Nouvelle corporatives

01/08/2012

Nafarroa, gaztelurik gabeko lurraldea

Txikitandik sentitu izan dut plazer handia Nafarroako lurralde zabalak ezagutzean. Nire gurasoekin batez ere Lizarrako inguruak ederki ezagutzeko aukera izan nuen; inguruko herriak, bere izadiak... berehala harrapatu ninduten. Gaztetan, ordea, ondoko lurraldeetatik bidaiatzen nintzenean, Aragoi edo Gaztelatik batez ere, iraganeko itxura erakargarria hartzen zuten bere paisaiek, edonon gazteluak agertzen zirelako; lurralde horien erdi aroko iraganaz ohartarazten ninduten. Orduan, galdera bat egiten nion neure buruari. Zergatik ez ditugu eraikin harrigarri horiek Nafarroan? Erdi Aroan Nafarroa ondoko erreinuak baino zaharragoa izanda, eta toki estrategikoan kokatuta egonda, zergatik zen eta da Nafarroa gaztelurik gabeko lurralde bat?

Bai, Nafarroak izan zituen bere gazteluak, eta ez gutxi, ehun baino gehiago gure herriak babesteko erabili izan zirenak. Inkognita hura hogeita hamar urte baino gehiago bizi izan da nirekin, Nafarroako konkistari buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen arte: konkistatzaileek Nafarroa bereganatu eta gero, gure gaztelu guztiak hautsa bihurtzea erabaki zuten, euskaldunok berriro altxa ez gintezen.

Aurten, duela bost ehun urte Fernando katolikoaren agindua betez, Gaztela eta Aragoiko tropek Nafarroa konkistatu zutela oroitzen da. Urteurren goibela da, euskaldunok gogoratzen ditugun beste hainbat eta hainbat bezalakoa: Gernikako bonbardaketa edo Donostiako erreketa, besteak beste. Bost ehun indarra duen zenbakia da. Urte asko direla dirudien arren, ez dira hainbeste. Ni neu mende erdira iristear nago, beraz, eta nire perspektibatik begiratuta, bizitako urteak baino hamar aldiz atzerago jo beharko nuke garai hariek bizitzeko, eta gipuzkoar bezala, hamasei aldiz Gaztelak Gipuzkoa anexionatu zueneko garai hura bizitzeko. Guk uste baino hurbilago daude gertakari haiek. Mendez mende zauri horren gainean hauts piloa bota izan da ondo estalita gera zedin, baina efemeride honek hauts horiek harrotzeko unerik egokiena eskaintzen digu kaleko jendeari gertakari iraingarri haiek ezagutarazteko.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp