Juan Celaya: "Euskal Herrian bezala, ez da inon bizi"

2000-09-29

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Juan Celaya Juan Celaya, enpresa gizona "Euskal Herrian bezala, ez da inon bizi" * Traducción al espanol del original en euskera Ismael Diaz de Mendibil 80 urte baditu ere, ez daki geldirik egoten. Noiz jubilatuko den galdetzean, azkar erantzuten du: "Jubilazioa? Zer da hori? "Zer egin behar dut? Dena saldu, etxera joan edo nire ordez beste bat jarri?" Lagun berezia da gure elkarrizketatua. Elkarrizketa Cegasa enpresan izan zen. Argindar piletan munduko enpresarik garrantzitsuenetariko bat dugu Cegasa; ametsaren bultzatzailea bulegoko mahaiaren bestaldean genuen: Juan Celaya Letamendi. Celaya ala Zelaia zara zu? Etxeko eskrituretan Zelaia agertzen da beti, hain zuzen ere, izan behar duen moduan. Halere, gure aitonaren garaian notariak Celaya idatzi zuen, eta badakizu, gero zaila da aldatzea. Nire aita jaiotzean izan zen hura, bere anaia nagusiak Zelaia idazten baitzuen. Anaia nagusia Txilera joan zen, eta, beraz, Txileko senitarteko guztiak Zelaia dituzu, hemengook, aldiz, Celaya dugu abizena. Zure senitarteko asko joan ziren Ameriketara? Etxean hiru seme ziren, guztira, eta aitaren bi anaiak bertara joan ziren, Txilera, alegia. Egun, Zelaitarrak Argentinan, Mexikon... dira, baina, batez ere, Txilen. Baserriko semeak dituzu guztiak. Zure aita, berriz, Oñatin geratu zen. Bai. Errepublika garaian aita Oñatiko alkatea zen, EAJkoa, aitona bezalaxe. 1936ko gudan, Francoren tropak Euskal Herrian sartu zirenean, erbestera joan zen. Berak, beste batzuek bezalaxe, pentsatu zuen bi egunetan etxean zela berriz, baina, sei urte eman zituen Txilen. Hortaz, abertzalea zen? Jose Antonio Aguirre, Irujo... ederto ezagutu zituen. Euskal Herriko alkate abertzale guztiak Lizarran bildu ziren orduan, dena den, aita ez zen politikaria, enpresa gizona baizik. Eraikuntzan egin zuen lan? Lehenengo ikasi zuen, peritu agronomo ikasketak Billabonan egin zituen eta. Alabaina, gaztea zela, hasi zen lanean, 20 urterekin bere kabuz egiten baitzuen lana. Eraikuntza zuen ogibideeta leku askotan zituzten obrak, Bilbon, Valentzian.. Zu seme nagusia zinen? Sei seme alaba eduki zituen, lau neska eta bi mutil. Seme nagusia nintzen ni, bai. Urte batzuetan zuk lagundu zenuen enpresan? Ez, bera hil zenean ekin nion lanari. Izan ere, aita hiltzean ni ikasten ari nintzen. Ingenieritza ikasketak bukatzear nengoen Bilbon, eta ikasketak eta lana tartekatu nituen bolada batean. (Erretzaile amorratua da Juan Celaya. Une horretan beste zigarro bat pizten saiatzen da, baina supiztekoa ez dabilenez, beste bat hartu, azkenik piztu eta jarraitzen du hizketan). Ordurako pilak egiten geniharduen, pila lantegia 1934ean eraiki egin zelako. Gerratearekin batera, ondasun guztiak kendu zizkiguten, aita Txilen, ama erbesteraturik Nafarroan, sei seme alaba baserrian... Arrebarik gazteenak bost bat urte izango zituen orduan. Gerrateko kontuak. Zerk eragin zuen Juan Celaya enpresaria izateko? Nik ezin dut esan ezerezetik hasi nintzenik. Ezin dut harrotasun hori eduki. Are gehiago, ingeniaria izan nintzen, aitak ordainduta. Aitak ondasunak ere zituen, pila lantegia, eraikuntza... Ondasunak atzera eman zizkigutenean, eraikuntzan jarraitu nuen nik. Pilen ardura beranduago hartu nuen, hain zuzen ere, 60ko hamarkadan, eta hortik aurrerakoa. Pila enpresak Tximist izena zuen betidanik, baina, zoritxarrez, Espainian pilak saltzeko izena zaila zela esan zidaten orain urte batzuk eta aldatu behar izan genuen. Oraindik negar egiten dut. Elkartearen izena Celaya Enparanza y Galdos zenez, Cegasa izena jarri genion. Hiru familiak osatzen zuten enpresa, guztiak senitartekoak zirelarik. Enparanza familia orain sei bat urte atera zen eta egun Galdostarrak eta biok geratzen gara. Nik enpresaren %70a daukat eta Galdostarrek, gainerakoa. Oñatin jaioa, nolatan joan zinen Gasteiza? Enpresak gora egiten zuen eta bertan ez geneukan lurrik. Oñatin lurra erostea ezinezkoa zen. Izan ere, Gasteizen metro karratuak 63 pezeta balio zuen bitartean, Oñatin 3.400 pezeta ordaindu behar ziren. Hori gutxibalitz, nahi genuenean ordaintzeko esan ziguten Gasteizen. Gu bezala, Gasteizera joan ziren enpresari gipuzkoar guztiak. Oñatin jarraitzen dugu, baina lantegi txiki batean, bertan 120 langile inguru baitaude. Egun ere, lur falta da arazo nagusia Debaldean. Han ezin da lantegi handi gehiago eraiki. Nire ustez gaur egun debekaturik egon behar zuen lantegi gehiago jartzeak, ez dago tokirik eta. Lantegiak eraikitzeko orduan hautaketa ona egin behar dute bertan. Ildo beretik, lehengo egunean Oñatiko enpresari batek esaten zidan: "Juan, dagoeneko ez daukat lurrik eta Gasteizen aldera noa". Debaldean ez daukazu zereginik, 10.000 metro karratu behar badituzu. Zuek, Gipuzkoatik Gasteizera joandakoek, nolabait Arabako lehen industrializazioa egin zenuten, Araban oso enpresa gutxi baitziren orduan... Gure aurretik beste batzuk joan ziren, Oñatiko Esmaltaciones San Ignacio, esaterako. Gurekin batera, Arregui, Ermuatik Areitio, Eibartik Gabilondo... Orduan, Arabako lantegirik garrantzitsuenak Ajuria, Fournier, Sierras Alavesas, Aranzabal... ziren, askoz gehiagorik ez. Gipuzkoar guztiok arazoa bera genuen, gurean lekurik ez. Gipuzkoan enpresa espezializatua, lur premia txikia duena... behar da. Hori bai, horiek garestiagoak izaten dira, puntako teknologia erabiltzen dutelako. Hainbeste urtetan lan egin ondoren, zure iritziz, zer da behar beharrezkoa enpresa gizon ona izateko? Belarriak oso argi izan behar dituzu beti, zure ondoan zer gertatzen den jakiteko, gauzak egun batetik bestera aldatzen baitira. Gero eta azkarrago, gainera. Gurea, gero eta produktu hobeak egitea da. Enpresa, gizon bakar baten lana da ala talde lana? Gizon bakar batek ezin du sekulan ezer egin, gerrateetan jeneralek bakarrik ezer egiten ez duten bezalaxe. Zure inguruan langile onak izan behar dituzu. Nik bakarrik ez dut ezer egiten, nire zeregina taldea ondo erabiltzea baino ez da. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Lan Onari Saria eman zizun orain aste batzuk. Zure lana goraipatu zuen, pilen lehian Cegasakederto egiten duelako lan, multinazionalak tartean egon arren. Pilen prozesua aldakorra izan da. Gu pilak egiten hasi ginenean, Espainian ez zen horrelakorik egiten. Bestalde, orain hamarkada batzuk europarrok jaun eta jabe ginen pilen munduan, baina egun amerikarrek hartu dute lekukoa. Horrekin batera, Europako lantegi gehienak erosi dituzte, eta, gauzak horrela, lau enpresa indartsu ditugu egun, hau da, bi amerikar, alemaniar bat eta Cegasa. Kotxe enpresetan gertatu den bezalaxe, kontzentrazioa izugarria izan da, gehienez, hiruzpalau enpresa. Gu lortutakoari eusten ahaleginduko gara, jakin gainean arazoak gero eta larriagoak izango direla. Hala eta guztiz ere, egun, indartsua izateko energia behar da, edozein tresnak, funtzionatzeko, energia beharrezkoa baita, pilak edo beste gauza bat. Arlo honetan murgiltzen garen guztiok gasolina ordezkatuko duen altxorra ikertzen ari gara. Zer izango den oraindik inork ez daki, dirutza gastatu den arren. Etorkizunari begira erronka ezberdinak ditugu: Motor elektrikoa, errekuntza pila, behin eta berriz kargatzeko aukera emango duen pila... Guk horretan jarraitu nahi dugu, baina nahi izatea gauza bat da, eta ahal izatea beste bat. Ekonomia zenbaki handiek oso egoera onean gaudela erakusten digute... Nik uste dut horrela dela, baina ez jendeak uste duen moduan, gero eta inbertsio handiagoak egin behar baitira. Krisialdiak direla eta ez direla, nik ez dakit zer den krisialdi bat, beste modu batez esanda, zer esan nahi du krisialdiak? Afrikako eta Asiako hainbat herri izan ezik, gainerakoak ondo bizi gara. Dena soberan dago, janaria, txapelak, pilak... Zer esan nahi du horrek? Ba, hainbeste lan ez daukagula egin beharrik mundu honetan. Beraz, europarrak ederto bizi gara, euskaldunok zer esanik ez. Sinesmeneko gizona naiz eta gurean mirari handia daukagu, ez dugu zientziarik edota ospe handiko zientzilaririk, baina, bai bizimodu ederra; jan, edan, jantzi..., laburbilduz, ondo bizi. Nire iritziz, Euskal Herrian bezala, ez da inon bizi.Hobetzea zaila denez, oraingoari eustea ez da txarra izango. Krisialdiak oso erlatiboak dira. Adibidez, nire ustetan, egun ez dago langabezirik, batzuek gezurra diodala leporatuko didaten arren. Gure inguruan ez dago langilerik behar dugunean. Jende falta dago leku guztietan. Bai, beti izango da baten bat lanik ez duena, gazte batzuek..., baina, ezer gutxi. Esaten dutenez, etorkinen eskulana behar dugu. Nahitaez etorri beharko dute. Halere, nik ez nuke nahiko, bertako giroa eta gure bizimodua aldatu egingo direlako. Hobea da gutxiago izatea, baina ondo bizi izatea guztiak. Zer nolako garrantzia du diruak zure bizitzan? Lehenik gizona naiz, eta gizona naizenez, enpresaria nauzu. Hala eta guztiz ere, enpresa baten emaitzak neurtzeko tresna bakarra dirua da, beste neurririk ez dugu. Horrela, irabazten duzu ala porrot egiten duzu, eta zoritxarrez, lantegi batean ez dago galtzerik, ixten baita, bestela. Galerak izan ditzakete udalek edota aldundiek, baina ez lantegiek. Arabako Larrinzar herriaren jabea zara, eliza eta guzti. Ez dakit herriaren jabea naizen. Larrinzar Barrundia udaleko herria da, hau da, Gipuzkoan auzoa deitzen dena. Urtegia egin zenean, bertan bizi ziren zortzi lagunek alde egin zuten handik. Izan ere, urak herriko lurrik onenak harrapatu zituen, eta, horren ondorioz, herria hutsik egon zen 18 urtez. Orain Larrinzar etxe bat da, ni neu bizi naizen etxea, alegia, eta inguruan dituen 100 hektarea. Eliza? Baita eliza txikia ere. Gasteizen etxebizitza dudan arren, herrian bizi izatea dut gustoko. Baserritarra jaio nintzen, baserritarra naiz eta baserritara hilko naiz. 1964ean joan nintzen Arabara, aurreneko urteak Gasteizen eman ondoren, Larrinzar 1969an erosi nuen eta ordutik han nago. Bertan 500 bat ardi ere