2012ko lehenengo sei hilabetean Eusko Ikaskuntzako Udalen lan taldeak 75 udal bisitatu ditu dagoeneko, tartean hitzarmena duten udalez gain hitzarmenik ez duten udalak ere bisitatu direlarik. Egindako lan sendo honi esker, udal askorekin harremanak berpiztu ahal izan dira eta honek proiektu berriak abian jartzea gaitu du. Besteak beste, dagoeneko 12 udalekin izaera desberdineko hainbat proiektu bukatu dira, hala nola, Bermeon egin den galernaren dokumentazio lana, Gernikan borbardeoaren inguruko mahai ingurua, Zumaian egin den argazki artxiboaren digitalizazioa eta sareratzea, eta Portugaleteko Kofradiako artxibo txukunketa eta katalogazioa.
Urduliz (2012.04.26). Eusko Ikaskuntzak Udalarekin hitzarmena sinatu du
Bestalde, beste 17 udalerritan 18 proiektu abian dira, gehienak aurten amaitzeko asmoarekin. Batzuk aipatzearren, Baztanen bi ikerketa (Erregerena-Erdiz mendien ikerketa antropologikoa eta Elizondoko Kasinoaren agiriari buruzkoa) burutzen ari da Eusko Ikaskuntza, Aramaion ipuin bilketaren difusio lana egiten ari da eta Getxon Portu Zaharreko testigantza bilketa eta Portu Zaharreko dinamizazioaren planaren jarraipena burutzen ari da besteak beste. Gipuzkoan aldiz, Hernanin argazki artxiboarekin jarraituko da eta Tolosan aldiz Napoleonen garaiko artxibo lanak jarraitzen du, Bayoneta aldizkariaren ale berriak argitaratuz. Proiektu guzti hauetan, 60 aditu baina gehiagok parte hartu dute, baita Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia fundazioak ere. Azkenik, 2012 urtean Urdulizeko Udalarekin hitzarmena sinatu du Eusko Ikaskuntzak, orotara 102 udalekin akordioa duelarik.
