Iñaki Agirreazkuenaga: "Ez zait egungo hezkuntz eredua gustatzen. Aurrera begira, derrigorrezko hezkuntzan, taldeak elebidunak izan beharko lirateke"

1999-11-05

AGIRRE, María

Elkarrizketa Iñaki Agirreazkuenaga, Zuzenbide Administratiboan Katedraduna "Ez zait egungo hezkuntz eredua gustatzen. Aurrera begira, derrigorrezko hezkuntzan, taldeak elebidunak izan beharko lirateke" * Maria Agirre Donostiako zuzenbide fakultatean duen bulegoan hartu gaitu Iñaki Agirreazkuenagak. Bulegoa txiki geratu zaio, izan ere, liburuz eta paperez gainezka du. Gai askori buruz galdegin geniezaiokeen zuzenbide administratiboan katedraduna den gizon honi, baina euskararen gaiari lotu gintzaizkion. Euskararen ofizialtasuna, euskararen egoera, eta etorkizunari begira indarrak nora bideratu beharko liratekeen izan genituen hizketagai. Elkarrizketan zehar behin eta berriz azpimarratu zuenez, euskararen egoeraren gakoa ez dugula legeetan bilatu behar, baizik eta errealitate soziolinguistikoan. Zenbaterainoko garrantzia du hizkuntzak, gure kasuan euskarak, euskal berezitasunean? Berezitasun nabarmenena euskararena da. Kirolean ere badira desberdintasunak eta baita kulturan ere, adibidez ondare mailan, baina horrelako berezitasunak herri guztiek dituzte. Inolako zalantzarik gabe, hizkuntza da bereizten eta desberdin egiten gaituena. Desberdintasuna Euskal Herri guztiari dagokio bere osotasunean, baina jakina, Euskal Herri barruan ere ezberdintasunak daude, euskarak bizi duen egoerari dagokionez anitza baita. Horregatik, legeak garatzerakoan, pluraltasuna kontuan hartu behar dugu. Hau da, ezin dira neurri berdinak ezarri Ataunen edo Eltziegon, eta nire ustez, etorkizuneko hausnarketa hortik bideratu beharko litzateke. Horrekin, hala ere, ez dut esan nahi politika berbera aplikatu behar ez denik. Politika eta lege berdinak ezarri bai, baina gero berezitasun horiek legalki erregulatu egin behar dira tokiaren arabera. Konstituzioak dio derrigorrezkoa dela gaztelera jakitea, ez du, ordea, derrigorrezkotzat jotzen gainontzeko hizkuntzen ezagupena, adibidez, euskararena. Neurri horrek bigarren mailan uzten du euskara? Gure buruari galdetzen badiogu zergatik dakigun gaztelania,Konstituzioak horrela agintzen duelako da erantzuna? Legez, Autonomi Erkidegoan, inork ez du gaztelaniaz hitz egiteko obligaziorik. Errealitate orori irakurketa positiboa eta negatiboa egin diezaiokegu, baina askotan irakurketa negatiboan jartzen dugu indarra. Konstituzioa eta Estatutua, nire ustez, positiboak dira, biek euskararen ofizialtasuna onartzen baitute. Ofizial izateak, berriz, hiru ondorio dakartza. Lehenik, hizkuntza hori hitz egiteko eskubidea dugula arlo pribatuan zein publikoan, eta gainera, eraginkortasun osoz. Jakina, Iparraldean euskaraz hitz egiten bada horrek ez du inongo ofizialtasunik eta inongo balio juridikorik. EAEn eta Nafarroaren zati batean, berriz, ofizialtasunaz eta balio juridikoaz hitz egin daiteke. Bigarrenik, ofiziala izatearen ondorioz, derrigorrezko hezkuntzan, nahi eta nahiez, bi hizkuntza ofizialak irakatsi behar dira, eta botere publikoek dute eraginkorki bi hizkuntzak irakasteko ardura. Horrela, ikasle orok, derrigorrezko ikasketak bukatzerakoan, bi hizkuntzak ezagutzeko gai izan behar du. Hori horrela gertatzen ez bada, errua ez da legearena, baizik