Nouvelle corporatives

01/12/2007

17.000 atxikimendu sinaduratik gora "Zertarako balio digun euskarak" agiriari, ENE 2007 dela eta

Euskararen Nazioarteko Eguna ospakizunaren kariaz, Eusko Ikaskuntzak "Zertarako balio digun euskarak" gaiaren inguruko atxikimendu testu txiki bat eseki zuen bere web guneetan. Azaroaren 15etik abenduaren 3ra bitartean, 17.000 atxikimendu sinaduratik gora bildu ziren. Testu hori, sinadura guztiak eta gutun bat, The Wall Street Journal egunkarira bidali ziren Keith Johnsonen sinaduraz azaroaren 6an argitaraturiko artikuluari erantzute aldera, artikulu horrek euskara mespretxatzen baitzuen ?gaurko bizitzara gutxi egokitzen den hizkuntza arkaiko?tzat joz. Era berean, Ameriketako herrialdeetako pentsa eta irratien bidez zabaldu zen testua, EuskoSareko komunitateen laguntzaz (Radio, Lationamerika, Argentina, English Corner, Uruguai...).

ENE Saria

Bestalde, Bartzelonako Euskal Etxeak bildu du 2007ko ENE SARIA. Sari hori Euskal Herritik kanpoko erakunde bati ematen dio urtero Eusko Ikaskuntzak euskara sustatzearen alde egindako lanagatik. Bartzelonako Euskal Etxea gauzatzen ari den lana aintzat hartu zuen Sariaren Epaimahaiak. 1979an sorturiko elkarte horrek 350 bazkide baino gehiago ditu. 2007-2008 ikasturtean, 130 pertsonak eman dute izena elkarteak antolaturiko euskara eskoletan Bartzelona, Granollers eta Sant Cugat del Vallesen.

ENE SARIA 2007 ediziora Argentina, Frantzia eta Espainiatik zetozen maila guztiz nabarmeneko bederatzi proposamen aurkeztu ziren. Ezagutza publikoak eta Nestor Basterretxea artistak ENErako diseinaturiko anagramaren altzairuzko erreprodukzioak osatzen dute Saria.

Bestelako ekintzak

Eusko Ikaskuntzak, Euskonews Gaztea eta EuskoSareren bitartez eta Euskomedia Fundazioarekin batera antolaturiko Euskararen Nazioarteko Eguna 2007ko Jarduera Egitarauak, gainera, gaur egungo bertsolari gazteetan gailenetariko bosten parte hartzea bildu du. Horiek grabaturiko bideo batean euskara dakarte gogora, gaurkotasun biziko gaiak aipatzen dituztela: Uxue Alberdik, mundura euskararen bidez; Sustrai Kolinak, euskara eguneroko bizitzan; Xabier Payak, euskara eta immigrazioa; Oihane Pereak, euskara ondare gisa; Etxabek, euskara eta gazteak. Hamabost eguneko epean, 6.000 bider baino gehiagotan jaitsi dute Interneten esekitako bideo hori.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp