Urteko galdera

Koldo Rabadan Izagirre / Irakaslea eta Bidean liburuaren egilea

14/12/2021

Koldo Rabadan Izagirre / Irakaslea eta Bidean liburuaren egilea

Ez naiz biharko Hezkuntza Sistemak administratiboki nolakoa behar luken horretan murgilduko. Iritzia badudan arren, nire ekarpenak beste norabide batean baliagarriago izan daitezkeenaren susmoa dut. Hala ere, eta zentzu horretan nire aletxoa jartzeko, Maialen Lujanbioren amaiera dotore eta gogoangarri hura datorkit burura: “Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz.” Bai horixe, gurea izango den Hezkuntza Sistema behar dugu! Ausardiaz aritzeko unea da.

Bertso amaiera hura ederki datorkit hurrengo lerroetan azaldu nahi dudan horri hasiera emateko; izan ere, pandemia garai beltz honetan murgildurik jarraitzen dugun honetan, pantaila, zoom, meet eta classroom erdigunean jarri ditugun momentuan, beste esaldi bat ere egin da ezagun: “Kulturak salbatuko gaitu.” Bai, Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema diseinatzerakoan, kulturak batzen gaituela ulertu behar dugu lehenbizi. Kulturaren aldarria beharrezkoa da sistema orekatu bat diseinatzerako orduan. Pentsatzen, esaten eta sortzen duguna garelako, egiten duguna, alegia. Pertenentzia sentimenduaren oinarria da kultura, eta beraz, gure Hezkuntza Sistema propioa diseinatzeko giltza. Elkarlanaren garaia, adostasunarena.

Kultura oinarri izango duen Hezkuntza Sistemak, ordea, “guztiontzako eskola” printzipioarekin bat egin behar du, desberdina berdin eta berdina bakar sentiaraziz. Kulturartekotasuna. Eta honek, ezer gutxi du ikasle guztiak patroi bereko egitearekin. Horretan dihardugu gaur egun, ordea. Francesco Tonucci italiar pedagogoak ederki adierazi bezala, ikasleak hamarrekora, edo programara, zenbat gerturatzen diren du helburu egungo sistemak. Eta beraz, ikasleen gabezietan, edo falta duen horretan jartzen dugu arreta. Gurea bai falta! Baina aizue, ziur al zaudete egungo hamarrekoa ikaslearen irteera profil egokia dela? Eman diezaiogun bistadizo azkar bat egungo gizarteari, orainari. Egungo gizarte ereduak hamarrekoa merezi al du? Noraezean gabiltza, azkar baina noraezean, eta hala, zaila da etorkizuna irudikatzea, ezta ordenagailu sofistikatuenak ere! Ordenagailuak aipatuta, ez dezala ditxosozko lainoak egiteke dugun bidea itsutu. Kulturak salbatuko gaitu.

Kulturak adar asko ditu, adierazteko lengoaia anitz. Zenbat lengoaia eskaintzen ditu, egun, oinarrizko eskolak? Bada, gutxi batzuk eskaintzen dituen neurrian, zaila da guztiontzako eskola diseinatzea. Baina inklusioaz hitz egiten jarraitzen dugu, etengabe. Inklusioak, ordea, guztiontzako eskola sortzea ondorioztatzen du, eskolak ikaslera egokitzeko behar duen malgutasuna agerian jarriz. Baina sistema zurrun eta gidatua eskaintzen dugu oraindik, akademizista, edukietan oinarritua, ordubeteko saioetan antolatua, sistematikoa: guztientzat berdina.

Euskal Herriko Hezkuntza Sistemak ikasleari erantzun behar dio, ikaslea jarri behar du jomugan, eta beraz, lehen helburu gisa, ikasleak sistema horretan parte-hartu nahi izatea lehenetsi behar du. Ez da ikaslea, “documentu adjunto” bat bailitzan, sisteman txertatu behar, sistema bera baita ikasleari “adjuntatzeko” aukera eskaini behar diona. Gazteak entzuteak pista asko emango lizkiguke.

