Soko Romano. Ontzi Museoko zuzendaria: Museoak organismo bizia izan behar du, etengabe mugitzen aritu

2004-11-26

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Soko Romano Donostian jaio zen, 1959an, eta Oñatin egon zen bizitzen Geografia eta Historia ikasketak egiteko Valladolidera joan zen arte. Artearen Historiaren espezialitatea Granadan egin zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bati esker, Parisko Museologian ibili zen, eskarmentua hartzeko, eta 1991z geroztik, Donostiako kaiean dagoen Untzi Museoko gidari dugu, José Mari Unsainekin batera.

Noiz eta nola sartu zinen Museologiaren munduan?

Valladoliden, Geografia eta Historia ikasketak ari nintzenean. Gero Granadara joan nintzen, Artearen Historian espezializatzera. Azken ikasturtean, “museologia” izeneko ikasgai bat izan genuen, Mateo Revilla irakasleak ematen ziguna, gaur egun La Alhambra Fundazioaren Patronatuko zuzendari denak. Berari esker ezagutu nuen museologiaren zientzia eta diziplina.

Ikasketak amaitu eta...

Museoen mundua hobeto ezagutzeko gogoa sartu zitzaidan. Interes handia neukan teoria eta egitasmo berritzaileak gertutik ezagutzeko, museologia eta ekomuseoak adibidez. Garai hartan, 80ko hamarkadan, horrelako ekimenak iraultzaileak ziren oso, erabat ezberdinak, baina guztiz interesgarriak. Geroztik asko aldatu da kontzeptu horien esanahia, baina tira...

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak beka bat eman zidanean, Frantziako Mont-Lozère herrixkara joan nintzen, Ekomuseora. Herri txikia da oso, ehun biztanle ingurukoa, nekazaritza girokoa, protestantea... Ekomuseoen ezaugarriak ondo ezagutzen nituenean, beste beka bati esker Parisa joan nintzen, Arte eta Tradizio Herrikoien Museora, eta, hortik, zabaldu berria zen Mundu Arabiarraren Institutuaren Museora.

Eta noiz sartu zen zure bizitzan Untzi Museoa?

1988. urtearen inguruan, Gipzukoako Foru Aldundiak Untzi Museo bat sortzea erabaki zuenean. Bat-batean, Parisen zeukaten bekaduna etorri zitzaien gogora… eta deitu egin zidaten (barrez). Lantalde batekin Untzi Museoa abian jartzeko prest ote nengoen galdetu zidaten.

Harreman hori estutzen joango zen denborarekin...

Lantalde horretan José Mari Unsain zegoen. Hasiera-hasieratik aritu da Museoaren egitasmoan lanean. Unsainen zeregina oso garrantzitsua izan da Museo honen bizitzan. Hiru urteren buruan inauguratu genuen Museoa, 1991n. Kudeaketa lanak kultura zerbitzuetarako enpresa batek egitea erabaki zuen Foru Aldundiak, eta lehiaketa publikorako deialdia egin zuen.

Eta orduan...

Enpresa bat zer zen jakin ere egin gabe, bat-batean erronka guztiz interesgarri baten aurrean ikusi genuen geure burua José Mari Unsainek eta biok: zertan, eta museo bat bere hastapenetatik kudeatzen. Eta aurrera egin genuen. Bion artean, kultura zerbitzuak eskaintzeko enpresa bat sortu genuen, eta Museoa kudeatzeko egin ziren lehiaketa publikoetara aurkeztu genuen geure burua.

Nola definituko zenuke Untzi Museoa?

Definizio bat ematekotan, ICOMen Batzar Nagusiak onarturikoa emango nizuke, oso zuzen eta egokia iruditzen zait-eta: “Museo bat, irauteko asmoz sorturiko erakunde bat da, irabazi asmorik gabea, gizartearen eta bere garapenaren zerbitzura dagoena, jendeari irekia, eta gizakiak zein inguruak utzi dizkiguten lekukotza material zein ez-materialak bildu, gorde, ikertu, zabaldu eta erakusten dituena, bisitariak hezi eta gozarazteko asmoz”. Hainbat ñabardura erantsiko nizkiokeen arren, funtsean bat nator definizio horrekin.

Pradoko Museoa eta Ogiaren Museoa, museoak dira biak. Zer derizkiozu multzo berean sartu behar izateari?

Egia da “museo” hitzak oso espazio ezberdinak biltzen dituela bere baitan, baina nor da gauza museoa zer den eta zer ez den erabakitzeko? Nire ustez, erakunde bakoitzak egiten duen lanari erreparatu behar zaio bene-benetan museo izendapena merezi ote duen jakiteko. Dena den, egia da denetarik aurki dezakegula museo izenarekin. Donostiako Boulevardean, adibidez, “Museo del Whisky” deritzon taberna bat dago, whiski sorta zabala daukana. Zer ikusi du horrek Pradoko Museoarekin?

Museoak hotelak bezalakoak balira, zenbat izar emango zenizkioke Untzi Museoari?

Ai ene! Jainkoak libra nazala horrelakorik egin behar izatetik! Aipatu dizudan bezala, oso aukera zabala dago museoan artean, aniztasun handia. Dena den, gai honetan sartu garenez gero, ohartxo bat egin nahiko nizuke, “museo” izendapenarekin lotuta, zeren hitz hori erabil daiteke bai leku batzuei kulturan ospea emateko (“ez-dakit-zeren Museoa”), baina baita juxtu kontrako emaitza lortzeko ere, gaitzesteko. Batzuetan, museoak eta mausoleoak sinonimotzat jotzen dira: “hain zen zaharra, museo batean egon beharko lukeela”, “hain zen aspergarria, museo bat zirudiela”, etab. Museoak gauza biziak dira, ordea, oso biziak, etengabe ari dira mugitzen. Oso bitxia iruditzen zait nola izan ditzakeen termino batek hain esanahi kontrajarriak.

Hotelen adibidearekin jarraituz, zein izango litzateke museo guztien artean luxuzkoena, bost izarretakoen artean onena?

Nik uste dut hainbat museo nahasi beharko lirateke horrelako bat lortzeko. Ez nuke esango maila horretako bakar bat dagoenik. Bakoitzak bere ikuspegia izango du museo idealaren inguruan, baina ziurrenik hainbat elementu bildu beharko lirateke handik eta hemendik, gure museokoak batzuk, eta beste batzuetakoak beste batzuk. Nik, behintzat, aukeratuko nituzkte Beaubourg Museoaren espazio teknologikoa, El Cairoko Museoaren magia, El Pradoko Museoaren aurrekontua, Québec-eko Zibilizazioen Museoan antolatzen dituzten erakusketen irudimena, Red-Bayko Museoaren kokapena, etab. Nolako eguna daukadan eta zein egoeran nagoen, erantzun ezberdina emango nioke zure galderari.

Zer behar da museo on bat sortzeko?

Helburuak garbi izatea, lantalde on bat, eta aurrekontu galanta (barrez).

Nola sailkatuko zenituzke museoak?

Uf! Gaiaren arabera sailkatu beharko bagenitu, zerrenda ikaragarri luzea izango litzateke. Kudeaketa motari begiratuz gero, publikoak, pribatuak edo mistoak ditugu. Neurriaren arabera, handiak, ertainak eta txikiak. Baina orain kontzeptu berriak sartu zaizkigu: interpretazio zentroak, ekonomuseoak, erakusketa iraunkorrak, etab. Ikusi egin behar zertarako beharko zenueekan sailkapena.

Nolako bilakaera izan dute museoek azken hamarkadetan?

Azkenaldian, oso azkarra. 60ko hamarkadaz geroztik, asko garatu dira; batez ere, jendeari zabalduago daudelako. Eta alderdi hori oso azpimarragarria iruditzen zait: nola ireki diren museoak gizartearengana. Zalantzarik gabe, oraindik ere mantentzen dute beren funtzio “estatikoa”, baina jauzi handia egin dute beren edukia ezagutzera ematean, tailer irekiak antolatzen, ekintzak dinamizatzen, etab. Nolanahi ere, zenbaitetan iruditzen zait mutur batetik bestera igaro direla, fondo batzuen biziraupena arriskuan jarri dela gizarteari zabaltzearren.

Zer-nolako langileak behar dira museo bat kudeatzeko?

Museo bakoitzaren beharrei begiratu behar zaie, nolako langileak behar dituen jakiteko. Hor ere aldaketa bat eman da. Kudeatzaileak, adibidez, gero eta hobeto prestatuta egoten dira, eta, gainera, askotan museotik kanpo egiten dira lan horiek, zeren eta, orain, langile autonomoz edo freelance-z osatutako talde txikiekin aritzeko joera dago. Nik uste dut museoetako langileek inoiz baino prestakuntza hobea dutela gaur egun. Lehen, adibidez, langile asko behar izaten ziren aretoak zaintzeko, baina orain segurtasun pantailak, alarmak eta kanpoko enpresak ditugu lan horiek egiteko. Alor batzuetan lehen baino askoz ere langile gutxiago behar dira, baina beste zenbaitetan gehiago (zaharberriketak egiteko, zabalpenak, etab.). Museoetan lanean aritzen den jendeak bokazio punttu bat izaten duela iruditzen zait.

Zer dela-eta izaten dituzte museo batzuek hainbeste bisitari, eta beste batzuek hain gutxi?

