Nouvelle corporatives

01/06/2013

42.000 orrialde gehiago zure esku

Sarrera: Eusko Ikaskuntzako Euskomedia Fundazioaren bitartez argitalpen fondoko zati garrantzitsu bat digitalizatu eta sareratu du. Guztien artean Yakintza nabarmentzen da, 1933 eta 1936 artean Eusko Ikaskuntzak argitaratutakoa.

"Edukia da Interneteko errege" esan zigun Bill Gatesek. Eta ongi asmatu ere, gaur egun argi baino argiago baitago edukiak sareratzea eta partekatzea sareko oinarrietako bat dela.

Eusko Ikaskuntzak ere argi izan du hasiera-hasieratik gure kulturaren dokumentuak erabiltzaileen esku jartzea bere betebeharretako bat zela. Ildo horretan, eta Euskomedia Fundazioaren bitartez, azken hilabeteetan argitalpen fondoko zati garrantzitsu bat digitalizatu eta sareratu du.

Artikuluak eta monografiak (351 lan guztira) katalogatu dira, 18.600 orrialde digitalizatu eta 23.500 lehen aldiz sareratu. Horrez gain, beste 18.000 orrialde Hedatuz gordailura gehitu dira.

Landutako argitalpen guztien artean, Yakintza nabarmen dezakegu, 1933 eta 1936 artean Eusko Ikaskuntzak argitaratutako euskal kulturako aldizkaria, genero ezberdineko literatur sorkuntzak, historia-, etnografia-, arte-ikerketak eta iritzi-idatziak biltzen dituena.

Aurtengoan egindako lanarekin, Eusko Ikaskuntzaren argitalpen-katalogoa ia bere osotasunean http://www.euskomedia.org informazio sisteman eta Hedatuz OAI gordailuan dago ikusgai. Halaber, argitalpen hauek guztiak Europeanarako bidean daude jadanik, bere irisgarritasuna eta hedapena hobetuz.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp