Nouvelle corporatives

01/02/2009

Euskonews

100 ale, eta gazte-gazte!

Euskonews Gaztea astekari elektronikoak bi urte pasatxoko ibilbidea bete berri duen honetan, 100. alera ere iritsi da. Anbizio ugariz martxan jarri zen proiektuak, astero irakurleengana helburuak beteta iristea asmatu du.

Ehun ale hauetan, berrogei ikastetxek ateak ireki eta ikasgelatan 15-19 urte bitarteko 800 neska-mutilekin lan egin du agerkariak. Gazteek gehien bat beraien herrietako gaiak jorratu dituzte, kultura eta kirola ardatz nagusiak izan direlarik. Bestalde, kolaborazio zein erredakzioko lanak ere jaso ditu 100 ale hauetan zehar; beti ere, bere orrietan gazteei interesgarri zaizkien materiak jorratuz. Eskaintza aldetik ere haziz doa, agerkarian zintzilikatzen dituzten bideoak goraka baitoaz.

Berezitasun gisa, 2008ko Durangoko Azokarako ordura arte astekarian publikatutako zenbait gai eta erreportaje hartu eta Euskonews Gaztea. Gazteentzat gazteek egina liburuxka argitaratu zen.

Ehungarrena ere iritsi da eta hasieran bezain gogotsu jarraituko du Euskonews Gazteak orain arteko zifrak gainditzeko asmoz. Agerkariak deia egiten die berarekin kolaboratu nahi duten ikastetxeei. Ateak zabalik ditu denontzat!

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp