María Amor Beguiristain Gúrpide. Prehistorialaria: On José Miguel Barandiarán liderra zen

2011-01-07

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Antropologia, etnografia eta arkeologia zientzia-diziplinak dira. Iraganaren berri emateaz gain, gizarteak alderdi materialetan eta ez-materialetan izandako bilakaera ulertzen laguntzen digute. Iraganeko erreferentzietan oinarritzen direnez, ikertutako alderdiak interpretatzerakoan, kontu handiz ibili behar da. Izan ere, ezaugarri hori funtsezkoa da ezagutzaren bidea urratzeko, hitzaren zentzurik zorrotzenean eta aseptikoenean. Iragana ezagutzea da kontua. Iragana gero eta arrotzagoa da guretzat, baina gero eta premia handiagoa dugu ezagutzeko.

María Amor, konta iezaguzu zerbait zure familia-inguruneaz. Beguiristain, Gurpide. Arbasoak nafarrak dituzu?

Bai, ñabardura batzuk gorabehera. Ama Otsagabiakoa zen, eta aita Alfredorekin ezkondu zen, hemendik esaten den moduan “a Obanos”. Aita Argentinan jaio zen, Bell Ville hirian, Córdoba probintzian. Emigratzaileen semea zen eta gerora, hona etorri ziren, amonak Obanoseko familia-etxea oinordetzan hartu zutelako. Argentinatik etorrarazteko modu bat izan zen hura. Berez, itzultzeko asmoa zuten, baina hementxe geratu ziren betiko. Zortzi anai-arrebetan seigarrena naiz, eta haurtzaro osoa Obanosen eman nuen.

Bertan egin zenituen lehen ikasketak...

Halaxe da, bai. Obanoseko ikastetxe publikoan ikasi nuen. Errepublikaren garaian ireki zuten. Oso oroitzapen onak ditut eskolaurreko maistraz, Pilar Cildozez, haurrei dena ematen baitzien. Ehun urte zituela hil zen. Mundu guztiak izugarri maite zuen, eta dohain pedagogiko paregabeak zituen. Aparta zen benetan, lehengo irakasle handi guztiak bezala. Gero, eskola “mistoan” ibili nintzen, denbora laburrean. Ondoren, 10 urtetara, sarrera-frogak eta batxilergoko lehen ikasturtea egiteko prestatu ninduen Pilar Guembe, Obanoseko beste maistra bat, eta azterketak Gurutzeko Plazako institutuan egin nituen. Azkenik, Guadalajarako barnetegi batera bidali ninduten, ahizpa batekin. Gure izeba bat moja zegoen bertan, eta hiru urte eman nituen. Oroitzapen bikainak ditut garai hartaz ere. Lagun onak egin nituen. Gabonetan besterik ez ginen ateratzen barnetegitik, baina horrek ez digu inolako traumarik sorrarazi.

Obanosko giro bakartiak izan al zuen inolako eraginik gerora zure hezkuntzan?

Garai horretako oroitzapenak tinko errotzen dira gizakiongan. Sustraitu egiten zaizkigu barrenean, eta, handitu ahala, gauza askoren zergatiak ulertzen ditugu. Obanosetik Guadalajarara joan nintzenean, ikaskide berriak harri eta zur geratzen ziren nire hitz askorekin. Adibidez, “extremar” Nafarroan “etxea garbitu” esateko erabiltzen da eta ez zuten esanahia ulertzen. Hitz hori eta beste asko ere. Horrela, besteek ez bezalako ondare berezia nuela ikusi eta zaintzen edo babesten saiatu nintzen, nolabait. Eta denborarekin horren guztiaren aberastasunaz jabetu nintzen.

Eta noski, gero, ikerkuntza-lanetarako erabili zenuen. Horregatik aukeratu zenuen filosofia eta letren karrera...?

Etxean liburu asko genituen, eta Ceramen “El misterio de los hititas” eta “Dioses, tumbas y sabios” irakurtzea asko gustatzen zitzaidan. Zortzi anai-arrebetan seigarrena izanik, ezkutatzeko eta irakurtzeko aukera nuen mandatuak egitetik libratuz. Aitak ere nobelak uzten zizkidan. Mundu klasikoak izugarri erakartzen ninduenez, betidanik izan nuen filosofia eta letrak ikasteko gogoa, antzinako historia ere jorratzeko: Mesopotamiakoa eta Egiptokoa, alegia. Unibertsitatean nengoela, Greziarekin, Kretarekin... ere egin nuen topo. Orduan, Enrique Vallespí, historiaurre-irakaslea, ezagutu nuen. Karrerako hirugarren mailan nengoela, Urbasako mendizerrako aztarnategiak (Andasarrikoak, Aranzaduiakoak... eta gainerakoak) aurkitu zituzten, eta Paleolitikoko mundua, gizakiaren sorburua, liluragarria iruditu zitzaidan. Vallespí irakasleak zirrara bizia sortzen zuen bere arloarekiko, eta, azkenean, Grezia alde batera uztea eta historiaurrean murgiltzea erabaki nuen.

Garai hartan, gainera, On José Miguel Barandiaranen eskoletara joaten nintzen, eta etnologiak eta haurtzaroko bizipenek berebiziko balioa zutela egiaztatu nuen: etxeak, laratzak, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanek... Mundu horren ateak ireki zitzaizkidan, eta argi ikusi nuen ez zirela ahaztu beharreko kontuak, esanahia eta balio akademiko handia baitzuten.

Bokazio-kontua izan da, beraz...

Inoiz ere ez dut zalantzarik izan. Gerora, egoerak eraginda, bi garairen artean aukeratu behar izan dut, ezinbestez. Ezin izan dut espezializatu megalitismoan soilik, zuzendu ditudan indusketa-lan gehienak mundu horretakoak diren arren. Nire tesirako gaia aukeratzeko unea iritsi zenean, Ignacio Barandiaran irakasleak —On José Miguel irakasten zuen Euskara eta Euskal Kultura katedraren bidez ezagutu nuen— aire zabaleko asentamenduak aztertzea proposatu zidan. Tesiarentzat, oso izenburu luzea eta oso geografia-esparru handia hautatu nituen: Los yacimientos de habitación durante el Neolítico y Edad del Bronce en el Alto Valle del Ebro.

Zure bizitza akademikoan, bi Barandiaran ezagutu dituzu. Lizentziatura-tesian, On José Miguelekin zerikusia zuen gai bat jorratu zenuen...

Bai. On José Miguelek Paleolitiko garaiko oso material interesgarriak bildu zituen Olaztiko zementu-harrobietan, eta Nafarroako Unibertsitateko Arkeologia Mintegiari eman zizkion, norbaitek azter zitzan. Lan hura Vallespí irakasleak egin behar zuen berez, baina materialak niri utzi zizkidan, lizentziaturako memoria egiteko. Eskuzabala izan zen benetan. Orduan, eskuzabaltasuna zen nagusi bai maisuen jarreretan, bai datu-transmisioan. Giro hura bizi izan nuen. Dena den, materiala nahiko korapilatsua zen, haitzuloak suntsituta baitzeuden, harrobien eraginez. Baina harrobiek babes ofiziala zutenez, On José Migueli ez zioten hondakindegietan sartzen utzi, industria-jarduerak ez eteteko. Alderdi ekonomikoa eta kulturala gatazkan sartzen direnean, ia beti kulturak galtzen du eta zaila izaten da gai horri aurrera egitea. Máximo Ruiz de Gaona eskolapioak Paleolitikoa ikertzeko gune paregabea zela esan zidan, On José Miguelen aurretik harrobietan ibili baitzen lanean, eta materialen analisi topologikoarekin bete-betean egiaztatu nuen egia zioela. Koskobiloko harrobia Olaztin dago, Urbasako Mendizerraren parean, bi kareharri multzoren artean. Hango aztarnategian, silexeko objektuak aurkitu zituzten, paleolitikoko gizakiek eraikitzen zituzten tresnentzat lehengaia, eta horregatik paleolitikoko gizakientzat oso toki erakargarria zela dirudi. Beraz, testuinguru hartan elkartu nintzen estreinakoz On José Miguelekin eta Ataunera joan nintzen lehen aldia 1973aren hasieran. Enrique Vallespínek On José Miguel epaimahaikideetako bat izatea nahi zuen, baina tesiaren defentsa atzeratu egin behar izan genuen, Barandiaranek gripea harrapatu zuelako. Unibertsitateko ikasturtea ere beranduago hasi zen eskolak ematen.

