Xabier Iriondo: "Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak "

2001-04-27

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Xabier Iriondo Xabier Iriondo, Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko aholkulari juridikoa eta Eusko Ikaskuntzako Zuzenbidea Euskaraz taldeko kidea "Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak " * Teresa Sala Hogeita hamaika urteko gaztea dela jakitea deigarri gertatzen da, izan ere trinkotua eta aberatsa baita Xabier Iriondo Arana donostiarraren jarduera. Zuzenbidean lizentziaduna da eta Zuzenbide Europarrean masterra egiteaz gain, lau urtez Zuzenbide Fakultateko bekaduna izan zen hizkuntza eskubideen ikerketarako. Urte betez Zuzenbide Administratiboko irakasle gisa aritu zen Donostian . HAEEko zerbitzu juridikoan ere izan da eta egun Eusko Jaurlaritzan dago, Barne Saileko aholkularitza juridikoan lanean. Abokatu bezala tarteka udaletxe zein partikularrentzat txosten juridikoak egikaritu baditu ere, hizkuntza eskubidea adoptatu du arlotzat. Esparru honen inguruan 20 bat artikulu idatzi ditu Revista Vasca de Administración Pública, Bat, Llengua i dret, Eleria, Administrazioa Euskaraz... eta konferentziak eman ditu nazioartean zein Euskal Herrian. Eusko Ikaskuntzak eskaintzen duen Jakitez programako irakaslea ere bada, eta "La institucionalización jurídica y política de vasconia" liburua idatzi du Gurutz Jauregi eta José Manuel Castellsekin batera. Honetaz gain, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko egile taldeko partaidea izan zen arlo juridikoan eta baita europar batzordeko aditu taldeko partaidea ere, Moldaviako hizkuntza normalkuntza bideratzeko taldean. Zer dira Hizkuntza Eskubideak? Non aurrikusten dira, nazioartean eta Estatu mailan? Zein legetan? Egia esatera, gai hau nahiko metajuridikoa da, bertan uztartzen baitira Zuzenbidea, Soziolinguistika eta hizkuntzarekin zerikusia daukaten beste hainbat diziplina. Hizkuntza Eskubideak berez ez dira aurrikusten inongo ordenamendu juridikoan. Hizkuntza Eskubideak zeharka babesten dituzten ordenamendu juridikoak badaude, izan ere konstituzio gehienek aurrikustenbaitituzte. Aurrikuspen honek ondorioz dakarrena da hizkuntza horien estatus juridiko bat. Estatus honek hizkuntza horien babes handiago edo txikiago bat dakar. Nik dakidala, inongo konstituzioek ez dute aurrikusten Hizkuntza Eskubiderik bere horretan. Egin den saiakera bakarra "Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala" izan da, Bartzelonan onartu zena 1996. urtean. Deklarazio honek Hizkuntza Eskubideak definitu eta zerrendatu nahi zituen; zer diren eta zeintzuk diren. Saiakera egin zen baina gaur, 2001. urtean, ez dakigu zehazki non dagoen. Hizkuntza Eskubideak izan daitezke bakoitzak, gizabanakoek zein komunitate linguistikoek, daukan eskubide bat bere izaeraren ardatz nagusia den hori ezagutzeko eta erabiltzeko. Hizkuntza Eskubideak bere horretan ez existitzeak, Hizkuntza Eskubideen babesa beste eskubide batzuen bitartez bilatzera garamatza. Hizkuntza Eskubideak beste eskubide batzuen barnean edo bitartez azaltzen zaizkigu: Adierazpen askatasunaren eskubidea, Hezkuntza eskubidea, Katedra askatasunaren eskubidea... Eskubide guzti hauek eskubide konkretuak dira, eta horien eduki linguistikoari deitzen diogu Hizkuntza Eskubidea. Egun ez da existitzen Hizkuntza Eskubide konkreturik, ez da existitzen Hizkuntza Eskubide positiborik, eta ondorioz ez da existitzen Hizkuntza Eskubide horiek babesteko inongo organo judizialik. Eta hori da, hain zuzen ere, Justizia eta Euskararen auzi honetan arazo nagusiena. Zaila da Hizkuntza Eskubideak definitzea ez direlako existitzen. Gure baitan existitzen dira eta baita gure izaeran, baina ez ditugu idatziak inon aurkituko. Hizkuntza Eskubideak ez dira inon aurreikusten, baina beste eskubide batzuetan bilatu behar dira. Ba al dago honen existentzia gauzatuko den itxaropena? Lortuko al da noizbait? Bai, baina oso zaila izango da Hizkuntza Eskubidea beste eskubide batetik argitzea. Zuk nahiko bazenu Hizkuntza Eskubideak