Maria Jesus Aranburu. Gipuzkoako Kultur eta Euskara Foru Diputatua: 2.0 arlo honetan harro esan genezake administrazioa gizartearen aurretik joan dela

2011-04-01

EUSKONEWS

Aspalditik ari gara web 2.0 terminoa entzuten, baina egia da azken urteotan geroz eta gehiago erabiltzen ari dela Interneten. Gipuzkoako Kultur eta Euskara Departamenduak ere horri heldu, eta azken legealdiko kudeaketa Planaren zati garrantzitsua eskaini dio: Gipuzkoa 2.0.

Gipuzkoa 2.0 ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2007-2011ko kudeaketa Planaren zati garrantzitsua hartu du. Zertan datza Gipuzkoa 2.0?

Gipuzkoa 2.0 gure kudeaketa planaren atal garrantzitsua izan da eta nik esango nuke kultura eta Euskara Departamentuarentzako erronka oso inportantea. Legealdiaren hasieran gure ibilbidea nondik nora jo behar zuen oso garbi ikusi genuen eta hori gauzatu ahal izateko 3 esparru nagusi ipini genituen: IKT-ren bidezko sozializazio sistematikoa gauzatzea; Gipuzkoaren ondarea mantentzea eta zabaltzea; eta Kultura industriak sustatzea. Gauzatzeko lau lan ildo nagusi ipini genituen.

Hara nola edukiak; erabiltzaileak edukiekiko izango duen eskuragarritasuna bermatzea da helburuetako bat eta horretarako, noski, edukiak prestatu behar dira. Baina gizartean eztabaida sortu duen beste atal bat autore eskubideena izan da. Gure nahia edukiak eskura ipintzea izan da, beti ere legeak eskatzen dituen atal guztiak ondo betetzen.

Bestetik zerbitzuen baliabidea: Talde, erakunde edo administrazioek kudeatzen dituzten eduki horiek bermatu egin behar dira eta horretarako sorkuntza bultzatu behar dugu, baina baita ere ahots tresnak, OCR tresnak, kode irekia... beraz badaude ikusten ez diren baina gauzatu behar ditugun azpiegiturak. Horiek aurrera eramateko baliabide ekonomikoak behar ditugu eta baliabide ekonomiko horiek gauzatu ahal izateko guk deialdi batzuk ditugu. Deialdi horietara enpresak, elkarteak, erakundeak... aurkeztu ditzakete beraien proiektuak eta horiek diru-laguntzen bitartez gauzatzen dira, beti ere proiektuaren eraginkortasuna oso kontutan izanik.

Eta bukatzeko, 2.0-taz hitz egiten ari garenean denoi etortzen zaigu burura sarea (Internet, twitter...) eta honek dituen ezaugarri komunak; informazioaren trukaketan azkartasuna eta elkarlana. Ezinezkoa litzateke sare bat antolatzea elkarren arteko lana egiten ez bada. Beraz industria kulturala, kultur eraileak, sortzaileak, blogariak... sarea osatu, elkar informatu eta informazioa pasatzeaz gain informazio hori partekatzea da guretzako beste erronka bat.

Lortu al dira esperotako emaitzak?

Hemen ez dira ekintzak eta programak helburu. Hemen helburua da prozesu bati ekitea eta ahalik eta jende gehienarekin, bai etxe barruko teknikariekin eta bai kanpoko eragileekin, prozesu hori martxan ipintzea. Batez ere, publikoarengan izan nahi dugu eragina eta informazioa jasotzen den neurrian, berregin eta beste batzuen eskura ipini. Badaude programa zehatzak, baina prozesua bera garrantzitsuagoa da zenbat programa eraman ditugun aurrera zenbatzea baino.

Egoera askotan administrazioa gizartearen atzetik ibiltzen da eta kasu honetan harrotasunik gabe baino harro esan genezake, 2.0 arlo honetan, aurretik joan garela. Prozesua bultzatu nahi dugu ohitura aldaketa bat sortu nahian.

Beharbada GureGipuzkoa webgunea Gipuzkoa 2.0 ekimenaren fruiturik ezagunena da. Zein beste emaitza azpimarratuko zenuke?

Egia da martxan ipini genuen lehendabizikoa GureGipuzkoa izan zela eta beraz, ibilbide luzeagoa dauka. Jende askok hartu du parte argazkigintza atsegina delako eta are gehiago gaur egun ditugun telefono eta gainontzeko tramankuluekin. Baina 2.0 ekimenak bere baitan programa edo proiektu ugari ditu.

Berehala adieraziko dugun GipuzkoSfera, aurretik proba bezala ateratako GureZarautz-en (http://www.gurezarautz.net) oinarrituta dago. GipuzkoSferak tokian tokiko informazioa eman nahi du. Adibidez, Antiguako Eliza bisitatzera joango bagina, gure telefonoaren bitartez han bertan informazioa lortzeko modua izango genuke. Indar handiz bultzatu duguna adibidez, Euskararen Zerbitzu Plataforma izan da. Atal desberdinak ditu eta lorpen nagusiena edo guk egindako ahalegin nagusiena euskararen erabilera sustatzeko egon daitezkeen zenbait programetan edo informazioaren itzulpena gauzatzean egon da. Hor teknologiaren hainbat atal aipatu ditzaket besteak beste OCR-ak, Wordspotting-ak, TTS-ak, RSS-ak... hiztegi oso berezia da baina azkenean hiztegi horren ezagutza ez daukagu zertan izan beharrik erabiltzaileok. Hori azpian dagoen azpiegitura da. Kasu honetan, beraz, gure lana azpiegitura hori garatzea izan da gero erabiltzaileak, nahiz eta hor azpian zer dagoen ez jakin, erraz erabili ahal izateko.

Berehala aurkeztuko dugun beste bati GipuzkoaMatik deitu diogu eta Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko Departamenduarekin garatutako b5mp maparen bisore arinean gauzatzen da. Beste bat aipatzearren, Liburutegia 2.0 litzateke. Koldo Mitxelena liburutegiak beti adierazi izan du aurrerapauso bat emateko nahia. Bere garaian modeloa berritu zuen eta gaur egunean ere digitalizazioaren munduan aurrerapauso inportanteak eman ditu.

Beste bat, baita ere Euskararen Zerbitzu Plataformaren tankera definitu daitekeen zerbitzua Meta izenarekin batailatu dugu. Kultura eta Euskara Departamentuaren funtsa digitalak bere errepositorian egonik, eta beste erakunde batzuek ere bere errepositoriak izanik, elkarren arteko trukaketa izateko moduak erraztean datza. Beraz hemen ez litzateke jabego bakarra egongo baizik eta jabe desberdinen artean hartutako konpromisoa elkarren artean informazioa eskuratzeko. Baina hori gauzatu dadin azpiegitura hori behar da eta azpiegitura horren gauzatzea izan da.

Beraz, 2.0 programak dituen atal desberdineb artean esango nuke batzuk oso ikusgarriak direla; GureGipuzkoa, berehalaxe izango den GipuzkoSfera, Liburutegia 2.0, egitasmo horren barruan daukagu Gipuzkoako Museoaren Plana eta bere barnean Gipuzkoa Museoak web orria, edo denbora gutxira izango dugun Museo birtualak GipuzkoaGeroztik deitu dioguna... Isilean egoten den beste atal bat baina gure ustez garrantzi izugarria duena artxiboaren mundua da. Gure protokoloen artxiboaren hustuketa egiten ari gara, Artxiboak 3000 deitu diogunari, eta berehala transkripzio guztiak eskura izango ditugu. Programak banan-banan aipatzea luze joko luke baina bi ikuspuntu horiek nik uste nabari gelditzen direla. Alde batetik jakinduria errazteko programak, eta beste batetik azpiegiturak antolatzea informazio horretara ahalik eta azkarren eta partaidetza handienarekin iritsi ahal izateko ekimenak.

Ekimen honetan “partaidetza” eta “elkarlana” gehien errepikatu diren hitzak izan dira. Alde batetik, zenen arteko elkarlana bultzatu da? eta bestetik, zer emaitza positibo ekarri ditu elkarlan honek?

Egia da “Elkarlana” behin eta berriro aipatzen dugula eta kasu honetan nik esango nuke hitzetatik ekintzetara pasatu izan garela. Adibide gutxi batzuk ipiniko dizkizut nahiz eta egin ditugun programa guzti hauetako bakoitzak baduen bere partaidetza atala edo zatia. Azken batetan euskal kulturaren inguruan mugitzen diren erakunde, talde edo kudeatzaileak izan dezatela beraien arteko lotura.

Esan dizudan bezala, GureGipuzkoa martxan ipintzerako garaian, Kutxarekin eta Aranzadirekin hitzarmenak eta elkarlanak izan ditugu eta gerora udaletxeekin eta norbanakoekin. Ahotsak.com guretzako egitasmo oso inportantea da elkarlanean eta horren bitartez ondoren oso baliagarriak izango diren zenbait pertsonen bizipenak jasoko ditugu.

Azken ekimena aipatzearren, 2.0 Elkarlana aipatuko nuke. Udazkenean jardunaldi bat egin genuen eta bertan hainbat pertsonen partaidetzarekin adierazi genuen zein garrantzi zuen guretzat eta mundu honetan mugitzen direnentzat lehen aipatu dugun elkartrukaketa eta elkarlana. Lau tailer sortu genituen eta hiru hilabetez egon dira lanean. Tailer horietan partaide aktiboak 60 bat lagun izan dira eta helburua guztiontzako baliagarriak izan zitezkeen proiektuak detektatu eta ondoren gauzatzea izan da. Proiektu horietako hiru guretzako oso esanguratsuak izan dira: Euskal Letren Plaza, Euskal Musikaren Plaza eta Basque Commons deitzera ausartu garen hori, non euskarazko eduki zein tresna teknologiak eskuragarri eskainiko dituen gure gune neutral bat izango da. Patrimonialzazioa galdu gabe guztionak diren elementuak ezagutu eta elkartrukatu.

Foru Aldundian egiten ditugun deialdi guztietan bezala, hemen ere arautegia dago eta hau kontrastatu nahi izan dugu deialdi horretara aurkezten direnen artean hobekuntza egiteko modua bilatuz. Epe batez irekita izan dugu jendearen ekarpenak jaso ahal izateko eta eztabaidatxoak sortzeko. Guztira 100 bat lagunek hartu dute parte. Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatu gera eta esan dezakegu aterako dugun diru laguntzen deialdia ez dela diputazioaren deialdia izango baizik eta 100 bat lagunen arten gauzatutako deialdia. Nik uste dut aurrerapauso interesantea izan dela eta espero dugu hurrengo deialdietarako ere horrelako prozesuak martxan ipintzea.

Nolakoak dira Gipuzkoan euskal kulturaren inguruan dabiltzan enpresa eta erakundeak?

Nik uste dut Gipuzkoan ditugun erakunde eta enpresak anitzak eta biziak direla eta kasu askotan oso aurrerakoiak. Esango nuke bai industrian, bai beste hainbat ataletan lehiakorrak garela. Jo dezagun Durangoko azokara eta ikus dezagun zenbat enpresa diren gipuzkoarrak; jo dezagun ikus-entzunezkoetara edo beste zenbait ataletara. Gipuzkoan sorkuntza, lehiakortasuna eta merkatuan kokatzeko bizkortasuna dugu.

Aurreko galderarekin lotuta, zer egin euskal kultur ekosistemak iraun dadin? Zer egin euskarazko edukien kontsumoa pizteko? Herri txikia gera eta...

Txikia izate horrek baditu bere abantailak eta bere desabantailak. Abantaila moduan esango nuke mugitzeko eta egokitzeko errazak garela. Hori horrela izanik uste dut gure biztanleagoaren arreta lortu behar dugula eta ondorioz jakin-mina sortuko da. Eta zer egin arreta hori lortzeko? Batetik produktu onak izan eta bestetik oso kontutan hartu gure gizartearen beharrak edo nahiak.

Euskaraz asko sortzen da eta sortzen den horri irtenbide bat eman behar zaio. Adibide bat ipintzearren; ikus-entzunezkoetara jotzen baldin badugu, gaur egun gaztetxoek zer ikusten dute telebistan? Ba gustatu edo ez gustatu Hannah Montana, adibidez. Guk hemen sortzaileak izanik, baliabideak izanik, zergatik ez dugu horrelako produktu arrakastatsua egiten? Guk esaten dugu behin eta berriro nahita nahi ez esparru batzuk kanpoan sortutako informazioarekin etorriko zaizkigula, baino esparru horiek ere bete behar ditugula geure edukiekin. Beraz, zer egin euskal kultur ekosistemak iraun dezan? Ba batetik oso garbi eduki hori sustatu nahi dugula, horretarako baliabideak ipini eta lehen esan dudan bezala kalitatezko produktuak (eta honek ez du esan nahi elitistak) bultzatu gero eta indartsuago iraun dezan. Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 1948) Maria Jesus Aranburu Orbegozo, Azpeitian jaio zen 1948ko ekainaren 19an. Ikasketez Magisteritzan diplomatua da eta andereño lanetan eman ditu, politikagintzari eskaini ez dizkion urteak. 1983. urtean hasi zen politikagintzan, Azpeitian EAJ ordezkatuz, zinegotzi kargua hartu zuenean.1991tik 95era, kultura foru diputatua izan zen, 95etik 99ra zuzendari izan zen gizartekintzan, berriro ere Foru Aldundiko Kultura Departamentura itzultzeko kasu honetan kultura zuzendari karguan, 2003ra arte. Gaur egun, Kultura eta Euskara Foru Diputatua de Maria Jesus Aranburu Orbegozo. Alarguna da , 2 seme-alaba eta 3 biloba ditu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Koldo Núñez-Betelu. Geologoa: Japoniako 2011eko itsasikaratik zer ikasi badago

 

Irakurri

Mari Karmen Mitxelena. Andereño ohia: Orduko andereñoek haurra eta bere heziketa genuen helburu

 

Irakurri

Luis Gasca. Editorea: Komikigintzak erakarri ninduen gutxietsitako artea zelako

 

Irakurri

Maite Idirin. Abeslaria: Egin ditudan lanak beti plazerarekin burutu ditut

 

Irakurri

Alfonso Gómez. Piano-jolea: Uneoro musika entzutearen ondorioz hutsal bihurtu dugu soinu-fenomenoa

 

Irakurri