Nouvelle corporatives

01/10/2013

Euskal Herriko gazteen think tanka. Ondorio nagusiak

Urriaren 4ean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Datorkigunea hiru urtetan zehar Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentutik bideratu den hausnarketa foroaren ondorio nagusiak aurkeztu ziren.

Arrate Arin Eusko Ikaskuntzako zuzendariarekin batera, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria, Arantza Ruiz de Larrinaga GFAko Herritarren Parte hartzerako zuzendaria eta Zigor Etxeburua, GFAko Euskara Zuzendaria izan ziren Maddi Castro Datorkigune kidearekin batera ondorioen aurkezpenean.

2010 urtean abian jarri zen proiektua eta 2013 urtean amaitzen den hausnarketa foroan 100 gazte inguruk parte hartu dute. Proiektu honen ezaugarri berritzaileen artean Eusko Ikaskuntzaren baitan eta erroan diren disziplina eta lurralde aniztasuna eman dela izan da. Gazte parte hartzaileen iritziz eta Maddi Castrok ondorioen aurkezpenean aipatu zuen bezala," izaera, ezagutza arlo eta testuinguru desberdinetan hazi eta bizi garen gazteak bildu gara, eta elkar aberasteaz gain, sortu ditugun edukietan aniztasun hau errespetatzea eta islatzea lortu dugu. Hori ez da egungo gizartean sarri ematen". Hiru urtetan zehar euskal gizartearentzat etorkizuneko hainbat erronken diagnosia egin ondoren, gai bakoitzeko proposamen eta ideia ugari bideratu dituzte Datorkigunean parte hartu duten gazteek.

Maddi Castroren hitzetan, landu den azken gaiaren karietara (Ipar eta Hego Euskal Herriaren harremana) "asko ikasteko aukera izan dugu. Eta ideia nagusia, ez dugula elkar ezagutzen izan da. Muga psikologikoa hor dago oraindik; hala ere, elkar ezagutzeko gogoa eta borondatea badu gizarte zibilak, loturak estutzeko nahia eta hor euskararen indartzea nahitaezkoa da". Horregatik, deialdi berezia egin zien erakundeei, gazteen artean islatzen den borondate hori jaso eta instituzioek ere direkzio horretan urratsak emateko.

Horrez gain, Maddi Castroren hitzetan, proiektu honek euskal gazteriaren beste irudi bat islatzeko balio izan du. Gaztek egungo krisiaz, immigrazioaz, langabeziaz, politikaz euren kezka eta iritziak mahai gainean jarri dituzte. "Gazteen artean, gizarteko beste sektore batzuetan bezala, badira gazte konprometituak, badaude gazte kezkatuak, badaude gure herriaren eta gizartearen etorkizuna axola zaien gazteak. Horregatik, Datorkigunea gazteentzako aukera bat izan da ikasteko, jende desberdinarekin lan egiteko eta era berean euren iritzia emateko" esan zuen Maddik.

Azkenik, egungo krisi egoeran, non gazteak diren gizarteko sektore zigortuenetariko bat, egungo gizarteaz eta etorkizuneko gizarteaz, Euskal Herriaz eta zergatik ez, baita Europaz hitz egiteko eta euren iritzia emateko aukera izan beharko luketela uste dute Datorkiguneko gazteek. Horrez gain, esaten dutena kontutan edukitzeko eskaera ere luzatzen dute.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp