Nolakoa izan da zure lan ibilbidea? Arrasaten hasi zinen, Zaragozara joan zinen ondoren...
Elgetan jaio nintzen, amaren baserrian, baina Arrasaten hezi nintzen, hangoa delako nire aita. Eskola Politeknikoan ikasketa teknikoak egiten hasi nintzen, baina, aukera izan orduko, Zaragozara joan nintzen, Fisika Zientziak ikastera, hango unibertsitatean kalitate oneko Fisika irakasten zutela baineukan entzunda. Eta hala da, egia da. Madrilen, Edinburgon eta St. Andrews-en ere aritu nintzen ikasten. Gero, soldadutza egitera joan nintzen. Zaragozako Unibertsitatean irakasle lagun bezala ibili nintzen tarte labur batean, eta handik Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen, Massachussets-eko Teknologia Institutuan, MIT ospetsuan, nahi nuena ikasteko beka bat eman zidaten-eta. Astrofisikari buruzko tesi bat prestatu nuen, eta Fisikan doktoratu nintzen. Gero Bonnera joan nintzen, Alemaniara, Erradioastronomiako Max Planck Institutura; handik Munichera, Siemens-era, eta berriz ere Espainiara itzuli nintzen, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusira. Handik bost urtera, katedra bat lortu nuen Valentziako Unibertsitatean. Duela hamalau urteko kontuez ari natzaizu, 1991koez.
Zertan datza astrofisikari baten lana?
Astrofisikariaren espezialitatearen araberakoa izaten da. Batzuek unibertsoa behatzen dute, eta emaitza "esperimentalak" lortzen dituzte. Beste batzuek, fenomeno ezberdinei buruzko azterlan teorikoak prestatzen dituzte. Nik lan esperimentala egin dut ia beti; hau da, kosmosaren fisika eta funtzionamendua ulertzeko garrantzitsuak diren objektuak erresoluzio angular handiekin behatzen aritu naiz.
Nolatan erabaki zenuen zure lana zientziaren adar horretara bideratzea?
Halabeharrez. Niri asko interesatzen zait Fisika. 1977an, Fisikako ikerketak egitera MITera joan nintzenean, Irwin Shapiro-rekin egin nuen topo, mundu mailan oso ezaguna den astrofisikari batekin. Berarekin lanean aritzeko eskaintza luzatu zidan, eta gaur arte. Nire seme-alaba zientifikoak bere biloba zientifikoak dira. Nik uste Shapirok gustukoa duela bere familia zientifiko hori.
Zer egiten du zu bezalako astronomo batek Valentzian?
Valentzia oso hiri aproposa da bizitzeko, eta Fisikako Fakultate bikaina du bere Unibertsitateak. Bertakoa izan zen Espainiara iritsi nintzenean lehiaketara atera zen astrofisikako lehen katedra. Aurkeztu, irabazi, eta hara joan nintzen. Asko atsegin dut Valentzia; besteak beste, itsasoa duelako. Ni mundu mailan aritzen naiz nire behaketentzako baliabideak lortzeko lehian. 25 urte baino gehiago daramatzat horrela, baliabide garestiak merke lortu nahian; baita ia dohainik ere, proposamenak merezimendu zientifikoa duenean. Modu horretan, Valentzian edo Bostonen ari naiteke lanean. MIT edo Harvarden aritzea errazagoa eta ikusgarriagoa izango litzateke, baina Valentzian hobeto bizi naizela uste dut. Donostiarako ere lehia nintekeen. Ez nuen itsasoaren faltarik izango.
Zeintzuk dira zure lanak ematen dizkizun poztasun handienak?
Nik uste dut lana ondo egiteak poza ematen duela beti, edozein diziplinatan. Lan asko egin behar da, baina, batez ere, ondo. Ezagupenari buruzko arazoak konpondu behar dira. Gainera, lankideek eta gizarteak eskertu egiten baldin badizute ondo egindako lana, askoz ere hobeto. Poz handiagoa hartzen da.
Zer da zailena, edo lanik handiena ematen duena?
Bitxia dirudien arren, zailena ez da lan zientifikoa. Lana gogor egiteak poza ematen du. Niri gehien kostatzen zaidana, unibertsitateko lankide batzuen jarrera jasan behar izatea da. Gure sistema zientifikoa ez dago behar bezala normalizatuta. Askotan, iruditzen zait espainiar zientzialariek jokabide ezberdina, okerragoa izaten dutela Espainian, nazioartean baino. Zientziaren barruan ikusten ditudan jarrera eta portaera batzuk deitoragarriak dira, eta zuzentzeko zailak. Ez da diru kontua bakarrik.
Nola sentitzen zara Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Akademiako lehendabiziko kide numerario izatean?
Egia esateko, harrituta gelditu nintzen izendapenarekin. Ni bezain aske ibiltzen den pertsona batek zaila izango zuela pentsatzen nuen, baina poz handia eman zidan, eta Astrofisikako nire lankide askori ere bai. Gainera, asko miresten ditut izendatu ninduten akademikoak. Beraz, poza ez ezik, erantzukizun handi bat ere hartu dut.
Iaz, Ikerketaren Euskadi Saria jaso zenuen. Zer nolako esanahia izan du sari honek zure ibilbide profesional eta pertsonalean?
Oso esanahi handia du, zeren, gainera, nire sorterriak emana da. Urte batzuk lehenago eman izan balidate, nire amak bere bizitzako pozik handiena hartuko zukeen. MITek Amerikar Estatu Batuetako sari baterako proposatu ninduen, eta Max Planck-ek Alemaniako beste baterako, baina bi kasuetan ateetan gelditu nintzen, nahiko nahigabetuta. Euskadin jasotako sariak sekulako poza eman zidan. Ez dakit nola eskertu.
Supernoba edo izar baten leherketaren inguruan egin duzun ikerketa da zure lanen artean esanguratsuena. Zergatik da hain garrantzitsua gertakari galaktiko hau?
Ez dakit esanguratsuena den; ikusgarriena beharbada bai. Bitxia da, baina munduko zientzialari askok ikerketa mota zehatz batzuekin lotzen naute, eta ez dakite erradio supernobekin aritzen naizenik. Beste batzuei, alderantzizkoa gertatzen zaie. Esan duzun bezala, Supernoba leherketa gertakari galaktiko bat izan daiteke, baina, orokorrean, gertakizun extra-galaktiko bat izaten da. Zoritxarrez, teleskopioa asmatu zenetik -duela lau mende-, ez dugu gure galaxian Supernoba leherketarik ikusi. Eta zergatik dira hain garrantzitsuak? Supernobak funtsezkoak dira Unibertsoaren konposaketa kimikorako eta bere bilakaerarako, eta baita hasierako galaxien sorrerarako ere. Orain arte, erradio supernoben dozena erdi bat irudi bakarrik egin dira. Eta kontuan hartzen badugu (erradio) supernoba baten hedaduren lehen eta azken pelikularen irudiak lortu genituela, normala da jendeak nire lanik aipagarriena hori dela pentsatzea. Irudi hori emisioaren azal batena dela ikusi genuen. Urtebeteko datuekin egin genuen lehen pelikula, eta hamar urte baino gehiagoko datuekin ere egin dugu. Laster argitaratuko ditugu emaitza berriak. SN1993J Supernobarekin izandako aukera paregabea izan da, eta ongi aprobetxatu dugu. Duela zenbait hilabete, uztailaren 7an Holandako Europar komisarioaren aurrean nire lankideek egin behar zuten aurkezpen batera, ateratako azken irudia bidali nuen. Erradioastronomo europarren dossierraren portadan azaltzen da, beste bi irudirekin batera. Poz handia ematen du argazkia dagokion komisario europarra ahozabalik uzteko eskatzen dizutenean.
Quasarrak ere ikertu dituzu...
Bai. Zulo beltz masiboen aldamenean egoten diren quasarren ingurua aztertu dut. Eta baita gure galaxiaren erdian dagoen objektu konpaktua, erradiogalaxia, hodei molekularrak... Dena dela, nagusiki quasarren osagaien zinematika xehetasunez neurtzen aritu gara gu, emisio ereduak frogatu edo baztertzeko.
Gizarteak zientzialarien ikerketa lana behar bezainbeste baloratzen duela iruditzen zaizu?
Espainiako zientzialariak ez gara goseak hiltzen. Eta gainera, Espainian egiten den ikerketak ez du maila kaskarra. Askotan, oso lehiakorra izaten da. Lehen mailako eta bigarren mailako ikerketa dago, lehen mailako eta bigarren mailako irakasleak dauden bezala. Herrialde honetan, erosotasunera jotzeko ohitura dago, eta alderdi hori zorroztu egin behar dugu, zuzkidura zientifikoak handitu, egitasmo garrantzitsuagoak prestatu, gauza handizaleagoak egin, gehiago ordaindu... baina ez edonori. Jende gehiegi dago harro-harro zientzialaria dela esaten duena, zientziari inolako ekarpenik egin ez dion arren. Eta handinahi bat baino gehiago dago. Adore politiko gutxi egon da beti politika zientifikoan. Zure galderara itzuliz: gizarteak, esaten diotenaren arabera ikusten ditu gauzak. Ez zait iruditzen gobernu batek zientziari diru ekarpen handiagoa egiteko zientzia oso egoera kaskarrean dagoela esan behar duenik. Gainera, zientzia ez da batere kaskarra! Diru horrekin, ordena pixka bat jar dezala unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan. Horrela, gizarteak iritzi hobea izango du zientzialariei buruz.
Gaur egungo gazteek ba al dute zientziarekiko interesik?
Badira zientziarekiko interesa duten gazte bizkor batzuk. Proportzioei begiratuta, beti bezalakoa dela esango nuke. Kontua da gaur egun beste lan interesgarri batzuk ere badaudela; injinerutza ikasketak, adibidez, oso erakargarriak dira. Gainera, injinerutza onik gabe, ez dago zientzia ona egiterik. Alderdi honetan, ez naiz batere ezkorra.
Zer egin liteke euren motibazioa eta interesa pizteko?
Funtsa duten gazteak eta jendea, funtsaren bidez motibatzen dira. Ez dut uste itxurakeriak esaten den bezainbeste motibatzen duenik. Are gehiago, litekeena da apar eta propaganda huts horiek motibazioa galtzera eramatea. Eskola edo institutuetako irakasle onen lanak ez du parekorik. Horregatik, gazteak motibatzeko, irakasleak ondo prestatu eta motibatu beharko liratekeela iruditzen zait. Gizartearen inbertsiorik onena, irakaskuntza ertaineko irakasle onak izatea da.
Etorkizunera begira, ba al duzu inolako egitasmorik? Bai horixe! Bete ditzakedan baino egitasmo pertsonal eta zientifiko gehiago izaten ditut beti. Datozen bost urteetarako beteta daukat agenda, eta, gero, beste bost urteetarako beteko zait. Atsegin dut plangintzak denbora horretarako egitea. Dena den, plangintzak, maiz, irizpideak besterik ez dira izaten, bidean gauza interesgarriagoak aurkitzen ditugunean desbideratu egiten garelako hasieran aurreikusitako bidetik. Datozen urteak zoragarriak izango dira zientziarentzat, eta bereziki astronomiarentzat. Hoberena etortzear dago. Juan-Mar?a (Jon) Marcaide (Elgeta 1950) HEZKUNTZA . Zientzia Fisikoetan lizentziaduna, Zaragozako Unibertsitatean, 1975 . Ph.D. (doktorea), Massachusetts Institute of Technology, 1982 ENPLEGUA . Fagor Electrónicako laborategiko laguntzailea, 1967-1969 . Soldadutza, Aireko Gudarostea, 1975-1977 . Max Planck Institut für Radioastronomie-ko doktoratu ondoko bekaduna, 1982-1985 . Siemens AGko kide ikertzailea, 1985-1986 . Astrofisikako irakasle titularra Zaragozako Unibertsitatean 1986- (borondatezko eszedentzian) . Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko ikertzaile zientzialaria, 1986- (borondatezko eszedentzian) . Astronomia eta Astrofisikan katedraduna, Valentziako Unibertsitatean, 1991- . Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiako akademiko numerarioa, 2003- BEKAK . Stevenson Foundation (Glasgow), Edinburgoko Unibertsitatea, 1983-1984 . ITP Fundazioa (Madril), M.I.T., 1977-1982 . Max Planck Gesellschaft (Munich), Max Planck Institut für Radioastronomie, 1982-1985 ELKARTEAK . Sigma Xi 1980-1996 . American Physical Society 1980-1996 . American Astronomical Society 1981- . International Astronomical Union 1986- . European Astronomical Society 1991- (bazkide sortzailea) . Astronomiako Espainiar Elkartea 1991- (sortzailea) . Fisikako Espainiar Errege Elkartea 1992- JARDUERA PROFESIONALAK . Radioscience, JPL-NASAko kontsultaria, 1983-1985 . Granadako Unibertsitateko irakasle gonbidatua, 1987-1991 . Espasa-Calperen Metapedia egitasmoko Astronomia Sailaren zuzendaria, 1988-1992 . Advisory Panel ASI/AWR NATO-ko kidea, 1989-1992 . European VLBI Program Committee-ko kidea, 1991-1994 . Madrileko Complutense Unibertsitateko Udako Eskolaren zuzendaria, 1992 . Astronomiako Espainiar Elkarteko presidenteordea, 1992-1996 . Harvard University-ko irakasle bisitaria, 1993-94 . Valentziako Unibertsitateko Astronomia eta Astrofisika Departamentuko zuzendaria, 1995-1997 . European Space Agency-ko VLFA Science Team-eko kidea, 1995-1996 . Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen zuzendaria, 1996 . Astronomiako Espainiar Elkarteko presidentea, 1997-2001 . Division X, Commission 40ko Batzorde Zientifikoko kidea . International Astronomical Union, 1997- (6 urte) BESTERIK . 1986az geroztik, zortzi doktore tesiren zuzendaria. . Hiru industria patenteren egilea. . Tolosako parke astronomikoaren egilea, 1990. . Donostiako estelarioaren egilea, 1994. . Zazpi hizkuntza menderatzen ditu. GAUR EGUNGO IKERKETA . Supernobak, quasarrak, zentro galaktikoa, erradio galaxiak,... VLBIren teknikaz. . Supernoben eta jet astrofisikoen erradioemisioaren simulazio informatikoa. . Bibliografiari dagokionez, 150 artikulu inguru argitaratu ditu ikerketa zientifikoari buruzko nazioarteko edizioetan -horietatik 4 Nature aldizkarian, eta 2 Science-n-.