eta legea ezartzen dutenena. Hirugarrenik, botere publikoek eraginkorki irakasten badituzte hizkuntza ofizialak, herritarrek ezingo dute etorkizunean esan, ez dakitela bata edo bestea. Beraz, zein abantaila dakar ofizialtasunak? Euskararekiko guztiak. Bat azpimarratzekotan esan daiteke, gune ez euskaldunetan, adibidez, Arabako lautadan, gaur egun jende askok euskara jakin ez arren, baina ofiziala denez gero, gazteei irakatsi egiten zaiela eta etorkizunean ere gune hori euskaldun bihur daitekeela. Aipatu duzun bezala, Nafarroan egoera bestelakoa da. Nafarroaren iparraldean ofiziala da, baina hegoaldean, ez. 1980an Nafarroako Parlamentuak ofizial aldarrikatu zuen euskara Nafarroa osoan. Horrela izan zen 80tik 82ra arte, LORAFNA onartu arte. LORAFNA rekin, onartu zen ofiziala izango zela gune euskaldunetan, eta ondoren, 1986ko Vascuencearen Legearekin, finkatu zen iparraldea gune euskaldunadela, erdialdea mistoa eta hegoaldea ez euskalduna. Legea onartzerakoan, Valentziako sistema juridikoa aukeratu zuten eredu gisa nafarrek. Valentzian, katalana ofiziala da komunitate osoan, baina bere efektu juridikoak modulatu egiten dira, eta gurasoek hala nahi badute bakarrik irakasten da valentzianoa eskoletan. Nafarroako hezkuntzan hiru eredu linguistiko daude: D eredua, euskara hutsean dena; A eredua, eredu honetan euskara ikasgai gisa irakasten da, eta hirugarrenik G eredua, eta honetan euskararik ez da irakasten. Aurtengo ikasturtean matrikulatu diren 3 urteko neska mutilen kopuruari begiratuz gero, A eta D %57k aukeratu dituzte, eta G eredua %43k. Horrek esan nahi du, Nafarroan aldaketa soziolinguistikoa etor daitekeela gehiengoa osatzen duten ikasle horiek euskara ezagutzen badute etorkizunean. Horregatik diot legeen irakurketa positiboa egiten jakin behar dela. Iparraldean, berriz, egoera kaxkarragoa da. Orain dela 50 urte Iparraldean zegoen euskaldun kopuru handiena, %60 edo %70a euskalduna zen Iparraldean. Gaur egun, Zuberoan eta Baxenafarroan oraindik euskaldunen kopurua garrantzitsua da, baina Lapurdin euskaldun kopurua gutxitu egin da nabarmen. Egoera zailena Iparraldekoa da. Frantzian, iraultza frantziarraren garaian, %40ak bakarrik hitz egiten zuen frantsesez, gehienek beste hizkuntza batzuetan hitz egiten zuten. Gaur egun, berriz, hizkuntza minoritarioak ez ofizialak dira Frantzian. Kortsoak, bretoiak edo euskarak ez dute estatus juridikorik. Zentralismoak Frantzian hemen baino arrakasta handiagoa izan du. Ofizial izateak aldatu egingo luke euskararen egoera Iparraldean? Noski, baina kontuan izan behar dugu legeek ez dutela errealitatea aldatzen. Iparraldean, orain, ez da ofiziala, baina bertarako herritarrek aukera dute euren seme alabak euskaraz hezitzeko. Hala ere, herritar gehienek ez dute aukera hori bereganatzen. Ez dugu pentsatu behar euskara hainbat urtez hegoaldean debekatuta egon den bezala, gaur egun iparraldean ere debekatuta dagoenik.Iparraldeko egoera soziolingustikoa eta politikoa aztertu behar dira konturatzeko, ez dela hain erraza ofizial bihurtu, eta ofizialtasunaren ondorioz hezkuntzan euskara ikastea derrigortu. Adibidea Valentzian dugu. Ofiziala da, baina horrek ez du esan nahi derrigorrez bertako gazte guztiek valentzianoa ikasi behar dutenik. Aldaketa juridikoek, beraz, ez lukete derrigorrez euskararen egoera hobetuko. Aldaketa juridikoetaz hitz egiten dugunean, mailak desberdindu behar dira. Hegoaldean askotan alperrikako eztabaidak izaten ditugu. Uste dugu euskararen egoera kaskarra legeetan oinarritzen dela, eta juxtu alderantzizkoa gertatzen da. Hegoaldean daukagun marko juridiko linguistikoa katalanek duten berbera da. Desberdintasunak errealitate sozioligustikoan aurkitu behar dira. Katalanei ere Konstituzioak ezartzen die derrigorrez gaztelania jakin behar dutela, baina Konstituzioak ez du esaten derrigorrez gaztelania erabili behar denik. Euskaldunak legez ez du euskara erabiltzeko eragozpenik, errealitate soziolingustikoan daude eragozpenak. Eltziegon, euskara ofiziala da, baina errealitate soziolingustikoak erakusten digu inork gutxik dakiela euskara Eltziegon, beraz zaila izango da hor erabiltzea. Arazo nagusienak ez daude beti legeetan, nahiz eta egon, baizik eta errealitate soziolinguistikoan. Juridikoki begiratuta, Konstituzioa mesedegarria da hizkuntza arloan, izan ere, euskara ofizial aldarrikatzen du. Beste herrialde askotan, berriz, bertako hizkuntzek ez dute ofizialtasunik. Hemen ez bada euskara gehiago erabiltzen, kasu gehienetan herritarrek ez dakitelako da, ez legeak ez duelako babesten. EAEn euskara dakigunok gutxi gara, baina etorkizunean egoera alda daiteke, herritarrek hala nahi badute eta legeak horrela babesten duelako. Nire ustez, etorkizunari begira estatu garatuetan aurkitu behar dugu eredua, Danimarka, Noruega, Suedia, Islandia edo Luxenburgo bezalako estatuetan. Nazioarteari begira euskaldunak gutxi garenez, euskara hizkuntza minoritarioa izango da. Berazgaztelania, frantsesa edo ingelesa bezalako hizkuntzak jakitea beharrezkoa da nazioartean harremanak edukitzeko. Estatu garatuenetan bertako hizkuntza bermatzen da, baina normaltasun osoz ingelesa erabiltzen dute. Herri txiki guztiek ezagutu behar dute euren hizkuntza, baina plurilinguismoari beldurrik izan gabe. Euskara gure hizkuntza da, eta hemen balio juridiko osoa izan behar du, baina etorkizuneko euskaldunak euskara eta beste hizkuntza batzuk ezagutu behar ditu. Horretarako, derrigorrezko hezkuntzan ongi irakatsi behar dira, euskara, gaztelania eta frantsesa edo ingelesa. Etorkizunean gai izan behar dugu munduko edozein lagunekin hitz egiteko. Mundua txikitzen ari da, eta etorkizuneko gazteek horretarako prestatuta egon behar dute. Eta gaur egungo hezkuntz sistemak bermatzen al du etorkizunean gazteek hiru hizkuntza jakingo dituztela? Niri ez zait gaur egun dagoen hezkuntz eredua gustatzen. Aurrera begira, derrigorrezko hezkuntzan, taldeak elebidunak izan beharko lirateke, eta gainera, ikasketa batzuk ingelesez edo frantsesez eman. Nire ikuspuntutik, derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan ongi ezagutu behar dira hiru hizkuntza: bi ofizialak eta nazioarteko hizkuntza edatu bat. Ondoren, unibertsitatean, eskolak hiru hizkuntza horietan jarraitu beharko lirateke. Horrela lortzen da hizkuntzak ezagutzea, eta orain, berriz, gaztelaniaz ikasten duenak bakarrik gaztelania daki ongi, eta euskaraz egiten duenak arrisku berdinean erortzeko aukera du. Hezkuntzan hausnarketa berri bat egitearen aldekoa zara? Bai. Derrigorrezko hezkuntzak hizkuntza ofizialen ezagupena bermatu behar du, eta ezagupen ona. Hori gaur egun horrela gertatzen ez bada, botere publikoek hezkuntza ondo antolatu ez dutelako izango da. Beharbada, hiru urtetik seira eredu bat jarraitu behar da, seitik hamabira beste bat, eta hortik hemezortzira beste bat. Ez dut esango zein eredu, eta ez ditut buruan A, B eta D. Nik diodana da, hiru hizkuntza ondo jakin behar direla, eta horretarako, beharrezkoa da ikasgaiakhizkuntza desberdinetan ikastea. Hau da, hezkuntza irakatsi hizkuntza desberdinetan. Adibidez, historia ingelesez irakatsi. Zorionez, dagoeneko EAEn badaude ikastetxeak ikasgaiak ingelesez irakasten dituztenak. Unibertsitatean gauza bera. Gaur egun, unibertsitateko eredua banaketarena da, alegia, talde euskaldunak eta erdaldunak ditugu. Eredua litzateke, ikasgai batzuk gaztelaniaz eman eta beste batzuk euskaraz, edo ingelesez. Nik badakit hau ezin dela bihar bertan ezarri, baina buruan izan behar dugu. Legebiltzarrean onartu berri da Unibertsitatearen Antolaketarako Legea, eta niri penagarria iruditzen zait lerro bat bera ere ez eskaintzea hizkuntzen gaiari. Derrigorrezko hezkuntzan orain dela 16 urte ezarri ziren ereduekin jarraitzen dugu, baina orain 16 urte errealitate soziolingustikoa oso desberdina zen. Dagoeneko urte batzuk pasa dira Eusko Jaurlaritzak perfil linguistikoen sistema ezarri zuenetik administrazio publikoan. Plan hori emaitza onak edukitzen ari da? Oro har, bai, plangintzaren emaitzak nahiko positiboak izaten ari dira, baina hobekuntzak egin daitezke. Alde batetik, ahaztu egiten da hizkutz eskakizunen plangintza 29.000 funtzionariri aplikatzen zaiela bakarrik, baina ez da ezartzen Ertzaintzan, Osakidetzan (hemen 22.000 funtzionari daude), Justizia Administrazioan, Unibertsitatean... hau da, arlo askotan ez da aplikatzen. Argi dago herri euskaldunetan administrazioak euskaldunagoa izan behar duela, eta gainera arlo guztietan, ez udaletxean bakarrik. Egin dena garrantzitsua da, baina egiteko asko dago, baita Eusko Legebiltzarrean onartu behar diren legeen aldetik ere. Zentzu horretan, EAEn pausuak eman behar dira, baina bereziki gune euskaldunetan. Eltziegon, nahiz eta ofiziala izan, euskaldunak gutxi direnez, ez dago hizkuntz eskubideak bermatzerik. Alderantziz, Azpeitian edo Ondarrun, hizkuntz eskubideak bermatu egin behar dira. Mailakatu egin behar dira helburuak, eta jakin non diren aplikagarriak. Nahiz eta hizkuntz politikak berdina izan beharduen komunitate osoan, ondoren, neurriak desberdinak izan behar dira gunearen arabera. Nire ustez, epe laburrera helburua izan behar da, euskaldunok gure hizkuntz eskubideak bermatuta edukitzea gune euskaldunetan. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 53.zbk (1999 / 11 / 5 12) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Joëlle Darricau, Christian Normand: "Euskal Herriko prehistoriarentzat toki garrantzitsu bat izan daiteke Hazparneko zentroa"

 

Irakurri

Carmelo Bernaola: "Txistua, dultzaina, esku-soinua... ez lirateke musika eskola ofizialetan irakatsi beharko"

 

Irakurri

Eduardo Txillida: "Bere sustraiak hemen dituen arbolaren antzerakoa naiz"

 

Irakurri

Blanca Gomez de Segura: "Une hau egokia litzateke euskal zeramikaren inguruan ikerlan sakon bat egiteko"

 

Irakurri

Iñigo Mujika:"Kreatina onuragarria izan daiteke kirolariarentzat, eta osasunerako ez da kaltegarri"

 

Irakurri