Nouvelle corporatives

01/06/2010

Txomin Peillen, 2009ko Manuel Lekuona Saria

2009ko Manuel Lekuona Saria jaso zuen Baionan maiatzaren 22an Txomin Peillen idazle eta ikerlari zuberotarrak bere obra osoari interes berezia egotzita, maila goreneko intelektual eta humanistaren lanaren errekonozimendu gisa. Lagun, senide, idazle zein Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiko ordezkarien babesean Baionako herriko etxeko aretoa bete egin zen Peilleni gorazarre egiteko. Hunkituta hartu zuen Remigio Mendibururen brontzezko eskultura Eusko Ikaskuntzako buruzagitzako José Luis de la Cuestaren eskutik.

"Hitz gutiz errango dut bakarrik zein ikerlari zorrotz eta nasaia den batetik, idazle zinez emankor eta polifazetikoa bestetik, denetarik egiten baitu, eta ongi egin. Azpimarratuko ditut bereziki horren eleberriak hainbat literatura sari merezitu diotenak, hainbat nekezia kosta ere argitaratzeko. Olerkian ere liburu andana bat agertu du, bereziki azken urte hauetan, eta saioan are gehiago. Gainera, zenbat ikerlan ez otu du publikatu hainbat aldizkaritan? Beraz ez da egun ustekabean hemen gertatzen, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona sari famatuaz ohoratua", azpimarratu zuen Jean-Louis Davant euskal idazleak ekitaldian.

Peillenek berak, bidelagun izan dituenei eskerrak eman zizkien ekitaldian, bereziki, sariari izena ematen dion Manuel Lekuonari: "Duela 22 urte hil zitzaigun oiartzuar euskaltzale handia; ikerlaria genuen eta ahozko literaturaren, herriko kantuen, koplen, bertsuen eta pastoralen balioa oroitarazi zituen, bere Literatura oral euskérica liburuan bai eta artikulu anitzetan hamabi liburutan bildu zirenak. Haur kantuak idatzi zituen baita Ehun dukat izeneko komedia eta Zigor operaren libreta". Eta bere "zorrak aitortuz", euskaldun eta euskal idazle egin zutenak ohoratu zituen Peillenek, euskaldun egin zuen ama eta Zuberoako senideak, zein Andima Ibiñagabeitia elantxobetarra eta Gotzon Egaña donostiarra. Eta aipamen berezia izan zuen Luis Mitxelena, Jon Mirande eta Gabriel Arestirentzat ere, izan ere "euskaraz literatura idaztera eraman ninduten hemeretzi liburu agerrarazi arte", azaldu zuen Peillenek.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp