Artikulu honek Sistema Teknosozial Handiei (STH) buruzko RIEV aldizkariaren zenbaki berezi hau aurkezten du. STHak teknologia eta gizartea lotzen dituzten azpiegitura korapilatsuak dira. Alderdi eta eskala anitzeko sistema horiek arau sozial dinamikoen eta merkatuaren indarren mende daude, eta, beraz, barneko eta kanpoko aldaketetara egokitu behar dute. Murrizketekiko duten hauskortasuna eta sentikortasuna nabarmendu nahi ditugu, eta argudiatu arau-geruzak eta tokiko jarraibideak kontuan hartzea funtsezkoa dela STHak eraginkortasunez ezartzeko eta betearazteko.
Foreword: Large Techno Social Systems. Emergence of Social Welfare Techno Systems=Hitzaurrea: Sistema teknosozial handiak. Gizarte-ongizateko teknosistemen sorrera
Foreword: Large Techno Social Systems. Emergence of Social Welfare Techno Systems
1. Sarrera
Sistema Teknosozial Handiak (STH) hainbat geruza teknologikoz osatutako azpiegiturak dira, gizartearen barruan elkarri eragiten diotenak. Haien helburua da zerbitzu teknologiko global publikoak zein pribatuak ematea. Beren eragiketek mundu material «errealean» zein mundu birtual «digitalean» moldatzen dituzte. Honako hauek dira, besteak beste, STH sistemen ohiko adibideak: garraio- eta mugikortasun-instalazio globalak, energia banatzeko sareak, elikagaiak eta ura hornitzeko azpiegiturak, gasbideak eta petroliobideak, Internet, World Wide Web, eta burtsa- eta finantza-merkatuak.
Funtsean, alderdi eta eskala anitzekoak dira, eta, are garrantzitsuagoa dena, ingurune (sozial) konplexuetan jarduten duten sare interkonektatu konplexuak dituzte. Horrek guztiak zailtasun handiak eragiten ditu haien modelizazio osoa sortzeko eta, ondorioz, haiek ulertzeko. Hala ere, azken aldi honetan eskura dauden datu prozesagarrien multzo handiek eta sistema fisiko konplexuen teorian eta modelizazioan egindako aurrerapenek tresnak eskaintzen dituzte esparru integratu bat eraikitzeko, dagokion sistema teknosozialen eta horiek erabiltzen dituen gizartearen portaeraren iragarpen fidagarriak egite aldera. Baina, esan beharra dago ere berriki ezarri dela, arrazoizko zalantza guztietatik harago, inoiz oreka[1] lortzen ez duten sistema konplexu fisiko batzuen existentzia. Haien higidura-ekuazio dinamikoek hurbiltasunez ebatzi ezin den problema matematiko bat dakarte berekin. Are gehiago, sistemari bere kabuz eboluzionatzen uzteak ez du ekarriko konbergentziarik denbora-tarte mugatu batean. Sistema horiek oso hauskorrak dirudite; izan ere, muga exogeno eta endogeno txikiekiko oso sentikorrak izateko joera dute, eta haien bilakaera dinamikoa irregularra[2] da. Harrigarria bada ere, antzeko fenomenoak antzematen dira STHetan ere.
STH sistemak mugatuta daude dagozkien arau sozialen eta tokian-tokian dauden merkatu-garapenen bidez, eta haien balioak, helburuak, tentsio publiko/pribatuak eta abar partekatzen dituzte. Hala ere, STH sistemen eta arau sozialen eta merkatuaren bilakaeren arteko elkarreragin-sarea dinamikoa da. Beraz, «barneko» aldaketetara egokitu behar dira, hau da, STH sistemen bilakaerak ekarritako aldaketetara, baita «kanpoko» aldaketetara ere, hau da, etengabeko bilakaeran den «ingurunera», zeina zerbitzua ematen duten gizartean gertatzen diren benetako aldaketek baldintzatzen baitute. Izaera dinamiko horrek gertakizunen sekuentzia bat dakar berekin, eta STH sistemen portaera deskribatzeko ereduei dagokienez, STH sistemek beren ingurunearen aldaketei denbora errealean eman beharreko erantzunak zehatz-mehatz azaltzeko beharra ezartzen du sekuentzia horrek. Bestela esanda, ereduek oinarrizko denbora-ezaugarri ordenatuak ezarri behar dituzte, joerak aurreikusteko, arriskuei aurrea hartzeko eta etorkizuneko gertaerak kudeatzeko aztarnak lortzeko.
Eguraldiaren iragarpena da ideia hori argitzeko ohiko adibideetako bat. Gure helburuei begira, klimari buruzko datu-multzo handiak[3] denbora errealean biltzeko eragiketa-sortatzat har daiteke eguraldiaren iragarpena. Datu horiek eredu klimatiko historikoen liburutegi sendoen multzo handi baten eta propio sortutako algoritmo konputazionalen laguntzarekin lantzen baditugu, eskala handiko simulazio konputazionalak egin ondoren, eguneko aurreikuspen meteorologikoa[4] lortuko dugu. Fluidoen eta gasen fluxuen inguruan ezarritako lege fisikoetan oinarritutako prozesua da, eta informazio baliotsua eta fidagarria sortzen du gizartearentzat. Informazio hori gomendio bilakatzen da —gomendio positiboak, normalean—, baina, askotan, pertsonek ez dute behar adina aintzat hartzen. Nabarmendu nahiko genuke jakintza dagoela prozesuaren hasieran; adibidez, lege fisikoak. Datu-multzo handia eta askotan egituratu gabea prozesatzeko gaitasun teknikoak —kasu askotan oso sofistikatua— egiten du lanaren gainerako zatia, eta, azkenik, adituek gomendioak ematen dituzte. Xede-gizarteari begirako helburua da gomendioek eragina izatea egungo giza «portaeran». Hori, ordea, kanpoko faktoreen mende dago; hona hemen faktore horietako batzuk: arriskuaren pertzepzioa hainbat komunitatetan, gomendioekiko jarrera indibidual positibo jakin batzuk hartzeko joerak, eta tokiko eta munduko mugikortasun-ereduak eta azpiegiturak.
Hemen hainbat «geruza» identifika ditzakegu. Geruza bat araudiei dagokie. Horrela, iragarpen meteorologikoaren eragiketak arrakasta izan dezan, hau hartu behar da oso kontuan: (i) datu fisikoak berreskuratzeko tokian tokiko araudiak; (ii) datu horien jabetza; (iii) komunikabide-erakundeentzat —izan jabetza/erabilera publikokoak, izan pribatukoak— gomendioak zabaltzeko dauden tokian tokiko araudiak/ereduak, eta/edo (iv) emandako gomendioak tratatzeko tokian-tokiko araudiak. Beste geruza bat araudi horiek gauzatzeko tokiko jarraibideei dagokie. Hala, honako hauek ere hartu beharko lirateke kontuan: (i) emandako gomendioak herritarrek egin beharreko nahitaezko ekintza bihurtu behar diren, iragarpenen larritasunaren arabera; (ii) nork hartu behar duen erabaki hori, eta (iii) nork betearazi behar dituen neurriak. Neurri horietako batzuk izan daitezke hirietatik nahitaez ihes egitea eta tokian-tokian indar polizialak/militarrak hedatzea. Gainera, azken horiek tokiko araudiekin lotuta daude ezinbestean; hortaz, esan gabe doa, izugarri alda daitezke leku batetik bestera, eta agerian uzten dute elkarreraginen konplexutasuna.
2. Ukitu zientifiko bat
STH sistema gehienak, hedatzen diren ingurune sozialekin batera, biztanleria-segmentu hautatuek osatutako sare gisa modelatzen dira. Biztanle horiek elkarri konektatuta daude STH sistemaren edo sistemen bidez eginiko elkartrukeen bitartez. Aurretik eginiko azterlan asko adostasun batera iritsi dira: truke horiek espazio- eta denbora-eskalaren[5] mende daude, neurri handi batean. Irismen laburreko eta luzeko ezaugarriak oso desberdinak dira, eta, beraz, ikertzeko aukeratutako eskalaren araberako tratamendu bereizia behar dute. Are gehiago, mundu errealeko sare gehienek autoantolaketa dinamiko handia erakusten dute denboran zehar, barne-konektibitatearen bilakaeraren ondorioz, baita kanpoko faktoreen esku-hartzerik gabe ere. Ahalegin horiek egin arren, STH sistemak ez dira oso ezagunak. Maiz, ahaztu egiten dugu datu hori, arazoa sortzen den arte. Sakonago ezagutu behar ditugu gizarte-ingurune konplexuetan jarduten duten STH sistemen oinarriak eta denboran zeharreko bilakaera, haien aldaketei eta hutsegiteei eraginkortasunez eta arduraz erantzun ahal izateko.
Fenomeno kolektiboen zientzian egin berri diren aurrerapenek sistema[6] konplexuen bilakaeraren dinamikaren ikuspegi berri bat eskain dezakete. «Lege primarioek» beren termino lineal nagusiak proposatzen dituzte, baina, horien aurrean, fenomeno konplexuen zientziak ez-linealtasunak eta askotariko kausalitateak (eskala anitzeko ikuspegia) sartzen ditu orekarantz (egonkortasunerantz) eboluzionatzen ez duten fenomenoen deskribapenean; aitzitik, ezegonkortasuna etengabe areagotzen da, aurkitu berri diren eskalatze-legeen[7] arabera. Eskalatze-lege horiek ezagunak dira epidemien eta lurrikaren alorretan, baina hirien hazkundean, burtsen portaeran eta abarretan ere agertzen dira. Ondorio hau atera daiteke: sistema konplexuak ez dira ausaz aldatzen, azpiko indarren arabera baizik, eta indar horiek eragiten dute bilakaera, sistema sozioekonomiko eta teknologikoei berdin aplikatzen zaien egitura kritiko autoantolatu bat sortuta. Haien autoantolakuntzaren kritikotasunak bat-bateko hausturak eragiten ditu. Horixe da guk ikusten duguna eta, gehienetan, sufritzen duguna.
Zorionez, eskala anitzeko ikuspegiak, gaur egun ezagutzen dugun bezala, ahalbidetu egiten du gizarte-ingurune konplexuei lotutako STH sistemen funtzionamendua arautzen duten lege estatistikoak eta dinamikoak ulertzea. Egia esan, STH sistema batzuk beste batzuk baino hobeto egokitzen dira eskala anitzeko esparru horretan. Hortaz, pertsonak, lehengaiak eta manufakturatutako produktuak garraiatzeko azpiegiturak, bai eta gas-eta fluido-kantitate handiak distantzia luzean garraiatzeko eskala handiko eragiketak ere, ezin hobeto egokitzen dira eskala anitzeko ikuspegietara. Entxufe guztiak elektrizitatez hornitzeko behar besteko energia garraiatzeko, banatzeko eta hornitzeko sistema teknologiko handiak dira beste adibide bat.
Mundu osoan zehar fisikoki banatutako sistema teknosozial handiek prozesatzen dute materia iragankorra —besterik ez esatearren—, bereziki gaur egun. Egiaz, «hodeia» delakoan ere prozesatzen da; han datuen (big dataren) zaintza, aukeratua zein irekia, eta Internet bidezko eskuragarritasuna eta eskuratzetasuna hodei horren administratzaileen esku daude. Horien artean daude telefonia mugikorreko komunikazioetarako mikrouhin-antenen sarea edo baloreen finantza-merkatuetako eragiketetarako datu «sentikorrak» hedatzeko (edo ezkutatzeko) kanalak, adibide batzuk aipatzearren.
3. Weba
Beharbada, ohiko SHT sistema Internet eta hari lotutako World Wide Web (labur esanda, weba) delakoa da. Normalean, Internet eta web hitzak gauza bera deskribatzeko erabiltzen dira, baina oso gauza desberdinak dira. Webak ordenagailuaren bidez —linean dagoenean— arakatzen ditugun orrietara sartzeko bitartekoak hartzen ditu barne. Orrietan nabigatu, haiek editatu, kokapena partekatu eta abar egin dezakegu, helburu orokorreko lengoaia estandar baten bidez: HyperText Markup Language (HTML) delakoa. Internet, berriz, elkarri konektatutako ordenagailuek, zerbitzariek eta webari euskarria ematen dioten beste hainbat gailuk osaturiko sarea da.
Weba ezin da ulertu gizakion gizarteari erreferentzia espliziturik egin gabe. Alde batetik, Internet mundu modernoan gehien partekatzen den azpiegitura teknologikoa da. Bestetik, weba gizakiek azpiegitura horretan gauzatzen dituzten jardueretan datza. Gizakiak webaren edukiaren ekoizle eta ikusle dira hemen. Giza eragileen izaera dual hori da webaren izaera hiperebolutiboaren indar eragilea, eta informazioa mundu mailan hedatzeko, sortzeko eta trukatzeko azpiegitura bat da horren emaitza. Weba, beraz, gizakientzat ordenagailu bidez egindako kognizioko, komunikazioko eta lankidetzako STH bat da[8]. Erabiltzaileek eraginkortasunez laguntzen duten STH sistema bakarra da, garapen teknikoari dagokionez, kodea beren komunikazio behar sozialetara egokitzen baitute. Webaren egitura xehatua eta eduki zehatza ezin dira aurreikusi. Orriak erabiltzaileen beharren arabera agertzen eta desagertzen dira. Baina gauza bat aurreikus daiteke ziurtasunez: webaren konplexutasuna areagotu egiten da denborak aurrera egin ahala, webgune eta orrien, web-bilatzaileen, estekatze-ereduen eta horien guztien arteko konexioen kopurua handitu ahala. Gainera, duela gutxi eragile berri bat sartu da webaren munduan: adimen artifiziala[9]. Horrek mahai gainean jarri du webaren izaera hiperebolutiboa ez dagoela soilik edukiaren dibertsifikazioarekin lotuta; izan ere, eragile berrien agerpenarekin ere lotuta dago. Jakina, oraindik eremuaren errealitatea behar bezala eta behar adina ulertzea geratzen zaigu, batez ere haren garapenaren atzetik ez joateko etengabe, iritsi ezinik, haren inplikazioak behar bezala kudeatu ahal izateko, aurrerapenak eragotzi gabe. Bereziki, hurbiletik jarraitu beharko genuke konputazio kuantiko bidez elikaturiko adimen artifiziala —etorkizun hurbilean eskura izatea espero den konbinazio bat—, ahalmena izango baitu bioteknologia, nanoteknologia eta robotika goragoko maila batera eramateko eta, hortaz, gaur egungo mundua goitik behera aldatzeko.
4. Hiriak
Hala ere, badira eskema horretan sartzeko joera txikiagoa duten beste STH sistema batzuk. Esate baterako, kontuan har ditzagun hirien, etxebizitzen, etxeen, errepideen eta trenbideen eta horien arteko lotura-bitarteko osagarrien diseinua zentzuz garatzeko plangintzari buruzko hirigintza-irizpideak, hala nola garraiobide gisa erabil daitezkeen ibaiak, berekin dakartzaten guztiarekin: ibai-portuak, itsaslabarren inguruan ontziak igotzeko edo jaisteko esklusak, ontziak konpontzeko kaiak eta abar. Kasu horretan, STHaren eta eskainitako zerbitzuen arteko muga lauso samarra da. Hiriak pertsonak eta komunitateak —haien ezaugarri ekonomiko eta kultural espezifikoak aintzat hartuta— gai teknikoekin —plangintza, (ber)eraikuntza, mantentze-lanak…— konektatzen dituzten sistema konplexu gisa uler daitezke. Ondorioz, STH gisa ikus daitezke, arazoari ikuspegi egokia emateko izugarri lagungarria den ikuspuntu gisa. Gainera, jabetuta gaude arazoaren formulazio teorikoan egindako aurrerapenak aurrerabide nabarmena ekar dezakeela aplikazio praktikoei dagokienez, hirien garapena planifikatzeko estrategia hobeak diseinatzeko tresna arrazionalak emango baititu.
Kalkuluen arabera, munduko biztanleen erdiak baino gehiago hirietan bizi dira. Proportzio hori handitzen ari da, eta, horrekin batera, komunitate trinkoen kokalekuekin lotutako arazoak ugaritzen ari dira. Hori da gure garaiko paradoxarik handienetako bat. Hau da, teknologia berriek inoiz baino askatasun handiagoa ematen diete pertsonei eta enpresei beren kokapena eta mugikortasuna aukeratzeko, eta, hala ere, jendeak inoiz baino gehiago aukeratzen du elkarrengandik oso hurbil bizitzea. Jokabide irrazional[10] hori, harrigarria bada ere, ondo deskribatu du Shelling[11] ereduak. Ereduak ulertzen du pertsona orok nahiago duela neurrizko dentsitatea duen hiri batean bizi, herri-zerbitzuetarako eskuragarritasuna errazagoa delako dentsitate handiko hirietan baino, eta sozializatzeko aukera hobeak dituztelako hutsik dauden hiriek baino. Gainera, suposatzen da pertsona bakoitza libre dela beste hiri batera joateko, haren dentsitatea optimoa izatetik gertuago dagoela uste badu, neurritasunera hurbiltzen dela, alegia. Mugimendu-askatasun horrek dentsitatearen oreka-faktore gisa jardutea espero da. Baina, epe luzera, orekaren guztiz kontrakoa izango da. Hau da, hiri batzuk gainpopulatuta egongo dira azkenean (maila optimoarekin alderatuta), eta beste batzuk, erabat hutsik. Orekaren ordez, segregazioa eragiten du, eta, horren ondorioz, biztanleria hiri handietan pilatzea.
Hiri handiak giza elkarreraginetarako dentsitate handiko eremu fisikoak dira, eta horrek erraztu egiten du informazioa azkar zabaltzea eta ideia[12] berriak sortzea. Hala ere, horrek agerian uzten du informazioaren teknologia informatizatuek, IKTek, «espazio» kontzeptua birmoldatzen dutela, eta horrek eragin sakona du hirietan[13]. Izan ere, IKTek «fluxu-espazio» izenekoak agertzea eragiten dute; «leku-espazio» fisikoarekin gainjartzen diren informazioaren bit-fluxu informatikoak dira. Biek ala biek antzeko eragina dute gaur egun hirien hazkundean.
Izan ere, hazteko joera dutenez, hiriek estrategiak bilatu behar dituzte hazkunde arrazional bat ahalbidetzeko eta hazteko bultzadaren pean ez erortzeko. Ekoizpen azeleratuaren eskalaren legeak —«hazkundeak hazkundea suspertzen du»— hirietarantz erakartzen du jendea. Baina, orduan, hazkundeak arriskuan jartzen ditu hiriko azpiegiturak eta zerbitzuak, eta, horrenbestez, gero eta pertsona gehiagok egin behar izaten dute borroka beren lekua bilatzeko gero eta masifikatuago dauden inguruneetan. Batzuetan, horrek kolapsoa ekar dezake. Detroit da ohiko adibideetako bat, baina, esaterako, duela gutxi Birminghamen gertatutakoa bezalakoek (Udalak porrot egin du, eta gastu guztiak saihesten ari da, oinarrizko zerbitzuak bermatzekoak izan ezik[14]) gogorarazten digute zer gutxi behar den akats sistemikoak eragiteko. Aldiriak eraikitzea irtenbidetzat hartu da, baina, hasteko, presioa eragiten die garraio-zerbitzuei, eta epe luzera ez dirudi jasangarria. Zein tamainatatik aurrera eragiten du biztanleen «gaitzespenak» hiri baten kolapsoa? Oraingoz, etengabeko berrikuntzari esker saihesten dute hiriek kolapsoa. Biztanle-kopurua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta laburragoa da hurrengo berrikuntzarako epea. Orain hasi gara eredu[15] gorabeheratsu ez-lineal horien mekanismoak ulertzeko oinarriak ezartzen. Hala ere, hain sentikorrak diren gai horiek aztertzen jarraitzea eta proposatutako planteamenduak baliozkotzea aurreikusi da.
5. Ikerketa eta teknologia
Hona hemen gizarte-zerbitzura bideratutako STHen adibide bat: mundu osoan barrena sakabanatuta dauden, sare-lana egiten duten eta lankidetzan aritzen diren hainbat laborategik eta enpresak azken produktu bat sortzeko abian jarritako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-ekimen globalak. Esate baterako, Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseilua (CERN), partikulen fisikako munduko laborategirik handiena. Eskuarki, CERNen hadroi talkagailu handiaren osagaiak laborategiaren Genevako (Suitza) egoitzatik oso urrun dauden lekuetan egiten eta, batzuetan, partzialki muntatzen dira. Beste adibide bat Nazioarteko Erreaktore Termonuklear Esperimentala (ITER) da. ITER proiektua ekimen teknosozial handia eta ezaguna da, eta 1985az geroztik, 35 naziotako milaka ingeniari eta zientzialari ari dira lanean bertan fusio magnetikorako gailu bat eraikitzeko, eta frogatzeko, gure Eguzkia eta izarrak bultzatzen dituen printzipio berean oinarrituta, fusio nuklearra eskala handiko eta karbonorik gabeko energia-iturri gisa bideragarria dela. Horrek STH sistema teknologikoen konplexutasun-maila jartzen du agerian.
