Xabier Diharce 'Iratzeder': "Euskal abesti asko ikasi nituen, eta anitz ikasi nuen haiei esker. Eredugarriak ziren niretzat"

2001-03-09

ETXEZAHARRETA, Luzien

Elkarrizketa: Xabier Diharce "Iratzeder" Xabier Diharce "Iratzeder" "Euskal abesti asko ikasi nituen, eta anitz ikasi nuen haiei esker. Eredugarriak ziren niretzat" * Lucien Etxezaharreta Xabier Diharce, "Iratzeder" izenarekin ezaguna, 1920. Urtean, Donibane Lohizunen sortu zen. Apaiz beneditar sartu Bastida eta Bardozeren artean kokatzen den Belokeko frailetxean. 60 urte baino gehiago han iragan ditu fraileen Abade izan zela garai batean. "Otoizlari" euskarazko aldizkaria han plazaratu zuen urte askoz, Corde Magnoîrekin batera. "Salmoak" obra nagusiaren egokitzaile izan denak toki nagusia hartu du euskal liturgia berriaren hedapenean, Batikanoko Kontzilioaren ostean 60.eko hamarkadan hedatu zenean. Poesi idazlea gaztarotik, poesi bilduma nagusi batek "Biziaren Olerkiak", 1983an, biltzen ditu bere lan nagusiak. "Pindar eta lano" lehen olerki bilduma 1946.an argitaratu zen. Belokeko mendixkan, bere aspaldiko izerumendian aurkitu dugu Xabier Diharce Iratzeder. Bere biziaren eta poesiaren urratsak apaltasun handienean agertu dizkigu udazkeneko eguzkiak argitu zuhaitz ederren gerizan. Ezagutzen ez zaituztenentzat, Iratzeder izen hori, nondik heldu zaizun orroitarazten ahal duzu? Ene izena zen Diharce eta bilatzen nuen nundik ateratzen zen izen hori eta, orduan pentsatu nuen "ihartz", iratzetik heldu zela eta orduan iratz izenaren edertzeko, eman nuen Iratzeder. Ez duzu estakuru aski haundia hori: iratzeak baditu bertute berezi batzu behar bada eta edertasun berezi bat ere, hori azpimarratu nahi izan duzu? Iratzeak mendian bizi dira larre zokoetan, eta orduan iratzea, libertatearen izen bat izaitean, eta ez bakarrik libertatea, bainan mendi tokietan sortzen den landarea, iratzea. Gauza guttirekin hazten denak beharbada lur puska ttipi bat aski baitu... Bainan ura beharrezkoa du. Bai, bainan haizeak bizi ematen dio iratzeari eta orduan pentsatzen nuen bertsularia hola dela eta, mendiko haizeak edo itsasoko haizeak jotzen duela haren gogoa eta orduan pertsuak sortzenzaizkiola. Ez da sekretu handi baten salatzea bizi luze bat eramaiten ari zarela. Bainan, egungo egunean zer da zure eguneroko bizia hemen Beloken, zer egiten duzu egun batez eman dezagun? Sei orenetan jeiki, seiak eta erditan bertze fraidekin Salmoak kantatu egunaren eskaintzeko, gero zortzi orenetan gosaldu eta lanari lotu, ene lanetan, ene liburuetan. Eta gero, eguerditan, meza kantatzen dugu elgarrekin haundizki eta, arratsaldean berriz ene lanean hasten. Eta arratsean badugu elgarrekilako bilkura bat. Aita Abadea mintzo zaiku eta bakotxak bere eguneko berriak ematen ditu. Elgarrekin bizi gira, alo. Ene lana da egunean bortz aldiz Salmoak kantatzea, eta gero artetan egiten ditu lanak, eta ahal dutanean pertsuak egiten ditut ere. Eta zer liburu mota irakurtzen duzu, euskarazko liburu asko, agertzen diren liburuak, eman dezagun? Ez dut ainitz irakurtzen. Bainan amets frango egiten dut, amets eta otoitz, eta orduan hor atxemaiten ditut ene pertsu gaiak. Salmoen itzultzaile, egokitzaileetarik edo egokitzaile nagusietarik zara Euskal Herrian. Hortako erabili duzun euskara nolakoa izan da? Nola lantu duzu hori? Egokitze lan hori, euskararat egiten den hori ez baita erretxa... Salmoak latinez ikasi nituen hemen. Latinez kantatzen ginituen, eta orduan, bainuen usaia edo ohitura, pertsuen egitea, bertze fraideekin latinez Salmoak kantatu eta, euskaraz kantatzen nituen ene bihotzean, eta batzuetan agertarazten sortzen zitzaizkidan bertsuak. Erraiten da ainitz latina ikasi dutenek, hots apezek, Axularren etsenplua emanez, latin forma horiek euskaran ainitz gehiegi sartu dituztela. Zuk hori lanjer bat bezala senditu duzu ala kasu eman duzu herriko euskarari? Edo, nolako euskara erabiltzen duzu: Donibaneko euskara hortarik abiatu zara, bixtan da... Bai, gustatu zaizkitanak dira euskal kantu zaharrak, eta orduan kantu horiek izan dira ene erakasleak. Euskara ikasteko, ez dut erakaslerik izan, baizik etxekoak. Bertzenaz, pertsuetan eta kantuetan ikasi dut nola erabili beharziren gogoetak. Gogoeta horiek zure bizian ere oinarritzen dira. Xabier Diharce "ttipi" horrek izan duen kulturak efektu haundia izan du, ala ez, eskuararen eta zure produkzione edo ekoizpen hortan? Haurretik ainitz euskal kantu ikasi dut eta euskal kantu horiek izan dira ene erakasleak. Maiz erraiten duzu zure aitak, apezteko gogoa agertzearekin, kasik bortxatu zintuela euskararen ikastera! Eskolatik sartzen ginenean, hasten ginen frantsesez mintzatzen, eskolan bezala, eta orduan aitak oihu egiten zuen: "Euskaraz!". Eta atxikiak izan gira euskarari hola. Eta gero euskal kantu anitz ikasi dut. Euskal kantu etarik ikasi dut nola erabili behar zen euskal mundu pollita, hunkigarria. Errabiatua nintzen euskal kantuen ikasten, eta han nituen kantu guziak ikasi nituen. Ohartzen nintzanean norbaitek bazakiela kantu bat nik ez nakiena, orduan ez nion bakerik uzten nik kantu hori ikasi artino, eta hola anitz euskal kantu ikasi dut. Gogoan nituen, markatzen nintuen ere, gogoan atxikitzen. Aipatzen dituzu kantu xaharrak. Noiz egin zinuen junta euskarazko literaturarekin? Liburuetan ere anitz ikasi baituzu bixtan da...Zer izan dira zure modeloak edo erabili dituzunak? Erakaskea izan dut Jean Barbier senpertarra. "Piarres" liburua egin zuen. Liburu hori hurbiletik irakurtu nuen eta ikasi. Jean Etxepare medikuaren lan guti publikatu bazen ere, haren artikuluak "Eskualduna"n leitzen zinituen? "Buruxkak", haren liburua, hurbiletik irakurtu nuen. Anitz ikasi nuen hortan. Bainan ene erakasleak euskual kantak izan dire gehi gehienik. Banazkien ehun eta eztakit zenbat kantu, gogoz ikasiak. Zure olerkietan ikusten da, aipatzen duzula asko Euskal Herria. Aipatzen duzu ainitz zure fedea, zure familia, zure arrebari egin bertsu ederrak eta gauza hunkigarri frango ere. Lekuko nahi izan duzu ere ixkiriatzean. Erraiten da orduan bakotxa bere ingurumenaren lekuko dela. Itsasoa izan da ene erakaslerik hoberena. Itsas ondoan sortua naiz eta. Itsasotik ehun metrotan sortu nintzen: beti ekarrianintzen itsasoaren aipatzeari. ITSASOAN (1950 10 29ª) Itsasoan, itsasoan, Uhain zabal zoroan, Urrunerat itsasoan. Zurekin maiz nindoan. Ez zen han neurririk, Ez zen han mugarik! Zu kapitain ni lemazain, Ez zen hain gu bezain Bihotzez alarik. Urrunerat itsasoan Zurekin maiz nindoan. Ai! Hango solasak, Kantuak, ametsak! Uhain zoroz, amodioz Betez han betikotz. Elgarren bihotzak. Itsasoan, itsasoan, Uhain zabal zoroan... Geroztik nun gaude? Zu hezur, ni fraide: Zu zeruan, ni munduan, Biak bat kantuan, Eskualdunen alde. Itsasoan, itsasoan... Jainkoaren itsasoan, Bozkario zabal eta osoan. Eta hor aipatzen dut gerlan hil zitzaitan anaia, anai zaharrena. Horrek ainitz hunkitu zintuen gauza da ez? Bai, bai, izigarri atxikia nintzen hari. Harek eman zautan euskual amodioa. Errabiatuki zen euskarari atxikia. Xabier Diharce Iratzeder, zure poemak aipatzen direlarik, maiz Gernikako zure bihotzeko ohiu hori ere aipatzen da. Horrek erran nahi du Euskal Herriko gerlaren gertakari horiek ere biziki hunkitu zaituztela. Donibanen bizi nintzelarik etorri ziren iheslariak mendiz bertzaldetik. Heiekin ibili nintzen ainitz, Garbizu eta bertze batzuekin. Euskual kantu ainitz ikasi nuen heiekin eta orduan heien sua piztu zautan bihotzean. Zure denborako euskaltzale batzu politikan sartu ziren, eta, zuk maiz erran duzun bezala, beste hautu bat egin zinuen, apeztearena. Apeztearekin ez duzu senditu uko egiten ziniola euskaltasun zerbait? Politika baita batzuendako erremedio nagusia? Bihotzean sartua nuen xede hau, nahi nuela Euskal Herria salbatu eta egin ahalak egin behar nituela hortarako. Orduan, pentsatu nuen hoberena zela Jainkoaren indarra Euskal Herrian sarraraztea. Eta orduan, aitari esker, ikasi nuen ainitz eskuara. Erraiten da fraileak mundutik aparte direla; hala ere, kanpoko oihartzunak izan dituzue. Joan den gerlako gertakariak eta geroztik Euska Herrian berrogei eta hamar urte hauetan diren gauza lazgarri frango... Euskal mende hori nola senditu duzu, hainbeste gauza kanbiatudirelarik? Pentsatu nuen Euskual Herriak behar zuela zeruetako Jaungoikoaren indarra, bertze indar guztiak maiz indar faltsuak zirela, gezurrezkoak. Jainkoari lotzen banio Euskual Herriaren bizia, orduan, mendez mendeko bizia izanen zuela Euskual Herriak eta geroari nagusituko zitzaiola. "Hitzaren harma", ez dakit hola erran behar den, hitzaren indarra segurik, zuk erabili duzu gelditu gabe. Hitza ainitz erabili duzu, euskarazko hitza, zuk, zure aldetik! Bihotzean nintuenak, nahi nintuen aipatu. Eta orduan hitzak behar nintuen ene gogoetak adiarazteko. Nazkikan euskal hitzak behar nintuen ibili. Zure erakasle eta laguntzaile segurik izan da Urteaga konpositore eta organojolea Donibane Lohizunen. Harekin lan ainitz egin duzu. Lagundu zaitu zure bide hortan? Bai. Nik emaiten niozkan ene pertsuak eta harek soinutan emaiten zaizkidan kantuak. Asmatzen zituen nik emaiten niozkan kantuetarik. Eta kontrarioa ere, harek emaiten zuri musikak eta zuk hitzak sortzen gero... Hori bai, elgar lagundu dugu ainitz. Belokerat etortzen zen eta maiz penatua, ikusiz nola Donibane Lohitzunen uzten zuten euskara. Orduan harekin ari nintzen, harek pianoan eta ni kantatzen, euskal kantu ikasten eta euskal kantu berri egiten. "Ezkila", Belokeko argitaletxea izan da momentu inportante bat: zer egin zinuten? Sortu zen Elizan hasi zenean liturgia euskaraz egiten. Orduan ohartu nintzen behar zirela kantu berri batzu egin, bertzenaz frantsesez sartuko ziren Parissetik heldu ziren kantu guziak. Salmo guziak, ehun eta berrogoi eta hamar Salmo badire, eman nintuen euskaraz, euskal kantutan kantatzeko moduan. Hori lan luze eta handia izan da, ez? Bai, eta nola atxeman astia, denbora, lan horren egiteko? Orduan eritu nintzen. Eritu, eta, bi urtez egon etanik. Bularretarik eritu nintzen, eta orduan Salmo giak ohean eman nintuen euskaraz, eskutan nintuen kantu guziak eskuaraz. Hori izan zen "Ezkila" argitaletxearen lan bat. Aldizkariak ere baziren, "Otoizlari" eta "Corde Magno". Noiz eta nola sortuziren? Hasi zuten komentuan frantsesez "Corde Magno", hilabetekari bat. Orduan pentsatu nuen behar zela euskuaraz ere egin. Euskal aldizkari bat asmatu nuen eta eman nion "Otoizlari" izena. Zenbait urtez argitarazi dut. Elizako otoitz eta beste bazen, baziren ere olerki batzu. Emaiten zen sainduen berri, elizako berri eta... Elizaren bizia aipaten nuen eta haren lehengo euskaldunak. Lehengo sainduak eta aipatu nituen. Izan duzu ere esperientzia inportante bat Afrikan hor "Belokeko komentua" Sananado herrian Dahomey en. Hasi zuten Afrikan komentu bat. Eta orduan pentsatu nuen nik ere hola hola, joan behar nuela harat. Galdetu nuen eta baimena eman zautaten. Eta harat joan nintzen, osoki eritu arte. Bainan bizpahiru urtez egon nintzen. Hango bizia eta fedea parekatu behar bazinu hemengo biziarekin, arrunt beste mundu bat zen ala fede berdina aurkitu duzu? Badu egite haundia hemen direnekin ere. Ez nakien ongi hango mintzaira. Ez nakien, bainan hala ere baginituen hartu emanak. Eliza katolikoak Afrikan egin dituen komentu edo lanak batzuetan kritikatzen dira, kanpoko kultura bat bezala dela eta alderantziz erraiten da ere eliza beti egokitu dela tokiko sinesteeri eta. Holako gauzarik, gogoetatu duzu han? Kritikatzea, beti errex da. Bainan gu ez ginen harat joan frantsesaren erakusteko. Joan nintzen Ebanjelioa heien bizian sarrarazteko eta hortako, behar ginuen lehenik, heien mintzaira ikasi. Hasi ginen heien mintzairan eta heien kantuak ere ikasi ginituen. Eta kantikak euskaraz emaitea egin nuen bezala, han ere egiten niozkaten kantu batzu. Zure euskararen kalitatea nola ikusten duzu egungo egunean? Ni ahalaz lapurtarrez mintzatu naiz, ez nahasiz baxenabartarrarekin ere, bainan ahalaz lapurtarrez eta beti segitzen dut hori. Euskaldun guziek konprenitzen dute lapurtarra. Ni lapurtarrari atxikia naiz. Iratzeder poetak galderei olerki batekin erantutea maite du. "Biziaren olerkia" liburu gotorra ireki digu eta irakurtu digu "Munduan iragan da". Munduan iragan da Jainkoarensoa: Harek du xuriz jauntzi mendien kaskoa, Izarrez ilunbeak, zeruz itsasoa. Munduan urtu zaiku Jainkoaren soa: Harek du amen baitan ixuri goxoa, Haurnoen begietan goiko irrinoa. Munduan iragan da Jainkoaren soa: Hartarik du gizonak bere balioa, Hartarik bere Amets neurri gabekoa. Munduan badabila Jainkoaren soa: Hargatik zaiku eder geroko geroa, Geroko Euskal Herri betierekoa. Guri so iragan da Jainkoaren soa... Senditzera emaiten duzu zure gazte denborako sineste hortan beti tinki atxikitzen duzula eta lehengo hitzetarik ez duzula deus aldatu. Hala da ez? Ez naiz gezurrez ari. Bihotzean dutana emaiten dut ene pertsuetan eta ene mintza moldea ere halakoa da. Ebanjelioa eta fedearen inportantzia beti agertzen da zure erran moldeetan. Zure olerkietan aipatzen duzu geroa pixka bat, Ebanjeliok balio duela gerorako eta betirako. Errepikatzen ahal duzun gauza da ez? Jainkoaren eta Euskal Herriaren amodioa biak batean sortu zaizkit bihotzean eta biak hazi ditut. Bai, otoitzaz atxikia izan naiz Euskal Herriari eta Euskal Herriaren amodioz, Jainkoari atxikia. Eta biak baditut ene bihotzean. Erran zinuen behin, "Euskal Herria otoitzarekin salbatu behar zela", salbatuko zinuela partez. Egungo egunean diren bortizkeri guziekin gogoeta berdina atxikitzen duzu? Segurki, gero eta gehiago. Zure olerki liburuetan, lan batzu maitiago ote dituzu? Ene bihotzean zirenak eman ditut pertsuetan, beraz atxikia naiz pertsu horieri. Eta horra Iratzederrek agertu nahi zigun olerkietarik bat: EUSKAL LURREKO...(1951 10 28ª) Euskal lurreko ama bihotzak, oi ama bihotz sainduak! Joan semeeri pentsa ta pentsa, denen ixilik urtuak. Nere ahotik igan ditela heien otoitz pleinuak, Jaun zerukoa hunki dezan gaur euskal lurraren oihuak. Euskaldun amek buba bubaka goxatu haurren barnea Herriko mendi eta zerupek nihundik ezin asea. Urrungo minak noizbeit harturik uzten dute etxea, Ama begiak utziz ardura hil arte beha ta beha. Ai egiazko nigar zelaia mundu huntako bizia! Zuk ere, Jauna, gabiltzan lurhau odolaz duzu bustia. Onesten dugu kurutzearen besarkada gorria Ai, bainan dugun, semekin goza zeru gaineko Herria. Guk semen baitan eman fedea nolaz urrundik begira, Ez diten nunbeit bakar bakarrik hiltzearekin leizera. Hara uruski euskal fraideen Belokeko gain hura: Denen zain eta denen biltzaile deika daudela zerura. Molda gain hortan, fraide ixilak, euskal bihotzen bihotza Molda munduko euskal semeen mendez mendeko eliza. Eliza horrek biziak eta... hilak ere zain bitza, Iganaraziz gau eta egun Euskal lurraren otoitza. Argazkiak: Euskaldunon Egunkaria, Eusko Ikaskuntza Euskonews & Media 114.zbk (2001 / 3 / 9 16) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Miguel Zugaza: "Museoen zeregin nagusia beren ondarea gizarteari erakustea da, baina errespetuarekin betiere"

 

Irakurri

José Ramón Zamanillo: "112 telefono zenbakia guztiz errotuta dago"

 

Irakurri

Pilar Aróstegui: "Gasteizko Udal Artxiboan dauzkagun agiriek, bata bestearen atzean jarrita, kilometro eta erdiko luzera hartzen dute"

 

Irakurri

Lucia Etxebarria: "Metaliteratura interesatzen ez zaidalako egiten dut literatura konprometitua"

 

Irakurri

Gurutz Jauregi: "Zuzenbideak gizarte moderno eta garatu guztietan funtsezko papera bete du elkarbizitzarako formula gisa"

 

Irakurri