Gaur egun, komunikabideek, prentsak eta iragarkiek sekulako garrantzia daukate. Orain marketing-eko arduradun bat eta guzti egoten da museoetan; duela zenbait urte ez zenuen horrelakorik ikusiko. Dena dela, ez dago ikusle guztiak zaku berdinean sartzerik, denetarik egoten baita: ikasleak, asteburuetan hurbiltzen direnak, herriko jendea, atzerritarrak... Gero eta gauza eta zerbitzu gehiago eskatzen dizkigute, baina lehen geneuzkan bitarteko berberak dauzkagu.

Zer dago museoko pieza bakoitzaren atzean?

Uffff! Sekulako lana. Eta istorio bat: nola iritsi zen gugana; nola lortu pieza hori erosi ahal izateko dirua; opari bat izatekotan, berriz, dohaintza nola negoziatu... Batzuetan oso lan konplexua egin behar izaten da. Inoiz gertatu zaigu pieza jakin bat lortu nahiean urteak eta urteak ematea, eta gero non eta beste museo batean ikustea, edota galdutzat ematen genuen pieza bat ezustean gure eskuetara iristea. Eta jendeak ikusten ez duen lan asko egin behar dugu: museoan jasotzen ditugun piezak erregistratu, katalogatu, dokumentatu, zaharberritu, zaindu...

Zerekin amesten du Soko Romanok Untzi Museorako?

Dagoeneko zenbait urte daramatzagunez, asko gustatuko litzaidake erakusketa iraunkorra berriztatzea. Eta, teknologia berriz baliatuz, museoaren fondoen dokumentazioarekin lotutako lanak ere pozik egingo nituzke, nire ustez ez diogulako behar bezainbesteko arretarik eskaintzen. Aldi baterako erakusketak eta jendaurreko jarduerak ikusi egiten dira, baina dokumentazio lanak ez. Eta, askotan, zaila izaten da baliabide ekonomikoak lortzea eta zenbat denbora eskatzen duten ikusaraztea.

Bukatzeko, esaiguzu, zein arrazoi aipatuko zenituzke Untzi Museora joan beharra sentitzeko?

Oso aukera ona delako. Pasieran ibili, zinemara joan, eta, zergatik ez? Museora ere bai. Kultura izateko, aisialdia osatzeko, arratsalde euritsu bat igarotzeko, atseden hartzeko, leku ezberdin bat ikusteko, historiaz betetako objektuak ikusteko, gure iragana ezagutzeko... gauza askotarako. Oso aukera egokia da.

Urtearen bukaeran erakusketa berri bat zabalduko dugu, urpeko ondareari buruz. Aukera ezin hobea izan daiteke Gabonetako oporraldietan gure kostaldeko itsas hondoko objektuak ezagutzeko. Elementu gehienak, gainera, lehen aldiz jarriko dira jendaurrean. Haurrek ere etorri ahal izango dute, Gabonetarako opariak erostera, liburutegia ikustera, Museoko langileak ezagutzera, eta Museoko mamua somatzera, zeren eta Museoan mamutxo bat daukagu...

Orain bai, azken-azkena: zer aurrera diezagukezu Untzi Museoaren geroaz? Nik uste Euskal Herriko itsasoaren historiak bere garrantziaren pareko museo bat merezi duela. Museo handiago bat, espazioaren arazorik izango ez duena, ondo ekipatua, eta aurrekontu egokia izango duena. Urtetan zehar bildu ditugun fondoak erakusteko moduko museo bat, lekurik gabe gabiltzanez biltegietan dauzkagulako gordeta. Baina politikarien esku dago erabakia. Untzi Museoa Foru Aldundiarena da, eta berari dagokio galdera honi erantzutea.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jakes Casaubon. Ikerlea: Ni naiz ikerle xume bat, euskal kultura maite dut, ene bizi guzia hortan lehiatzen naiz, bainan egiten dut apalki

 

Irakurri

Javier Zuriarrain. Bide Azpiegituretarako diputatua: Mugikortasuna, joan-etorrietarako erraztasuna eta komunikazioa funtsezko faktoreak dira bizi-kalitatea neurtzeko

 

Irakurri

Laura Mintegi. Idazlea: Askotan, sufritu egiten da idaztean, norberaren barnea arakatu behar delako eta gauza mingarriak topatzen direlako

 

Irakurri

Oscar Álvarez Gila. Historian doktorea eta Ameriketako Historiako irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean: Diasporarena, ezezaguna zaigunaren exotismoa eta ondo ezagutzen dugunak ematen digun ziurtasuna konbinatzeko aukera ematen digun gai gutxietako bat dugu

 

Irakurri

Agustín Azkarate Garai-Olaun. Arkeologian katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean: Vitoria/Gasteizko hirigune historikoaren etsairik handiena gasteiztarra bera da

 

Irakurri