Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa egitasmoa Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Egitasmo honek 2018an elkarlanean gauzatutako Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak ekimenean sakontzea bilatu du, eta bi ardatz nagusi hauetan jarri du azpimarra: bizikidetza aniztasunean eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan. Helburu orokor gisa, Nafarroako Gobernuari eskaini nahi izan diogu herritarren arteko bizikidetzan lagun lezakeen gutxieneko balio marko baterako hurbilketa, hori baita edozein proiektu partekatu baterako baldintza nagusietakoa.

Eremu tematikoak
Errealitate sozio-kulturala
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2019-01-01-2022-12-31

 

sarrera

Proiektuak 2019an ekin zion bideari, Baztan, Berriozar eta Castejonen egindako Herritarren Mahaien eta Gizarte Foroen bidez (Nafarroako aniztasun geografiko eta identitarioa irudikatzeko aukeratutako udalherriak izan ziren), eta 2020an jarraitu zuen bizikidetzan sakontzeko helburuarekin Aditu Talde, Nafarroako Eragileen Mahaia eta Nafarroako Herritarren mahaiaren bidez.

Aurreko urteotan egin dugun lanketaren ondorioz, aurtengo jarduerak hipotesi honetatik abiatuko dira: euskarari buruzko jarreren atzean beste gatazka batzuk ezkutatzen dira, eta gatazka horiek nazio identitatearekin harremanetan daudela uste dugu.

helburuak

Gatazka hori gainditzeko bidean, beharrezkoa iruditzen zaigu gai hauen inguruko gogoeta egitea:

  1. Euskararen balizko despolitizazioaz
  2. Nafar Administrazioaren zereginaz
  3. Gizartean konfiantza giroa sortzeaz

2021eko proiektuari ondoko helburuak ezartzen dizkiogu:

  1. Hipotesia Nafarroako eragile esanguratsuekin kontrastatzea, garrantzi berezia emanez gazteen ikuspuntuari, uste baitugu bestelako iritzia islatzen dutela
  2. Nazio identitateen arteko lehian oinarritutako gatazka gainditzen hasteko gakoak identifikatzea
  3. Gatazka gainditzera abiatuko den proposamen baten zirriborroa irudikatzen hasteko gakoak lantzea:
  • Euskararen balizko despolitizazioaz gogoeta egitea. Zertan datza zehatz-mehatz euskara despolitizatzea?
  • Nafar administrazioaren zeregina gai honetan maila desberdinetan. Neutral joka lezake Administrazioak Nafarroako bi hizkuntzen politikak diseinatzean?
  • Gutxieneko batzuk irudikatzea nafar gizartearen lehia politikoa konfiantza giroan gara dadin. Kultura demokratikoa areagotzeak lagundu lezake nazio identitateen arteko bizikidetzan?

metodologia

Nafarroako lurraldea hartu dugu esparru gisa berriro ere, eta 2019an eta 2020ean bezalaxe, haren aniztasuna izanen da abiapuntua, herritarrek eurek halaxe berretsita. 2021ean, aldiz, aniztasun horretako osagai bik (euskarak eta polarizazio politikoak)  eragindako konfrontazioaren zioetan eta haren kudeaketa egokian sakontzea izanen da helburu nagusia. Nolabait esatearren, diagnostikoa eginda, balizko kontsentsuen kudeaketan zentratu gara oraingoan. Posible litzateke gutxieneko adostasun batzuetara heltzea eraman beharreko hizkuntza politikan? Eraginen luke horrek arlo politikoan eta sozialean ustez dagoen gatazka apaltzea? Nori legokioke kontsentsu berri horien lanketaren erantzukizuna eta egokitasuna? Eta, azken batez, erantzun nahi izan dugun  galdera nagusia: nola eraiki -edo hobetu- daiteke nafarren arteko bizikidetza? Kontuan hartuta beti bizikidetza bera ulertzeko modu asko daudela.

Galdera horiei guztiei erantzuna aurkitzeko, Eusko Ikaskuntzak egin ohi duen legez, nafar herritarren prozesu parte hartzailea sustatzen ahaleginduko gara, gaian aditu diren hainbat pertsonaren gogoetatik abiatuta. Zehatzago esanda, hauek izanen dira parte hartzaileak eta ekintzak:

ekintzak

TALDE ERAGILEA

Proiektuaren definizioa, koordinazioa eta zuzendaritza, metodologia zehaztea, Aholku Batzordea osatzea, zenbait adituri egin beharreko elkarrizketa sakonak prestatzea eta gauzatzea, Jardunaldi baten diseinua, eta azken Txostenaren erredakzioa

AHOLKU BATZORDEA

  • 2020ko txostenari buruzko iritziak biltzea
  • Talde Eragileak darabilen hipotesia kontrastatzea
  • Nazio identitateen arteko lehian oinarritutako gatazka gainditzen hasteko gakoak identifikatzea
  • Aurrerantzean aurkeztu nahi den Proposamenerako iradokizunak biltzea

NAFARROAKO HAINBAT ADITURI EGINEN ZAIZKIEN ELKARRIZKETAK

Nafarroako hainbat adituri elkarrizketak eginen zaizkie jarraitutako gogoeta prozesu guztiaz hausnarketa eta kontrastea egiteko modu sakon batean, baita agian gako berriez ohartarazteko eta haien iradokizunak jasotzeko. Aditu hauen perfila ahalik eta anitzena izanen da, adina, generoa, lan-eremu eta ideología kontutan hartuko delarik.

ANIZTASUNAREN KUDEAKETA DEMOKRATIKOA NAFARROAN: BIZIKIDETZA. JARDUNALDIA

Orain arte egindako lana gizarteratzeko eta beste lurralde batzuetako praktika onak ezagutzeko. Bertan, Aniztasunaren kudeaketa demokratikoan eta Bizikidetzaren gaian adituak diren pertsonak bilduko ditugu, gizarte demokratikoak gatazkak bideratzeko behar dituzten tresnen inguruan hausnartzeko.

AZKEN TXOSTENA

Prozesu guztia jasoko duen txosten idatzia.

 

Lantaldearen osaera

  • Proiektu arduraduna
    Amaia Nausia Pimoulier
  • Zuzendari zientifikoa
    Julen Zabalo. UPV/EHUko irakaslea eta Parte Hartuz ikerketa taldeko arduraduna
    Txoli Mateos. Soziologoa
  • Proiektuaren talde eragilea
    Txoli Mateos. Soziologoa
    Julen Zabalo. UPV/EHUko irakaslea eta Parte Hartuz ikerketa taldeko arduraduna
    Amaia Nausia Pimoulier. Eusko Ikaskuntzako proiektu arduraduna

dokumentuak

       

argazkiak

Herritarren Mahaiak: Baztan, Berriozar, Castejon.

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Baztango Herritarren Mahaia Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Berriozarreko Herritarren Mahaia Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Castejoneko Herritarren Mahaia
     

Gizarte Foroak: Baztan, Berriozar, Castejon.

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Baztango Gizarte Foroa Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Berriozarreko Gizarte Foroa Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan. Castejoneko Gizarte Foroa
     

bideoa

Txoli Mateos eta Nerea B. Aramendiaren arteko solasaldia. Talde eragileko kideak.

 

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Amaia NAUSIA PIMOULIER