zerrendatu, beti ere egingo zenioke erreferentzia eskubide konkretu bati eta honen eduki linguistikoari. HizkuntzaEskubideak entelekia bat dira, inork ez daki non dauden baina guztiek hitz egiten dute beraietaz. Pertsona batek hizkuntza bat edozein lekutan hitz egiteko eskubidea dauka, herri batek bere hizkuntza babesteko eskubidea dauka eta hizkuntzak berak ere, existitzeko eskubidea dauka. Baina ez daude inon definituta, ezta zerrendatua ere. Zein balorazio egingo zenioke Euskararen Normalkuntzarako Legeari? Euskararen Normalkuntzarako Legeak hogei urte bete ditu eta bere hegalpean lorpen asko egin dira, nabariak gaur eguneko gizartean. Egia da ere sektore batzuetan oso motz gelditu dela, baina ez legea bera, legeak esaten duen dena beteko balitz, gaur egun ez ginateke gai hauetaz hitz egiten egongo. Legeak argi jartzen baitu hiritarren eskubidea Justizia Administrazioaren aurrean existitzen dela. Lege horren garapenerako egin diren dekretuak dira ezin izan direnak guztiz garatu. Legea bera ona da, lorpen handiak egin ditu eta bere osotasunean beteko balitz ikaragarria izango litzateke. Ez da bete, eta, hala ere, bete ezak ez du esaten legea ona edo txarra denik. Betetze ezak gizarte honetan legea iristen ez den esparrua badagoela adierazten du, borondate politikoak bete beharko lukeena alegia. Euskararen Normalkuntzarako Legearen balorazio positibo bat egingo nuke baina zalantzarik gabe legea ere hobetu daiteke. Konkretuki elebitasun simetrikoa ezartzen duen 8.2 artikuluak onura baino kalte handiagoa egin du eta egiten du gaur egun, baina hori ez da legearen errua, Konstituzionalaren errua izan zen. Lege ona da Euskararen Normalkuntzarena, garapen eskasa izan du ordea. Zein da lege honen baliagarritasuna gaur egun? Legea ez dago guztiz garatua baina gaur egun eta bizi dugun egoera kontutan harturik nik ez nuke ukitu ere egingo. Ukituko bagenu txarrerako izango litzateke, orain dagoen botere oreka ikusirik. Legea izozkailu batean sartu beharko lukete eta bertan utzi. Beste egoera politiko batetan legea hobetu zitekeen, arlo konkretu batzuetan behintzat. Planteatuz, adibidez,maximo eta minimo desberdinak egoera soziolinguistiko ezberdinetako barrutietan. Guztiz euskaldunak diren hainbat herrietan legea motz gelditzen da, baina ez die ere lan egitera oztopatzen. Beste alor bat izango litzateke lege horrek udalei eman beharko liekeen babesa, nahi izanez gero euskara hutsa erabil dezaten, beti ere euskaldunak ez diren pertsonen Hizkuntza Eskubideak errespetatuz. Zer deritzozu Nafarroako Vascuencearen Legeari eta Hizkuntza Eskakizunei buruzko dekretuari? Dekretuak legea garatu beharrean, lege horrek ezartzen zituen zenbait minimo zeharo murrizten ditu. Nire ustez, dekretua alor askotan Vascuencearen Legearen kontrakoa da. Vascuencearen legeari buruzko balorazioa ez dator gaira. Lege hau baino askoz larriagoa den dekretua baldin badaukagu ez gara Vascuencearen Legea bera kritikatzen hasiko. Eta Vascuenceran Legeari buruz gauza asko esan daitezke, hala eta guztiz ere, Vascuencearen legea on bezala hartuz, dekretua askoz eskasagoa da eta, zalantzarik gabe, legez kontrakoa. Horregatik aurkeztu dira helegiteak, aurrera ateratzeko aukera handiak dituztenak. Euskararen merezimendu bezala, balorazioarena, ez dator dekretuan, orden batean aldiz. Orden honek dekretuak dioena zehazki garatzen du eta dekretu honek aurreko bat indargabetzen zuenez, orden berri bat atera behar izan dute, koofizialtasunaren aurka doana gainera. Lotsagabekeri bat iruditzen zait eta helegitea berehala aurkeztu beharko litzatekeelakoan nago. Eta Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Politikari? Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Politika beste lotsagabekeri bat iruditzen zait. Eta lotsagabekeria izateaz gain, iruditzen zait gainera, ordenamendu juridikoak zer suposatzen duen ez ezagutzea inondik inora, eta ezagutzen badute ere, nahita ordenamendu juridikoak adierazten duena bortxatzea, helburu politiko batekin, euskara helburu politikoetarako erabiliz, euskara manipulatuz. Nafartasuna errebindikatzeko ez dago zertan euskararekin sartu beharrik. Pertsona bat oso nafarra sentitu daiteke,eta euskalduna izan. Nik helegiteetan esperantza jarrita daukat, baina ezin dezakegu ezer espero. Hala ere, euskaldunek ere badaukagu honen errua, agian guk, euskaldun batzuk, hasi dugu euskararen manipulazioa eta eskuetatik joan zaigu. Eta agian euskararen manipulazio politiko hori eragin dugunok, orain jasan behar ditugu gure erabilera horren efektuak. Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak. Eta horrek urratzen ditu printzipio orokor guztiak eta nazioarteko itun asko. Astakeria da, baina gure errua ere bada. Aingeru Epaltza idazleak behin esan zuen, euskaldunak iskanbilatsuak garen arren itzal gutxikoak garela, gure gauzak behar ez diren neurriak erabiliz aldarrikatzen ditugula. Itzal handia izatea da premiazkoa, euskarari prestigioa eman nahi badiogu euskaldunok prestigioa izan behar dugu. Onenak baldin bagara gauza askotan, gure hizkuntzak ere itzala izango du gizartean eta garrantzitsua izango da. Hori ez da gertatu ordea. Hala ere, egoerak ez du txarrera egingo, Espainiak Europar Hizkuntza Gutxiagotuen Karta berretsi berri du eta horrek, derrigorrez suposatu behar dizkielako Estatu Espainiarrari eta Nafarroari obligazio batzuk. Nire ustez Dekretuak Hizkuntza Gutxiagotuen Kartaren zenbait artikulu urratzen ditu, beraz ezin du okerrera jo. Zer iruditzen zaizu Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioan euskarak berak duen presentzia? Administrazioa elebitasunera egokitu behar da eta horretarako, hizkuntza biak menperatzen dituzten langileak eduki behar ditu. Hau oinarritzat hartuz, gero praktikara eraman behar da. Jaurlaritzak dekretu bitartez ezarri zuen euskara menperatu beharko lukeen ehunekoa, eta nire ustez neurri egokiak erabili zituen: euskaldunak gehi ia euskaldunak zati bi. Badakit honek eramaten duela ikaragarrizko ezberdintasunetara. Badaude pertsona batzuk zeintzuk uste duten neurri hau gutxiegi dela, eta astakeri bat dela dioten beste batzuk. Nire aburuz ez da gehiegikeria baina ezta gutxiegi ere. Gaureguneko egoera kontutan hartuz, duela urte batzuk baino euskaldun gehiago daudela esan dezakegu, beraz portzentai hori igo beharko litzatekeela uste dut. Eta are gehiago, agian administrazioak gizarteko portzentai horietara egokitu beharrean aurretik joan beharko litzateke, eredua izan beharko litzateke. Europa, Globalizazioa, Teknologia Berriak, Inmigrazioa... Hauek guztiak gaur eguneko hitz potoloak ditugu, hauen artean, non aurkitzen da euskara? Gurea herri txikia da eta hizkuntzak hiztun gutxi ditu. Hala ere, euskarak bere unibertsoa lortu behar duelakoan nago. Unibertso hori ez da lurralde konkretu batera murriztu behar. Frantzian frantsesa ingelesaren aurrean babesteko legeak atera dituzte. Nik esango nizuke, euskarak beti izango duela bere lekua, azken finean gure nortasunean oso errotua dagoen hizkuntza delako, eta guk beti mantenduko dugu. Baina bai bilatu behar duela bere esparrua teknologia berrietan, zuzenbidean, kimikan, medikuntzan... Esparru guztietan. Euskara ez da globalizazioaren mundu honetan desagertuko. Globalizazioarekin denon arazoak denonak egingo ditugula uste dut, eta zentzu honetan ulertu beharko genukeela uste dut. Globalizazioa elkartasunaren parean egon beharko litzatekeela uste dut. Guztiok guztion arazoak ulertu behar ditugu, eta mundu hobeago bat egiten saiatu behar gara. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 120.zbk (2001 / 4 27 / 5 4) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Koldo Amestoi: "Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du"

 

Irakurri

Miren Terese Urrestarazu: "Araba ez da inoiz orain baino euskaltzalegoa izan"

 

Irakurri

Amelia Baldeón Iñigo: "Arkeologia Museo berriarekin, laukoiztu egingo dugu azalera"

 

Irakurri

José Sanmartín: "Ezagutza izango da gizakia mugiaraziko duen indar nagusia"

 

Irakurri

Carmen Gómez: "Gizarte batek, informaziorik gabe, ezin du demokratikoa izan"

 

Irakurri