Arantxa Urretabizkaia. Idazle eta kazetaria: Euskal literatura bere historia osoan egon den momenturik hoberenean dago

2015-02-04

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Donostiako Egia auzoan jaiotako Arantxa Urretabizkaiaren literatura 60 eta 70 hamarkadetako berpizkundearekin batera garatu dela esan daiteke. 1977an kazetaritzaren munduan murgildu zen, eta huraxe du lanbide ordutik: Egin egunkarian, Deia-n, Diario Vasco-n eta ETB-n jardun du, besteak beste. 2001ean Rikardo Arregi saria lortu zuen Zabalik kazetarako idatzi zuen elkarrizketa sailarengatik. Euskaltzaindiko kidea da Donostian sortutako hondarribiarra.

Munduko literatura ezagutzen duzularik zertan aldatu da funtsean emakumearen ekarpena azken mende artean?

Batez ere, munduko literaturan ez garela salbuespen, eta, emakumeak eta gizonezkoak modu desberdinean idazten dugun ala ez, desagertu dela ia debatetik. Orain gehiago hartzen da idazle bat, gizona zein emakumea, literatura orokorraren barruan. Hori da niretzat aldaketarik handiena eta gainera aproposa iruditzen zait, zeren emakume guztiak ez gara berdinak eta gizonezko guztiak ez zarete berdinak. Gizon eta emakume kontu hauei buruz, gauza desberdinak pentsatu izan ditut azken 40 urtetan.

Esate baterako, epai mahai batean parte hartzen duzunean, lehiaketa batean lanak ez datoz sinatuak, ez dakizu lan hori gizon batek ala emakume batek egin duen, aldiz, liburu bat erosten duzunean liburu denda batean, han badakizu nor den egilea, beraz badakizu gizonezkoa ala emakumezkoa den. Izenik gabeko lanetan ia ezinezkoa da 100% asmatzea gizon ala emakumea den, eta ez da nire esperientzia bakarrik. Ana Maria Bosch, idazle kataluniar batek kontatu zidan, epaimahai batetan zegoela eta bi ipuin atera zituztela azken saridunak eta zera esan zuten, a) gizon batek idatzita, seguru eta b) emakume batek idatzita, seguru; zabaldu zituzten azalak eta alderantzizkoa zen. Oso zaila da asmatzea.

Egungo euskal literaturaren hastapenetan ikusten zaitugu eta emakume bakarra, beste izen mitikorekin batera. Non uste duzu datzala egungo arrakasta euskal emakume idazleei dagokienez?

Gure literatura txikia da, irakurle batek gazteleraz esan dezake, nik nobela historikoak bakarrik irakurtzen ditut edo nik maitasun nobelak bakarrik irakurtzen ditut, edo nobela beltzak. Horrelakorik ezin da esan euskal literaturan, ze bakarrik euskaraz nobela historikoak irakurtzen badituzu, agian urte batean ez duzu bat bera ere izango, eta beste batean gehienez jota pare bat, berdin gizon eta emakumeentzat.

Orain euskal letretan gertatzen dena da, emakumeak ez direla salbuespen, hor badago masa kritiko bat, eta hortik aurrera aztertu ahal izango dugu zer desberdintasun dagoen. Generoa ez dut uste hain eraginkorra denik idazteko orduan, baina ideologia bai, ideologia oso eraginkorra da. Eta lan horiek, gaurko idazle emakume gazteak egiten dituztenak aztertuz, hor, zerbait ikasi beharko dugu. Nik ez ditut denak irakurtzen, bai azken urteetan, baina orain ez da posible, asko baitira eta oso erregistro desberdinekoak.

Nabarmen dudan aldaketa bat, Karmele Jaiok egindakoa da, eta hauxe da; gure literaturan, tradizioz, emakumeak ez direla protagonistak izan eta paper handiak izan dutenean beti izan dira amak, eta beti gizonezkoen amak, adibidez. Karmele Jaiok lehenengo aldiz dakar neska baten ama gure letretara.

Horrelakoa aldaketa asko gertatuko dira, baina desberdintasun hori desagertzeko dago, edo hori sinetsi nahi dut nik. Idazleak gara, pertsonak gara, eta ez da gizonen literatura arrunta dela eta emakumeena berezia, ez, guztiena da literatura.

Ba al da euskal emakume literaturarik?

Ez dut uste. Oro har, Eider Rodriguez bat, neroni, Itxaro Borda bat, Mariasun Landa bat, Karmele Jaio bat,... hain gera desberdinak! Agian, maila batetan, bizitzak batzen gaitu. Lehenengo emakume idazleen bilera egin genuenean orain dela 14 bat urte, 15 edo 18 idazle bildu ginen Baztango baserri batetan, eta lehenengo orduak elkarren bizitza kontatzea izan zen: “nik bi haur ditut, nik haur daukat eta hau lehenengo aldia uzten dudala jaio zenetik, ni nire umea amaginarrebarekin utzi dut, senarra lanean dago,...” Nik bizitza osoa neraman gizon idazleekin bilerak egiten, eta sekula ez zen horrelakorik aipatzen, agian ez zenekien zure aldamenean zegoen gizon idazle horrek, seme alabak ote zituen ala ez. Bizitzak du agian berezitasuna baina literaturak ez dut uste.

Hala ere, galdera hori idazle bati egiten diozu, eta idazle batek izan dezake grazia gehiago edo gutxiago idazten, baina zentzu horretan, ni txoria naiz, ez naiz ornitologoa, ornitologoak unibertsitatean daude, eta badaude kasu berezi batzuk, txori eta ornitologo direla baina, ni ez. Ni txori tontoa guztiz ez naiz eta ikuspegi apur bat hartzen badakit, baino ez daukat euskal literaturaz irizpide sistematiko bat unibertsitario batek izan dezakeena, nireak gehiago dira iritziak beste ezer baino. “Ez dut uste euskal emakume literatura dagoenik”.

Nola doa euskal literatura oro har?

Nik uste dut euskal literatura, oro har, bere historia osoan egon den momenturik hoberenean dagoela. Mende eta mendetan ez gara egon gaur gauden lekuan, alde askotatik, bat, oso inportantea, gure liburu batzuk (ez guztiak) hemendik kanpo gehiago saltzen dira hemen baino. Interesa sortzen dute hemendik kanpo, eta hori euskal literatura osoaren historian ez da gertatu izan. Beste bat, momentu honetan ekoizten ari gara, hau da, literatura egiten, gizon eta emakume, zahar eta gazte, aurrerakoi atzerakoi, kristau eta ez kristau... Orain daukagun aberastasuna euskal literaturak ez du sekula santan izan, ez dakit urrezko aroa den baina zilarrezkoa gutxienez bai.

Neretzat euskal letretan Ramon Saizarbitoriak hurrengoekiko distantzia handiarekin ikusten dut, berari ez zaio hau entzutea gustatzen, baina Ramonek egiten duena literatura baldin bada, nik egiten dudana nekez sartu liteke kategoria berean. Ramonek egiten duen guztia gustatuko zait gehiago edo gutxiago baina, miresten nau, miresten nau ia orrialde bakoitzean. Miresten nau Atxagak ere, Atxagak hitzekin grazi bat du, oso gutxik dutena, badira idazle txukunak, idazle onak... baina grazia hori... Atxagak modu oso berezian du.

Gero, beste batzuk datoz, baina nik jarraitzen ditudanak batez ere bi horiek dira. Zerbait berria sortzen denean jakin mina bultzatzen nau eta adibidez, Kirmen Uribe dezente jarraitu dut, noski Anjel Lertxundi ere bai. Baina batzuk jarraitzen ditut iruditzen zaidalako behar bat dela, hori egin behar dudala, eta beste batzuk besterik gabe gozatzeko. Jarraitzen ditut, Eider Rodrigez, Karmele Jaio, Itxaro Borda, emakumeen artean batez ere hiru horiek, eta Mariasun Landa. Mariasun Landa da niretzat, hitzen grazia hori duena ere bai, ez dakit nola definitu baina Mariasunek du.

Ba al duzu buruan mundu osoan arrakastatsua gerta litekeen nobelaren eskema?

Ez, ez. Nik uste dut ez dudala sekula pentsatu euskal letrak bitan bananduko zirela, nire aurretik eta nire ondoren. Nere kondizioa hori baino askoz ere kaxkarragoa da, edo ez hain kaxkarra, nire anbizioa gehiago da jarraitzea eta lan duin bat egitea, ez munduko letrak goitik behera asaldatzea.

Idaztea gustatuko litzaizukeen nobelaren titulua?

Ez, ez daukat ez titulua ez ezer. Nik momentu bakoitzean ateratzen zaidana egiten dut, pentsatu gabe, esan gabe “hau egina dago, hau berritzailea da...” Adibidez, kalera atera berri dudan liburua ez da nobela, eta iruditzen zait hurrengoa ere ez dela nobela izango. Nik banan bana lan egiten dut, bat egin eta hura bukatzen denean hurrengoa, norabide jakinik gabe. Batzuetan esaten didate “eta hau zergatik?”, “ez dakit, bururatu zaidalako”, erantzuten dut.

Literatura ez da nire bizibidea, nik hor ez det dirurik irabazten. Literatura askatasunaren esparrua da niretzat, hor, sudurraren muturrean jartzen zaidana egiten dut, eta gaizki baldin badoa, nire autoestimuak sufrituko du baina nire kontu korronteak ez. Beraz, burutik pasatzen zaidana egiten dut, eta iruditzen zaidana gai izango naizela bi, hiru, lau urte jarraipen batekin lanean jarduteko, orduan hartzen dut istorioa hori, edozein haritik doala. Literaturan ez banaiz libre sentitzen, non sentituko naiz ba libre? “Literatura askatasunaren esparrua da niretzat, hor, sudurraren muturrean jartzen zaidana egiten dut”.