Teknologia berri eta erabilgarri bat garatzea prozesu neketsua da eta izan da beti. Hura ezartzea are neketsuagoa da, zati batean edo osorik ordezkatu behar duelako zaharra izanagatik ondo aztertuta eta optimizatuta dagoen teknologia bat. Horrela, gizarte teknologiko efizienteak aldaketarekiko erresilienteak dira. Salbuespenak gertatzen dira kanpoko presazko estimuluek bultzatzen dituztenean. Nitrato sintetikoak garatzea, munizioaren ekoizpena edo bonba nuklearraren proiektua ziurtatzeko, estimulu militarrari emandako erantzunen adibide dira. Kautxu sintetikoa eta penizilinaren eta COVID 19ari aurre egiteko txertoen ekoizpen masiboa arrakastaz ezarri ziren denbora-tarte labur batean, pizgarri ekonomikoek eta, agian, altruismo pixka batek bultzatuta. Baina, oro har, garapen teknologikoa konplexua da, iragartzen zaila, eta bazter askotatik suertatzen diren ustekabez betea.
Atzean geratu dira ikerketa-zentroek, unibertsitateek eta enpresek ikerketa- eta garapen-eragiketak (I+G) beren laborategietan egiten zituzten egunak. Gaur egun, I+Ga mundu mailan egiten da. Teknologia kanpoko hornitzaileetatik, startupetatik, munduko beste ikerketa-zentroetatik eta abarretatik lortzen da maiz. Berez, ezagutzaren zatirik handiena kanpotik sortzen da, STH sistema teknologiko globalen (mundu-mailakoen) sarearen barruan. Horrela, beste leku batzuetan egindako I+Ga kapitalizatzeko ekimenak sistemaren parte dira gaur egun, eta berrikuntzaren puntu kritiko bihurtu dira nazio askorentzat. Gobernuaren eskema zaharrak akats asko ditu. Haren bitartez, oinarrizko ikerketa finantzatzen da, tokiko sektore publiko/pribatuko I+Gko zentroetan balio ekonomikoa sortuko duten berrikuntzak sortzeko, baina, horren ordez, produktuak modu korapilatsuan lotutako urrats askoko prozesu luze baten ondoren sortzen dira. Produktu horietako gehienek ez dute aldaketa sakonik eragiten gizartean, baina batzuek bai. Eta hori gertatzen denean, erabateko berrikuspena eragiten du: Schumpeterren olatu deiturikoak[16]. Horrek sistema kritiko autoantolatuetako fase-trantsizioak imitatzen ditu. Olatu horiek errepikakorrak[17] izaten dira. Haien eboluzioa ulertzeko, STH sistema teknologikoaren konplexutasun orokorrari heldu behar zaio.
6. STH sistemen akatsak
Dena den, gauzak gaizki joan daitezke STH sistemen akatsen ondorioz. Horrek hainbat ondorio izan ditzake, akatsa izan du(t)en STH sistem(ar)en izaeraren eta hark edo haiek eskainitako zerbitzuaren arabera. Bi akats-mota aurreikus daitezke: konbentzionalak eta sistemikoak. Akats konbentzionalak espazioan eta denboran mugatu daitezke, kausa-efektu erlazio linealei jarraitzen diete, eta kausa-efektu katean esku-hartze eraginkorrak eta zorrotzak eginez zuzendu daitezke, eta askotan gizarte-eremu bakar batean soilik gertatzen dira. Akats sistemikoek[18], berriz, ezaugarri hauek izaten dituzte: konplexutasun handia, irismen handiko ondorioak, harreman estokastikoak, inflexio-puntuak dituzten kausa-efektu eredu ez-linealak. Horrez gain, behar baino arreta publiko gutxiago jasotzen dute sarri. Akats horiek zailak dira behar bezala kudeatzen; neurri batean, haien izaera ez delako ulertzen, eta horrek eragotzi egiten du akats sistemikoen arriskuaz ondo jabetzea.
Jakina da akats sistemikoen arriskuaren garrantzia behar bezala ebaluatzeko tresna praktikoak ezartzen hasi direla duela gutxi, baina badirudi akats horien arriskuak irrazionalki arinagoak direla publikoaren pertzepzioan[19]. Horri «arrisku sistemikoaren pertzepzioaren paradoxa» deitu izan zaio; hau da, gizarteak akats sistemikoen arriskuei buruz duen pertzepzioa ez dator bat publikoki eskuragarri dauden datuek islatzen duten errealitate enpirikoarekin[20].
Akats sistemikoak fenomeno konplexuak dira, eremu jakin batetik harago doaz, ez dira linealak, itzulerarik gabeko puntuetara eramaten gaituzte maiz, eta, aldi berean, gizartearen hainbat eremuri kalte egiten dieten gertakari-zaparradak eragiten dituzte. Oro har, STH sistemak eta, zehazki, ekonomian eta finantzetan jarduten dutenak aldez aurretik detektatzeko zailak diren akats sistemikoak izateko joera duten sistemen taldekoak dira. Schumpeterrek argudiatu zuen[21] arazoaren zati bat gizarte-dinamikaren izaeratik bertatik datorrela, errore-iturri eta aldagai asko dituen «prozesu» bat baita. Errore eta aldagai horietako gehienak ezin dira behar bezain zehatz neurtu, eta, beraz, egoera jakin batzuen diagnostiko zuzena egitea kasualitate-kontua bihurtzen da.
Ildo horretatik, gizarte-dinamiketarako konplexutasun-zientzien hurbilketa berriak akats sistemikoen eta horien gizarte-eraginaren ikuspegi berri bat eman diezaguke, sistema konplexuen eta oreka gabeko fisika estatistikoaren (non-equilibrium statistical physics, ingelesez)[22] azterketetatik datozen metodoetan oinarritutako ikuspegi desberdin batetik. Askoren iritziz, hori etorri berrien —fisikariak— eskatu gabeko mutur-sartze bat da beren ezagutzatik kanpo dagoen eremu batean —gizarte-zientziak—. Nolabaiteko berritasunak ekar baditzake ere, aldi berean, aitortu beharra dago beren buruarekiko gehiegizko konfiantzarekin eta xalotasunarekin iristen direla, uste baitute aurreiritzi zaharrak gainditu eta ikuspegi erabat berria eman dezaketela. Normalean, egoera horretan, ezagutza-esparru horretan urte asko daramatzatenek ez dute «errebelazio» handirik espero. Eta, hala ere, ikuspegi freskoak ongietorriak dira, aukera ematen baitigute zalantzan jartzeko orain arte tradizio luzeko esparruetan ikuskera errotuak finkatu eta jardunbide profesionala gidatu duten doktrina nagusi ohoragarriak.
7. Ekonomia eta finantzak
Aurrekoa aintzat hartuta, demagun merkatu orekaren eredu ekonomikoak, eragile arrazionalen merkatal elkarrekintzak deskribatzen dituen doktrina ohoragarria. Hemen, jalgitako orekak prezioak, kostua, eskaria eta hornikuntza berdintzen ditu, eta orekoi, betirako iraungo duela eta inoiz inolako krisirik gabe jasan mantenduko dela suposatzen baita[23]. Dena den, hipotesi hori ez dator bat prezioek finantza-merkatuetan izaten dituzten gorabeherei buruzko estatistikaren errealitatearekin; izan ere, tamaina guztietako bat-bateko aldaketak gertatzen dira, eta merkatuen bilakaeran ez dago batere orekarik.
1987ko eta 2008ko krisiek hori berresten dute, modu sinesgarrian berretsi ere. Beraz, badirudi «orekaren hipotesia», erabilgarria izan daitekeen arren, stricto sensu faltsua dela. Krisiak gertatu gertatzen dira. Zergatik gertatzen dira? Hiru faktore nabarmentzen dira krisien agerraldiekin lotuta: (i) gai garrantzitsuei buruzko informazio-zati txiki ezezagunak daude, (ii) eragiketetan aldibereko portaera irrazionala dago, eta (iii) merkatarien jokabidea ekonomiaren etorkizuneko bilakaerari buruz dituzten itxaropenen ondorio da, eta, ondorioz, itxaropen horiek bultzatzen dute ekonomiaren bilakaera. Hau da, ekonomiak pertsonek hari buruz dituzten itxaropenekin batera eboluzionatzen du[24]. Horren ondorioz, gure ustez, egungo ekonomia osatu gabeko informazioan, ezagutza-faltan eta itxaropen zalantzagarrietan oinarritutako ariketa arrazionala da. Baieztapen horren oinarrian zera dago: gorabeherei, burbuilei eta talkei aurre egiteko itxaropen bakarra merkatarien jokabide arrazional gaituan datzala, sistema teknosozial finantzario handi, konplexu eta hiperkonektatuaren azpiko orekarik gabeko mekanismoen ezagutza sakonagoan oinarrituta.
Datu-kopuru masiboek berekin dakarten ikuspegi freskoa, batetik, eta, bestetik, datu-gordailu handiak «ohikoak ez diren» moduetan erabiltzeko baliabide berriak diziplina[25] ezberdinetako adituen artean lankidetza-bide berriak irekitzen ari dira. Bereziki, giza portaerari buruz ditugun datu-kantitate ikaragarriak kontuan hartuta, ekonometristek konpromiso aktiboa hartu dute beren datuak prozesatzerakoan faktore ez-linealak eta orekarik gabekoak kontuan hartzeko. Ondorio horiek funtsezkoak dira merkatuaren portaera —itxuraz «irrazionala»— ulertzeko eta iragartzeko, hein batean behintzat, eta horrek aldi berean aukera ematen digu merkatuek egonkortasunari nola eusten dioten edo nola bat-batean aldatzen diren aztertzeko. L. Hansen-ek esan zuenez, «sisteman gaur gertaturiko astindu txikiek eragin handia izan dezakete etorkizunean»[26]. Horrek bide eman dezake gorabehera basatiak leuntzeko eta, hala, etorkizuneko krisiak menderatzeko, ziurgabetasunaren eragina behar bezala kuantifikatuta[27].
8. Osasuna
Gizarte modernoek gaur egun dituzten erronkarik larrienen artean, herrialde askotako gai-zerrenda politikoaren lehenengo postuetan, biztanleriari osasun-sistema unibertsal bat eskaintzea dago. Gizarte garatuetan, horrek esan nahi du, herritarrak bizirik mantentzeaz gain, medikuntzan aurrerapen teknologikoak egin behar direla, pertsonek nahikoa osasun ona izan dezaten, bizitza luzeagoa izateko eta bizi-maila onari eusteko. Herrialde garatuek beren barne-produktu gordinaren % 10 bideratzen dute osasun-sistemetara; izan ere, ohiko borroka politiko alderdikoietatik harago, Europako demokrazia gehienetan, behintzat, adostasun handia dago «Europako gizarte-eredua»[28] delakoaren oinarrietako baten inguruan, eta harro daude beren osasun-sistemekin. Izan ere, baliabide publikoen zati handi bat bideratzen da sistema horiek finantzatzera, eta horrek agerian uzten du osasun-sistemen arloko STHen tamaina eta konplexutasun izugarria. Gogoratu, gainera, osasun-sistemen arloko STHak erakunde publikoen eta fundazio eta/edo enpresa pribatuen nahasketa baten bidez eratuta daudela, eta horrek aldi berean funtzionatzen duten lege- eta erregelamendu-egituren aniztasun handia sortzen duela. Hona hemen ikasi beharreko lehen ikasgaia: testuinguru horretan, antolaketa-gaiak gailendu egingo dira eztabaidagai gisa; izan ere, gero eta medikuntza-teknologia sofistikatuagoak hedatuko dira, gero eta «sofistikatuagoa» eta dibertsifikatuagoa den gizarte batentzat.
Portaera sozial kolektiboaren azken modelizazioak erakusten du fenomeno berriak sor daitezkeela egoera berezietan. Barne-tentsioko egoeren ertzetan gizarte-baldintzetan gertatutako aldaketa txikiak nahikoa dira sistema osoa krisi sistemiko batera eramateko, eta krisi hori, izan ere, sare sozialaren bidez zabaltzen da pertsonei larriki eraginda[29]. Egoera horiek kudeatzeko politika publikoak ingeniaritza sozialeko gai bat direnez, fenomeno horien agerraldiaren eta ondorengo hedapenaren mekanismo eragileak ondo ulertzeak berebiziko garrantzia du.
Horrela, SARS CoV 2ak gizakien osasun fisikoan[30] dituen ustekabeko ondorioez gain —eta epe luzera oraindik erabat ulertzen ez direnak—, ustez COVID 19aren pandemian ezarritako gizarte-baldintzekin lotuta dauden gaixotasun mentalen agerraldiak harridura eragin du askoren[31] artean, eta alarmak piztu ditu estres-egoera luzeen mende egoteak biztanleriari eragindako osasun mentaleko arazoak tratatzeko metodo zaharrak aldatzeko beharraren inguruan, gaur egungo agertoki infodemikoek[32] eragindako presio gehigarriaren pean. Egoera horretan, duela gutxi ohartu gara akats sistemikoak gerta daitezkeela, baldin eta osasun-sistemen arloko STHek ez badute ematen beren gizarte-inguruneetan gertatzen diren bat-bateko aldaketetara egokitzeko behar bezalako erantzun azkar bat. Gaur egun gai horren inguruan dagoen adostasunaren arabera, COVID 19aren pandemiaren agerraldiak sortutako ingurunean osasun mental ahula zabaltzeko baldintzak areagotu egin ziren, eta, horren ondorioz, agerian geratu zen, munduko ia herrialde guztietan, zalantzan jarri behar zirela osasun-sistemen arloko STH gehienetan osasun fisikoa eta mentala eskaintzeko protokoloen arteko orekaren oinarrian egon diren funtsezko hipotesiak. Horrenbestez, ingurune aldakor eta, kasu honetan, disruptibo batera egokitzen den sistema (tekno) sozial handi bat sortzen da. Sistema horrek hau eskatzen du beste ekintza batzuen artean: inoiz baino hurbilagotik kontrolatzeko biztanleen osasun mentalaren narriadura-zantzu goiztiarrak, hartara osasun fisikoko arazoei ez ezik osasun mentaleko arazoei ere behar bezala aurre egite aldera.
Zenbaki honetan, STH konbentzional batzuk hain konbentzionalak ez diren beste batzuekin batera aztertu eta sakonki berrikusiko dira. Haien egituren berezko konplexutasuna nabarmenduko da, agerian jartzeko alderdi anitzeko ikuspegi bat behar dela sistema horiek jarduten duten gizarte-ingurunearekiko loturak argi eta garbi ikusi ahal izateko. Azpimarratzekoa da ahaleginak egingo direla STH gehienen oinarrizko ezaugarrien azpian dauden mekanismo konplexu komunak (antzekotasun harrigarriak dituztenak) nabarmentzeko.
Esker onak
Egileek eskerrak ematen dizkiote Palacios-Huerta irakasleari, idazki hau hobetu duten iruzkin estimulatzaileak eta iradokizun lagungarriak egiteko eskainitako denbora eta energiagatik.
Jatorrizko artikulua ingelesez. Itzulpena: Belaxe Koop. E.
Javier Echeverría eta Jesus M. Ugalde: Erredaktoreburuak
[1] Ott, A.; Bouchaud J. -P.; Langevin, D.; Urbach, W. (1990). “Anomalous diffusion in “living polymers”: A genuine Lévy flight”, Physical Review Letters, 65, 2201- 2204.
[2] Barthelemy, P.; Bertolotti, J.; Wiersma, D. S. (2008). “A Lévy flight for light”, Nature, 453, 495-498.
[3] Turbulentzia atmosferikoen satelite-irudiak, uraren itsas mailako tenperatura-mapak, presio barometrikoko mapak eta abar.
[4] Eguraldia emaitza da, klima dena da. Ikus: Schiermeier, Q. (2018). «Climate as culprit», Nature, 560, 20-22.
