Nouvelle corporatives

01/10/2012

Sariak

Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria 2012: Joxe Azurmendi

Donostian, iragan den ekainaren 6an, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa 2012 Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren irabazlea ezagutzera eman zen, Joxe Azurmendi hautatua izanik. Orain jakin berri da sari emate ekitaldia, 2012.eko azaroaren 8an, Donostiako Miramar Jauregian, Julio Caro Baroja aretoan, arratsaldeko 18:00etan izango dela.

Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta UNEDeko ordezkariez gain, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta Euskadiko Kutxako zuzendari ordeak osatzen zuten eta guztien adostasunarekin saria Joxe Azurmendi Otaegiri ematea erabaki zuten.

Epaimahaiak kontuan izan du Joxe Azurmendi idazle eta filosofoaren ibilbide akademiko luzea, bai eta bere lana poesian, pentsamenduan eta kulturgintzan. Kontuan izan da, gainera, bere lanaren zati handi bat euskaraz egin duela. Jakin taldearen eta Jakin aldizkariaren kide eta bultzatzaile nagusietarikoa izan da. UPV/EHU-ko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko katedrun emeritoa da, euskaltzain urgazle eta ohorezkoa.

Manuel Lekuona Sariaren deialdia irekita

Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Sarian hautagaiak aurkezteko deialdiak irekita jarraitzen du, azaroaren 15a bitartean. 2012. urteko deialdia Arabako lurraldeari dagokio, hau da, arabarrek bakarrik izango dute hautagaitzara aurkezteko aukera. Sariaren sorreratik, 1983.etik aurrera, Eusko Ikaskuntzak sarituen lurralde-oreka bermatu du eta oinarria euskal kulturako pertsonei interes handiko obra osoa (opera omnia) aitortzea litzateke.

Hautagaiak idatziz igorriko dira Eusko Ikaskuntzaren edozein lurralde-zuzendaritzara, behar bezala arrazoituta eta beharrezko dokumentu edo inprimakiak erantsita. Lurralde bakoitzeko lehendakariordeak, behin lurraldeko kontseilua bildu eta horri entzun ondoren, esandakoa betetzera behartuta egon gabe, gutxienez 3 hautagai izendatuko ditu. Bestalde, elkarteko lehendakariak, Batzorde Iraunkorreko eta Batzorde Betearazleko gutxienez 5 kidek eta gutxienez 10 bazkidek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete.

[+] Informazio gehiago

Deskargatu Curriculuma

Deskargatu Curriculum laburpena

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp