da kargu ugari izan ditudala, baina niretzat laguntza klinikoa eta zehaztasun zientifikoa funtsezkoak izan dira medikuntzan. Nazioarteko elkarteetako kide naiz, gure lanen inguruko aipuak nazioarteko literaturan ageri dira eta talde on batez inguratzeko zortea izan dut Virgen del Camino ospitaleko Endokrinologia Pediatriako Unitatean, gaur egun Complejo Hospitalario de Navarra deiturikoa. Gure unitateak arreta berezia eskaini dio Estatuko ikerketa unitateekin parte hartzeari eta, aldi berean, asistentzia kliniko-sozialari, berau oso garrantzitsua baita diabetesa duten haur eta gazteentzat, eta horien familientzat.

Maiatzaren 8, 9 eta 10ean Endokrinologia Pediatriakoaren Espainiako Elkarteak Iruñean antolatzen duen 35. Kongresuaren batzorde antolatzailearen presidentea zara. Gainera, luxuzko irekiera hitzaldi izango du, Pedro Miguel Etxenikeren eskutik.

1988. urtean Elkartearen X. Kongresu Nazionala antolatu genuen eta orain 25 urte beranduago nire unitateari egokitu zaio hori antolatzea eta niri horren buru izatea. Bostehun bat profesional etorriko dira Iruñera, nazioarteko irakasleak eta bertako zein estatuko pertsonak. Oso parte-hartze altua izango du eta 200 komunikazio eta lan zientifiko baino gehiago aurkeztuko dira.

Etxenikeri mirespen handia diot eta gainera nafarra da. Aita ere baztandarra zuen, hemen aurrean duzun honen moduan, dena den, bera Erronkarikoa dela dio. Titulua berari otu zitzaion, “La sublime utilidad de la ciencia inutil”, nik Pedro Migueli transmititu nahi niona zera zen: nola lotu elektroia edo neutroia bezalako zientzia purua eta aseptikoa sendakuntzaren zientziarekin, osasunarekin, ahalik eta egoera hobean bizi behar duen gizaki baten bizitzarekin. Eta horrela irudikatzen du: itxuraz guretzat, ume gaixoak ikusten ditugun medikuontzat, gure esparrutik kanpo dagoela dirudien zientzia sublimearen erabilgarritasuna.

Aurretik ohartarazi didate zein maitekor hitz egiten duzun zure herriaz...

Elizondokoa naiz, Baztangoa, munduko hiriburua, esaten diogu guk. Muga ondoan dagoenez eta oso haran irekia den heinean, oso sustrai kultural garrantzitsua izan du. Lekarozko ikastetxea zegoen, aita kaputxinoena. Bertan Jorge Oteiza, Chillida eta Donostiako Jose Antonio aita ... egon ziren eta horrek herriaren bilakaera asko markatu zuen. Elizondoko Abesbatza zegoen, 60. hamarkadan Europako lehen Korua izan zena, ikaragarri ona zen Juan Eraso zuzendariarekin. Eta ezin dugu ahaztu euskaltzaleek transmititu ziguten kultura, garai haietan oso zaila baitzen. Hortxe ditugu Mariano Izeta eta oso giza maila altuko beste pertsona batzuk. Behin lagun batek esan zidan nire haurtzaroaz Arcadia zoriontsua balitz bezala hitz egiten dudala. Ez dakit horrenbesterako den, baina herri zoriontsua zen. Gabezia ugari zeuden, emigrazioa nahitaezkoa zen, euskara baztertu egiten zuten... baina kultura bazegoen, zine progresista ikus zitekeen, eta neurri batez Eliza oso tolerantea zen, edo niri behintzat hori iruditzen zitzaidan... Bestalde, Zaragozako Unibertsitate liberal eta laikora joateak eragin handia izan du nire bizitzan. Bertan, sistematik at zeuden irakasleak genituen eta medikuntza ikastearekin batera beste gauza batzuk ere ikasten genituen.