Ba al duzu libururen bat benetan inpaktatu zaituena eta esan duzuna, “nik idatzi izan banu...”?

Bai, fikzio bat baino gehiago “Orlando” Virginia Woolfena edo Patricia Highsmithen “Ese dulce mal”, nobela beltz bat, urtetan behin eta berriz eskutan hartu dudana... eta beste batzuk, pentsakizun aldaketa sortu didatenak eta fikzioa ez direnak.

Baina uste dut, jakin gabe ere, badugula radar moduko bat buruan, agian ez dakizu zeren bila ari zaren edo non daukazun korapilo bat, eta justu frekuentzi horretan dabilen liburu bat harrapatzen baduzu, horrek aldatzen zaitu, baina ez dakizu aldez aurretik zein den hori. Gertatu izan zait. Are gehiago, badago liburu bat niri asko inpresionatu ninduena, ingelesa, Victoria Sackville-West-ena, ustez grabatuta gelditu zitzaidan eta urteak pasa eta liburu horretara jo nuen “zera” haren bila, hirugarren aldiz irakurri behar izan nuen nire buruan aurkitzeko, esaldi bat zen. Liburu osotik hiru esaldi hartu eta haiek egiten zidaten eztanda.

Niri eztanda horiek gustatzen zaizkit. Pena ematen dit norbaitek esaten didanean urteekin ez dela aldatu. Nik eztanda horiek sentitu nahi ditut, batzuetan horien bila irakurri behar da, eta bestetan ustekabean gertatzen dira.

Diotenez, eta ni horren aburukidea naiz, ongi idatzi ahal izateko sakon eta zabal irakurri behar dela. Zeintzuk dituzu egilerik kuttunenak?

Ez daukat egile kuttunik. Bizitzan zehar desberdinak izan dira. Momentu honetan, Alice Munro, Nobel Saria, bere bi liburu irakurri ditut momentu honetan eta zerbait mugi arazten dizutenak dira. Ileapaintzailea izateko, buru asko ukitu edo ile asko moztu behar diren bezala, edo, auto mekanikari izateko motor asko ukitzen diren bezala, idazteko asko irakurri behar da, horretan dudarik ez.

Zer eman dizu idazteak?

Seguru asko beste ezerk eman ez dizkidan satisfakzioak, beste modu bateko satisfakzioak. Norbaitek esaten badit nire liburu bateko zati batek edo esaldi batek lehen aipaturiko eztanda hori eragin diola barruan, horrek ematen didan satisfazioa ez dit beste ezerk ematen.

Beste behin jaioz gero idazle izango al zinateke?

Ez dut errenkarnazioan sinesten, baina joko bezala, badira gauza batzuk hurrengo errenkarnaziorako utzi ditudanak denborarik eman ez didalako, adibidez bat, bertsolari izatea da, bestea, abeslari izatea, eta horrela beste pila bat. Hitzak badu zer esana kontu honetan baina idazle izatearena ez dut aurreikusita hurrengo errenkarnazioetarako. Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) Urretabizkaia Lur taldearen eskutik barneratu zen euskal letretan, Saizarbitoria eta Sarasola lagun. 1970ean Frantz Fanonen Afrika iraultzaren alde itzuli zuen, Sarasolarekin batera; Mendebaldeko Ekonomiaren historia idatzi zuen Saizarbitoria eta Sarasolarekin batera. 1971n, M. Dobben Sozialismoaren frogantzak obra itzuli zuen eta, 1973an, A. Otazuren Euskal Berdintasuna. Sarasola “Irakurle Nagusia” omen du ordutik. Sorkuntza lanetan poesiaren bidetik hasi zen Urretabizkaia, intimismoaren tonua goratu zitzaiolarik. Hain zuzen ere, 1972an “San Pedro bezperaren ondoak” poema luzean adoleszentziaren amaierari buruzkoak azaleratu zituen. Poema luze hartan Lur taldean zerabilten hizkuntza moldea nabari zaio. Gerora ere idatzi du poesia gehiago, 1982an Kritika saria bereganatu baitzuen Maitasunaren magalean poesia liburuarekin. Gehiago irakurri Auñamendi Eusko Entziklopedian
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Adelaide Daraspe. Euskaldunak Quebeceko lehendakari ohia: Lan handia egiteko gelditzen da munduko eta Euskal Herriko euskaldunak hurbiltzeko

 

Irakurri

Jesus Arzamendi. Euskaltzale, euskaldun berria: Mundu ezezagun bat deskubritu nuen euskararekin

 

Irakurri

Pedro Anitua Aldekoa. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria: Hiri ordenamenduak zerikusi handia dauka kalteen murrizketan

 

Irakurri

Agustín Azkarate. Arkeologoa: Aldaietak arabar tipologiako arma industria bat azalarazi du

 

Irakurri

Joseba Achotegui Loizate. Psikiatra eta Psikoterapeuta: Lehen bizio eta bekatu nagusiez hitz egiten genuen, orain buruko nahasteak ahoz aho dabiltza

 

Irakurri