1964tik ari zen eskolak ematen...

Halaxe da, bai. 1963ko bukaeran egin zioten gonbidapena eta 1964ko urtarrilean hasi zen ekinean. Horregatik zion hain atxikimendu handia gure Unibertsitateari, eta horregatik utzi zizkigun bere material batzuk guk aztertzeko.

Ordutik aurrera, zure bizitza On José Miguel Barandiarani loturik egon da, erabat...

Bai, hamaika oroitzapen dut. Duela gutxira arte, José Miguel Barandiaran Fundazioan aritu naiz lanean. Aipatu bezala, On José Miguelek nire lizentziaturako epaimahaian parte hartzea nahi genuen, baina ezinezkoa izan zen, gripea harrapatu zuelako, eta nire tesinaren testua etxera eraman nion. Ordurako, Departamentuko buruak, Marcos Pousek, Etnikerreko idazkaria izateko proposamena egina zuen. Hura ere oso gai garrantzitsua zen. On José Miguelek, Nafarroako Unibertsitateko katedraduna zela, ikerkuntza irakaskuntza bezain garrantzitsua zela aldarrikatu eta Etniker taldea sortu zuen. Inkestak prestatu (joan den mendeko hogeigarren hamarkadan egindako beste batzuk berrantolatuz eta osatuz) eta landa-ikertzaile talde txiki bat sortu zuen. Taldekideei urtean hiru aldiz deitzen zien eta Nafarroako Museoan elkartzen ziren, ikerketa-lanen babeslea Vianako Printzea erakundea baitzen. Ikaslea nintzela, bileretan parte hartzera gonbidatu ninduten, eta idazkari-lanak egiten hasi nintzen. Kideen (Lapuentes, Jimenu Jurío...) azalpenak entzuten nituen, besterik gabe, baina, halako batean, ikerlana neuk egitea (Obanosen) bururatu zitzaidan. Nire asmoa berehala jakinarazi nien, eta Etniker taldeko kide izendatu ninduten. Zorte handia izan nuen, benetan.

2011n, On José Miguelen heriotzaren hogeigarren urteurrena beteko da. Zer alderdi nabarmenduko zenituzke?

Asko, baina Barandiaranen ezaugarririk bereizgarriena hauxe zen: beti ari zen irakasten, ezer ere ez esan arren. Izugarrizko errespetua zien ikasleei. Buru-belarri murgiltzen gintuen ikerkuntzetan. Gaiak inoiz ere ez zituen bukatutzat jotzen, beti baitzegoen zer ikertu. Baliagarriak ginela sentiarazten gintuen.

Liderra zen?

Liderra zen, berez, nahi gabe. Agerraldirik gabe, izugarrizko itzala zuelako.

Gure Herriko zientzialari handietako bat izan da Barandiaran. Gainera, ikertzaile-lanari bere gizatasun ikaragarria gehitzen zitzaion. Gaur egun, gure gizartea noraezean dabilela, ezaugarri hori berreskuratu egin beharko litzateke, ezta?

Zalantzarik gabe. Gizatasun kristaua zen On José Miguelena. Izaera horretan oinarrituz, ikerkuntzak antolatu eta animatu egiten gintuen, zuzen zebilela uste zuelako, kritikak gorabehera. Bere azken urteetan, antropologia “agresiboa” jarri zen modan, baina Barandiaranek ongi asko zekien datu apur batzuk teoria asko baino baliagarriagoak zirela. Zentzu horretan, datuei erreparatzen zien funtsean, teorizatzen ibili beharrean. Medio akademikoetan kontrako joera da nagusi.

Barandiaran batengandik beste batengana. Lizentziatura-tesinatik doktorego-tesira...

Enrique Vallespík jarri ninduen harremanetan Ignacio Barandiaranekin. Euskara eta Euskal Kultura Katedrako irakaslea izan zen: euskal gizakiari buruzko eskolak ematen zituen. Lehen esan dizudan bezala, oso eskuzabala zen. Gure departamentuan gutxi ginen, eta, historiaurreko espezializazioaren arloko doktorego-ikastaroetan ere oso aukera urriak nituenez, Zaragozako Unibertsitatean onartu ninduen, han Departamentu bat zuzentzen zuen, eta doktorego-ikastaro guztietan parte hartzen utzi zidan. Doktoregai batzuk ere aurkeztu zizkidan: besteak beste, Ana Cava, orain bere emaztea dena, eta Pilar Utrilla, biek historiaurrean adituak. Adiskidetasuna eskaintzeaz gain haien pisuan gela bat utzi zidaten... Ignacio Barandiaran zientzialari bikaina da, On José Miguelen eskolan trebatua. Zorrotza da lanean, oso zolia. Bere indusketa-lanetan parte hartzen utzi zidan, niretzat zeharo ezohikoak ziren inguruneetan. Makina bat tokitan izan ginen: Mironesen, Kantabrian, paleolitista talde batekin; Aragoi Behekoan, neolitizazioa (ehiztari izateari utzi eta ekoizle bihurtzeko ibilbidea) ikertzen; Zatoiako haitzuloan, Abaurregainan, bere garaiko penintsulako iparraldeko eta mugaz haraindiko aztarnategirik garrantzitsuenean, Paleolitikotik Paleolitikoaren ondorengo garairako igarobidea aztertzen. Gaur egun bizirik mantentzen diren oroitzapena asko.

Doktorego-tesia Ignaciorekin egin zenuen...

Titulua luze-luzea zen: Los yacimientos de habitación durante el Neolítico y Edad del Bronce en el Alto Valle del Ebro. Ez genekien zer egin: Urbasara joan, megalitikoen gaia ere landu... Garai hartan, Teresa Andrésen eta Ana Cavaren tesiak ari zen zuzentzen. Teresak Ebroko Goi Haraneko hileta-erritoak zituen aztergai, eta Anak industria litikoak. Asentamenduak, habitata, aztertzea proposatu zidan niri, gai horretaz ez baitzen ezertxo ere ezagutzen. Aire zabaleko tailerrei buruzko erreferentzia batzuk genituen, eta kito. Gainera, okerreko izendapena zutela erantsi behar dut. Atzera begiratuta, oso lan interesgarria izan zen gurea. Orain egiten ari diren azpiegitura-obra handietan azaldutako aurkikuntzei esker, Ebro Haranean Holozeno garaian populazio handia zegoela ari gara deskubritzen. Ikusten denez, nik abiarazitako ikerketak aintzat hartzen ari da berriki.

Gero eta ezagutza gehiago zenituela, irakasle hasi zinen Nafarroako Unibertsitatean...

Enrique Vallespí joan zenean hasi nintzen eskolak ematen. Gure unibertsitatea pribatua denez, aldian-adian estatuko gorputzaren oposaketetara aurkeztu behar izaten dugu, eta Vallespík Oviedon lortu zuen plaza. Horrela, historiaurreari buruzko eskolak ematen hasi nintzen. Nire aurretik, irakasle ospetsua izan zuten: María Luisa Pericot, Luis Pericot, kultura piriniarraz hitz egin zuen prehistorialari famatuaren alaba. Oso gustura aritu naiz lanean, eta pozik nago denbora hori guztia Nafarroako Unibertsitatean eman izanagatik. Aldi berean historiaurreko arkeologiako irakaskuntza, indusketak eta etnologian ibili naiz.

Garai hartan, halaber, zure ikertzaile-ibilbide luzeari ere ekin zenion antropologian, etnologian eta historiaurrean... Baina, ororen gainetik, arkeologoa zarela iruditzen zait...

Unibertsitateak ez du etnologiako katedrarik. Euskara eta Euskal Kulturako Katedrari eta Euskal Ikasketen Diplomari esker, euskal etnologiari buruzko eskolak antolatu genituen, eta arlo horietako irakaslea izateko aukera izan nuen. Dena den, aukerako irakasgaiak dira. Nire ikertzaile-bizitzan arkeologia jorratu dut batik bat, baina, etnologia alorrean Etnikek taldekoen harremanarekin disfrutatu egin dut beti, eta Unibertsitatean arlo hori ere lantzen utzi didate.

Lehen Etniker taldeak aipatu dituzu. Baskoniako Atlas Etnografikoari lotutako ikerlanetan, arabar eta nafarren taldeko zuzendaria izan zinen. Nolakoa izan zen esperientzia hura?

Esperientzia bikaina izan zen. 1982an, Eusko Ikaskuntzak José Miguel Barandiaran beka eman zigun eta lantalde bikaina sortu genuen. Ildo horretan, aipatzekoa da etnologiako azterlanak oso aberasgarriak direla, maila akademikoan arkeologiakoek oihartzun handiagoa izan ohi duten arren. Ikuspegi pertsonaletik, oso aberasgarriak dira. Arabako Etnikerreko kideekin taldea sortu genuen, Juanjo Galdos buru zela, eta libre zeuden ikertzaile nafarrak (Juan Cruz Labeaga, Javier Zubiaur, Paz Larraondo, Maika Munárriz, Carmen Jusué...) ere atxiki zitzaizkigun. Inkestak hedatzen hasi ginen, On José Miguelen ametsa gauzatzeko: Euskal Herriko Atlas Geografikoa egitea. Arabarrek nahiago izan zuten jolasen arloa lantzea, eta guk kulturizazioa aukeratu genuen, kondairak, ipuinak eta, batik bat, sinesmenak galtzen hasita baitzeuden jadanik laurogeiko hamarkadaren hasieran. Lana Eusko Ikaskuntzak argitaratu zuen.

Nafarroako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Diplomaren zuzendaria zara. Titulu hori aspaldi hasi zineten eskaintzen... Baina zer etorkizun izango du?

Diplomarekin zer egin ari gara hausnartzen, baina Katedrak bere horretan jarraituko du. Euskal Ikasketen Diploma, laurogeita hamarreko hamarkadan sortua, hilda dago jadanik. Bolognako sistema berriak ez du aukera librerik aurreikusten, curriculumak askoz ere itxiagoak baitira. Ondorioz, gure Diplomak ez du zentzurik. Ikasleen aukera librea antolatzea eta, aldi berean, profil jakin bat ematea zen gure asmoa. Ana Etxaide irakasleari bururatu zitzaion, Katedraren zuzendaria zela, eta niri bertan behera uztea tokatu zait. Hala ere, ziur nago Katedratik zerbait berria sortuko dela, Bolognari ez baitiogu utziko berrogeita hamar urteko ibilbidea zapuzten. Milaka ikasle eta ikertzaile handiak izan ditugu gurekin. Unibertsitateak Katedrari jarraikortasuna emango dio.

Giza Zientzien Liburu Zurian, zure izena ikusi dugu. Unibertsitate arteko Batzordeko idazkaria izan zinen...

Lan gogorra izan zen. Unibertsitateak Giza Zientzien Batzordea zuzentzeko eskatu zidan. Lizentziatura sortu berria zen, eta unibertsitate gazteek eskaintzen zuten nagusiki: berrogei batek, estatu osoan. Denen artean batzordea sortu zuten eta idazkari izendatu ninduten. Lizentziatura aurrera eramatea nahi zuen profesionalekin elkarlanean aritzea izan zen onena. Lan horretatik sortu zen Liburu Zuria. Kontrako kritikarik gogorrenak egungo Hezkuntza Ministroak, Angel Gabilondok, egin zizkigun: titulua ez zitzaion beharrezkoa iruditzen. Ez dakit hori esatea politikoki zuzena den. Lizentziaturak hor darrai oraindik. Gure Unibertsitatean oso ikuspegi humanistikoa, irekiagoa, ematea erabaki eta jakintzagaiak bi multzotan antolatu genituen: kultura-kudeaketa eta merkataritza-kudeaketa. Biek ere arrakasta izan dute. Gainera, harrigarria badirudi ere, bigarrenak harrera ona izan du enpresa munduan, giza harremanei lehentasuna emateko beharra dagoelako, hain zuzen.

Zure esperientziaren arabera, nolako etorkizuna izango dute giza zientziek unibertsitateko irakaskuntza-bilbean eta gizartean?

Zentzudunak bagara, giza zientziak erruz hedatuko dira eta balio handiagoa emango diegu. Gizarte osasuntsu eta zentzudunetan, giza zientziak gehiago hartu beharko lirateke kontuan.

Baina egungo ministroak lizentziaturari egindako kritikak salatzea politikoki zuzena den ez dakizula aitortu didazu...

Titulu jakin baten kontra zegoela argitu behar dut, eta ez Humanitateen kontra. Tituluen gaia tarta-banaketarekin parekatuko nuke. Bolognak bere ikuspegia eman du: titulu asko daude eta bideragarriak besterik ez dira eskaini behar. Betiko karreren (historiaren, artearen historiaren...) profilak aski ezagunak ziren, baina giza zientzien karrera berriarenak ez zeuden hain argi, eta ez zegozkion esparruak bereganatu nahi zituela uste zuen zenbaitek. Beharbada horregatik hartu zuen Gabilondok kontrako jarrera.

Beraz, filosofo-eskaririk ez badago, filosofiako karrera eskaintzeari utzi behar zaio...?

Bai, bai... Horrelako zerbait. Gizarteak eskatzen ez dituen tituluak ez dira eman behar, ez omen direlako errentagarriak. Gure gizartea oso pragmatikoa da, eta karrerak ordaintzen dituzten gurasoek ere pragmatismo hori zeharo barneratuta dute. Semeak edo alabak lan ona eta arrakastatsua lortzeko moduko zerbait ikastea nahi dute. Mentalitate hori da nagusi.

Baina agintari publikoek ikuspegi irekiagoa izan eta beste aukera batzuk eskaini beharko lituzkete, errentagarritasunari begiratu gabe...

Gizartean hamaika gorabehera sortzen da. Adibidez, ekonomialari, ingeniari... asko langabezian daude. Zer ari da gertatzen horren ondorioz? Benetako bokazioa duten ikasle asko ari zaizkigu etortzen, zenbat langabetu dauden ikusita, gogoko ikasketak egitea erabaki dutelako. Azken batean, gizartea zentzuduna da.

Lanbidez arkeologoa zarela esan didazu, eta indusketa-kanpainak zuzendu dituzu Nafarroan... Zeinetaz duzu oroitzapenik onena?

Ziur aski, azken kanpainaz. Laurogeita hamarreko hamarkadan egin genuen, Azibitako dolmenean. Indusketa-lanetan pare bat disgustu izan nituen, bisita klandestino bat izan genuen eta ohatzea apurtu zuten. Lau urteko lana izan zen, oso polita, ikasle eta guzti. Talde handietan elkarlanean aritzea proiektuak zuzentzea baino askoz ere gehiago gustatzen zait. On José Miguelekin edo Ignacio Barandiaranekin lan egitea aberasgarriagoa izan da. Indusketak zuzentzea oso lan serioa da, zuzendariak kudeaketa eta lan burokratiko handia egin behar du, pertsonalki gutxien erakartzen nauen lana da.

Nueva Historia de Navarra liburuan parte hartu zenuen. Nafarroako eta Sevillako Unibertsitateek kaleratu zuten. Izenburuak atentzioa ematen dit...

Ados nago. Niri ere ez zait izenburua gustatzen. “Berritasunak” edo antzeko hitzen bat egokiagoa irudituko litzaidake. Berria hitza marketin-kontua izan zela uste dut. Lehen kapitulua, historiaurreari buruzkoa, idatzi nuen, eta aurreko publikaziotik sortutako alderdi berriak azaldu nituen.

Egiaztapenen bideari jarraituz, antropologiak, etnologiak eta arkeologiak, sarritan, elkartzeko edo banatzeko balio dutela iruditzen zait. Nork idazten duen izaten da gakoa.

Denok egiaren bila bagabiltza, diziplina anitzek elkarguneak izan beharko lukete, bateratu beharko lukete. Baina historia historialariek, antropologoek... egiten dute, eta bakoitza bere suposamenduetan (eta, askotan, bere planteamendu ideologikoetan) oinarritzen da. Ondorioz, gauza beraren inguruan elkartu beharrean, banatu egiten gara. Ez da arraroa bestearen lana mesprezatzea, hasieratik, gure suposamendu berberak erabili ez dituelako. Gure benetako helburua zientzia baldin bada, bat eginik egon beharko genuke.

Zenbat eta maila handiagokoa izan zientzialaria, errazagoa da oreka eta asepsia lortzea?

Ez dut uste. Oso maila handikoa eta zintzoa izanda, seguruenik bai. Baina, normalean, maila akademikoa eta asepsia ez daude elkarri loturik.

Zure iritziz, beraz, bikainena ez da orekatuena.

Ez du zertan hala izan. Errealitatea poliedrikoa da, eta aurpegi guztiak ikusteko eta kontuan hartzeko gai bagina, oreka handiagoa lortuko genuke. Baina sarritan aurpegi bakar bati erreparatzen diogu, eta bidea helburu bihurtzen dugu. Oreka ez da lorpen erraza.

Noski, ez baitira zientzia zehatzak...

Giza ekintzak ez dira zehatzak, ez da beti modu berdinean erantzuten duen laborategian sortutako izate bat. Gure bizitza geuk bideratzen dugu, eta gizakiok aberatsak eta konplexuak gara oso. Gizakion artean, ezin dugu sailkapen zurrunik egin. Antropologia esperimentala baino askoz ere urrunago iristen da hori guztia. Biologia da, kultura da, egoera da, sentimenduak dira... baina zientzia humanistikoek ere beren arauak dituzte, beren metodoa.

Euskararen Nafar Kontseiluko kidea ere izan zara. Gizakiok ez ditugu gauzak errazten, ezta?

Hobe esanda, izan naiz. Orain Luis Echarri da. Nafarroako Unibertsitatearen kide ordezkariak garela Azaldu nahi dut. Eta bai, egia da ez ditugula gauzak errazten. Aholkularitza-batzordeak dira. Eta penagarria da hizkuntzaren arloan, hain baliotsua izanik, defendatzeko, babesteko eta zaintzeko asmoetan denak bat ez etortzea.

Prehistorialaria zarenez, hor duzu historiaurreko elementu bat...

Halaxe da, bai. On José Miguelek ere esaten zigun hori.

Euskara eta Euskal Kulturako Katedrako arduraduna zaren aldetik, euskarak eta euskal kulturak Nafarroan duten egoerari zer deritzozun jakin nahi nuke.

Atzera begiratuz, Iruñera etorri eta Unibertsitatean ikasten hasi nintzen garaian, Bajada de Javier kaleko farmazia bateko jabeak besterik ez nituen entzuten euskaraz hitz egiten. Ordutik hona, egoera izugarri hobetu da. Gai garrantzitsuak argitaratu dira, ikerketa-ildoak abiarazi... Bertako jendea saiatzen bada, euskal kulturak aurrera egingo duela uste dut. Kanpoko inor ez da etorriko salbatzera. Nafarroa kontinente txikia da, oso konplexua, zeharo anitza osaera historikoari dagokionez. Oinarri kultural eta euskal oinordea zaindu beharreko osagai garrantzitsua da, geuk zaindu behar duguna. María Amor Beguiristain Gúrpide Azken hamarkadan argitaratutako historiaurre eta arkeologia arloko lanak: . (2009) “Le mégalithisme en Navarre. Etat des connaissances”, in Bulletin du Musée Basque, 173. zk. / 31-54, Baiona. . (2008) La industria lítica del dolmen de Aizibita (Cirauqui, Navarra) en el contexto de dólmenes del País Vasco peninsular. AIZIBITAKO DOLMENAREN INDUSTRIA LITIKOA (ZIRAUKI, NAFARROA) EUSKAL HERRI PENINTSULAREN EREMUAN, (elektronika) Gernika 1. zk./. (G:\Gernika1\www.gernika.ru.htm)/2008 . (2007-2008) “Un singular acondicionamiento del espacio en el dolmen de Aicibita (Cirauqui, Navarra)”, Veleia 24-25 <" ><<" ><Homenaje a Ignacio Barandiaran Maestu>> II, 703-721. or. . (2007) “Memoria de excavación e inventario de materiales del dolmen de Aizibita (Cirauqui, Navarra)”, in Cuadernos de Arqueología de la Universidad de Navarra 15, 43-142 or. . (2007) “La Herencia de la Prehistoria en Navarra. Memoria y olvidos”, in Navarra: Memoria e Imagen. “Actas del VI Congreso de Historia de Navarra” (Iruñea, 2006ko iraila), M. Galán, Mª del M. Larraza eta L.E. Oslé (edit.), 19-49 or., Iruñea. . (2004) “Restos esqueléticos en yacimientos prehistóricos de Navarra”, in Cuadernos de Arqueología de la Universidad de Navarra 12, 79-145 or. . (2000) “Megalitismo navarro. Bibliografía para una revisión historiográfica de su interpretación”, CAUNA 8, 27-44 or., Iruñea. Kultur Antropologiaren arloan: <" ><<" ><Atlas Etnográfico de Vasconia/Euskalerriko Atlas Etnografikoa/Atlas Etnographique du Pays Basque>> lanaren landa-ikerkuntza eta argitalpena gauzatzea helburu duen Etniker Proiektuko Nafarroako arduraduna da. Aipatutako proiektua, J.M. Barandiaranek diseinatua, Ander Manterolak zuzentzen eta Gurutzi Arreguik koordinatzen du (Labairuko institututik, Deriotik). Sei liburuki kaleratu dituzte (La alimentación Doméstica, 1990an argitaratua eta 1999an berrargitaratua; Juegos Infantiles, 1993; Ritos Funerarios, 1995; Ritos del Nacimiento al Matrimonio, 1998; Ganadería y Pastoreo, 2000; eta Medicina Popular en Vasconia, 2004). 1996an, honako etnografia-lan hau zuzendu zuen: Etnografía navarra, 2 liburuki, Diario de Navarrak argitaratua Iruñean. Aipatutako arloko azken argitalpenen artean, aipatzekoak dira: . (2006) Cátedra de Lengua y Cultura Vasca. 40 Años/Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra. 40 Urte, Universidad de Navarra, Mª A. Beguiristain eta A. Barandiarán (edit.), 224 orrialde. . (2006) “Aportaciones al conocimiento de la Etnografía de Navarra desde la Cátedra. Programa de Investigaciones Etniker”, in Cátedra de Lengua y Cultura Vasca. 40 Años/Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra. 40 Urte, Universidad de Navarra, Mª A. Beguiristain eta A. Barandiarán (edit.), 31-66 or. . (2003-2004) “Familia, relaciones entre esposos. Reposo y aseo en Obanos (Navarra)”, in Anuario de Eusko folklore, 44 liburukia, 7-58 or. . (2000) Edizioa, oharrak eta hitzaurrea: J.M. de BARANDIARAN, Curso Monográfico de Etnología Vasca, 173 orrialde, Sara Bildumako 4. liburua, Fundación JMB edit. . (1999) “Patrimonio Etnográfico de Navarra, ponencia en la Mesa de Patrimonio del IV Congreso de Historia de Navarra” (1998ko irailaren 14tik 17ra), SEHNek antolatua. Azpititulua: Mito y realidad en la Historia de Navarra, III. liburukia, 353-375 or. Ematen dituen irakasgaiak: Aurrehistoria I (2005-2009) Espainiako aurrehistoria (2005-2009) Euskal etnologia (2008 eta 2009) Historia Unibertsala I (2007 eta 2009) Euskal Ikasketen Mintegia (2009-10)
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Judas Arrieta. Artista: Helburua aberastea izango balitz, ez nintzateke artista izango

 

Irakurri

Itziar Ruiz de Erentxun. Bibat Museoko teknikari arduraduna: Heraclio Fournierrek mapan kokatu du Araba

 

Irakurri

Arantzazu Amezaga. Idazlea: Etengabeko eztabaidan bizi da euskal gizartea

 

Irakurri

Jose Ignazio Ansorena. Musikaria: Ez naiz inoiz txistulari izateaz damutu

 

Irakurri

Lucía Lacarra. Ballet-dantzaria: Lanbide honetan, ez da kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik

 

Irakurri