Har dezagun berriz medikuntzaren gaia. Zein izan da zure ibilbide profesionalean bizi izan duzun aurrerakuntzarik garrantzitsuena?

Aurrerakuntza objektiboak izan dira hipotiroidismoaren inguruko programa ehuneko ehunean ezarri izana, gaixotasunak goiz detektatzea, diabetesa duen umearen atentzioa... Baina niretzat, endokrinologiaren esparru honetan aurrerakuntzarik esanguratsuena zera izan da, gu bezala kliniketan aritzen diren pertsonak eta laborategian ikerketa basikoa burutzen duten profesionalen arteko harremana bideratzea, nazio mailan zein nazioartekoan. Hori, eta entsegu zein haurrengan esperimentatzen —zentzu onean— ari diren aurrerakuntzetan parte hartu izana. Harreman hori sekulako aurrerakuntza izan da niretzat eta guztiontzat.

Bestalde, garrantzitsua da sendakuntza erdiestearen itxaropena bizirik mantentzea, duela urte batzuk pentsa ezinak ziren tratamendu berrietan oinarrituz, adibidez I. moduko diabetesa. Nire gaixoek hori ikustea espero dut. Horrexek islatzen du pediatriaren lilura medikuntza arloan.

Esaten dutenez, grina omen da profesional onen sekretua...

Grina eta zorroztasuna zientzian. Zientziak zorrotza izan behar du, ez baztertzailea. Egokitu, ikasi eta lehen lerroan egon behar du. Ezin dugu lokartu, zorrotzak izan behar dugu eta zorroztasun horrek askotan administrazioan oztopoak aurkitu ditu. Borrokatu egin behar da eta hori izan da nire ibilbidea beti. Osasungintza unibertsala eta doakoaren defendatzaile sutsua naiz, pertsonaren funtsezko eskubidea baita. Osasuna erdiesteko eta zientziak eskaintzen dizkigun aurrerakuntzaz baliatzeko dugun eskubidea zalantzan jartzea ez dut inola ere onartzen. Aitzitik, nire egitekoa pediatrian bide horretatik doala onartzen dut. Izan ere, bizitza guztia aurretik duen gizaki batez ari gara.

Zaragozako Unibertsitatean Medikuntzan Lizentziaduna eta Sari Nazionala Medikuntzan.

Pediatria endokrinologoaren inguruko profesionala izanik, diabetesa tratatu diezu ume askori, oraindik sendakuntzarik ez duen gaixotasuna bada ere.

Tratamenduak asko ari dira hobetzen eta diabetesaren konplexutasun larriak ekiditea edo atzeratzea lortu dugu. Hori duela 25-30 urte pentsaezina zen. Lehengoko gure umeek —gure gaixoak izandakoak— gaur egun, bakoitza bere mailan, bizitza guztiz arrunta egiten dute. Ni harro nago, ospitalean ditugun 4 mediku garai batean nire umeak, nire gaixoak izan baitziren. Orain behin betiko sendakuntzaren fasean gaude. Kasu honetan, beste gaixotasunetan gertatzen den bezala, teknologian eta terapia zelularrean aurrerakuntza handiak daude.

Alde batetik, tratamenduetan asko aurreratzen ari dira; bestetik, ordea, diabetesa duten umeen kopurua gora egiten ari da. Zergatik izan daiteke hori?

