Ekainaren 13an, Aitor Casado Figueroa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari erantzunez, Eusko Ikaskuntzako zuzendari-kudeatzailea den Unai Apaolazak eta Ainara Iraetak, Gazteria Departamentuko arduradunak, "Datorkigunea: gazteen parte ? hartzea" azterlana aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Komisioan.

Datorkigunea proiektuaren aurrekariak, xede nagusiak eta erronkak azaldu ondoren, proiektuaren ondorio diren "Gazteen parte hartzea. Bide berrien bila" txostenak jasotzen dituen parte-hartzearen diagnosia eta 40 proposamenak aurkeztu zituzten. (http://eigazte.eusko-ikaskuntza.org/datorkigunea). Proposamen hauek 4 eremutan biltzen dira; parte-hartze ekonomikoa, politikoa, kulturala eta soziala. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteek egindako lan honek parte-hartze dinamika berriak abian jartzeko garrantzia azpimarratzen du, autogestioaren eta parte-hartze horizontalean oinarritzen diren dinamikak hain zuzen.
Komisio honetako ordezkariek oso harrera ona egin zieten Eusko Ikaskuntzako ordezkariei zein aurkeztutako txostenari, azken hau oso positiboki baloratu zutelarik. Era berean, gazteak zoriondu zituzten egindako lana eta erakutsitako konpromiso maila goraipatuz. Ondorioz, Eusko Ikaskuntzak gazteriaren alorrean egindako lana kontutan hartzekoa zela eta hurrengo txostenen inguruko informazioaren jarraipena egingo dutela ere adierazi zuten.
Lekua
Vitoria-Gasteiz
