Eusko Ikaskuntzako Gazteria Saila ibiltzen hasi da jada eta lehen urratsak ematen ari da. Bazkide berrien eskariei erantzun emankorra helaraztea du xede nagusi.
Europar Boluntarioak
*Bidaian gabiltzala, ikasi eta ezagutu
Eusko Ikaskuntza Europar Boluntario Zerbitzuan parte hartzeko erakunde bezala onartua izan da. Europar Batasuneko Gazte Ekintzaileak proiektu zabalean kokatzen den ekimen honek Europar Batasunean nahiz kanpoan mugikortasuna, hezkuntza ez formala eta kultur arteko elkarrizketa sustatu nahi ditu. Programa honen bidez Eusko Ikaskuntzak gazte euskaldunak Europako beste instituzioetan eta herrialdeetan boluntariotza epealdi bat gauzatzera animatu nahi ditu. Gazte euskaldun askorentzat aukera erakargarria izan daiteke, esperientzia ahantzezina bilakatu daitekeelarik. Era berean, proiektu honek Eusko Ikaskuntzaren lana ezagutzera emango du euskal gazteriaren artean, baita beste lurralde batzuetan ere.
EH Hortik-Hara
*Hitzarmena
Duela zenbait aste Eusko Ikaskuntzak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Euskal Herria Hortik-Hara-rekin (argazkian, Haitz Aldana). Euskal kulturaren Ameriketako egoera eta pertzepzioa gazteen ikuspuntutik analizatzea da 2006 urtearen amaieran abiaturiko proiektu honen helburua. Horretarako, aurtengo otsaile-tik ekainera EH Hortik-Hara-ko hiru kidek bidai-atu egingo dute hainbat herrialdetan zehar: Kanada, Estatu Batuak, Venezuela eta Argentina, non Euskal Herriarekin zerikusia duten iritziak, bizipenak eta esperientziak bilduko dituzten. Material horrekin dokumental bat gauzatuko dute, ondoren nazioarteko mailan erakustekoa.
