Nola hasi zinen geologiaren abenturan?
Ba, beharbada, aitarekin nuen harremanari esker. Aitak mendira eramaten gintuen eta geologiarekiko nire zaletasuna hortik datorrela esan daiteke. Txikitan paisaia zoragarriak ikusteko aukera izan nuen, eta horrek mendien, ibaien eta hondartzen ostean zer dagoen eta zergatik dauden leku horietan jakiteko jakin-mina piztu zuen niregan. Esan daiteke hortik datorkidala zaletasuna. Izan ere, benetan, mundu horretan sartu den etxeko lehenengoa naiz.
Egia esan ez dira oso ohiko ikasketak, nola hartu zuten etxean zure erabakia?
Bere garaian, uste dut gurasoek nahiago izango zutela nik ohikoagoa den beste karrera bat ikastea, hala nola, enpresa-zientziak edo ekonomia. Baina, egia esateko, inoiz ez zidaten inolako eragozpenik jarri, are gehiago, etxean beti bultzatu gaituzte benetan gogoko duguna eta pentsatzen dugunaren alde borroka egitera. Eta gauza bat argi dago, nirea bokaziozkoa dela, izan ere, oso txikitatik argi bainuen geologia ikasi nahi nuela, edo beharbada, paisaien ostean zer dagoen jakin nahi nuela. Ikasi ahala, gero eta gehiago baloratu dut zientzia horren zentzua.
Non ikasi zenuen?
Karrera EHUn egin nuen, eta, egia esan, amaitu nuenean ikasitakoarekin ez nengoen oso pozik. Zera esan nahi dut, nik planetak nola funtzionatzen duen jakin nahi nuen; esan daiteke nirea ia planteamendua filosofikoa zela. Oraindik gogoan ditut soziologia ikasten zuen pisukide batekin izan ohi nituen eztabaidak. Hark gizartearen portaeren erantzunak filosofian bilatzen zituen, eta nik, berriz, naturan. Bada, karrera amaitu ostean, konturatzen naiz oraindik planetak nola funtzionatzen duen apenas dakidala eta ikasteko gauza asko geratzen zaizkidala.
Hortaz, zer ikasi zenuen karreran?
Batez ere, datuak lortzeko eta transmititzeko mekanismoak. Zure gaiari buruz zer dagoen idatzia eta nork idatzi duen ikasten duzu, baita zerk eraman zuen pertsona hori lan hori idaztera ere. Hori dela eta, doktoretza egiten hasi nintzen, geologiaren zientzian sakontzen jarraitzeko asmoaz. Ez irakurtzeko eta gauzak orain arte egin diren bezala egiteko, baizik eta egiteko eta ulertzeko era berriak bilatzeko. Eta beste alor batzuetan bezala, bakoitza ahal duen moduan moldatzen da, eta bulegoz bulego joan eta hainbat irakaslerekin egon ondoren, ikerketa-proposamena egin nuen. Pirinioak zer diren ulertu nahi nuen. Hortaz, Benasque bailarako mendi handietan oinarrituriko Tesia egin nuen. Bertan, lau urte igaro nituen; udan mendi-aterpeetan bizi nintzen eta landa-lana egiten nuen, eta urteko gainerako sasoiak Leioan igarotzen nituen udan jasotako datuak aztertzen.
Zer sentitu zenuen Tesia amaitzean?
Tektonikari, eta Pirinioei, buruz gehiago ulertzen nuela. Baina, faltan sentitu nuen egindako lanak esparru handiagoa ez hartzea: Pirinioetatik kanpo ez ikertzea, beste diziplina batzuk ez sartzea eta, batez ere, eginiko lana ez komunikatzea. Izan ere, egin nuen lan hura nik oso ondo ulertzen nuen, baina gainerakoek ulertzen zuten?
Unibertsitateko ikerketa-sistemari buruz zer deritzozu?
Uste dut oraindik bide luzea dagoela egiteko, hobetzeko aukera asko daudela.
Zertaz ari zara?
Diziplinartekotasuna benetan aplikatu beharreko metodologia da eta Unibertsitatean zientzien artean iraganezinak diren hesiak jartzen dira. Nire ustez, gaur egun lan-eremuak zehaztuegiak daude, eta Unibertsitateetako departamentuak oso bananduta. Gainera, naturari dagokionez, esan daiteke naturak ez duela mugarik ezagutzen. Aurkikuntza garrantzitsuek beti ezagutzako diziplinen arteko mugekin zerikusia dute.
Orain gutxi ikerketen inguruko komunikazioari buruz hitz egin duzu.
Bai. Orokorrean zientziek komunikazioaren gaia oraindik gainditu gabe dutela deritzot. Hau da, ikertzen dena gizarteari helarazteko lana. Zientziak sozializatzeak oso lagunduko luke mundu hobea eraikitzen.
Baina badira aldizkari espezializatuak, hitzaldiak...
Bai, badira zientzia-eztabaidarako foroak, hala nola, biltzarrak, jardunaldiak, workshopak, argitalpenak... Horietara, zientzialariek beren proposamenak eramaten dituzte, eta kideen aurrean beren ideiak defendatzen. Baina, nik honako hau esan nahi nuen: gizarteak, orokorrean, bere eguneroko bizitzan eragina duten zientzia-esparruetan ikerturikoaren berri jakin beharko lukeela.
Diziplinartekotasuna hitza oso erakargarria dirudi, baina, nola egin hainbat diziplinetako “logos” guztiak batzeko? Hau da, nola hitz egiten dute beren artean biologoek, geologoek, arkeologoek, psikologoek, musikologoek...?
(Irribarre egin du) Bada, ahaleginarekin eta umiltasunarekin. Ahaleginduz, bakoitzak duen prestakuntza duelako. Gainera, beste eremu batzuk ulertu nahi badituzu eta zerbait esateko duten beste diziplina batzuetako adituekin hitz egin nahi baduzu, “saiatzea” beste irtenbiderik ez duzu. Umiltasuna, gai batean sakontzen denean, oso gutxi dakizula konturatzen zarelako. Eta nire esperientzian oinarrituta, esan diezazuket ikertzaile ospetsuenak pertsona umilak izan ohi direla. Hainbat diziplina ikergune berean bateratzeari dagokionez, lehen esandakoa errepikatzen dizut: natura oso konplexua da, ez du mugarik eta gure planetaren funtzionamenduaren inguruan egingo ditugun aurkikuntzak diziplinartekotasunaren ikuspegitik lortuko dira.
Argazkia: Iban Garate
Inguru ikusgarri honetan gaude, “arroka labartsuez” inguratuta. Zer du berezia ingurune honek?
Ez da gainerakoak bezalakoa, gune natural hau berezia da duen interes zientifikoagatik, kasu honetan geologikoagatik. Azaleratze honetan 40 urtez baino gehiagoz jardun dute zientzialariek ikertzen. Uste dut lehenengo lanak XX. mendeko 50eko hamarkadan hasi zirela, eta 70eko hamarkadan nazioartean ezaguna bihurtu zela. Ordutik, geologo askorentzat geologiaren muina da leku hau; geologo asko etortzen dira hona beren ikerketak egitera, eta ondoren, hainbat aldizkaritan, hala nola, Science, Nature eta Geology aldizkarietan, argitaratzen dituzte. Eta hemen, inor ez da hortaz ohartu, Unibertsitatea izan ezik. Hori horrela, testuinguru horretan Gipuzkoako Diputazioak ezagutza hori guztia kudeatzeko beharra zegoela ikusi zuen, egiten diren ikerketak koordinatzekoa eta ikertzaileei laguntzeko asmo garbia duen zerbitzua sortzekoa.
Nola?
Ikertzaileak koordinatuz eta horiei datuak erraztuz. Esaterako, bi pertsonak gauza bera ikertzea edo ikertuak izan diren gaiak ikertzea saihestuz. Halere, sare-sistema horren guztiaren azpian, biotopo honetatik lortzen den ezagutza gure ondare bihurtzeko asmo garbia dago, eta ezagutza horretan oinarrituz, dibulgazio –eta hedatze– programa on bat diseinatzekoa.
Eta geologiaz jakiteak... badu eraginik gure eguneroko bizitzan?
