Euskal Herriko gizarte-erronkei erantzun globalak eta bateratzaileak eskaintzen dituen elkargune zientifiko-kultural bakarra da. Herri garapenerako ikuspegi orokorra eta arnas luzekoa lantzen du, politika publikoen eta gizarte beharren mesedetan.

Nor gara?
Eusko Ikaskuntza Euskal Herri osoa hartzen duen erakunde bakanetarikoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian ofizialki hedatuta dago. 100 urte baino gehiagoko ibilbidean, bere misioa Euskal Herriaren kezka eta erronka nagusiei etorkizunerako irtenbideak proposatzea da.
Gizartearentzat tresna baliagarria izateko bokazioa du: Euskal Herri askotarikoa, kohesionatua eta solidarioa garatzeko asmoz, adimen kolektiboa piztu, hausnartu eta, elkarlana bultzatzen du.
Lurraldeen berezitasunak kontuan hartuta eta oztopo administratiboak, ideologikoak eta gizarte mailakoak gaindituz, Euskal Herriaren eta/edo bertatik jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzen du. Beti ere, euskal komunitate globalaren orainerako eta etorkizunerako formulazioak eta orientabideak sortzeko helburuarekin. Horretarako, eztabaida soziala eta herritarren partaidetza sustatzen ditu, gogoetarako guneak bultzatuta, ezberdinen artean adostutako proiektu bateratu eta eramangarri bat sendotzeko.
Elkarte bat izanik, bazkideak dira Eusko Ikaskuntzaren oinarri nagusienetako bat. Bere ezagutza edota eskarmentu mailatik, erantzun berritzaileak eskaintzeko prest dauden pertsonak dira, erakundeak abiatzen dituen azterketetan eta hausnarketetan parte hartuz edo bere egitekoa babestuz eta bultzatuz.

Zer egiten dugu?
- Pentsamendu ireki eta diziplinarteko guneak eta ezagutza-sareak sortzen ditugu.
- Ikuspuntu zientifiko eta diziplinartekoa abiapuntu izanik, ikaskuntza, ikerkuntza eta ezagutza aplikatuaren sustapena bultzatzen du, gizarte-erronka estrategikoei erantzun berritzaileak emateko.
- Gizarte-ehunaren eraldaketa eta kohesioa sustatzen dugu, erakunde, aditu, aritu eta herritarrekin elkarlanean.
- Berdintasun irizpideekin jardun eta belaunaldien arteko lana sustatzen dugu.
- Komunikazio euskarri askotarikoak erabiltzen ditugu, ezagutza eta hausnarketak gizarteratzeko.
Eusko Ikaskuntzak, herri-akordio oinarrizkoenak ehuntzen laguntzen du, epe luzeko markoak eraikiz, lankidetzan oinarrituta eta, hortik abiatuta, ekarpen lagungarriak egiten dizkie exekuzioan dabiltzanei. Bere mendeurrenaren mugarrian, 2018an, herritar eta eragile askotarikoekin estrategikotzat jo ziren gaiak identifikatu ziren eta Liburu Zurian jaso ziren, unean une, lehentasuna edo abagune egokiena duten horiek aukeratu eta sakontzeko bidean jartzeko.
Nola egiten dugu?
- Hausnarketa eta azterketa ireki, anitz eta independenteak sustatzen ditugu.
- Herritarren eta erakundeen arteko lankidetza bultzatzen dugu, kohesioa indartzeko.
- Gizarte-erronka estrategikoei erantzun berritzaileak eskaintzen ditugu.
- Gizarteari emaitzak (gogoetak, azterlanak eta ikerketak) ezagutarazten dizkiogu.
Baloreak
- Disziplinartekotasuna
- Lurraldeen arteko zubilana
- Hiritarrekin lotura
- Belaunaldiak uztartzea
- Erakudeen arteko elkarlana
- Euskararen erabilera bermatzea
- Genero ikuspegia
- Independentzia ideologikoa
- Nazioarteratzea
Berdintasuna helburu
Eusko Ikaskuntzaren Estatutuen aitzinsolasean jasotzen den bezala, gizarte demokratiko eta bidezkoago batekin duen konpromisoaren adierazle da erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde duen jarrera aktiboa.
Konpromiso honek bi norabidetan lan egitea eskatzen dio. Alde batetik, erakundearen barnera begira, berdintasun irizpideek gidatu ditzaten bere lan- eta erakunde-kultura, baloreak, gobernantza eta kudeaketa. Eta bestetik, gizarteari begira, Euskal Herriaren kezka eta erronka nagusiei etorkizunerako irtenbideak proposatzeko bidean genero berdintasuna nahitaezko baldintza izan dadin, ez bakarrik emaitza eta edukietan, baita ere adostasun horiek lortzeko herritarren eta eragileen arteko lankidetza prozesu guztietan ere.
Asmo horrekin, feminismoaren paradigman, genero ikuspegian, intersekzionalitatean eta emakumeen ahalduntzean oinarriturik, “Berdintasunerako I. Plana (2019-2022)” landu genuen. Printzipio horietan oinarrituz, onartu da Berdintasunerako II. Plana (2023-2026), ondorengo helburu estrategikoak finkatzen dituenak:
- Proiektuen fase guztietan genero ikuspegia txertatu
- Egunerokotasunean Eusko Ikaskuntzak duen berdintasunarekiko konpromisoa handitu
- Eusko Ikaskuntzako emakumeen jabekuntza kolektiboa lortzea
![]() | Eusko Ikaskuntzaren berdintasunaren aldeko konpromisoa |
Fundazioak
Eusko Ikaskuntzak izaera propio duten bi fundazio dauzka bere baitan.
Batetik, Asmoz Fundazioa, 2002an sortuta, bere jarduera nagusia da online ikastaroak prestatu eta eskaintzea.
Bestetik, José Miguel de Barandiaran Fundazioa, 1988an on Jose Migel Barandiaranekin batera sortua, azken honen ekarpenak aztertzea, eta haren obra zabaltzea du xede.
.png)