Sagrario Aleman. Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria eta euskaltzaina: Euskara ez dago inondik inora lasai egoteko egoera batean

2008-10-24

AGOTE, Gontzal

Idi Ezkerrak gonbidatuta hitzaldi bat emateko Donostiara egin duen bisita aprobetxatuz, Emilio Silvarekin hitz egin dugu. Emilioren historia eleberri bat bezalakoa da, bere abentura hasi zuenean idatzi nahi izan zuena bezalakoa eta tarte bat aurkitzen duenean seguru asko idatziko duena bezalakoa: Kasualitate bati esker bere aitonaren gorpuzkinak berreskuratzea lortu zuen Emilio Silvak; aitona errepublikarra falangistek hil zuten eta bide bazter batean inprobisaturiko terrorearen hilobi batean botata utzi zuten gorpua, beste milaka askorena bezala. Gizon garaia, handia, lasaia, berrogei urteak betea da Emilio, eta ilusioz hitz egiten du, mundua aldatzeko lanean diharduenaren ilusioz; iraganeko akatsetatik ikasi eta berriro horretan ez erortzeko pertsonek memoria berreskuratu eta gordeko duten leku bihurtzea lortzeko lanean diharduenaren ilusioz. Mundu justuago eta hobearekin amets egiten du Emiliok eta ez dago prest bere ametsei uko egiteko. “Ametsetan bizi dena errealitatetan hiltzen dela” esaten diotenean lasaitasunez erantzuten du, ondo baitaki bizitza honetan, halako edo bestelako ezinezko dela kategorikoki esaten duen asko harriturik geratzen dela norbaitek hori lortzen duenean.

Zer da Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartea?

“Priaranzako hamairuak” izenez ezagutzen direnen gorpuzkinak lurpetik atera zirenean sortu zen Elkarte bat gara. Dagoeneko 8 urte daramatzagu hilobi komunetatik gorpuak ateratzen eta guztira 162 hilobitan lan egin dugu. Hasieran Leon aldean bakarrik lan egiten genuen, oso era lokalizatuan, baina denborarekin Estatuko beste toki batzuetara ere irten dugu eta ia 10.000 pertsona ditugu familiartekoek erreklamaturik. Kasu askotan, atxilotu egin zituztela edo falangista talde batek eraman zituztela beste daturik ez dute; edo udaletxeetara joan zirela, gerrako lehen hilabeteetan udaletxean izan baitziren atxiloketa-lekuak. Eta besterik ez dute jakin.

“Duela hainbeste urte” pasatako gauzak, ez dira “iraganeko kontuak”?

Espainiako gizarteak daukan arazo handietako bat da Francoren Diktaduran zehar egin ziren Giza Eskubideen bortxaketak delitu gisa ikusteko ezintasuna. Batzuetan, “patuaren kontuak”, edo “pasa beharreko tragedia” gisa hartzen ditu zenbaitek. Delitu hauek, Giza Eskubideetan daudenen artean larrienak dira, eta bahiketa, erailketa eta gorpua gordetzea delitu iraunkorrak dira, ez dute preskribitzen, ze denbora pasa ahala familiak torturaturik daude delituaren egileak gorpua non desagerrarazi zuten aitortzen duten arte eta azkenean, milaka eta milaka urtean zehar egin dugu erritua bete dezakete, maite ditugun pertsonen gorpuari beila egin, lur eman eta dolua egiten dute.

Familiarteko baten desagerpena bizi izan ez duen norbaiti, egoera irudikatzen ez duen norbaiti, nola esplikatu zein inportantea den gorpuzkinak berreskuratzea?

Planteatzen erraza da. Horretarako garrantzitsua da pertsonen adina. Egizu kontu herri batean bizi zarela eta herri horretan hilerria elementu garrantzitsua dela, funtsezkoa herriko bizitzarako, eta ezin zarela joan aita zenari ohore egitera; hori bazterkeria-modu krudela da. Buruko gaitzen ia %30ek dolua ongi ez egin izanarekin daukate zerikusia. Eta herri honetan milaka pertsonak ez dute aukerarik izan maite zituzten pertsonengatiko dolua behar bezala egiteko ere eta, beraz, gaizki egin dute. Kasu batek bereziki hunkitu ninduen: emakume bat Estatu Batuetara joan zen bizi izatera eta urtetan zehar, ateko txirrina jotzen zutenean aita zela pentsatzen zuen, aurkitu egin zuela azkenean, haren zain jarraitzen baitzuen… eta halako batean, hilobi batean aitaren gorpuzkinak identifikatu zituzten eta konturatu zen aita sekula ez zela bera aurkitzeko zorian izan, 60 urte lehenago hil baitzuten eta gorpua bide bazter batean utzi. Gorpua ikusi arte pertsonak ez dira hil eta horregatik da funtsezkoa gorpuzkinak aurkitzea, dolua egin ahal izateko, hori ezinbestekoa baita gizakiak heriotza bezain ulergaitza den gauza bat nolabait bere egin dezan. Urte hauetan, gorpuzkinak ateratzeaz gain, gerran zehar desagerturiko familiartekoez ezer ez dakiten ehunka familiari lagundu diegu.

Baina hori ez da belaunaldi batetik bestera sendatzen, ezta?

Ez, beti geratzen baita hutsuneren bat eta horren eraginak belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira. Ezagun baten honela esan zidan duela gutxi: “ez dakizu zein gogorra den bizitza, ama irribarrez sekula ikusi ez baduzu”. Desagertu baten biloba zen, eta horrek, bi belaunaldi geroago, eragina dauka beregan eta modu batera edo bestera, bere seme-alabek ere jaso dute horren eragina. Izan ere, oso emozio ezberdinean hezi zaituzte sekula irribarrerik egin ez duen, zurekin pozik egon ez den aita edo ama badaukazu. Desagertuek arrastoa uzten dute, herentzian jasotzen den aztarna uzten dute eta herentzian jasotzen dena negatiboa ez izateko modu bakarra, hori konpontzea da. Zuloz beteriko gizarte batean gaude eta konpontzeko modu bakarra zulo horiek ixtea da.

Gerran desagerturikoez hitz egin duzu. Gudan desagerturikoekin ere lan egiten duzue?

Printzipioz, guk ez dugu lan egiten frenteko hilobiekin. Baina batzuetan gertatzen da familiakoak gerran egon zirela gogoan izatea, baina hartaz sekula hitz egin ez zutenez (kasu askotan tabua izan da familian), orain jendea mugitzen hasi dela ikustean, beldurra apur bat galdu eta galdetzera ausartzen dira.

Baina izango da Gerra Zibileko nolabaiteko errolda publiko edo agiritegiren bat, galdetu ahal izateko, ezta?

Bada, dagoeneko XXI. mendean gauden arren, ez dago horrelakorik. Are gehiago, Gobernuak oraindik ez dauka herritarren arretarako bulegorik, urte luzez hara eta hona familiartekoak aurkitzera eramango dituen arrastoaren bila dabiltzan pertsona hauei erantzuteko. Ez dut esaten baliabide batzuk horretarako bakarrik jarri beharko lituzketenik. Gaur egun dauden baliabideekin behar horiei ere erantzutea baizik, eta aspaldian gertatzen ari zaiguna ez errepikatzea: Presidentziako Ministerioak jendea bidaltzen digu eta horrek argi erakusten du Gobernua pertsona horiekin zenbaterainoko utzikeria izaten ari den.

Ez dut ongi ulertzen Gobernuaren utzikeriaren kontu hori...

Bada, ez dela ulergarria Gerra Zibilaren eta Diktadura Frankistaren Biktimentzako Ministerio arteko Batzorde bat edukirik, gai ez izatea pertsona horiei, biktima eta familiartekoei, erantzuteko eta Administrazio batetik bestera gogaitu ondoren, azkenean guregana bidaltzea. Eta pertsona horiek azkenean, lan hau boluntario gisa eta bere denbora librean egiten duten pertsonekin e-mail bidez edo telefonoz harremanetan jarrita konpondu behar izaten dute beren arazoa. 70 urte baino gehiagoz, laguntza eskatu eta ukatu egin zaio jende askori, administrazioaren isiltasun izugarriaren bidez.

Nolakoa da zuen lana? Zer laguntza daukazue?

2000. urtera atzera egiten badugu, lehen hilobitik gorpuak ateratzen ari ginen. Han zeuden, Arantzaditik, Lourdes Errazti eta Paco Etxeberria, gai honetan erabat inplikatu diren bi pertsona, ehunka gorpu atera eta ehunka familiari lagundu diotenak, alde arkeologiko eta forentse gisa, eta baita beren lantresnak esplikatuz ere.

Hilobitik gorpua ateratzeko unea oso garrantzitsua da familiartekoentzat, angustiaz beteriko bizipena izaten baitute eta garrantzitsua da zer gertatzen ari den azaltzea. Arkeologia lana kontuz eta arretaz egitea familiartekoei eskaintzen zaien arretaren barruan sartzen da eta horretan, Paco eta Lourdes bereziki apartak dira eta sentiberatasun handia dute familiartekoek prozesuan parte har dezaten.

Oso hunkigarria izan behar du hainbeste urtean zehar desagerturik izan den aita edo aitonaren gorpuzkinak bide batez batean lurpetik ateratzea...

Une horretarako, Mugarik gabeko Psikologoekin hitzarmen bat egina dugu eta boluntario gisa hurbiltzen dira trantze hori pasatzen ari diren pertsonei laguntzera, baina Gobernua ez da sekula egoten. Hori ulertezina da, ze horrelako prozesuak bizi izan dituzten herrialdeetan, adibidez Guatemala, El Salvador, Txile edo Argentinan,... Hego Afrikan edo Marokkon ere (desagertzeak eragin zituenaren semea errege izanik ere) herrialde horietan guztietan Estatuak hartzen ditu bere gain eginkizun horiek, gizarte zibilak sorturiko testuinguruari erantzunez. Hemen ez da hala gertatzen ari eta Amnistia Internationalek, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak eta nazioarteko beste erakunde zenbaitek ere salatu dute hori eta Espainiako Gerra Zibilaren garaiko eta Diktadura Frankistako delituen biktima diren milaka familia horiek, Espainiako Gobernuak babesik gabe utzita, “beren buruari sendatu” behar diote egin zieten mina.

Baina, Espainiako Estatutik ez dute giza laguntza bidaltzen aipatu dituzun herrialde horietako hobi komunetatik gorpuak ateratzen laguntzeko? Ez al da paradoxiko samarra?

Egia da Justizia Ministerioak bidali berri duela Argentinara forense talde bat, han gorpuak ateratzen ikas dezaten, eta hemen ere egin zezaketen hori, Paco Etxeberria bezalako adituekin. Hemen bertan ikas lezakete eta hainbeste urtean kalte-ordainaren zain dagoen jende askori lagundu. Ulertezina da. Oso larria da Europar Batasuneko herrialde batean, munduko potentzia handietako bat dela esaten ari direnean, Giza Eskubide hauek boluntario talde batek bermatu behar izatea. Familia horien drama izugarria da, izan ere, beren senitartekoa asasinaturik galtzeaz gain, hiltzaileen gobernupean bizi behar izan zuten berrogei urtez, eurekin batera bizi. Gauza ikaragarriak gertatzen ziren: herriko postaria norbere aitaren edo senarraren edo semearen hiltzailea izatea, eta bi edo hiru egunetik behin berriro atea jotzen zuen eta etxeko atea ireki behar izaten zitzaion eta aurpegia ikusi eta isilik egon. Baina batzuetan gainera, hiltzaile horiek hildakoen familien etxeak edo negozioak bereganatu egin zituzten.... eta isilik geratu behar izan zuten gainera; ezerezkeria bizimodu bihurtu zen horrela eta pertsona gisa ukatuak geratu ziren bizirik iraun ahal izateko. Are gehiago, 50 eta 60ko hamarkadetan Espainiatik irten zuten milioika emigranteen ia %90 Gerra Zibilaren galtzaileen seme-alabak ziren, batez ere ia aukerarik ez zutelako irabazleen seme-alaben alboan bizi izanda, irabazleek mota guztietako prebendak eta bizi guztirako lanpostuak lortu baitzituzten (eta gero Trantsizioan inolako garbiketarik egin gabe “asimilatu” ziren). Eta galtzaileok eremu neutral bat bilatu zuten, Diktadurak jartzen zien trabarik gabe pertsonalki eta profesionalki garatu ahal izateko. Baina tragikoena da Franco Diktadorea hil eta hogeita hamahiru urte geroago inor ez dela oraindik arduratu kalte hori konpontzeaz eta ezerezkeriazko bizi izateko modu horrek bere horretan dirau, trantsizioa eta demokraziako hogeita hamar urte igaro diren arren.

