Nago nolakoa ote zen zure familia.
Nire familia lehengo erakoa zen eta da. Aita basozaina nuen, eta ama, etxekoandrea, baina “Etxeko Ekonomian” inoiz ezagutu dudan aditurik handiena ere bai, dena baitzekien egiten, eta ederki, gainera, bere 9 umeak hazteko (ni laugarrena naiz).
Zer oroitzapen dituzu haurtzaroaz?
Haurtzaro zoriontsua izan nuen, sormen handiko jolasez eta ardura handiko zereginez betea. Senide zaharrenok txikiak zaintzen genituen, eta etxeko lanetan laguntzen genuen.
Zer usain zuen zure logelak? Zein zenuen janik gustukoena?
Nire logela beti partekatuak haize freskoaren usaina zuen, edo paper-fabrikarena, haizeak nondik jotzen zuen; eta nire janik gustukoenak bi ziren: indaba beltzak azarekin, eta etxeko natilla, zuringoa harro-harro zuela, jaiegunetarako.
Nolakoa zen Mary Ward ikastetxea, han ibili zinen eta?
Mary Ward ikastetxe ona zen, nahiz eta orain txikia iruditzen zaidan. Zoriontsua izan nintzen han. Diziplina, jolasak eta irakaskuntza partekatu nituen ikaskide eta maistra batzuekin. Oraindik badut harremanik batzuekin (ama Benedicta, ama Isabel, ama Juana, etab.). A ze pena hartu nuen ikasgela haiek, jolas-ordu hura, kapera hura... utzi nituenean!
Igaro ziren urteak, eta Usandizaga Institutura joan zinen, eta, gero, unibertsitate pribatura.
Usandizaga Institutura igarotzea ez zitzaidan erraza egin: beste pertsona batzuk ziren, beste irakasle batzuk, beste ikasgai batzuk, beste ohitura batzuk, eta errebalida gogoan genuela ikasi behar genuen. Baina hark heltzen lagundu zidan, eta Deustuko Unibertsitatera (Donostiako Campusa edo EUTG) joatea gogorra gerta ez zekidan. Hor, Filosofia eta Letretako bi ikasturte komunak egin nituen, eta, gero, Historian espezializatu nintzen, Bartzelonako Unibertsitatean.
Ahalegin bat egin al zuten etxean zu unibertsitatera joan zintezen?
Jakina, beste gastu bat izan zen etxekoentzat, baina bekak lortu nituen, “umezain” moduan aritu nintzen gauetan , eta ahizpa baten laguntza jaso nuen, hura oso gazterik hasi baitzen lanean.
Nolako oroitzapena duzu Bartzelonaz?
Bartzelonako esperientzia oso berezia izan zen. Ikaskideek eta irakasleek (haietako batzuekin badut harremanik oraindik), hiriko kultura-giroak, hango artxiboek eta liburutegiek eta, batik bat, mutilak, gero senarra izango nuenak (Luis Miguel Díez de Salazar Fernández historialaria) izugarri lagundu zidaten. Haiengatik naiz, neurri handi batean, naizena.
Zure alabek jaso al dute Historiarekiko zuk duzun grina hori?
Bi alaba zoragarri ditut, baina bietako inork ez du hartu gure bidea (batek Enpresen Kudeaketa eta Zuzendaritza ikasi du, eta besteak, Industria Ingeniaritza); beharbada, ez naiz izan eredu ona, ordu asko eman baitut etxeko bulegoan lanean.
Historia, gerren garaileek kontatzen al dute?
Jakina, erabilitako lan-material guzti-guztia “gerren irabazleek” sortua baldin bada, horixe izango da idatzitako historiaren joera. Historia, ordea, gerrak eta haien ondorioak baino zerbait gehiago da, eta dokumentazioa ere, lehen begiratuan uste dena baino aberatsagoa. Usterik eta aurreiritzirik gabe jo behar da informazio horretara, eta zer dioskun entzun.
Neurrira egindako historiak idazten al dira?
Badira, bai, “neurrira egindako historiak”, eta horixe ziren, esate baterako, erregeen kronikak; baina Historia egiteko era horrek arrakasta laburra dakarkio egileari, Historia hori mespretxatu egiten da gero. Ez du merezi bizitzako denbora laburra horrelako lanetan erabiltzea.
Ba al da idatzi gabe dagoen historia ezagutzerik?
Idatzi gabe dagoen historia ezin da ezagutu, Historia beti agiri idatzietan oinarritzen baita. Beste kontu bat da arkeologiak edo beste zientzia batzuek eskaintzen dizkiguten datuak erabiltzea, baina Historia beti agiri idatziekin egiten da. Aztertzen ari garen erakundeak ez badauka bere artxiborik, orduan ustekabeko funtsetan edo testigantzetan bilatu behar dira datuak.
“Ezaba” al daiteke inor edo ezer Historiatik, ala izango da beti hura aurki dezakeen historialaririk?
Historiatik inor edo ezer ezaba ote daitekeen..., iruditzen zait baietz, aski da artxiboak erretzea, baina hori egiten duenari zalantza bat geldituko zaio beti, hots, oraindik ere testigantzak gera daitezkeela beste toki publiko edo pribatu batzuetan; eta, halako kasuetan, historialariak mugaturik ikusiko du bere burua, zeren sekula ezingo baitu “asmatu” Historia, ez eta “miraririk” egin ere.
Esaten digute geneetan betikotzen garela, baina ez ote da menturaz betikotze egiazkoagoa ahoz ahokoa, amengandik alabenganakoa, aitonengandik bilobenganakoa, herri baten bihotzean bizi denaren betikotzea?
Balio handia ematen diot ohituren eta datuen ahozko transmisioari, baina giza oroimena laburra da; zenbaitetan, belaunaldi batetik bestera gertatutako aldaketak kasik hautemanezinak dira, baina aldaketak, halere, eta agiri idatziak bakarrik finkatzen ditu, hark bakarrik uzten du haien bilakaera neurtzen. Agiri idatzia funtsezkoa da. Idazteko ekintza hutsak hausnarrarazi egiten digu, kontzeptuak asmarazi, gertakariak azterrarazi... eta hori hor geratzen da. Ahozko transmisioa, pentsamendua, “birtuala” da, gurekin batera galtzen da. Halaxe galtzen da jaso dugun informazioa ere, disko gogorra hondatzen bazaigu.
Zergatik zaigu hain beharrezkoa, baldin bazaigu, geure historia ezagutzea?
Iragana ezagutzeak izugarri balio du, eta ez dugu behar beste hartzen aintzat. Lehenik, zeren guztioi axola baitzaigu gure aurrekoak nola bizi izan ziren jakitea; izan ere, gogora dezagun, Historia ez da “asmatutako” egitatez osatutako eleberri bat, baizik eta hezur-haragizko pertsonek bizi izandako gertakariak; geuk gaur egun bizi ditugun gertakariak bezalaxe, zeren geu ere Historia egiten ari baikara orain. Bigarrenik, gauzak erlatibizatuko baititugu, zeren oso zailak izanik ere garaiak, ez baitira samurragoak izan iraganeko beste batzuk, eta onik irten zen haietatik. Hirugarrenik, irakaspenak atera ditzakegu, beste garai batzuetan zerk funtzionatu zuen jakiteko, nahiz eta guk orain formula haiek mespretxatu, eta, agian, berraztertu egin behar genuke berriro tresna haiek aplikatzea, egoera desegoki batzuk zuzentzeko (kargu publikoek beren jarduera-denbora amaitzean jasan behar zuten jarduera-epaiketa datorkit burura, edo postuan betikotzeko zeukaten debekua). Eta, laugarrenik, geure burua hobeto ulertzen utziko digu, zeren gizarteko arazoek erro sakonak edukitzen baitituzte, oraindik ere sendatu ez diren zauriak. Denborak ez du guztia sendatzen, eta arazoak betikotu egin daitezke. Haiek modu objektiboan ezagutzeak eta benetan gainditu nahiak bakarrik ezar dezakete haiek behin betiko konpontzeko oinarria.
Ba al dira mugak jakintza-diziplinen artean?
Printzipioz, ez da halako mugarik, zorrotzik bederen, diziplinen artean, zeren guztia Gizakiaren jardueraren ondorio baita, eta Gizakia, berez, konplexua eta xehetasunetan aberatsa da. Dena elkarrekin lotuta dago harengan; kontua da errazagoa dela haren jarduera “arloka” kontrolatzea, baina, batzuetan, arlo horiek ez dira ulertzen beste “diziplina” batzuetara jo gabe.
Maita edo ezagut al daiteke urrundik? Urtetan ala kilometrotan neurtzen da urruntasuna? Gauza bera al dira espazioa eta denbora?
Sinetsita nago maita daitekeela urrundik, bai horixe. Ezagutzen dena bakarrik maita daiteke, eta, ezer edo inor maitatzeko, ez dago hura ondoan eduki beharrik, ez denboran, ez espazioan. Jakintza historikoak edonon edo edonoiz agertzen uzten digu, eta hango edo orduko jendearekin, haien sentimenduekin, haien bizimoduarekin, haien grinekin eta beldurrekin harremanetan jartzen. Eta, batzuetan, errazagoa da haiengana heltzea, gure auzoengana heltzea baino, zeren egun oztopo handiak ari baikara ipintzen zuzeneko komunikazio pertsonalari.
Berreraiki al daiteke iragana? Amets al daiteke etorkizuna?
Bai, ezagut daitezke iragana eta orduko jendeak. Oraina lantzea, hura aldatzeko eta geure bizitza amestutako etorkizunerantz eramateko... horixe egin daitekeela!
Igaro al zen sinboloen, ekintza sinbolikoen eta eguneroko keinuen transzendentziaren garaia? Ez ote ditugu beharbada tradizioak diluitu eta barregarri utzi, “igualitarismo” irreal bat erdietsi nahian?
Sinboloen garaia ez da ezkutatu, baizik eta inoiz baino indartsuago dago. Ez al dira, akaso, “markak” gaur egungo sinboloak? “Giza pertsonetatik”, sinboloak “pertsona juridikoetara” igaro dira orain, baina sinboloak dira halere, eta haien osaketa sinbolo pertsonal edo “armarri” baten osaketaren antzekoa da: elementu bereizgarriak dira, identifikatzaileak, kolorez beteak, esanahi jakin bat dutenak (gero, azaldu egin behar da esanahi hori, sinboloa sortu eta onartu duenak bakarrik baitaki).
Nola sortzen da familia baten armarria? Zer osagai, zer gertakari eramaten dira armarriko irudira? Zer da, familia batentzat, armarria edukitzea?
Ez da, printzipioz, osagai determinanterik haren osaketan, baizik eta ausazko batzuk, eta horiek determinante edo bereizgarri bihurtzen dira. Egun, familia-armarria edukitzea harro egoteko motiboa da, zeren Historiako jatorri gehiago ego gutxiago urrun batekin lotzen baikaitu, eta, batez ere, arbasoen “ekintza loritasu” batzuen partaide bihurtzen. Armarria edukitzeari barre egiten dionak, berak ez daukalako egiten dio normalean. Armarria edo historia handiko abizena edukitzeak ez gaitu pertsona hobe bihurtzen (egun, guztiak “herritarrak” gara, “legearen aurrean berdinak”, diote politikariek), hori norberagandik baitator, baina “ekintza loriatsuak eta balentriak” egin zituen familia edo leinu batekin lotzen gaitu, egitandi haietan partaide sentiarazten.
Zer da banakoa, familia, herria, kultura, zer da nortasuna? Hein batean “networld”-en bizi garen honetan, zergatik da hain arrakastatsua eta atsegin zaigu “goitizen” baten atzean ezkutatzea?
Badira ni baino pertsona jantziagoak galdera horiei erantzuteko, baina iruditzen zait gero eta ikara handiagoa ematen digula, banako bezala, inguruan dugun munduak, geure ekintzen erantzukizunak, “besteari” begietara begiratzeak, zeren begiradak ez baitu engainatzen, edo gutxiago engainatzen baitu. Teologoek, filosofoek, antropologoek eta beste “pentsatzaile” nahiz humanista batzuek aipu duten gizatasun-galtzearen parte dateke hori. Ez dakit nora eramango gaituen orain bizi garen mundu birtual honek, zeren, maiz, errealitatetik, harreman pertsonal eta gizatiarretik, bihotz irekitik... urruntzen baikaitu.
Garbi da ezin dugula aldatu gertatu dena, baina bai, aldiz, hartaz egiten dugun irakurketa. Eragin al dezake, atsegin ez dugunaren onarpenak, gure nahiaren araberako etorkizuna eratzeko orduan?
Egia da ezin dugula aldatu gertatu dena, eta ona da gure aurrekoek egin zutena jakitea, hura bere gordintasun osoan jakitea, ulertzen saiatzea eta onartzea. Izan ere, gure aurrekoek hobeto edo okerrago egin zituzten gauzak, baina hartu zituzten erabaki guztiak hartzeko eskubidea zeukaten (lagun hurkoaren txarrerako eta kalterako ez baldin bazen). Baina bakarrik iragan hori ezagututa eta onartuta, eta mundu hobe bat egiteko borondatez, alda ditzakegu gauzak, baina guztion artean erabaki behar dugu. Mª Rosa Ayerbe (Hernani, 1954) Filosofian eta Letretan doktorea (1984), Historia espezialitatean, Bartzelonako Unibertsitatean. Egun, Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako irakasle titular numerarioa da, EHUko Zuzenbide Fakultatean; eskolak ematen ditu, irakasle gisa, honako hauetaz: Zuzenbidearen eta Euskal Erakundeen Historiaz, Foruez, Eskubide Historikoez eta haien gaurkotzeaz, eta Historiaren Diziplinez eta Zientzia Lagungarriez. Irakasle hasi zenean, honako gai hauek irakatsi zituen: Erdi Aroko Historia Unibertsala; Paleografia eta Diplomatika Espainiarrak, eta Historiaren Metodologia, irakasle titular gisa, Deustuko Unibertsitatean (Donostiako Campusa). Gainera, ikastaroak eman ditu, irakasle gonbidatu gisa, honako hauetan: UNED-en, Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitatean, Kantabriako Unibertsitatean, Oviedoko Unibertsitatean eta Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatean; txostenak eta hitzaldiak aurkeztu ditu; aholkulari zientifiko moduan aritu da lanean, eta zenbait ikerketa-proiektutan ere bai. Honako kargu hauek izan ditu: “Mundaiz. Unibertsitate liburuaren aldizkari kritikoa” aldizkariaren koordinatzaile eta zuzendari; Deustuko Unibertsitateko (Donostiako Campusa) Filosofia eta Letren Fakultateko Geografia eta Historia Saileko dekanorde; Deustuko Unibertsitateko (Donostiako Campusa) Filosofia eta Letren Fakultateko dekano; EHUko Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiaren Arloko idazkari; EHUko Zuzenbide Fakultateko “Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen eta Erakundeen Historia” Saileko idazkari irakasle; Euskal Herriko Zuzenbide Historikoko Institutuko (EHUren mendekoa) kide sortzaile eta arduradun; Eusko Ikaskuntzaren “Euskal Herriko Erdi Aroko Iturri Dokumentalak” lanaren zuzendari, eta “Gipuzkoako Armarria. Euskal hizkuntzako lurraldeen Heraldika Instituzionalerako Hurbilketa” jardunaldiaren Batzorde Zientifikoko eta Batzorde Antolatzaileko kide, Donostiako Miramar Jauregian egin baitzen jardunaldi hori, 2009ko ekainaren 26an, Eusko Ikaskuntzak eta beste batzuek antolaturik. Hona bera kide duten beste erakunde batzuk: Sociedad Española de Estudios Medievales, Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Société d’Histoire du Droit eta Real Academia de la Historia. 2008ko Heraldikako Sari Nazionala jaso zuen, Federación Española de Genealogía y Heráldica y Ciencias Históricas (Madril) erakundeak emanik. Gipuzkoako Armarriari buruzko Azterketa Historiko-Juridikoa egin zuen horretarako, eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak argitaratu zuten. Artikulu eta lankidetza ugariren egilea da, eta hogei liburutik gora idatzi ditu; hona, adibidez, aipagarrienak: Juntas y Diputaciones de Gipuzkoa. Documentos (1550-1600) y (1601-1700); Documentación medieval del Archivo Municipal de Legazpia (1290-1495); Historia del Condado de Oñate y Señorío de los Guevara (s.XI-XVI). Aportación...; Ensayo sobre la naturaleza de la Legislación Foral de las Provincias Vascongadas...; Andoain, de tierra a villazgo (1379-1615). Un caso modélico de preautonomía...; Ferrerías Guipuzcoanas. Aspectos socio-económicos, laborales y fiscales (s. XIV-XVI); San Agustín de Hernani. Fundación y consolidación de un monasterio guipuzcoano; Las Juntas Generales de Guipúzcoa. La fuerza de una institución secular en el s. XXI; Origen y desarrollo del Derecho y de la Administración Forestal en España y en Guipúzcoa. El Servicio Forestal de la Diputación de Guipúzcoa. I. Documentos; El Monasterio de San Bartolomé de San Sebastián en Astigarraga. Adaptación de...; Documentación medieval del Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) edo Estudio histórico-jurídico del Escudo o Blasón de Gipuzkoa.