Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako Lehendakari berria.
Lehenengo eta behin zorionak Eusko Ikaskuntzako bazkideek lehendakari hautatu zaituztelako. Orain lanean hasteko garaia hasten da. Eskerrik asko. Zalantzarik gabe hauteskunde prozesua amaitu da eta Eusko Ikaskuntzaren pultsua hartuz, eguneroko eginkizunean murgiltzeko unea iritsi da.
Momentu delikatu hauetan, zein mezu zabaldu nahiko zenieke Eusko Ikaskuntzako bazkideei? Hankak lurrean ondo sustraituta ditugularik, bazkidegoaren gaitasunetan sinetsi eta gaitasun horiek mugituz Eusko Ikaskuntza sendo bat lortzeko gai izango garela sinestea eta horren alde lan egingo dugula esan nahi nieke. Horrez gain, ezagutzaren garapenaz haratago, erakunde honen kudeaketa eta harreman ondasunaren ustiapena ere bazkideen ekarpenen beharrean dauden eremu garrantzitsuak direla esan nahiko nieke bazkideei.
Pentsatzen dut ilusioz eta esperantzaz hartzen duzula zure gain ardura hau. Zeintzuk dira eman beharreko lehen urratsak? Nire bizitza guztian, erakundeen jardunean eta bizitza pertsonalean, garbi izan dut amets batzuk lortzeko ilusiorik gabe ibiltzea erregairik gabe motor bat ziztu bizian ibili nahi izatea bezalakoa dela. Gainera ametsa eta ilusioa, arrazionaltasunetik haratago dauden emozio edo bizibide sustatzaile ezinbestekoak dira. Hartara, proiektu berriek beti sortu ohi didaten ilusio guztiarekin, lehen urratsa erakunde honen pultsua hartu eta hemen lan egiten duten pertsonak ezagutzea izango da. Aldi berean lan egiteko era eta lehentasunak finkatuko ditut Lehendakari ordeekin. Hasteko, hiru lehentasun ikusten ditut nire buruan; Eusko Ikaskuntzaren eredu hausnarketarako informazioa bildu eta laburbiltzea, gerente berri bat aurkitzea eta oinarri ekonomiko iraunkor bat sustatzea. Lan-ildo horien inguruan lantalde bana nahi dut osatu. Lehendakaria bera edo lehendakariorde bat buru izanik, gaitutako bazkide batzuekin eta Eusko Ikaskuntzako barne egiturako profesionalekin osatutako lantaldeak noski.
Zuen programan jasotzen diren balioak argitasun eta esperantza transmititzen dute. Ilusioa, baikortasuna, euskaltzaletasuna, berrikuntza. Egoera ekonomiko trakets honetan berrituko al ditu Eusko Ikaskuntzak balio hauek? Balioak egoera ekonomikoen gainetik eta haratago daudela uste dut. Askotan errealitateak,-errealitate ekonomikoak kasu honetan,- balioak erretorika hutsean geldi arazteko arriskua eta presioa ezartzen du. Balioen adierazpenaren eta balio horien praxiaren artean beti tentsio bat dago baina seguru nago adierazpen huts batean ez direla geldituko.
Eusko Ikaskuntzak etorkizunari begiratzeko Euskal Herriko Kultura Erakundeentzat argi dorre bat izan beharko lukeela aipatzen duzue. Nola gauzatu daiteke erronka hori? Hori da gure ametsa eta lortzeko lehenbailehen abian jarri behar dugun hausnarketa ezinbestekoa da. Gaurko Eusko Ikaskuntza osatzen duten kultura, zientzia, ikaskuntza, argitalpen, sekzio, gizarte?bezalako hitz edo kontzeptu nagusiak gaurko Euskal Herri eta munduaren perspektibatik berrinterpretatu eta eraldatu egin behar ditugu. Horretarako gure historiari eta baita gure inguru zabalari begirada sakon bat ematea beharrezkoa dela iruditzen zait.
