Nouvelle corporatives

01/05/2009

Aztarna ekologikoa: ondorioa

Aztarna ekologikoa, eta zuk zer egingo duzu? proiektuan parte hartu duten bi taldeen ondorioak aurkeztu eta Sarean jarri dira jadanik. Ei-Gazte, Eusko Ikaskuntzaren gazteria sailaren web gunean aurki daitezke: www.eigazte.com. Eusko Ikaskuntza izan da mugaz gaindiko jarduera sustatu duen erakundea, Europar Batasuneko "Gazteak Ekinean" programaren barnean. Era berean, Euskomedia Fundazioarekin lankidetzan eginiko eta web gune horretan osataturiko bideo batek dokumentatu egiten ditu, bi taldeek Zarautzen zeinek bere ondorioak kontrastatzearren partekaturiko bizikidetza jardunaldiak. Bideo horren kopiak banatzen ari dira gazte erakunde eta taldeen artean,antzeko esperientziak gauzatzeko bultzagarri izateko asmoz.

20-30 urte bitarteko hogei gazte inguruk parte hartu zuten Aztarna ekologikoa, eta zuk zer egingo duzu? proiektuan. Euskal Herrikoek EHUko Portugaleteko Nautika Fakultatearen aztarna ekologikoak neurtu zituzten; frantses gazteen taldeak, bere aldetik, gauza bera egin zuen Bordeleko Anatole de Cadillak Lizeoan. Lehenengoek hainbat aztarnatan jarri zuten arreta: basoarena, hondakinena, material didaktikoarena eta energiarena. Bigarren taldekoek guztizko aztarna ekologikoaren gutxi gorabeherako kalkulua finkatu zuten, jangaiei, hondakinei, garraioari, ondasun eta zerbitzuei eta energiari dagozkienak neurtu ondoren.

Bi errealitateak konparatu eta aldagaiak analizatzeaz gainera, parte-hartzaileek hainbat ekintza zehaztu eta etorkizunean gauzatzeko hainbat neurri proposatu zituzten. Ondorio hauek bi ikastetxe horietako batzorde zuzendariei aurkeztea izango da Ei-Gaztek gidatu duen jarduera programa interesgarri honen azkeneko urratsa.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp