Iragan den ekainaren 6an Donostian Eusko Ikaskuntza? Euskadiko Kutxa 2012 Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren irabazlea, Joxe Azurmendi, ezagutzera eman zen. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta UNEDeko ordezkariez gain, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta Euskadiko Kutxako zuzendari ordeak osatzen zuten eta guztien adostasunarekin saria Joxe Azurmendi Otaegiri ematea erabaki zuten.
Idazlea eta pentsalaria, Zegaman (Gipuzkoa) sortua 1941eko martxoaren 19an. Gazte-gaztetatik Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean ikasi zuen eta gero ordena horretan sartu zen. Filosofia ikasketak Alemanian egin zituen, eta Teologiakoak Erroman. Jakin, erlijiozko ordena horren aldizkariaren inguruko mugimendu kulturalaren bultzatzaileetako bat izan zen. 80ko hamarkadaren hasieran, ordena utzi eta gero, irakasle gisa hasi zen lanean EHUn. 1984an doktore tesia aurkeztu zuen Arrasateko mugimendu kooperatibistaren sortzailea izan zen Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz eta sustatzaileari buruz.

Epaimahaiak kontuan izan du Joxe Azurmendi idazle eta filosofoaren ibilbide akademiko luzea, bai eta bere lana poesian, pentsamenduan eta kulturgintzan. Kontuan izan da, gainera, bere lanaren zati handi bat euskaraz egin duela. Jakin taldearen eta Jakin aldizkariaren kide eta bultzatzaile nagusietarikoa izan da. UPV/EHU-ko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko katedrun emeritoa da, euskaltzain urgazle eta ohorezkoa.
Poeta gisa eman zen ezagutzera, baina saiogile gisa nabarmendu da. Landu dituen gai nagusiak pentsamenduaren historiarekin lotutakoak dira, eta arreta berezia dedikatu die euskal intelektualei (Orixe, Mirande, Arizmendiarrieta, Gandiaga...), europar pentsamenduko figura nagusiak (Marx, Kolakowski, Schopenhauer, Nietzsche, Humboldt...) bazter utzi gabe.
Xabier Altzibarrek Historia de la literatura vasca (2000) liburuan adierazten duenez, Azurmendi "euskal saiakeragilerik emankorrena" da. Altzibarren arabera, "Azurmendiren saiakerak arnasa handikoak eta luzeak dira. Horietan gaur egungo europar gaiei ekiten die sakontasun eta erudizio handiz. (...) Azurmendi intelektual kritiko bat da. Arazoa aztertzen du, soluzioa baino areago. Badaki pentsamendua azaltzen eta garatzen. Tonu polemikoa hartzen du maiz askotan. Erregistro jasoa eta lagunarteko esapideak konbinatzen ditu bere hizkuntzan eta haren prosa bizkorra, zorrotza eta ironikoa da".
