Nouvelle corporatives

01/11/2013

ENE 2013: Euskaraz mintzatzen, muga eta konplexurik gabe

Eusko Ikaskuntzak ?Euskara pil-pilean? kanpaina abiarazi du 2013. urteko Euskararen Nazioarteko Egunari begira. Elkarteak 1949. urtean finkatu zuen abenduaren 3 Euskararen Nazioarteko eguna bezala, hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko xedez.

Euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzen da urtero. Egun hori 1949. urtean finkatu zuen Eusko Ikaskuntzak, munduan zehar barreiaturiko euskaldun guztiak euskararen inguruan bildu eta bizitzaren esparru guztietan haren baitan aritzeko xedez.

Aurtengoan Eusko Ikaskuntzak munduko edozein txokotan kokatutako pertsonen artean euskarazko komunikazioa bultzatzea du asmo, edozein delarik ere txoko horretan nagusi den hizkuntza. Horretarako, Mintzanet baliatuz, alde batetik euskara maila gorena duten eta beste pertsona batzuei Skype bidezko elkarrizketak garatuz laguntzeko prest dauden pertsonak eta, beste alde batetik, maila apalago bat izanik, euskarazko elkarrizketa izan nahi duten pertsonak bilatu nahi ditu. Modu horretan, bi aldeetako pertsonek elkarri lagunduko diote bakoitzaren ahozko gaitasunak garatzen.

Hala euskara maila gorena dutenek, Bidelagunak, (lagundu nahi dutenak), nola hobetu nahi dutenek, Bidelariak, abenduaren 2ra bitartean eman ahal izango dute izena www.eusko-ikaskuntza.org/ene webgunean. Izena ematen dutenen artean hainbat opari zozketuko dira. "Euskara pil-pilean" kanpainan aurpegi oso ezagunek parte hartuko dute, esate baterako, Karlos Argiñano eta Aitzpea Oihaneder sukaldariek.

Bestalde, zortzigarren urtez jarraian, ENE SARIA banatuko da, euskara sustatzen eta euskal kultura garatzen lan egiten duen kanpoko entitate bati, lan horren aitorpen modura, ematen zaiona. Saria, finean, aitorpen publikoa da eta Nestor Basterretxea artistak diseinaturiko anagramaren eskultura-erreprodukzioa banatzen da.

Hautagaitzak aurkezteko azken eguna azaroaren 25a da. Erabakia 2013. urteko Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren barnean jakinaraziko da.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp