Ingrid Kuschick eta Raphaël Parejo-Coudert. Antropologoa eta etnomusikologoa/soziologoa: Etnografia eta antropologia garaikidea ez da gaur egun gertatzen denaz arduratzean

2007-05-25

BREA, Unai

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ingrid Kuschick eta Raphaël Parejo-Coudert ikertzaileak Berangon (Bizkaia) bizi dira. Esperientzia luzea dute landa-lanean. Duela gutxi, Bizkaiko Meatzaldeko etnografiari buruzko diziplina arteko ikerketa batean parte hartu zuten, “Bizkaiko Ezkerraldeko ondare etnografikoa - Ahoz transmititutako balioak eta tradizioak” izenekoan, Kushcik koordinatzailea zela. Etxean bisitatu ditugu. Material teknikoz beteta daukate; gehiena zaharberritzeko lanetan erabilitako materiala da. Izan ere, Kushickek eta Parejo-Coudertek garrantzi handia ematen diote etnografia-ikertzaileak bildu behar duen materialaren kontserbazio egokiari. Eta horixe da, hain zuzen, Txoke! elkartea egituratzen duen ardatzetako bat. Beraiek dira elkartearen sortzaileak eta bultzatzaile nagusiak.

Zer da Txoke!?

Kuschick: Bost sortzaile gara, Euskal Herriko bi lagun eta frantses bat, gutaz gain. Izenaren jatorria hauxe da: esperientziak irakatsi digunez, norbaitek ideia bat badauka eta proiektua aurrera ateratzeko finantzaketa lortu nahi badu, epeak oso laburrak dira eta mugitu egin behar du, denbora laburrean ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko.

Parejo-Coudert: Metodologia klasikoak ez du balio, beraz, gure sistema propioa asmatu behar izan genuen, komando militarren sistemaren antzekoa.

Hau da, txokea...

Parejo-Coudert: Hori da, baina ikerkuntzan aplikatuta. Hasieran txantxetan erabiltzen genuen hitza, baina gero gustua hartu genion. Bilatu eta euskaraz ere hitz hori bazegoela ikusi genuen. Hortaz, elkarteari izen hori jartzea erabaki genuen.

Txoke! kultura-ondarea ikertu, erreskatatu eta balioan jartzeko europar elkartea da, bere definizioaren arabera.

Kuschick: Eta kultura-ondarearen barruan, lerro nagusia ondare materiagabea da. Ez dira monumentuak edo eraikinak, baizik eta jendeak buruan duen zer hegazkor hori, funtsean ahoz transmititzen dena.

Parejo-Coudert: Edo, beharbada, zenbait euskarri materialetan gauzatzen dena, hala nola pinturan, argazkietan...

Mintzatu gaitezen helburuei buruz. Erreskatatzea garrantzitsuena da?

Kuschick: Bai, baita balioan jartzea ere. Enkarterrietan egin dugun lanean, emaitzak ematen dituela ikusi dugu.

Parejo-Coudert: Lana egin genuenean oso jende goibela ikusi genuen, meatzaritzaren porrotaz hizketan...

Kuschick: “Zergatik interesatzen zaio hori norbaiti?”, galdetzen zuten, “hau oso gaizki dago”...

Parejo-Coudert: Haiek gaizki sentitzen ziren. Ezkerraldea baztertu samar dago... hala bizi zuten.

Baina, beren lanbide izandakoari hain balio gutxi ematen badiote, gauza bera egiten dute ohiturekin?

Parejo-Coudert: Nahiko itxita zeukaten bere esparruan.

Kuschick: Orain berreskuratu egin dute. Kantu batzuk ere, orain arte ezagutzen ez zirenak, koralen errepertorioan sartu dira.

Parejo-Coudert: Hori antropologia aplikatua da, hau da, ez du kutxa batean gordeta egoteko balio, jendearengana itzultzen da eta zerbait sustatzeko balio du. Herri horietako belaunaldi gazteek ez zituzten kantu horiek ezagutzen, orduantxe ikasi zituzten.

Orain beste proiektu batzuk dituzue esku artean...

Kuschick: Bai. Adibidez, Berangoko Olentzeroren tradizioa ikertuko dugu.

Parejo-Coudert: Jendeak pertsonaia nola erabiltzen duen ikustea da interesgarriena, eta haurrek nola hartzen duten, Papa Noel edo Errege Magoen aurrean, baita nagusiekin hitz egin eta beraiek tradizioa nola ikusten duten galdetzea ere.

Kuschick: Berangon badugu beste proiektu bat: ahozko iturriko etnografia. Hau da, haurrak beren familiarteko helduekin elkarrizketan. Ez dute derrigorrez izan behar Berangon betidanik bizi izan direnak. Herrian izan diren aldaketak ere ikusi nahi ditugu, bizitzera etorri den jendea.

Parejo-Coudert: Oso gai interesgarria da eta nik zertxobait ikertuta neukan. Sistema Frantziako eskualde batean erabili nuen berbera da: leku hura, hamar urtetan, landa-eremua izatetik dorrez beteta egotera igaro zen. Eskola batzuetako ehun ikaslerekin egin genuen lana. Elkarrizketak euren aitona-amonei egin zizkieten eta, konklusioaren arabera, aldaketak ikaragarriak izan ziren. Zaharrak kezkati azaltzen ziren, landa-eremua desagertu eta dorreak eraiki zituztelako. Hortxe ikusten zen jende horren desfasea, gehienak baserritarrak izanda. Dorrez betetako hiri hartan ez zegoen lekurik beraientzat. Agerikoa zen haiek bizi izandako porrota eta beraien seme-alabek nola hartu behar izan zuten beste norabide bat. Hiri hartan, arazo nagusia belaunaldien arteko komunikazioaren etendura zen.

Kuschick: Eta metodologia hori erabiliz, arazoa arindu egiten da nolabait.

Berangon hirugarren proiektu bat duzuela uste dut...

Kuschick: Bai, proiektu pilotua da eta Bizkaia osoan egingo den ikerlan orokorrago batentzat balio izango du. Txoke! elkartearen zutabe nagusietako bat da. Ondarean interesaturik dagoen eta grabazioak, argazkiak eta antzekoak dituen jendeari laguntza ematea da. Izan daitezke bildumazaleak, familia-ondare bat dutenak.... Jakin nahi genuke nola zaindu daitekeen hobeto.

Parejo-Coudert: Nik urtebete baino gehiago eman nuen lanean Frantziako etnografiako museorik garrantzitsuenetako bateko fonotekan. Ikertzaile profesionalek ere edonola grabatzen zuten han, gauzak edonola gordetzen zituzten... Ondare hori galdu egiten da. Txoke! elkartean bete dezakegun eginkizuna jendeari aholku ematea da, profesionalei zein profesional ez direnei, horrelako gauzak hobeto zaindu ditzaten. Batzuk ikaragarri lardatsak dira, grabazioak dituzte baina edonola kontserbatuta. Material bikaina, baina maila teknikorik batere ez.

Agian, guk uste baino ikertzaile amateur gehiago daude?

Parejo-Coudert: Askoz gehiago.

Kuschick: Sarritan, jendeak bere kasa ikertzen du eta, hiltzen denean, hortxe geratzen da ondarea... Horixe da zailena.

Parejo-Coudert: Batzuetan, gauzak horiek bota egiten dira.

Ekainaren 2an, Txoke! elkarteak lehenengo batzar nagusia egingo du, Durangon, hain zuzen...

Parejo-Coudert: Europako lehenengo batzar nagusia izango da. Ikusiko dugu hortik abiatuta nolako egitura sortu dezakegun. Hau da, antena bat egongo da Frantzian, beste bat Alemanian... Une honetan Antropologia klasikoan ia krisian dagoela uste dut, oso marko zurrunak dituelako.

Zein zentzutan?

Parejo-Coudert: Antropologo batek ez du etnologo batekin edo historialari batekin hitz egiten. Antropologoa da. Eta orain, diziplinak zabaltzen ari dira. Oso interesatzen zaigun gaia da: zer ekarpen egin lezake etnologoak? Zertan lagundu lezake historialariak? Zer egin lezake antropologoak?

Kuschick: Irratien gaia dago, adibidez.

Parejo-Coudert: Hala da, lehengo irrati libreekin landuko dugun beste europar proiektu bat da...

“Lehengo” esan duzu... Itxi zituzten, ala?

Parejo-Coudert: Ez, baina orain badute baimena. Bilbon badago bat, Tas-tas, beste bat Alemanian dago, eta beste bat Frantziako hegoaldean. Orientazio desberdinak zituzten, baina denak debekatuta zeuden.

Kuschick: Belaunaldi berekoak dira, ibilbide luzea egindakoak, askotariko programazioa dutenak... eta artxibategiak dituzte. Ikaragarrizko iturria da era guztietako ikerlanak egiteko.

Horrek hautsi egiten du etnografiaren ohiko ikuspegia, baserria, etxaldea, behiak...

Kuschick: Meatzeak ikertzeak berak adierazten du ez dela horrela, meatzea ez baita klasikoa. Industria da.

Iragandako kontuez ari naiz...

Kuschick: Tira, nolanahi ere, jendearen gogoan dauden gauzak dira.

Parejo-Coudert: Eta ez hori bakarrik, baizik eta, gaurkoa ere, iragana izango da geroan. Etnografia eta antropologia garaikidean izan den akats nagusia da: gaur egun gertatzen denaz ez arduratzea.

Elkarrizketaren hasieran esan dugunez, ondare materiagabearen inguruan lan egiten duzue. Gai horri, UNESCOn behintzat, mila buelta ematen ari zaizkio azken urteetan, baina benetako bulkada, duela gutxi eman zaio?

Parejo-Coudert: Data zehatza esan diezazuket: 1986an hasi zen, Frantziako Kultura Ministerioan lanean zebiltzan ikertzailez osatutako talde txiki batekin (tartean ni nengoen). Ondoren, UNESCOk eskuratu eta bere egin zuen. Ingelesek ondare ukiezina deitzen diote. Frantzian, hasieratik, materiagabea deitu genion. Ondare mugikorraz eta mugiezinaz hitz egiten da, eta horrelaxe eratu dute materiagabe hitza, materia hitzetik abiatuta. Tinkotasunik gabeko ondarea da. Orain indarra egiten ari gara ondare materiagabea, kasu batzuetan, gizateriaren ondare izendatzeko. Eta lortu egin dugu, izan ere, halako izendapena lortu dute Papuasiako kantu batzuek edo Elxeko Misterioak.

Ondare materiagabe asko arriskuan dago?

Parejo-Coudert: Askoz ahulagoa baita!

Ez dirudi askotan erreskatatzeko presa handia dagoenik? Amerikan, batez ere, astean edo hilean zenbait hizkuntza galdetzen omen dira...

Kuschick: Hemen, transmisioa da galtzen dena.

Hemen esaten duzunean, Europaz ari zara?

Kuschick: Esan dezagun lehen munduan. Komunikabideekin, telebistarekin.... Jendea mututu egiten da, belaunaldien arteko katea eten egiten da, baita gizabanakoen artekoa ere, gero eta gutxiago hitz egiten da.

Jende asko dago ondare materiagabea ikertzen?

Parejo-Coudert: Jende gutxik egiten du hori zer den guztiz ohartuta egonda. Hau da, jende askok ikertu, bildu egiten du... baina, lehenik eta behin, analisirik gabe egiten dute, eta bigarrenik, horrek zer esan nahi duen buruan argi eduki gabe. Ikertzaileak zerbait biltzen duen unetik, zer hori berea da. Hau da, ahalik eta ongien grabatu behar du, gero kopiak egin, gero aztertu, gero gorde, zaindu... hau da, ikertzaileek egiten ez duten guztia.

Kuschick: Ikertzaileek, askotan, azken emaitza besterik ez dute kontuan izaten, argitaratzea, eta gainerako bidea ez zaie gehiegi axola.

Parejo-Coudert: Haientzat, argitaratutako liburuak baino ez du balio. Baina, niretzat, beharbada, lehengaia da garrantzitsuena. Argitaratzen duenak huts egin dezake bere liburuan, baina materiala, berriz, hortxe dago, eta dena da. Ondare materiagabea ikertzen baduzu, buruan baduzu, katea hasieratik bukaerara errespetatuko duzu, horixe da garrantzitsuena. Ideia hori guztiz berria da, Geneviève Dournon izeneko batek atera zuen, Parisko Musée de l´Homme-ko Etnomusikologia Laborategiko arduradunak.

Kuschisck: Hori ez da unibertsitateetan ikasten. Jakina, landa-ikerketak egiteko eta zure orriak idatzita ekartzeko agintzen dizute. Eta erdiko guztia bigarren mailakoa da erabat.

Parejo-Coudert: Zenbat ikertzailek grabatzen duten aurrez erabilitako zintetan! Niri gauza horiek Dournonek azaldu zizkidan, 1990eko hamarkadan, baina ia inork ez zuen bere ikerlanetan erabili, berak izan ezik. Ikerkuntzaren beste eginkizun bat ikertzaileei materialak zaintzen laguntzea da. Alderdi teknikoa oso garrantzitsua da, horrela katea errespetatzen dugulako. Fonoteka edo museo batean zerbait kontserbatu nahi baduzu, egoera onean egon behar du. Zaharberritu behar da, kopiak egin... Ikertzaileak hori izan behar du buruan, baina ez da horrela gertatzen.

Ondare materiagabe ugaria dago Euskadin?

Parejo-Coudert: Leku guztietan dago. Adibide bat emango dizut: Frantziako gazte bat bere tesia egiten ari da, dantza garaikideko dantzarien keinuek oroimenean uzten duten aztarnari buruz. Hori ondare materiagabea da. Baina zera gertatzen da, jendeak hori barneratu arte, ez du ikusiko. Ikusteko, jakin behar da zer den. Gauza pilo bat sartu liteke kategoria horretan: adibidez, horien jolasa [Ingriden seme-alabak seinalatuz], agian beste haur batzuengandik ikasitako jolasa da... Gauza iheskor samarra da, oroimenean geratzen dena, edo denbora batez erabiltzen dena.

Arriskuan dagoen ondare materiagabea, beti erreskatatu daiteke, ala itzulerarik gabeko puntuak daude?

Parejo-Coudert: Kontatu dezaketen bi pertsona zahar-zahar bakarrik daudenean iristen da itzulerarik gabeko puntua.

Kuschick: Gauzak ondo egiaztatzerik ez dagoenean.

Pentsatzen dut ondare materiagabea ez dela aldagaitza, baizik eta etengabe aldatzen ari dela... Berez, zer da ondare materiagabea? Jai bat egitea ala egiteko modua? Izan ere, jaiak, iraungo badu, aldatu egin behar du, ezta?

Parejo-Coudert: Idiosinkrasia delakoarekin zerikusia du. Goitik beherako aldaketa dagoenean, idiosinkrasia ere aldatzen da, meatzaritzarekin gertatu zen bezala.

Kuschick: Nik, adibidez, gauza berri asko aurkitu nituen Enkarterrietako jaiei buruzko ikerlana egin nuenean.

Parejo-Coudert: Gauza berri asko-asko sortzen dira.

Kuschick: Horregatik dago antropologia. Bestela, historia izango litzateke.

Parejo-Coudert: Horixe egin nahi zuten Frantzian eta egin nahi dute Europako Batasun osoan: antropologiak ez du existitu behar. Etnologia eta antropologia ezabatu nahi dituzte, iraganeko gauzak direlakoan, eta hori faltsua da. Txoke! elkartearen sorrerak horrekin ere zerikusia du. Kuschick: Ez dugu mugatu behar adinekoei iraganari buruzko galderak egitera. Jende askok hortxe egiten du etena. Tradizioa eta kitto. Ez, gaur egun gertatzen denari ere erreparatu behar diogu. Ingrid Kuschick

(Münster, Alemania, 1962) Antropologia, Aro Berriaren Historia eta Geografia ikasketak egin zituen Münster-eko Unibertsitatean, bertan jaioa baitzen. Ondoren antropologian espezializatzeko ikastaroa egin zuen Londresko London School of Economics-en. Handik Alemaniara itzuli zen bere doktoretza prestatzera, Freiburg-eko Unibertsitatean. 1989 eta 1999 bitartean, ikerlanak egin zituen Caceresen, gizarte- eta kultura-aldaketari buruz eta ondare etnografikoari buruz. Horrez gain, Cilleroseko Museo Etnografikoaren sorrera zuzendu zuen, probintzia berean. 2005az geroztik, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museorako datu-base integralaren garapena koordinatzen du. Honako erakunde hauetako kidea da, besteak beste: -Eusko Ikaskuntza -EASA (European Association of Anthropologists, University of Sussex, Ingalaterra) -AVPIOP (Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea) Espainiar Estatuan bizitzen jarri zen 1991n eta, 1998az geroztik, Berangon bizi da. Raphaël Parejo-Coudert

(Saint-Etienne, Frantzia, 1952) Santurtziko erbesteratu baten semea da eta ama frantziarra du. Etnomusikologia ikasi zuen Paris X Unibertsitatean. Aldi berean, ikasketak egin zituen Carlos Vega (Argentina) Musikologia Institutuan, eta prestakuntza espezializatua jaso zuen Dublinen. Ondoren, soziologia politikoarekiko interesa agertu zuen, eta diziplina hori Paris VIII Unibertsitatean ikasi zuen. Horren doktoretza bukatzeke dauka oraindik. Era berean, garapenean aplikatutako antropologiako prestakuntza espezializatua jaso du Rennes-eko Unibertsitatean, Bretainian. Peru, Bolivia, Ekuador eta Argentinako ipar-mendebaldeko Andeetako eskualdeetako herri musika tradizionalak ikertu zituen 1983 eta 1995 bitartean. 1996az geroztik, euskal musika-ondarean interesatu zen. Desagertzeko zorian zeuden ehun kanta baino gehiago erreskatatu zituen Lapurdin, Kantuketan proiektuaren esparruan. Gaur egun Bizkaian jarraitzen du ikertzen. 2003 eta 2005 bitartean ikertzaile eta zientzia-aholkularia izan zen Enkarterrietako Museoan, “Enkarterrietako musika tradizionala: kantak eta tresnak” erakusketa-proiektuan. Gaur egun, datu-base integrala garatzen ari da Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoarentzat. 1989tik 2001era bitartean, Parisko erbesteratu politiko argentinarrei buruzko ikerlana egin zuen. Honako erakunde hauetako kidea da: -Eusko Ikaskuntza. -EASA (European Association of Anthropologists, University of Sussex, Ingalaterra). -Frantziako Etnomusikologia Elkartea. -Frantziako Etnologia Elkartea. -AFAS (Ikus-entzunezko eta Soinudun Dokumentuen jabeen Frantziar Elkartea) Iragan irailaz geroztik, Berangon bizi da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Aita Imanol Murua. Oñati Abesbatzako zuzendaria: Aita Madina musikaria izateaz gain, idazle eta marrazkilaria genuen

 

Irakurri

Patxi Baztarrika. Hizkuntza Politikarako Sailburuordea: Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede

 

Irakurri

Iciar Astiasaran. Nafarroako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko dekanoa: Aniztasunaren defendatzaile sutsua naiz

 

Irakurri

Enrique García Asensio. Orkestra zuzendaria: Gizakiok oroimenari esker entzun dezakegu musika

 

Irakurri

María Oianguren. Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko aztertegiaren zuzendaria: Aldaketaren, harremanaren, bestearen beldurrez irauten dute beren horretan gatazkek

 

Irakurri