Iragan den irailaren 7an Zubietako auzoan oroimenezko eta eskertze ekitaldi instituzionala antolatu zuen Donostiako Udalak, Eusko Ikaskuntzako ordezkaritza bertan izan zelarik.
Ekitaldi honetan batetik, Donostia birsortzeko asmoa azaldu zuten Zubietako Akten sinatzaile gisa agertzen diren pertsonak ekarri ziren gogora. Bestetik, Bigarren Mendeurren honen egitarau kolektiboa osatzen lagundu duten guztiei eskertza ekitaldia izan zen. Eusko Ikaskuntzak antolaturiko programa akademikoagatik eta eginiko ahalegin eta ilusioagatik, eta Donostia eraikitzen jarraitzeko adierazi duen konpromisoagatik, diploma oroigarri baten entrega egin zitzaion Eusko Ikaskuntzako zuzendari den Arrate Arini. Era berean, Bigarren Mendeurrenaren liburu zurian sinatzeko aukera izan zuen beste hainbat erakundeetako ordezkariekin batera besteak beste Udako Euskal Unibertsitatea edota Aranzadi, bi erakundeetako zuzendariek ordezkatua, Jose Luis de la Cuesta eta Juantxo Agirre hurrenez hurren.
Zubietako Aizpurua baserriaren barrutian, gonbidatuen eta publikoaren sarreraren ondoren, Zubietako Akten sinatzea antzeztu zen eta Ados Teatroak, txalapartak, Easo Abesbatzak, harpa batek eta Udalaren Txistulari Bandak ere parte hartu zuten. Jose Elizondok Mendeurrenerako egindako "Amaren Obiyan" lanaren bertsoak kantatu ziren.

Alkateak eta Udalbatzak sinbolo oroigarri bana eman zioten sinatzaileen ondorengoen familien ordezkariei, baita oroitzazko diploma bana Bigarren Mendeurrenaren programa kolektiboan parte hartu duten pertsona, elkarte, erakunde eta enpresei ere.