Nahi dugun informazio guztia daukagu klik batean, baina horrek ez gaitu konpetenteago egiten. Geroz eta ordenagailu, app eta abiadura gehiago dugu, baina horrek ez gaitu konpetenteago egiten. Plan bat bestearen atzetik diseinatzeak ere, ez gaitu konpetenteago egiten. Ikaslea da plana, ikaslea da gaitasuna, ikaslea da gure konpetentzia: ikaslea da erdigunea. Eskaini diezaiogun denbora. Ikasleak altxorra dira, bada eskaini diezaiegun euren ezkutuko altxorra bilatzeko modua, markoa, edo, nahi izanez gero, sistema.

Kulturak, sormenak, kuriositateak, ikerketak, akatsak izan behar du sistemaren ardatz, eta horrek, eskola eredua aldatzea ondorioztatzen du, paradigma berri bat, aro berri bat. Ez naiz eskola alternatibo bat osatzeaz ari, baina Euskal Herriak baditu indarguneak eta aukerak sistema zurrun eta akademizisten alternatiba izateko. Ezin dugu etengabean kanpoko ereduei begira egon. Sormenez, hel diezaiogun erronkari (horixe eskatzen diegu ikasleei, ezta?)

Guztiontzako eskola. Norberak dituen gaitasunak agerian jartzeko eskola. Konpetizioan baino, konpetentzietan heziko duen eskola. Sormena lehenetsiko duen eskola. Ondo edo gaizkiaren gainetik egongo den eskola. Ikasle guztiek lekua topatzea ahalbidetuko duen eskola. Hezkuntza komunitate osoak bere sentituko duen eskola. Bere egingo duen eskola. Sisteman egin beharreko ibilbidea luzea da oso. Ikaslearen ahalegina umiltasunez eta errespetuz baloratuko duen curriculumak merezi izango du. Konpetentzietan oinarritutako curriculuma urrun dugu oraindik, izenari “berri” hitza gehituta ere.

Euskaratik eta euskaraz. Kulturatik eta kulturaz. Hezkuntzak kultura behar du, kulturak hezkuntza behar duen bezalaxe. Honek, ondorioz, printzipio nagusi batzuk agerian jartzen ditu Euskal Herriko Hezkuntza Sistema diseinatzerako orduan (nire ustez):

  • Euskaratik eta euskaraz.
  • Guztiontzako, guztiona eta guztiz ona.
  • Lengoaia anitz eskainiko dituena.
  • Irakaskuntza eta irakaslea baloratuko duena.
  • Ikaslearekiko begirada aldatuko duena.
  • Eskubideen berdintasuna bermatuko duena.
  • Betebeharretan talentuen ezberdintasuna goraipatuko duena.
  • Akatsaren apologia egingo duena.
  • Gutxiago hitz egin eta gehiago entzungo duen sistema.

Finean, eta bizi dugun garai aldrebes honetan gehiago, sistema transbertsalago baten aldeko apustua egin behar dugu, hitzez baino gehiago ekinez, hezkuntza marko ireki eta malgua diseinatuz. Aukerak zabaltzeaz ari naiz, aukera berdintasunei alfonbra gorria jartzeko, eta horrek ez du inongo loturarik guztiei aukera berdin eta bakarra eskaintzearekin. Autonomia gehiago aldarrikatzen dut, autonomia gehiago eskolentzat, irakasleentzat, baina baita ikasleentzat ere. Planteamendu integratzaileagoa. Goitik beherako planteamendua baino, zeharkako planteamendua. Parekotasunean oinarrituko den irakaskuntza-ikaskuntza harremana, parekotasunean oinarrituko den irakasle-ikasle harremana. Guztientzako, edo guztiontzako, Hezkuntza Sistema.

Hezkuntza ikaslearengan arrastoa uztea da, berak bidea egin dezan. Azken finean, sistemaren helburu behar luke ikaslearen ongizateak, oraingo eta etorkizuneko “ongizartean” aletxoa jarri dezan. Proposatu diezaiegun autoezagutzan eta ezagutzan sakontzeko bide bat, zoriontasuna helburu izango duen bide bat. BIDE BAT.


Eusko Jaurlaritza

Compartir:
Facebook Twitter Google Whatsapp

OTRAS RESPUESTAS DE 2021