[5] Vespignani, A. (2008). “Predicting the behavior of techno-social systems”, Science, 325, 425-428.
[6] Helbing, D.; Balietti, S.; Bishop, S.; Lukowicz, P. (2011). “Understanding, creating, and managing complex techno-socio-economic systems: Challenges and perspectives”, European Physical Journal, Special Topics, 195, 165-186.
[7] A. Brú, A.; Alós, E.; Nuño, J. C.; Fernández de Dios, M. (2014). “Scaling in complex systems: a link between the dynamics of networks and growing interfaces”, Sci. Rep., 4, 7550.
[8] Raffl, C.; Hofkirchner, W.; Fuchs, C.; Schafranek, M. (2023). “The Web as Techno-Social System: The Emergence of Web 3.0”, https://api.semanticscholar.org/CorpusID:46997037. Kontsulta-eguna: 2023ko irailaren 19a.
[9] Ikus zenbaki berezi hau: “Artificial Intelligence its Potential and Limits”, Rev. Int. Estud. Vascos, 67(2), (2022).
[10] «Irrazional» hitzak esanahi ugari izan ditzake. Hemen, nolabaiteko anbiguotasunez erabili da, jokabide ilogikoa edo zentzugabea irudikatzeko.
[11] Schelling, T. S. (2006). “Micromotives and Macrobehavior”, WW Norton & Company.
[12] Glaeser, E. (2011). “Triumph of the city: How our greatest invention makes us richer, smarter, greener, healthier, and happier”, The Penguin Press, London.
[13] Castells, M. (2020). “Space of Flows, Space of Places: Materials for a Theory of Urbanism in the Information Age”, in The City Reader, R. T. LeGates, F. Stout (Editors), Routledge, London.
[14] https://www.bbc.com/news/uk-england-birmingham-66715441. Kontsulta-eguna: 2023ko irailaren 5a.
[15] Batty, M. (2008). “ The size, scale, and shape of cities”, Science, 319, 769-771.
[16] Kleinknecht, A. (1990). “Are there Schumpeterian waves of innovations?”. Cambridge Journal of Economics, 14, 81-92.
[17] Devezas, T. C.; Corredine, J. T. (2002). “The nonlinear dynamics of technoeconomic systems- An informational interpretation”, Technological Forecasting and Social Change, 69, 317-358.
[18] Tanzi, V (2020). “The Economics of Government: Complexity and the Practice of Public Finance”. Ikus 8. kapitulua: “Systemic Failure, Complexity, and Public Policies”, Oxford University Press. London.
[19] Schweizer, P. -J.; Goble, R.; Renn, O. (2022). “Social perception of systemic risks”, Risk Analysis, 42, 1455-1471.
[20] Renn, O. (2014). “Das Risikoparadox. Warun wir uns von dem Falschen fürchten”, Frankfurt/Main, Alemania: Fisher. [Alemanez].
[21] Schumpeter J. P. (2002). «Kapitalismoa, sozialismoa eta demokrazia», Klasikoak, Bilbo, 75-76 or. [Euskaraz].
[22] Lazer, D.; Pentland, A.; Adamic, L.; Aral, L.; Barbási, A. L.; Brewer, D.; Christakis, N.; Contractor, N.; Fowler, J.; Gutmann, M.; Jebara, T.; King, G.; Macy, M.; Roy, D.; van Alstyne, M. (2009). “Computational social science”, Science, 323, 721-723.
[23] Doyne Farmer J.; Geanakoplos, J. (2009). “The virtues and vices of equilibrium and the future of financial economics”, Complexity, 14, 11-38.
[24] I. Palacios-Huerta, komunikazio pertsonala.
[25] (a) Anderson, P. W.; Arrow, K.; Pines, D. (1988). “The economy as an evolving complex system”, CRC Press. (b) Darlauf, S. N.; Arthur, W. B.; Lane, D. (Eds.) (1997) . “The economy as an evolving complex system II”, Addison-Wesley (c) Blume, L.; Darlauf, S. N. (Eds.) (2006). “The economy as an evolving complex system III”, Oxford University Press.
[26] https://larspeterhansen.org/meet-lars/. Kontsulta-eguna: 2023ko urriaren 20a.
[27] Hansen, L. P.; Sargent, T. (2023). “Risk, ambiguity and misspecification: Decision theory, robust control, and statistics”, J. Applied Econometrics, 1-31.
[28] Piketty, T. (2014). “EL capital en el siglo XXI”, Fondo de Cultura Económica, Madril, 531-534 or. [Gaztelaniaz].
[29] Sousa, J.; Barata, J.; Woerden, H. C. V.; Kee, F. (2022). “COVID-19 Symptoms app analysis to foresee healthcare impacts: Evidence from Northern Ireland”, Applied Soft Computing, 116, 108324.
[30] Davis, H. E.; McCorkell, L.; Moore Vogel, J.; Topol, E. J. (2023). “ Long COVID: major findings, mechanisms and recommendations”, Nature Reviews Microbiology, 21, 133-146.
[31] Harrison,P. J.; Taquet, M. (2023). “Neuropsychiatric disorders following SARS-CoV-2 infection”, Brain, 146, 2241-2247.
[32] «Infodemiko» hitzak esan nahi du ingurune digitaletan eta fisikoetan informazio gehiegi ematen dela, informazio faltsua edo engainagarria barne, gaixotasun-agerraldi batean.
PARTEKATU