baditut, zelaiak garbitzeko, gehienbat. Hamaika ekimen egin dituzu euskararen alde, zer jaso duzu horren truke? Sari asko, oso pozik jaso ditut guztiak, gainera. Aipatu dizudanez, lehenik gizona naiz, gero gerokoa, pilak, Tuboplast enpresa... Badakizu,dirua irabazi nahian; nire egarria ez da horrekin asetzen, baina. Euskalduna naiz eta Euskal Herria bizirik jarraitzea nahi dut. Horretarako, euskara funtsezkoa dugu, hizkuntzarik gabe ez baita Euskal Herria. Dena den, etorkizuna zaila aurrikusten dut, hori dela eta, ahalik eta laguntzarik handiena eskaintzen saiatzen naiz. Horrez gain, nik eta nire ingurukoek beti euskaraz egiteko ahaleginak egin ditut. Ikastolen lana ere nabarmentzekoa da, behar beharrezkoak ditugu, ibiltzen jarraitzeko aukera ematen digutelako. Euskaldunok ikastolak sortu genituen, Everestera igo ginen... Zein dugu etorkizuneko erronka, ordea? Globalizazioa nagusia den une honetan herri txikiek lan handia dute aurrera egiteko. Hala eta guztiz ere, zaila denez, lan gehiago egin behar dugu. Bestalde, ni europarra naiz eta Europako egitasmoa aurrera baldin badoa, Euskal Herriak, beste herri batzuek bezala, bertan egon beharra dauka. Gaiaz aldatuz, Txilera askotan joaten al zara? Bai, noski. Gutxienez, Txilera urtean behin joaten naiz eta Argentinara ere askotan. Pentsa Argentinakoa! Hemen hiru milioi lagun ez gara eta Argentinan sei milioi euskaldun dira. Horiek lagundu behar ditugu, komunikazio tresna berriak dauzkagu eta; besteak beste, Internet, ETB SAT... 80 urte dituzu, noiz jubilatuko zara? Jubilazioa? Zer da hori? Eta zer egin behar dut? Dena saldu, etxera joan edo nire ordez beste bat jarri? JUAN CELAYA LETAMENDIA *Gipuzkoako Oñati herrian jaio zen 1920ko abuztuaren 29an. *Ingenieritza ikasketak 1947an bukatu zituen Bilbon. *Enpresa ezberdinen jabea da. Cegasa (pilak), Tuboplast (plastikozko ontziak) eta Hidronor (hondakinen tratamendua) nabarmentzekoak dira, guztietan Celaya presidentea baita. Horiez gain, beste enpresa batzuren partaidea da, besteak beste, Ulecia Kontserbak, Lan ardoa, CTL Activ kartutxoak... *Euskal kulturaren aldeko lanean ibili da beti (Ikastolak, UZEI, Everestera Tximist espedizioa, txirrindularitza...) *Ildo beretik, Euskal Fundazioaren bultzatzailea eta presidenteadugu. Fundazioak helburu zehatza du: Euskal kultura euskaldun guztion topagunea izatea. *Uztailaren 21ean azken saria jaso zuen gure protagonistak, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eman zion Lan Onari Saria, alegia. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 93.zbk (2000 / 9 29 / 10 6) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Angel Amigo: "Lanbide honetan garrantzi handikoak dira norberaren kreatibitatea, liluratzeko gaitasuna, historia eta egindako lana; zazpigarren dokumentala lehenengoa baino errazagoa izango da beti"

 

Irakurri

Juan Ignacio Vidarte: "Museoak eraldaketa prozesu garrantzitsu batean murgilduta daude"

 

Irakurri

Luzien Etxezaharreta: "Maitzekin hasi zen bideak, 20 urteren buruan jarraitzen du, biziak beti aitzina bultzatzen gaituelako"

 

Irakurri

Koldobika Jauregi: "Kultura gobernuaren menpe egoteak gehiegizko politizazioa suposatzen du"

 

Irakurri

Eugenio Ibarzabal: "Kalitatea modan zegoen zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da"

 

Irakurri