Asier Barandiaran Amarika Galdakaon jaio zen, 1970eko maiatzaren 15ean, eta gaur egun Iruñean bizi da. 1993an euskal filologiako lizentziatura burutu zuen Deustuko Unibertsitatean, 2002an Lehen Hezkuntzako diplomatura Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta urte berean, 2002an, euskal filologiako doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitatean, Vitoria-Gasteizen.
2002-2003 ikasturtetik, Nafarroako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Diplomaren idazkaria da, eta, 2006-2007 ikasturtetik 2010ekora bitartean, euskal hizkuntzaren eta kulturaren katedra koordinatu zuen. Nafarroako Unibertsitateko irakasle laguntzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ondokoa izan da. Asier Barandiaran Euskararen Nafar Kontseiluko kidea da, 2008ko apirilaren 14ko foru-erabakiaren ondorioz. Aipatutako erabakiaren testuaren arabera, "oso pertsona prestigiotsua da euskararen eta euskal kulturaren arloan".
