Konta iezadazu zer egiten duen Ingalaterrako antropologo batek Euskal Herrian.
Ingalaterran jaio nintzen, Londresetik ekialdera dagoen herri txiki batean. Batxilergoa Ingalaterrako Iparraldean egin nuen eta Filologia Hispanikoa eta Frantsesa Bristolen ikasi nituen. Ondoren, bekadun Liverpoolera joan nintzen doktoregoa egitera eta bertan Institute of Latin American Studies-en gizarte antropologian sartu nintzen. Momentu horretan Latinoamerikan murgilduta nengoen, landa-lana Perun egin nuen “pueblos jóvenes” deritzon herrietako aldaketa sozio kulturalak eta ekonomikoak aztertzen. Herritik atera eta Arekipan bizitza egiten ari ziren Kichua eta Aymara indigenekin, hain zuzen ere. Identitatea, hizkuntza eta horrelako gaiak interesatzen zitzaizkidan eta bertan aukera paregabea izan nuen errealitate hura ezagutzeko eta ikertzeko. Perun edo Latinoamerikan zehar jarraitzeko asmoa nuen, baina tesia idaztera Liverpoolera bueltatu eta bertan gaurko bikotea ezagutu nuen, euskalduna dena. Dagoeneko 20 urte daramazkit hemen bizitzen.
Orduan izan zenuen Euskal Herriarekin lehenengo kontaktua?
Bai... Nahiz eta Filologia hispanikoa ikasi, Euskal Herria ez ziguten inoiz aipatu ere egin, Katalunia bai, ordea. Liverpoolen euskara landu zuen Larry Trask soziologo britainiarra ezagutu nuen, baina niretzako oso urruti gelditzen zen gaia oraindik.
Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea zera, baina zeintzuk izan ziren zure lehendabiziko pausoak behin Euskal Herrian zinela?
Teresa del Vallerekin harremanetan jarri nintzen eta bere bitartez Seminario de la Mujer mintegian sartu eta bertan beste antropologo eta feministak ezagutu nituen. Gero, USAC-en (University Studies Abroad Consortium) “Basque and Iberian Culture” gaia ematen hasi nintzen, non batez ere Euskal Herriko gaiak lantzen ziren. Orduko zuzendari Felix Menchacatorrek, oso pertsona atsegina, klasea ematea proposatu zidanean Euskal kulturari buruz ezer ez nekiela esan nion, baina kulturari buruz asko, ordea. 20 urte daramazkit kurtso hori ematen eta urte hauetan pilo bat ikasi eta irakasteko aukera izan dut.
Margaret Bullen Gizarte antropologiako irakaslea UPV-EHUn, Farapi kontsultorako kidea, “Basque and Iberian Culture” ikasgaiaren irakaslea USAC-en, feminista eta hainbat ikerketen autorea.
Gogoratzen al duzu lehen aldiz etorri zinenean zerk deitu zuen zure atentzioa euskal kulturari dagokionez? Begi antropologoekin begiratuta...
Zaila da orain gogoratzea, baina beharbada hizkuntza izan zen gauzarik deigarriena. Filologia hispanikoa eta frantsesa ikasi, doktoregoa egin eta bat-batean hizkuntza berri bat ezagutzea harrigarria izan zen niretzat. Ezin nuen leku batean bizi hizkuntza ulertu eta hitz egin gabe, eta horretan jarri nintzen, baina ezin duzu egun batetik bestera ikasi. Bestalde, oso deigarria iruditu zitzaizkidan kulturako hainbat arlo, jaiak, ohiturak, janariak... Horretaz gain, familiaren garrantzia eta gizarte sareak. Ingalaterran indibidualismoa nagusitzen da eta horrek baditu alde onak, askatasuna nahi duzuna egiteko, espresiboa eta sortzailea izan zaitezke eta ez dizu inork kalean begiratuko; baina bestalde, asko mugitzen gara eta bakarrik gelditzeko arriskua ere badugu. Nire familia, adibidez, oso sakabanatuta dago eta gaztetan ondo iruditu arren, orain pena ematen dit... Ingalaterran ezin dituzu zure seme-alabak parkean bakarrik utzi eta hemen bai, jakinda parkean dauden beste gurasoak zure seme-alaben gain ere egongo direla. Horrelako gauzak garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Ordutegian ere aldea nabaritu nuen, baina denetara moldatzen zera eta erritmo hau ere gustukoa dut.
Familia aipatu duzula, emakumeak familian duen papera eta matriarkatua aztertu dituzu, ezta?
Horri buruz asko ikasi dut eta nire lanean barneratu ere, baina berez ez dut ikerketarik egin. Teresa del Vallek idatzitako “Mujer vasca, imagen y realidad” liburuan matriarkatuari kritika egiten dio eta ildo horri heldu diot nire lanean. Bestalde, Jone Miren Hernandez emakumeak eta bertsolaritza ikertzen ari da eta “Emakumeak kultura eta hizkuntza transmisoreak” artikulua argitaratuko dugu elkarrekin.
Nahiz eta feminismotik kritika egin, matriarkatuaren ideiak bizirik eta indartsu jarraitzen du gizartearen irudikapenean: euskal emakumeak indartsuak dira, baserriko jabeak ziren eta egun etxeko jabeak dira. Baina errealitatea ikertzean, ez dugu indar hori etxetik kanpo ikusten, hau da, alor publikoan. Jone Miren Hernandezek Pizkunde garaiko emakume hizlariak aztertzean kontraesana dagoela ikusi du: Eusko Alderdi Jeltzaleak euskal emakume indartsua eta euskal kulturaren defendatzailearen irudia eman nahi izan zion emakumeari, Europatik zetozen beste emakume ereduen kontra egiteko (emakume modernoarena, librearena). Baina modu horretan, euskal emakumearen eredua irudikatzearekin eta indartzearekin batera, eredu hori puskatzen ari ziren jende aurrean hitz eginaraztean, eszenatoki publikoetan ateraraztean. Alor honetan badago nahiko lan egiteko emakume indartsuaren ideia nola zabaldu den ikusteko; zer nolako errebindikazioak izan diren horren inguruan ikusteko; eta nahiz eta irudi horrek bizirik iraun nola beste emakumeengandik zalantzan jarri egin den.
Euskal Pizkunde garaiko emakume horiek izan ziren areto publikora atera ziren lehendabizikoak. Beharbada “bultzatuta” irten ziren, eta ez modu naturalean...
Bai, baina nahiz eta partiduaren nahia bete, haratago joan ziren emakumearen eredua aldatzean. Irudikapen hori inportantea da gure bizitzan errealitatea deskribatzeko estereotipoak erabiltzen ditugulako, baina ez du esan nahi hori errealitatea denik. Hitzak, diskurtsoak eta estereotipoak baino urrutiago begiratu behar da, zer eta nola egiten dugun begiratu behar dugu. Simone de Beauvoiren hitzetan “emakume bihurtzen ari gara”.
Eta gaur egungo emakumearen paper publikoa nolakoa da?
Nik uste dut aldatzen ari dela eta horretaz ohartzeko bertsolaritzaren adibidea polita da. Azken boladan emakume gehiago dago alor horretan eta bertsolaritza aldatzen ari dira, euskal kulturaren transmisioa, baita emakumearen papera bera. Puntu honetan bi gauza izan behar ditugu presente. Alde batetik, emakumeak kultura eta hizkuntzaren transmisore zirela esatearen arrazoia, emakumea bisible egitea zela, emakumearen paperari balio ematea, etxe barneko lana kontuan hartzen ez zelako. Eta bestetik, tranpa txiki bat dagoela horrekin: errekonozitu egin behar dugu euskararekiko etxe barnean egindako lana, baina pentsatuz hori ez dela izan euren lan bakarra. Txepetx hizkuntzalariak eta beste batzuek, emakumeak kritikatu egin zituzten paper hori uzteagatik. Beraz, errekonozimendua bai, baina emakumearen papera horretara mugatu gabe.
Eta zer gertatzen da gizonarekin? Emakumearen papera aldatu ahala, gizonarena ere aldatzen ari al da?
Nire ustez garrantzitsua da gizonak zer egiten ari diren ikustea. Orain arte genero ikerketetan emakumeak begiratu behar izan ditugu ikusezinak zirelako, baina orain gizonak zer egiten ari diren ere begiratu beharko dugu. Izan ere, bai kulturgintzan, bai etxeko eremuan, gizonen papera ere aldatzen ari da. Adibidez, niri “ama-hizkuntza” terminoa ez zait batere gustatzen. Izan ere, neska-mutilek aitarengandik eta amarengandik ikasten dute hizkuntza. Nire etxean, ama eta aita hizkuntzak ezberdinak dira... ama-hizkuntza esatean gizonen papera alde batera uzten dugu. Gizon batzuek euren hizkuntza umeekiko duen garrantziaz ez dira jabetzen. Hemen aldaketa dago eta gure begirada horretan ipini behar dugu.
Hondarribi eta Irungo alarde mistoek berdintasunerako Emakunde saria jaso dute aurten.
Argazkia: CC BY - Irekia
Aurtengo Emakunde saria Irun eta Hondarribiko alarde mistoek jaso dute. 2004. urtean “Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia” lana argitaratu zenuen. Urteak pasa dira, ba al dakizu nola den gaur egungo egoera? Jarraitu al duzu gaia gertutik?
Gatazkak 16 urte daramatza eta ni hasieratik ari naiz ikertzen. Gaur egun ere bakarka zein beste antropologoekin, Carmen Diezekin adibidez, jarraitzen dut ikertzen eta artikuluak idazten. Gaia hain da konplexua, non denbora behar da hori dena azaltzeko ikuspegi berriak ateratzen ari baitira. Orain, gazteen ikuspegitik ari gara gaia lantzen. Unean, fakultateko bost antropologo feministek “Continuidades, conflictos y rupturas” ikerketa lanarekin gabiltza eta Euskal Herriko gazteek hainbat arlotan zer nolako genero harremanak dituzten zehazten ari gara: jaietan, kiroletan, aisialdian, lagun arteko harremanetan, maitasunean, sexu harremanetan... Irun eta Hondarribiko Alardeen gatazka ikuspegi zabal honetan kokatu nahi dut. Modu honetan ikusi ahal izango dugu gaur egungo gazteek, nahiz eta berdintasun lege batekin bizi, eta eguneroko bizitza itxuraz berdintasunean egin, zergatik jarraitzen duten askok emakumearen parte-hartzearen kontra.
Lortu al duzu erantzunik? zein izan daiteke horren arrazoia?
Ikerketa bukatu gabe dago, baina zentzu orokorrean, azaldu diezazuket zer uste dudan. Alde batetik, Emakunde Saria oso garrantzitsua da instituzioen errekonozimendua beharrezkoa zelako. Baina bestetik, Auzitegi Gorenaren sententziak alarde tradizionala diskriminatzailea ez dela dio, eta betiko alardearen taldea horrekin konbentzituta dago. Hala ere, nahiz eta barrutik ez ikusi, Irun eta Hondarribitik kanpo argi ikusten da diskriminatzailea badela.
Eta orduan?
Laburbilduz, gizartea genero sistema asimetriko batetan egituratuta dago eta emakume eta gizonen arteko bizitza sistema horren menpe. Hau da, gure arteko harremana hainbat gizarte erakundez baldintzatuta dago: formalak (gobernuak, instituzioak...) zein informalak (familia, lagunak, koadrila, hedabidea...). Denak, gizonak eta emakumeak nolakoak izan behar garen zehazten ari dira: nola jantzi, nola portatu, zein rolak hartu... bai eguneroko planoan, baita plano sinbolikoan ere (non ideiak, balioak, ideologiak... sartzen diren).
Eguneroko planoan aldaketa bat egin nahi badugu, sinbolikoan ere egin beharko dugu eta batzuetan, egunerokoan bai baina sinbolikoan ez da aldaketarik gertatzen. Hauxe da alardeen kasua, eremu sakratuan kokatuta baitaude, burbuila baten barruan. Puntu honetan Tradizioekin egiten dugu topo, nola sortzen diren, historiari ematen diogun balioa, eta honekin emozioak. Txikitatik hazten gara tradizio horietan, familiarekin eta arbasoekin lotuta daude... eta horrela burbuila sortzen da; ez bakarrik indibiduala, baizik eta harik eta indar handiagoa duen burbuila kolektiboa ere.
Irun eta Hondarribian Alardea oso gauza garrantzitsua da eta gero eta zailagoa da hori aldatzea Alardea espazio sinbolikoaren erdi-erdian kokatuta baitago, eta horretaz gain, genero sistema baten erdian ere. Piezak mugitzen ditugu, baina makinariak berak erresistentzia egiten du. Demagun ondo dabilen erloju baten makineria dugula,engranajeekin. Giltza ingelesa handi bat sartuz gero, makina txiki bat geldiarazi ahal izango dugu, baina sistema oso konplexua izanda, efektu txikia izango du eta beste guztiak berdin-berdin jarraituko du, moldatuko da. Zer gertatzen da hemen, alde batetik saria eman zaiola baino bestetik sententzia ere badagoela.
Beraz, gizartea mezu kontrajarria jasotzen ari da...
Pentsatu behar dugu familia oso lotuta dagoela tradizioarekin eta esan dudanez, euskal gizartean familia oso garrantzitsua da. Alde batetik esaten dut euskal kultura babestu behar dela eta bestetik ari naiz esaten, beharbada, familiari aurre egin behar diozula hau merezi duela sinesten baduzu. Honek ez du esan nahi euskal kulturaren kontra nagoenik, baizik eta ulertzen dudala tradizioak bizirik daudela eta historian zehar gizartearekin batera moldatzen direla. Ez da ezer galdu behar emakumeak sartzen uzteagatik. Berdintasun osoa lortzeko behar-beharrezkoa da emakumeek eta gizonek elkarrekin gauzak egitea. Ez gara esaten ari euskal kultura berez gaizki dagoenik, baizik eta aldatu behar dela gizartearen beste eremuak bezalaxe.
2007an beste alarde baten ikerketa egin zenuen, Antzuolakoa. Kasu desberdina izan zen udalak berak eskatutako lana izan baitzen. “Pasado, presente y futuro del Alarde de Antzuola”, Xabier Kerexetarekin batera.
Kasu honetan, herrian bertan tradizio bat aldatzeko borondatea ikusi genuen eta oso esperientzia baikorra izan zen. Xabier Kerexetak ikerketa historikoa egin zuen, nik soziokulturala eta herriarekin batera etorkizunari aurre egin genion.
Alde batetik, gazteek ez zuten parte hartu nahi, Mairuren figurari arrazismoa leporatu zioten eta alardearen kutsu militarra ere kezkagarria zen. Lehen soldaduska egiten ari ziren gizonek herriko festetara etorri eta alardean parte hartzeko baimen berezia izaten zuten, baina soldaduska desagertuta, herriko gazteek ez zuten bere burua horrelako alarde baten parte ikusten. Baina bestalde, bazegoen festa ezagutzeko eta babesteko nahia.
Ikerlana herriko jendearekin egin zen, ikerketako emaitzak aztertuta eta azken txostena eskuetan zutela herriak berak batzordeka bilduta zer egin erabaki zuen. Ulertu zuten tradizioa ez dela zertan dagoen bezala jarraitu behar, historia bera asmatuta dela, ez dela jarraitu beharreko biblia, historia sortu egiten dela, idazten dela, eta ez dagoela egiarik baizik eta horren interpretazioa.
Antzuolako Alardean agertzen den Mairua Abderraman III.ena dela esaten zen, antzuolatar batzuk Nafarrora bere kontra borrokatzera joan eta herrira ekarri omen zuten. Xabierren ikerketaren ondorioz hori ezinezkoa zela ikusi zen, asmatua zela. Hau jakinda, jendeak aldaketa egiteko libre sentitu zen, historiako beste garaietan ere istorioa aldatua izan delako.
“Badaude apurtu beharreko ohiturak, genero indarkeriarena, adibidez, baina beste ohitura batzuk moldatu behar dira”.
Esan genezake, orduan, ohiturak apurtu beharrean moldatu egin behar direla?
Badaude apurtu beharreko ohiturak, genero indarkeriarena, adibidez, baina beste ohitura batzuk moldatu behar dira. Irun eta Hondarribiko alarde tradizionalekoek sentitu dute emakumeen parte-hartzearen alde daudenak festa apurtu nahi izan dutela, feministek alardea ez dugula maitatzen pentsatu dute eta hori ez da horrela. Badago herriko emakume asko bere jaietan berdintasunean parte hartu nahi duena. Kasu honetan planteamendua ez da apurtzea izan, baina horrela ulertua izan da.
Farapiko kidea sortzailea ere bazara, ezta?
Farapi antropologia aplikatuaren kontsultora bat da, sei antropologoen artean eta Bic Gipuzkoa Berrilan laguntzarekin 2002. urtean sortutakoa. Kontsultora sortzearen arrazoia, antropologia kulturala gizartearentzat jakintza baliogarria eragiten zuela sinestea izan zen, eta fruitu horiek ezin ziren kaxoi batean edo bulegotako apaletan gelditu, baizik eta euren erabilgarritasuna eta perspektiba etnografikoa lan munduan barneratzeko modua bilatu behar zen. Nahiz eta genero gaietan espezializatua egon, Farapik arlo sozialean zein diseinu berritzaile edo garapen teknologiko arloetan ere egiten ditu proiektuak.
Unean zein ikerketatan zabiltza murgilduta?
Iaz, Farapirekin batera, genero indarkeriari buruzko proiektu bat egin nuen eta horrekin eta eskuartean dugun gazteen proiektuaren harira Uda Ikastaro bat antolatzen ari gara: “Genero sistemetan sustraituta dagoen genero indarkeria”. Ulertu nahi dut eta ulertarazi nahi dut genero indarkeria genero sistemetan sustraituta dagoela. Alardearekin planteatzen zaigun galderaren antzera, hemen ere galdera da zergatik jarraitzen duen indarkeria horrek, beste hainbat arlotan berdintasuna lortu badugu.
Mari Luz Esteban lankideak amodioa eta amodio erromantikoaren eredua aztertzean ikusi du gazteengan, eta orokorrean, familia tradizionalaren ereduak genero indarkeriarekin zer ikusia duela. Bizitzen ditugun amodio istorioak paper jakin batzuk onartzera eramaten gaituzte, non gizonek baduten emakumeak baino indar fisiko eta psikologiko handiagoa. Emakumeek dependentzia hori onartzen dute maitasuna dela ulertzen dutelako. Mugikorrekin bestea kontrolatzekoa aukera handia dago eta gazteek hori maitasunaren seinaletzat hartzen dute eta ez kontrolaren seinale. Batzuek, rol hori familiaren eredu zaharrean ulertzen dute: neska babestu, mantendu... eta emakumeak ere bere rol propioa dauka. Adibide honetan ikusten da balioen mundutik barneratzen ditugun ideiak gure eguneroko bizitzan gertatzen direla.
Hau ez da kasu guztietan gertatzen, beste faktore batzuk ere jokoan daude eta azterketa zabala egin beharra dago. Askotan uste dugu genero indarkeria edo indarkeria bera arazo psikologiko baten ondorioa dela, baina icebergaren tontorra besterik ez da. Emakume bat hiltzen dutenean icebergean ikusten ez den beste zati horretan pentsatu behar dugu. Eta lehen aipatu dugunaren harira, zer gertatzen da gizonekin? Zer gizon eredu ari gera sortzen gure gizartean? Nolakoak izatea nahi dugu? Oraindik esaten zaizkie ume txikiei gizonek ez dutela negarrik egiten eta horrelako esaldiak. Gero, nagusitan negar egiten ez jakitea leporatzen diegu, baina zeintzuk dira euren sozializazio ereduak? Honekin ez dut errurik edo larritasunik kendu nahi, baizik eta emakumeen eta gizonen ikuspegitik gaia ulertzea. Margaret Bullen (Ingalaterra, 1964) 1991. urtetik Euskadin bizi den antropólogo britainiarra. Filologia Hispanikoa eta Frantsesean lizentziatua (Bristol Unibertsitatean) eta Gizarte Antropologian doktorea (Liverpooleko Unibertsitatea). Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia (UPV-EHU) liburuaren egilea da José Antonio Egidorekin batera. 2004. urtean aurkeztu zen eta ordudandik gaiaren inguruan artikuluak idazten jarraitu du, azkenekoa Carmen Díezekin batera “Matriarchy versus equality. From Mari to Feminist Demands”, in M.L. Esteban & M. Amurrio (eds) Feminist Challenges un the Social Sciences: Gender Studies in the Basque Country, Reno, Center for Basque Studies, 2010:113–(126). 2007. urtean Xabier Kerexeta historialariarekin batera Pasado, presente y futuro del Alarde de Antzuola ikerketa sozio kulturala burutu zuen, Antzuolako Udaletxeak eskatuta. Farapi, antropologia aplikatuaren kontsultarako kide fundatzailea da eta antropologiaren profesionalizazioaren inguruko topaketetan parte hartu du, besteak beste. Euskal diasporarekin erlazionatuta dago USAC-en (University Studies Abroad Consortium) ematen duen klaseari esker. Basque Gender Studies (2003) eskuliburuaren autorea da, baita Orhipean: gure herria ezagutzen (Xamar, Pamiela 2006) ingelesezko bertsioaren itzultzailea. Ankulegiko, euskal antropologia elkarteko, bazkidea da, urtero egiten diren jardunaldiak antolatzen laguntzen du eta bere lan batzuk aldizkarian argitaratuak izan dira. Azkena “Turismo gastronómico y representación de la cultura vasca: sidra y chocolate” Miren Urquijorekin (nº 13, 2009) eta beste batzuk “De invasores a invadidos: la intervención social en los barrios marginales de Perú” (nº 4, 2000); “Modos de vida de la mujeres inmigradas en Araba y Guipúzcoa”, Begoña Pecharromanekin (nº 8, 2004).