Zergatiak ez dira ondo ezagutzen eta esparru geografikoaren menpe daude. Esaterako, Finlandian diabetes kasu ugari daude eta, bitxia bada ere, gauza bera gertatzen da beste lurralde epeletan, Sardinian adibidez. Estatu mailan, Nafarroan igoera nabaria egon da azken 20-30 urtetan, baina inguruko beste erkidegoetan ez ordea. Argi dagoena zera da: mundu mailan diabetesaren igoera nabarmena dela eta ezagutzen ez ditugun ingurune-eragileak eragin dutela. Hazkuntzaren lehen urratsetan gorputzari arrotzak egiten zaizkion proteinak, behi esnearen proteina adibidez, sartzea aipatzen dute, edota ezagutzen ez ditugun beste eragileak. Zer arnasten dugu? Zer jaten dugu? Zeren eragina da? Gauza bat argi dago: infekzio-gaixotasunak behera egiten duten heinean —II. Mundu Gerraz geroztik— gaixotasun autoimmuneak gora egiten ari dira. Esaten dutenez guk geuk bideratzen dugun higieneak berak gure ingurunea aldatzen ari da.

Datuen arabera, 2020. urterako diabetesak % 70eko gorakada izango omena du.

Bi diabetes motaz ari gara. Alde batetik, I motako diabetesa dugu, haur eta gazteena. Autoimmunea da eta intsulinari lotuta dago. Baina gaur egun gero eta kasu gehiago eman dira II motako diabetesa dutenak pediatriako adinaren barruan, lehen pertsona helduengan ematen bazen ere: pertsona sedentarioak, lodiak, glukosa maila ere altua dutenak, ... Gure bizitzeko modua aldatzen ari gara eta horren ondorioz II motako diabetesa eta loditasuna bera ere adin txikietan ageri dira. Estatu batuetan haur eta gazteen artean ematen den diabetesaren % 50a II motakoa da. Hemen oraindik ez, baina martxa honetan seguru asko hori ere ikusiko dugu. Berez, horrelako diabetesa kaloria-eduki handiko janariak eta bizitza sedentarioak eragiten duten heinean, argi dago areagotu egingo dela. Hala ere, zuzendu edo ekidin egin daiteke, baina I motakoa oraingoz ez.

2009an Diario de Noticias-en argitaratu zen elkarrizketa batean Nafarroako osasun zerbitzua nola ikusten zenuen galdetu zizuten. “Nolabaiteko hondatze zantzuak” nabaritzen zenituela komentatu zenuen. 4 urteren buruan galdera berbera egiten dizut.

Betidanik nahiko argia izan naiz ... (irribarre eginez). Zantzuak ez, une honetan hondamendia begi bistakoa da. Nire kideak kalera irteten dira, ez bakarrik Madril eta Bartzelonan. Hori ez da ideologia politikoaren eraginez gertatzen, uste sendoetan oinarritzen da. Adin guztietako pertsonak ditugu, kolore guztietako lagunak, medikuak, erizainak, zaindariak, laguntzaileak, ... Pertsona horiek ez dira kalera ateratzen besterik gabe. Horrela jokatzen dute osasunaz duten kontzeptua apurtu egin dietelako. Osasuna guztion ogasuna da. Ez du jendea baztertzen ordain dezakeenaren arabera. Zer egin behar dugu, ondoko lagunaren txaleta handitu —ikusi medikuntza pribatua— edozein gizakiak bere burua sendatzearren medikuek ahalik eta baliabide egokiena eman diezaioten duen eskubidea uxatuz? Hori ez da pertsona orok duen berezko eskubidea, gure bizitzaren muina bera da. Faltsukeri eta hipokresi hutsa da kostu handiegia duela esatea, bestelako baliabideak merkeagoak izanik. Hori ez da egia. Berez, gure inguruan osasun zerbitzu publikoak baino asistentzia hobea —hobea diot, eta ez parekoa— eskaintzen duen, eskaini izan duen edota eskain dezakeen osasun zerbitzurik ez dago. Osasun zerbitzu publikoa ezagutzen dut eta behar izan dudanean berau erabili dut, beste hainbat lagunek bezalaxe, bizitzan zehar horrelakoak gertatzen baitira.

Duela gutxi, diabetesa duten gaixoen elkarteek zera salatzen zuten, intsulina injektatzeko erabiltzen zituzten orratzak berrerabili behar zituztela, MOEren gomendioaren kontra.

Zientziaren ikuspuntutik arrazoi osoa dute. Demostratu dutenez, orratzaren alaka pitzatu egiten da, maila mikroskopikoan bada ere, eta horrek intsulinaren xurgatzea berdin ez izatea eragiten du.

Osasun zerbitzuaren laguntza dutenez, herritarrek xehetasun horiek euren osasunari kalte egiten ez dietela pentsatzeak kezkatzen nau. Bestalde, medikuntzaren erabilera egokiari erreparatu behar diot. Inolaz ere ez diet osasungintzaren hondatzearen errua botako horren erabilera egiten duten pertsonei. Baina guztiontzat deia izan behar du osasun-zerbitzuen erabilera arrazionala egin dezagun, lehentasunak finkatuz. Hori begi bistakoa da, baina pertsona arruntek hori guztia bere gain hartu behar izatea ez da posible. Errua beste toki batzuetan dago, esaterako, pribatizazioaren aldeko legeak onartzen dituen pertsonarengan, berau aldi berean laborategiko gerentea izanik, edo ospitalearen pribatizazioa zuzenduko duen kudeatzailea bada... Nire iritziz, hori ezmorala da. Baina hori guztia gure borroka sozialaren parte bat da, geure burua tartean sartzen baitugu, ez bakarrik medikuntzan, baizik eta pertsona batek bizitzaren eta gizartearen aurrean duen jarreran ere, baina orain beste alor batean sartzen ari gara...

Eta nahi al duzu alor horretan sartzea? Elkarrizketa Eusko Alkartasunak Iruñean duen egoitzan egiten ari gara...

Noski. Eusko Alkartasunaren printzipioetan sinesten dut eta militantzia politiko aktiboaz hitz egin genezake. Zinegotzia izan naiz Baztaneko lehen udalbatza demokratikoan Timoteo Plazarekin, eta Nafarroako parlamentaria. Askotan galdetzen dutenez, aurretik esango dizut, gehien estimatzen dudan pertsonalitate politikoa Garaikoetxea Lehendakaria da. Beti Lehendakari esango diot, niretzat bera baita Lehendakaria. Nire herrian sinesten dut, herri aske, baketsu eta progresista batean. Tolerantzian sinesten dut, ezin izan zitekeen beste modu batean, baita errespetuan ere. Gorroto dut demokrazia hitza errazegi erabiltzen denean, batez ere berau lantzen ez duten pertsonek erabiltzen dutenean, edota onartezinak diren gauzak modu zakarrean ezkutatzen saiatzen direnek bereganatzen dutenean.

Pertsona ezberdinen arteko ulermena aberatsa dela uste dut, baina ez printzipioen faltsutzea. Nik ezin dut esan beste zer edozer naizenik, euskalduna naiz eta euskalduna naiz nafarra naizelako. Horrek eztabaia asko ekarri dizkit, baina azkenean, beste erkidegoetako nire lagunek ulertu egiten dute, oraindik zalantzan jartzen badute ere... Baina nire erroa da, nire esentzia. Nik zera esaten diet, zer lotura dauka horrek zientziarekin? Medikuntzan mundu guztia berdina da, nik zientzia osoa ordezkatu dut eta zientzia ez da inoiz baztertzailea izan. Zientzia irekiera da, aberastasuna, eta adiskidetasuna ere horrelakoa da, zer axola du? Zergatik kezkatzen die horrenbeste independentistak garela esateak? Zergatik? Horrek hainbat pertsonekin edota Estatu Batuetako zientziarekin dudan harremanean kalte egingo dit? Inola ere ez, aitzitik, aberastu egingo nau, guztion mesederako izango da.

Eta horrek gatazkak eragin al dizkizu ibilbide profesionalean?

Beharbada bai, agian aukera hobeak izango nituzke alderdi estatalista bateko kidea izanik, edo hemen eta Madrilen aurpegi ezberdinak dituzten horietako batean egonda... Baina militantzia politikoaren aurrean, horrelakorik izatekotan, pertsona baten aukerak bi dira, lehenik eta behin askatasuna, eta gero koherentzia. Nik zerbaiten alde egiten dudanean, sor daitezkeen zailtasun eta arazoekin batera, koherentziak mundu hobea sortzen lagun dezakegulako esaten didalako da. Kasu honetan herri hobea sor dezakegu, aberri hobea. Eta horixe da kontua. Beharbada arazoak ekarri dizkit, baina gauza bat bestearekin konpentsatu da. Ume asko tratatu ditut eta inoiz ere ez dut desberdintasunik egin. Inoiz ez nituzke nahastuko ideologia politikoa eta zientzia, baina batzuetan elkarren osagarri dira. Izan ere, hautabideak eta printzipioak, batzuetan, bat datoz.

Bukatzeko, Mirentxu, zer da gehien miresten eta gorrotatzen duzuna?

Nire familia miresten dut. Jada alde egin duten familiartekoak eta oraindik hemen ditudanak eta aparteko izeba ere banaiz (iribarrez). Lagunak ere miresten ditut eta biziki ederresten dut jende arruntaren samurtasuna. Inoiz ikusten edo entzuten ez dituzun lagun horiek dira, baina behar direnean hor daude. Aitzitik, kaskarkeria eta zitalkeria gorroto ditut. Zoritxarrez horrelakoak askotan sumatzen dira bere gain boterea duela uste duen gizasemearengan. Mirentxu Oyarzabal Irigoyen (Elizondo)Zaragozako Unibertsitatean Medikuntzan Lizentziaduna eta Sari Nazionala Medikuntzan. Oposizioz Iruñera aldatzen da bizitzera eta bertan pediatriaren inguruko lan guztiak burutzen ditu. Angel Ferrandez, endokrinologia pediatriakoaren mundu mailako profesionala, maisutzat izan zuen eta helburutzat diabetesa, “larritasuna eta transzendentziarengatik” oso garrantzitsua.Ardura handiko karguak bete ditu: Endokrinologia Pediatriakoaren Espainiako Elkarteko Presidentea, Euskal Herriko Pediatria Elkarteko Presidentea eta Espainiako Diabetesaren Elkarteko Presidente ordea, elkarte erraldoi horren pediatria sailaren ordezkaria izanik. Virgen del Camino ospitaleko Endokrinologia Pediatriako Unitatean, gaur egun Complejo Hospitalario de Navarra esaten dioten horretan, talde bat sortu du eta saileko burua izan da. Bestalde, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea izan da, Endokrinologia Pediatrikoaren inguruko Masterrean. Baztaneko Udaleko zinegotzia izandakoa eta 4 urtez Foru Parlamentaria Eusko Alkartasunan. Erretiratu berria baina oso aktiboa.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ramuntxo Kanblong. Euskaltzalea: Unibertsitateak asko lagun lezake Ipar Euskal Herriko garapena

 

Irakurri

Iñaki Martinez de Luna. Soziolinguista: Garaia iritsi zaigu kuotak ezartzeko euskararekin

 

Irakurri

Gregorio Díaz Ereño. Jorge Oteiza Museo Fundazioaren zuzendaria: Funtsezkoa gertatzen da Jorge Oteizaren hausnarketetan sartzea bere idazkien bitartez

 

Irakurri

María del Mar Magallón. ALBOAN erakundearen zuzendari ondokoa: Hegoaldeko pertsonak euren garapen prozesuen protagonistak dira eta ez hartzaile hutsak

 

Irakurri

Jesús Mari Valdaliso. Historialari ekonomikoa: Euskal Herria, aeronautika alorrean, bikaintasun gune bihur daiteke

 

Irakurri