Geologiari buruzko zerbaiten berri ematean, ezinbestekoa da herritarrei ikusaraztea azaltzen ari zarena, planetaren historiari buruzko ezagutza hori, gaur egun baliagarria dela. Gaur egun ez balu ezertarako balioko, herritarrek ez lukete interesik izango gai horretan. Geologia hori gaur egun baliagarria da, hainbat esparrutan aplikatu baitaiteke: biologian, antropologian, baita ekonomian eta politikan ere. Norbaitek Kretazikoaren eta Tertziarioaren arteko mugan gertaturikoa kontatzean, dinosauroak desagertu egin zirela, edo Paleozenoaren eta Eozenoaren arteko mugan gertaturikoa, lurrak bere historiako berotzerik handienetarikoa jasan zuela, herritarren interesa piztu egiten da. Herritarrei elementu horiek zer diren, zergatik gertatu ziren, zer ingurumen- eta biologia-ondorio izan zituzten eta gaur egun gertatzen dena ulertzeko garrantzitsuak direla ulertarazten diezunean, ikuspegi zabalagoa eskaintzen diezu, eta horrek espezien desagertzearen, klima-aldaketaren inguruan edozein egunkaritan irakur, telebistatan ikusi... dezaketenaren inguruko iritzi zuzenagoa sortzen lagunduko die. Iragana ikertzea da oraina ulertzeko geologook dugun oinarrizko erreminta, baita egokitu beharko garen etorkizuneko ereduak aurreikusteko ere. Etorkizunean gertatuko den guztia, ziurrenik, iraganean gertatu da, behin baino gehiagotan.
Hau da, denbora espazioan laburtzeko gai zarete...
Hori da. Flyschetik ibiltzea denboran zehar bidaiatzea da. Ematen duzun pausu bakoitzeko, 10.000 urte egiten dugu aurrea. Bi geruzak 20 mila urte edo gehiago dituzte, eta hori jendearentzat sentsazio nahiko berria eta erakargarria da.
Argazkia: Gorka Zabaleta
Eta zientzialarientzat, zer ezaugarri ditu azaleratze horrek hain interesgarria izan dadin?
Lehenik eta behin, gune ikusgarria da, eta horrek erakargarri bihurtzen du; bigarrenik, gune oso handia da, hau da, denbora luzea jasotzen du. Azaleratzeak 10 km-ko luzera du eta hemen ditugun geruzak bere garaian Iberiar Penintsula Europatik banantzen zuen itsasoan 50 milioi urtetan zehar pilaturiko antzinako itsas hondoak dira. Gerora, penintsulak tektonikoki noranzkoa aldatu eta kontinentearen kontra talka egin zuenean, sedimentu guztiak konprimatu, azaleratu eta apurtu egin ziren. Horregatik ikus ditzakegu geruza horiek, izan ere, mila metro itsas mailaren azpian eta posizio horizontalean egotetik lurraren arrasean eta posizio bertikalean egotera igaro baitziren.
Denboraren liburua bezalakoa da?
Hori da, orain 100 eta 50 milioi urte artean gertaturikoa irakurri dezakegu. Aldi horretan gertaturiko edozein geologia, biologia eta klima-aldaketa garrantzitsu erregistraturik geratzen dira sedimentuetan; izan ere, hondarrez, buztinez eta abarrez gain, itsas planktonaren fosil txikiez, plankton foraminiferoez, osatuta baitaude. Horien bitartez, gauza asko jakin ditzakegu, horiek oso ondo mugaturiko biziraupen tartea baitute. Arrokak azalduz eta desagertuz doazen heinean, liburu handi horren orrialdeetan gure planetaren historia irakur dezakegu: klima, ingurumen eta biologia-joerak, baita desagertze katastrofiko handiak ere.
Baina Zumaiako flyschak “tokiko” datuak jasoko ditu...
(Irribarre egin du) Arroka horietan, lau natura-hondamendi handiren datuak jasota daude. Geologian hondamendiez hitz egiten dugunean, aro baten amaiera ekartzeko bezain garrantzitsuak diren krisiei, une gogoangarriei eta aldaketei buruz hitz egiten dugu. Aro batzuk oso luzeak dira, eta beste batzuk oso laburrak. Lurraren adina ez dugu urteen arabera egituratzen, baizik eta gertaera baten eta beste baten artean igarotako tartearen arabera. Baina, ez dira hondamendien datuak soilik bertan daudenak, 50 milioi urte horietako datuak gordeta daude. Horiei esker, joera ziklikoak antzeman ditzakegu, esaterako, klimak izan dituen aldaketak. Esan dezakegu, lurraren historian bakealdi luzeen artean gertaera katastrofiko txikiak aurki ditzakegula, bai klimaren kasuan, baita bizitzaren eboluzioaren kasuan ere. Eta hondamendi horiei esker, ematen dela bizitzaren eboluzioa.
Zer hondamendi jasotzen dira hemen?
