Iragan den irailaren 22an Iruñeako Civivox gunean Datorkigunea 2012-2013 ikasturteari hasiera eman zitzaion. Gipuzkoako Foru Aldundiko Parte Hartze eta Euskara zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Lehendakaritza eta Justizia Sailek diruz lagundutako proiektu honek Euskal Herriko lurralde guztietako 40 gazte biltzen ditu. Proiektu honetan parte hartzeko jartzen diren baldintzak, gaztea eta euskalduna izatea eta bileretan parte hartzea dira. Aurtengo ikasturtean landuko diren gaiak bi izango dira; 2012ko irailetik 2013ko urtarrilera "Inmigrazioa eta identitatea: aniztasunerantz bidea" eta 2013ko otsailetik 2013ko ekainera aldiz "Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana" aztertuko da.

Proiektu honen helburu nagusia gazteekin hausnarketarako gune fisiko eta birtual bat sortzea da ziurgabertasunez beteriko etorkizunaren inguruan hitz egiteko eta lantzen diren gaien inguruan proposamenak bideratzeko xedez. Horretarako hilean behin bilera fisiko bat egiten da pertsona hauekin eta dinamika eta metodologia desberdinen bitartez aipaturiko gaiak lantzen dira, beti ere, antzeko eskema jarraituz, hau da, errealitatearen diagnosia, planteatzen diren erronkak eta horiek lortzeko egiten diren proposamenekin. Datorkiguneak, orain arte bezala, Batzorde Zientifiko bat du, aukeratzen diren gaien inguruan aholkularitza emateko xedez. Aholkularitza hau adituak identifikatzen, bibliografia aproposa definitzen eta metodologia alorrean aholkuak ematen zentratzen da. 2012-2013 ikasturtean Xabier Aierdi EHUko Soziologia irakasleak, Eguzki Urteaga Soziologian Doktoreak eta Kepa Kortak-Donostia Hiriko Estrategia Bulegoaren zuzendariak osatzen dute.