Baina kaltearen ordainik oraindik jaso ez duten pertsona horiek, adin handia izango dute dagoeneko, ezta?

Jakina. Horregatik, ezin da denbora gehiago itxaron eta argi dago hemen Euskal Herrian gauza asko egin dela Arantzadi Zientzia Elkartearen bitartez, seguru asko gizartetik sorturiko kezkari erantzunez. Nahiago nuke ekintza horiek Estatuko gainerako lekuetan ere modu sistematiko batean gertatuko balira, edo hobeto esan, nahiago nuke ekintza mota hau Estatuaren politika baten fruitu balitz. Eta inola ere ezin ditut ulertu zenbait adierazpen, adibidez Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak 2008ko azaroaren 20an, Diktadore baten heriotzaren urteurrena ospatu behar genukeen egunean, egin zituenak, ahazteari buruzko goraipamen tristeak egin baitzituen. Ezin ditut ulertu, ez bakarrik gaur egun bizi izaten ari garen debateagatik, edo berriro akats berberak ez egiteko ez dela ahaztu behar edo akatsok errepikatzeko ahazten dugula dioen topikoagatik; iragana ezagutzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat delako baizik. Iraganik gabe, zer garen zehatz jakin gabe jokatzen dugulako. Gaur egun oraindik ere, Espainiako estatuko bizitza politikoan oso sarri eta erraz ikusten ditugu zuzen-zuzenean Diktadura Frankistatik datozen kultura-politikoko gauzak, oraindik desagertu ez diren ohiturak.

Baltasar Garzón epaileak Pinochet diktadorea auzipetu eta haren biktimentzako konponbide bat ireki zuen bezala, ez ote daiteke antzeko zerbait egin Franco Diktadorearen biktimekin ere?

Auzi judizialak dira horiek, eta hobe epaile batek erantzutea. Edozein modutan ere, Giza Eskubideen erakunde asko ari zaio Espainiako Estatuari Amnistia Legea indargabe dezala eskatzen, Egiaren Batzorde bat antola dadila eta beste herrialde batzuetan egiten ari diren bezala, Diktaduran zehar gertatu zenaren egoera normalizatu dadila Espainian ere. Oraintxe bertan ere, Argentinan, egiten ari diren berrikuspenen ondorioz, hogeita hamar militar inguru eta Elizako kideren bat atxilotu dituzte, eta hemen ere egin behar litzateke hori, ezinezko baita familia horiei justizia ukatzen jarraitzea. Baltasar Garzón epailea inhibitu ostean, ikusi egin beharko da gorpuak hobietatik ateratzeaz Lehen Instantziako Lurralde Auzitegiak arduratzeko agindu edo gonbidapenak bidea errazten digun.

Hala ere, oker ez banago ez da Lehen Instantziako Epaitegi batera jotzen duzuen lehen aldia...

Ez, halaxe da. Aurreko urteetan oso erantzun mota ezberdinak jaso izan ditugu epaitegi horietan. Adibidez, lau kasutan, epaitegien buru emakumeak zirenetan, diligentziak irekitzeaz arduratu ziren, ADN laginak hartu eta Institutu Toxikologikora bidali zituzten eta pertsona horien gorpuzkinak identifikatu egin ziren, eta guztia Estatuaren kontura; eta beste kasu batzuetan, erantzunaren zain gaude oraindik. Kasuren batean, Asturiasen, gorpuak ateratzeko prozesua geldiarazten saiatu zen epaile bat. Espainiako Estatua behingoz kalte-ordain horretaz kargu egin dadila eta lan hori egiteko behar diren tresna guztiak jar ditzala nahi dugu. Emilio Silva Barrera (Elizondo, 1965) Kazetaria eta Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen sortzaileetako bat. Talde horrek urteak daramatza Espainiako Gerra Zibilean zona frankistan eta ondorengo diktaduran errepresioaren biktimak lurperatuak izan ziren lekuak bilatzen. Soziologia Politikoan lizentziatua, bere bizitza profesionalaren zatirik handiena kazetaritzan eman du. 2000ko martxoan, Priaranza del Bierzon (Leonen) hobi komun bat aurkitu zuen Emilio Silvak, eta bertan, 1936ko urriaren 16an falangistek exekutatu zituzten hamahiru miliziar errepublikano hobiraturik. Gizon horietako bat Emilioren aitona zen. 2000ko irailean La Crónica de León egunkarian “Mi abuelo también fue un desaparecido” artikulua argitaratu zuen. Bertan aipatzen zuen Espainiako gizarteak ospatu egin zuela Pinochet kasua izenez ezagutzen dena eta ez zela ezer egiten gerra zibilean zehar matxinatuen esku desagertu ziren milaka gizon eta emakumeak bilatzeko, eta milizia errepublikarrek errepresaliatuak ahazturik daudela. Gaur egun “Priaranzako hamairuak” izenez ezagutzen direnak hilobitik ateratzearen ondorioz eta familiako desagertuak bilatzeko laguntza eske beregana jo zuen pertsona kopuru handia ikusirik, Memorioa Historikoa Berreskuratzeko Elkartea sortu zuen, Santiago Macíasekin batera eta bera da lehendakari. Desagertu errepublikarrak bilatzen dihardu Elkarteak eta hainbat hobi komun ireki dituzte eta dokumentazio ugari eman hamarkada askotan zehar familiakoei buruz ezer ez zekiten pertsona askori. Emilio Silva, Santiago Maciasekin batera, “Las fosas de Franco” liburuaren egilea da. Liburu horretan azaltzen dute beren lanaren emaitza eta aurrera jarraitzera zerk bultzatzen dituen. Gaur egun, hobiak bilatzen jarraitzen du Silvak elkartetik, eta aldi berean, dagozkion erantzukizunak har ditzan eskatzen dio Gobernuari. Bere lan nekaezinarekin bidea irekitzea lortu du Gerra Zibilean zehar eta gerraostean desagertu zirenek agenda politikoetan tartea izan dezaten.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

José María Setién. Gotzaina: Amets egiten dut gizaki guztien topaketa baketsuaren ondorio gisako egitura politiko-sozialetan eraikitako herriarekin

 

Irakurri

Jorge Oteiza. Artista: Bizitzen jakin izan dut (Euskonewseko 1go zenbakian argitaratutako elkarrizketa)

 

Irakurri

Luis Irizar. Sukaldaria: Euskalduna tradiziozalea da, baina beste sukaldaritza batzuk ezagutzeko prest egoten da eta jakin-min handia du

 

Irakurri

Donato Larrañaga. Euskal Herriko Bake Epaileen Elkarteko lehendakaria: Bake epailea herriarekin kontaktuan dagoena da, hurbilen dagoena

 

Irakurri

Javier Lacunza Azcárate. Lacunza hizkuntza eskolaren fundatzailea: Hizkuntza bat menperatzeko, hizkuntza horretan poesia irakurtzeko gai izan behar zara

 

Irakurri