(Flyscheko hainbat gune seinalatu dizkigu) Hor, orain 65 milioi urte inguru eroritako meteorito baten ondorioz, dinosauroen eta espezieen erdia baino gehiago desagertu ziren; hori espezien 5. desagertzerik handiena izan zen. (Metro batzuk aurrerago) orain 60 milioi urte, 100 m jaitsi zen itsasoaren maila. (Ibiltzen jarraitu dugu) orain 57 milioi urte, polo magnetikoen alderantzikatzea gertatu zen. Azkenik, orain 55 milioi urte, metano-gasen eta berotegi-efektuko gasen isurtzearen ondorioz, Lurraren berotzerik handienetako bat gertatu zen.
Hondamendi deitu behar zaio?
Orokorrean, hondamendi hitzak oso konnotazio negatiboa du, batez ere jasaten duenarentzat, baina konnotazio oso positiboa ondoren zoko ekologiko hori okupatzen duenarentzat. Hondamendiak ez dira ez onak ez txarrak, beharrezkoak dira eboluziorako.
Adibidez?
Esaterako, orain 65 milioi urte meteorito bat erori izana katastrofikoa izan zen dinosauroentzat –espezien % 50 baino gehiago desagertu egin zen–, horren ondorioak jasan zituztelako, baina, horri esker, ugaztunek eboluzionatzeko aukera izan zuten. Hamar milioi urte geroago, berotze katastrofiko bat gertatu zen itsas hondoan bizi ziren espezie askorentzat, baina berotze horri esker primateek eboluzionatzeko aukera izan zuten. Hau da, lehenengo, hondamendi batek anfibioen nagusitasunarekin amaitu zuen, ugaztunei bidea irekitzeko, eta beste hondamendi batek bidea ireki zuen primateak ugaritzeko eta gu hemen egon gaitezen. Hori positiboa ala negatiboa da?
Berotzeei, klima-aldaketei... buruz hitz egin duzunez, mundu guztiak jakin nahi duena galdetuko dizut. Hondamendi handi baten atarian gaude?
(Irribarre eginaz begiratu dit) Bada, denentzat ez da hondamendia izango.
Elkarrizketak aurrera jarraitu zuen, azken 100 milioi urteko historiaren inguruan. Hitz egindako guztia laster kaleratuko den “Flysch: Haitzen Hitza” dokumentalean jaso dugu.
Ziurrenik, ordubeteko elkarrizketa iragankorra edo hori irakurtzeko hartzen dugun denbora, baita ikerketara emaniko gizakiaren bizitza edo belaunaldi baten historia ere, denbora geologikoaren kasuan ez dira hautemangarriak, ezta aintzat hartzekoak ere. Baina, denbora harri bihurtzen den eta metro gutxitan milioika urte ibili ditzakegun toki honetan, konturatzen gara, hondar korpuskulu bat bezain “hutsalak” izan arren, gizaki moduan, naturako botererik handienetariko bat jaso dugula: aurrean etorkizun bat izatearen poza. Flyschetik paseatzea oroipenen, sentimenduen eta ametsen munduan sartzea da. Asier Hilario (Tolosa, 1977) Musika, natura, paisaiak, bidaiak, mendia, gastronomia... maite ditu. Asier Hilario doktorea da Geologian (Euskal Herriko Unibertsitatea, Leioa 2004). Hainbat artikulu idatzi ditu, esaterako: “Estructura del pluton Sincinematico de Lys” Geogaceta (2003); “Internal structure and emplacement of the Posets pluton in the Axial Zone of the Pyrenees (Huesca, Spain)”, IUGS international Congress, Niza (2003); eta “Structure and emplacement evolution of the Posets pluton (Axial Zone of the Pyrenees): a case of interplay between a vanishing regional transpression and the intrusion-related stress field”, Tectonophysics (In progress). Lan hori Deba Zumaia itsasertzeko biotopoko zuzendari zientifiko lanarekin partekatzen du. Zumaiako flyscharen inguruan eta ingurumen gaien inguruan (esaterako klima-aldaketa eta dibertsitate biologikoaren egungo krisia) lan egiten duen nazioarteko eta diziplinarteko zientzialari-talde batekin sorkuntza- eta koordinazio-lanak garatzen ditu; Zumaiako Flyscharen biotopoa dibulgatzeko plana egin zuen, eta plan hori betetzeaz arduratzen da; “Flysch, biotopo litoral Deba Zumaia” liburua koordinatu eta idatzi ditu; eta “Flysch, Haitzen Hitza” nazioarteko dokumentalaren gidoia idatzi du, eta dokumentala zuzendu eta bertan parte hartu. Gaur egun, nazioarteko beste bi artikulutan ari da lanean, Pirinioen Ardatz Gunearen egiturari buruzkoak, eta aurten argitaratzeko asmoa du.