Carlos Orue y Joseba Goikoetxea: "Euskal-australiarren belaunaldi galdua bizkortu behar dugu"

2003-09-26

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat



Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Irratia Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Udalak Links: www.euskomedia.org

www.eusko-ikaskuntza.org

www.asmoz.org

Quiénes somos

Política de Privacidad

Avisos Legales

© Eusko Ikaskuntza

ELKARRIZKETA Inicio > EM 223 > Elkarrizketa -->

2003/09-26/10-3 Carlos Orue eta Joseba Goikoetxea

Euskal-australiarrak "Euskal-australiarren belaunaldi galdua bizkortu behar dugu" Beñat Doxandabaratz

Traducción al español Munduaren beste puntatik datoz. “Aussie” delakoen herrialdetik, non kanguroak gizakiak (19 milioi) baino gehiago diren. Bi euskal-australiarrak Gasteizen izan dira, Euskal Giza Taldeen III. Mundu Batzarrean parte hartzen, Sydney-ko “Gure Txokoa”ren ordezkari gisa. Carlos Orue Rekarte 47 urteko zornotzarra da eta Joseba Goikoetxea Gangoiti, aldiz, bigarren belaunaldiko (gurasoak bermeotarrak ditu) gaztea, zeina berriki, 30 urte beterik, alaba (Katerina) baten aita izan den. “Nik alabari Bermeoko euskaraz berba egiten diot, eta nire emazteak, berriz, ingelesez eta grezieraz, greziar jatorrikoa da eta”, diosku Josebak. Joseba Goikoetxea Zein dira zuen lanbideak? Joseba- Ni informatikaria naiz.

Carlos- Nire kasuan jartzazu peoi espezializatua. Gaur egun, Australiako “Iberdrola”rentzat egiten dut lan, linearen ikuskapena egiten, badakizu poste batetik bestera joanez konexioak ondo daudela ziurtatzeko. Urte dezente, ostera, termiten tratamenduan lanean eman nuen. Noiz heldu zinen Australiara? C- Ba, 1981ean, Euskadin bizi zen krisialdiak bultzatuta. Nahiz eta lanean ibili, enpresaren traza ikusita, dena uztea erabaki nuen Australian eskulana behar zutela jakin nuenean. Eta zorionekoa naiz, garai hartan joan ginenak azken onartuak izan ginelako.

J- Nire gurasoek kontatu didatenez, 59-60 urteetan, hau da Bilbotik Australiara barku gehien atera ziren sasoian, iritsi ahala, aduanakoek egiten zieten lehen gauza eskuei begiratzea zen, kailurik ba ote zuten; eta baldin bazuten, aurrera; izan ere, eskulana behar-beharrezkoa zuten.

C- Ni joan nintzenean, ordea, ofiziodun jendea eskatzen zuten. Akaso ez dago ondo esatea, baina, ze demontre! Sartu ahal izateko tornulari agiri bat faltsifikatu behar izan nuen. Bestela, ez ninduten sartzen utziko. Kontua da engainatu behar dituzula beraiek ere engainatzen zaituztelako. Ofiziodun jendea eskatu bai, baina ailegatzean ez zuten zure agiria onartzen. Hortaz, faltsifikatu izan ez banu, ezingo nuen tornulari modura jardun. Lan eskolara joan beharko nuen, eta bertan agiria lortu. Baina hori ez da batere samurra izaten hizkuntza batere jakin barik, azterketa praktiko zein teorikoak eta guzti. Nolakoa izan zen hasiera? ¡Uff! Demasekoa! Biak lanean murgildu ginen, ni tornulari moduan, eta emaztea, berriz, housekeeper (neskame); eta gure semeak zazpi urte eskas zituela. Eta zure gurasoena, Joseba? Itzela ere bai. Nire aita arrantzalea zen Bermeon. Baina nekatu egin zen beti itsasoaren menpe ibiltzeaz. Orduan, zelan izeba bat genuen Australian, denda bat zeukana, 1968an, 25 urte inguru zituztela, nire gurasoak dena utzi eta ia ekipajerik gabe Australia aldera joan ziren. Iristean ingelesez zekiten hitz bakarra “yes” zen. Hortik aurrera, aita Morris auto lantegian hasi zen, eta gero, “handyman” (bedela) moduan eskola pribatu batean, non denetik egiten zuen, igeltsero, garbitzaile, eta abar. Hasiera batean, aita eta ama ez ziren elkarregaz egoten, izan ere, aitak 12 orduz egiten zuen lan, gauez, eta amak, ostera, beste 12, baina egunez. Beti ekinean jo eta su. Carlos Orue

C-Ez da harritzekoa, zeren Australian familia kide baten soldata arrunt bategaz ez zara hilabete amaierara ailegatzen. Miseriatik gertu, gainera. Beraz, normal bizitzeko biek egin behar dute lan.

