Bernardo Atxaga. Idazlea: Euskaldunon arteko komunioa euskarak ekarriko du

2010-03-05

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Zenbat ahalegin, zenbat esfortzu egin dira azken urteotan, euskal literaturaren esparrua normalizazioaren ildotik sarrarazteko! Euskarak erakutsi du gai dela literatura unibertsalean bere lekutxoa edukitzeko. Zutabe sendoekin eusten zaio euskal literaturaren eraikinari, eta sendotasun horren adibiderik garbiena dugu Bernardo Atxaga. Berrogei urte dira idazten hasi zenetik...

Ilusio zaharrak ezereztatu egiten al dira espazio sideralean?

Espazio siderala toki ona dut. Maite dut halako sonanbulismo bat. Errealitatean egonda, derrigorrezkoa dut hegan egitea ere. Eta esango dizut ilusioak ez direla galtzen... zorionez. Agian, kimerak bai, neurri gabeko ilusioak. Baina idazteko gogoa ez da galtzen.

Gizatasunaren bultzagile gisa duen balioarengatik defendatu duzu beti literatura.

Ez naiz batere posmodernoa izan. Nik etika eta estetikaren arteko lotura ezinbestekoaz egiten dut apustua beti. Eta uste dut literaturak eduki behar duela kontaktua gizon emakumeen arazoekin. Bestela, apaingailu huts bat bihurtzen da.

Badakit higuindu samar utzi zaituela “euskal hiria” kontzeptuak...

Begira, euskal hiriaren ideia bota nuenean, utopia moduko bat bezala egin nuen, utopia morala eta politikoa, gainera Grezia klasikoan gertatutakoaz erlazionatuta...

...Nire galdera ez zihoan ildo horretatik, baizik eta “emigrazioaren lekua”rekin lotu nahi nuen...

A! Bai... Soziologikoki aldatzen ai gara, sakon. Horregatik behar beharrezkoa dugu marko egoki bat, ideiak sor daitezen. Orain arteko antolamendu modeloekin, ez dago ezer egiterik...

Kafkaren labezomorroa mirestetik “Trikua (euskara) iratzarri egin da!” oihura pasatu zinen. Nola ikusten duzu animaliatxoa?

Trikua... hobeto egon zitekeen, bai. Hain katolikoak ez bagina hobeto joango litzateke. Protestanteak garbiagoak dira eta karitatea egin behar dutela diotenean... bete egiten dute hitza. Praktikak huts egiten du katolikoen artean. Errealitatea da, hegazkin batean goazela euskararekin eta azpian amildegi handia dugu...

Kanten txoria hartzen zenuen behin eredu. Euskaldunok behartuta gaude, zailtasunen kontrako hegaldian uneoro pro-aktibo aritzera, lurrera ez gaitezen, zanpa ez gaitzaten...

Kant baikorra da, airerik ezean txoria ez bailitzateke gai izango hegan egiteko... erori egingo litzateke hutsean. Nahiari, gogoari, ekiteari... eutsi egin behar zaio etengabe. Jakina, noizean behin etortzen zaizu dena pikutara botatzeko tentaldia... baina nik behintzat orain arte nahikoa indarra izan dut lantegian ez etsitzeko.

Hizkuntza historia da, eta literatura utopia izateraino hel daiteke, literaturak —zure hitza erabiltzeagatik— “transfiguratu” egiten baitu errealitatea...

Literatura lengoaiaren utopia da. Irakurtzean beti gara toki batekoak, eta beti lotzen dugu literatura gure esperientziarekin. Horra hor, hurbila zaidalako, Pedro Mari Otañoren kasua, eta berak deskribatzen duen baserria. Niretzat baserri hori aurea berezia duen tokia da. Hori literaturak sortzen du behin eta berriro, lekuekin eta pertsonekin. Noski, bada beste literatura mota ere, aurea hori apurtzen saiatzen dena... Baina niri naturarekin lotutako literaturak aurea oneko testuak gogorarazten dizkit. Zenbat eta literatura testu gehiago barneratuak edukita izadia gero eta transfiguratuagoa agertzen zait...

Idatzi duzu ere, surrealista baten iritziz euskal gizartearen 1968ko eszenategia ezina eta errepresioaren arteko borroka izan zela. Berrogei urteren ostean zer diozu?

Politikan dena dugu zatitua. Oihal zirpildu bat bezala ikusten dut panorama politikoa. Gauza bat desegiten denean, hor ez dago bizitzarik. Oihal hori San Juan gau bateko sutzarrean erre beharko litzateke. Espero dut aldaketa biologikoa izatea, belaunaldi berriek ekarriko dutela. Gizartean, kultura dei geniezaiokeen horretan edota hezkuntzan ez dut uste hain oker gaudenik.

Bi begiradak gurutzatzen gaituztela zenioen behin: euskaldunok goi zirkulura eramaten gaituen begirada sortzaile, asmatzaile, poetikoa; eta behe zirkulura garamatzatenen begirada. Biek ekiditen diote komunioari...

Komunioa orain izango da... zorionez, hizkuntzaren bidez! Faxistek garbi ikusi zuten hizkuntza kontuetan ezin zitezkeela epelak izan... Galeraz dezagun hizkuntza... frantziarrek egin zuten bezala. Hizkuntza bat ikasten denean, nahiz eta erraztasun osoa ez izan hitz egiteko, zerbait eraikitzen ari da nor beraren barruan... Longitude berdina hizkuntzak ekarriko duelakoan nago. Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean. 1972an argitaratu zituen bere lehenengo poemak euskaraz, antologia labur batean; 1976an bere lehenengo eleberria argitaratu zen, Ziutateaz; 1978an Etiopia poema-liburua eman zen argitara. Barne-mundua bikain erabiltzen du eta, ondorioz, hizkuntza jaso legez euskarak duen adierazkortasunaren eta sendotasunaren erreferentzia saihestezin eta bikaina bihurtu da Bernardo Atxaga. Bere estiloaren gardentasun handiak, bere argumentuen xalotasun zirraragarriak eta bere irudien adeitasun adierazgarriak literatur hispanikoan dagoen sakontasun eta originaltasun handieneko sortzaileetako bat bihurtzen dute Bernardo Atxaga.

(Bernardo Atxagaren web orritik ateratako datuak) Biografia osoa ikusi
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Josune Zabala. Mintzolako zuzendaria: Betidanik, euskal gizartea beste hizkuntzekin hartu-emanetan egon da

 

Irakurri

Aingeru Epaltza Ruiz de Alda. Idazlea: Idazleak bertzeen istorioen banpiroak gara

 

Irakurri

Carmen Gómez. Sancho el Sabio fundazioaren zuzendaria: Iragana maisu bikaina da etorkizuna ulertzeko

 

Irakurri

Joxe Mari Auzmendi. HIK HASIko koordinatzailea: Ordezkari politikoak, hezkuntzako profesionalak eta komunikabideak bilduko lituzkeen batzorde bat sortzea da gure ametsa

 

Irakurri

Anjeles Iztueta Azkue. Matematikaria: Matematika batez ere lengoaia da, Zientzien lengoaia

 

Irakurri