J- Eta orain are gehiago, hipotekari aurre egin ahal izateko, pisuak garestiak baitaude, hori bai, ez hemen bezainbeste.

C- Ideia bat egin dezazun: nik bi logeletako pisu bat daukat, sukaldea, egongela, bainugela eta aparkaleku bategaz. Ba 300.000 australiar dolar (180.000 euro) kostatzen da. Kalkulatu al duzue zenbat euskaldun bizi zareten Australian? C- Zehatz-mehatz, ez. Baina gure datu basearen arabera, 2.000tik 3.000ra euskal-australiar izango dira ekialdeko kostan –populatuena- zehar sakabanatuak, gehienbat Melbournen (bertako Gure Txokoan 60 kide dira) eta Queensland-eko iparraldean, alegia, Ayr (Ea ahoskatzen da, Bizkaiko herria legez) eta Townsvillen, non euskal jatorriko 200 bat lagun bizi diren. Hain zuzen, zonalde hori Australiako lehena izan zen euskaldunak jasotzen, kañaren mozketan aritzera etorriak.

J- Horren kontura, Queensland-eko Gure Txokoa antolatzen ari den Jose Mari Goikoetxeak esan dit bertako 150 familia, euskal-australiarrak denak, prest daudela zentro berrian lagundu eta bazkide izateko. Eta Sydney-ko Gure Txokoari dagokionez? C- Ehun bat bazkide izango gara, baina horietatik %20 ez dira euskal jatorrikoak, aldekoak baizik.

J- Hala ere, zenbaki horri bazkideen seme-alabak gehitu behar zaizkio. Guztira, ehun eta piku izango gara Sidney aldean. Inongo euskal elkartetan kide ez diren euskal-australiarrak anitz gehiago direla kontuan harturik, ekimenik ba al duzue esku artean bazkideetan gora egiteko? C- Horretan gabiltza. Horra: txoko bat legez jaio zen gure Euskal Etxean, bakarrik 21 urtetik gorako bazkideak onartzen ditugu, izan ere, 16 urteko gazte bati ezin diozu giltza emon, deskuido batean sekulako afari-juerga egin eta dena hankaz gora ipini dezakeelako. Orain, ostera, eboluzionatu beharra dago, eta nire ustez, 21 urtetik beherakoak bazkide modura onartu beharko genituzke, agian giltza emon gabe, baina bai txartel bat eta kuotarik ordaindu barik. Hori, dena den, nire proposamena da, eta eztabaidatu behar dogu.

J- Ni ados nago Carlosekin. Nire belaunaldiko jende mordoska ezagutzen dut, 25 eta 35 urte bitartekoa, umeak zirela “Umeen egunean” parte hartu arren, gaur egun gure gizataldetik erabat aldenduta bizi dena. Igandetan ere, ume horiek elkarregaz jolasten zuten eta, baina urteen joan etorrian, harremana galtzen joan da. Eta normala da, azkenean, zure bizitza soziala sarrien ikusten duzun jendeagaz egiten duzulako.

C- Horrek, ordea, ez du esan nahi euskal-australiar horiek -elkar ezagutuz gero, noski- besarkada bat elkarri emango ez diotenik. Bestelakoa izaten da arazoa: Sydney izugarri zabala da, edo hobe esanda, luzea, iparretik hegoaldera 80 kilometro baititu, parke erraldoi eta golf zelaiek –Sidneyn bakarrik Penintsula osoan baino gehiago daude- auzoak banatzen dituztela.

J- Hartara, euskal-australiarren belaunaldi galdu hori bizkortu behar dugu, zelan edo halan. Hortxe dago gure koska. Harremanik ba al duzue zentro espainolarekin? C-Momentu honetan, ez. Eta ez da ika-mikengatik izan, zeren, berez, gure txokoko bazkide gehienak zentro espainoleko kideak ere badira, baizik eta elkarregaz zerbait egin dugun aurreko aldietan sentsazio txar bat izan genuelako, alegia, arrain handiak txikia jan nahiko balu bezala. Eta hori, euskaldunok ezin dugu inolaz ere onartu. Horregatik edo, bakoitza bere tokian. Eta berez, gugandik bi kale kantoietara daude; nahikoa ez haserretzeko (barreak).

J- Bestalde, makina bat nafar bada, zoritxarrez, batere euskaldun sentitzen ez dena. Hori bai, argi gera dadila gure txokoan nafar dezente dela bazkide. Eta australiarrek ba al dute euskaldunen berri? J- Gehienek ez dakite zeintzuk garen. Eta, tamalez, nondik gatozen dakitenek terrorismoagaz lotzen gaituzte.

C- “Aborigen europarrak” garela azaltzen diegu (barreak). Hala eta guzti, australiar askorekin berba eginda nago eta esan izan didate euren ezjakintasunetik ETA bezalako talde terrorista bat “freedom fighters” (askatasun borrokalariak) edo talde gerrillaria dela.

J- Hain zuzen, nazioarteko berriak ematen dituen SBS telebista katean modu horretan izendatzen dituztelako. Ezjakintasun hori, hala ere, ez da ikasketak dituzten pertsonekin gertatzen. Hauek segituan esango dizute euskaldunok milaka urteko herri europarra garela.

C- Gainera, azkenean, aborigenak izan ezik, Australian mundu guztia nonbaitetik etorria da, Grecia (Melbourne, esaterako, bigarren hiririk “greziarrena” da Atenasen ondoren), Croacia, Irlanda eta begi urratuko ekialdetarrak. Eta horri gehituiozu Australiako lehenbiziko kolonoak preso britainiarrak izan zirela. Horren harira, australiarrak pipermindu egiten dira britainiarrek, haserretzean, “convict country”, hau da, presoen herrialdea deitzen dietenean, ezta? C- Tira, lehen amorrua ematen zien. Baina orain, ez pentsa, buelta eman diote eta harrotasun seinaletzat hartu. Orain, britainiar jatorriko australiarrei asko gustatzen zaie zuhaitz genealogikoa ikertzea helburu jakin bategaz: bere arbasoaren delitua zein den jakitea, handia izango baitzen kontinente australera eraman zezaten. Preso horien guztien artean ezagunena Ned Kelly zen. Nik ere bizilagun bat izan nuen preso gaizto baten biloba zena. Carlos, konturatuta nago zure ingelesa “elegantea” dela. Beharko, urte asko direlako bertan, 22. Gainera, goizeko 6etatik gaueko 9ak arte, ez daukazu beste erremediorik “mingaina askatzea” baino. Baina ez pentsa, nahiz eta ondo berba egin, oraindik akats gramatikalak egiten ditut. Demagun Australiara lan egitera joan nahi dudala. Latza izango al nuke? C- Ui! Aldapa gora izango zenuke. Inmigrazioaren kontua Australian itzela da. Dena dela, makina bat oztopo jarrita ere, urtean 150.000 lagun sartzen dira ez “ilegalki”, munduan inor legez kanpokoa ez delako. Hori bai, ez galdetu nola lortzen duten sartzea erruz etortzen ari diren indonesiarrek? Misterio bat da eta.

J- Konparazio batera, gaur egun britainiarrek ere oso zaila dute bizitzeko baimena lortzea, pentsa.

Eta zein izaten da prozedura? C- Iritsi berri inprimaki bat betearazten dizute, gehienera 200 puntu ematen dituena. Zenbat eta puntu gehiago, orduan eta aukera gehiago. Puntuak adina, egoera zibila eta zure ofizioak duen eskaeraren arabera lortzen dituzu. Baina puntu gehien ematen dizuna, Australian bizi den norbaitek zure lana eskatu izana da, zutaz arduratuko dela aginduta. Nolanahi ere, 200 puntu eskuratzeak ez du esan nahi sartzea lortuko duzunik. Izan ere, hortik aurrera zure puntuak dituztenekin lehiatu beharko duzu. “Itzulera” hitza...... C- Nahiz eta batzuetan burura etorri, badakit ez naizela Euskadira bueltatuko; azken batean, nire familia, hau da, emaztea eta semea –orain 28 urte ditu- han gustura bizi direlako. Beraz, urtean behin bisitan etorrita konformatzen naiz.

J- Ni ere bai. Batez ere hegazkin txartelaren prezioa ikusita.

C- Hala ere, diasporako euskaldun gehienen modura, euskaldunik petoena legez ikusten dugu geure burua. Hor dago ere Josebaren kasua, edo nire semearena, zeinek nire izen bera eduki arren, euskaldundu egin duen: Carlosen ordez Karlos jarriz.

J- Azken finean, diasporako euskaldunak zortzigarren herrialdea gara. C- Bai, horixe. Ea noiz sartzen gaituzten euskal probintzien ezkutuan. Zortziak bat!
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Jose Ignacio Zudaire: "Euskal Herrian, administrazioek, enpresek eta hiritarrek beren indarrak batzean garatuko da informazioaren gizartea"

 

Irakurri

Javier Etxebeste: "Hamabost bat urte beharko dira Internet normaltasun osoz eta bere potentzial guztiarekin aritu dadin"

 

Irakurri

Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

 

Irakurri

Arantzazu Amezaga: "Herrialdeen Europa gustatuko litzaidake niri"

 

Irakurri

Mikel Ezkerro: "Uzta oso ugaria da, baina langileak gutxi dira".

 

Irakurri